Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—14—

 

         Joan ginenean, gauza pilo bat erakutsi zigun mahai baten gainean etxeko irakur gelan: gasezko su-pizle polit bat, larruzko paper poltsa bat dokumentu batzuekin, eskuzapi bat, poltsatto bat diru kantitate batekin, tabako kutxatto bat zigarrottoz betea, eta azkenez, Poirotentzat ardurarik handienekoa: eskuz idatzitako gutun bat. Kapitainak esan zigunez, gorputz hilak zeukan eskuan gutun hura. Poirotek astiro-astiro irakurri zuen. Hona zer zioen:

 

         Messieurs,

         zeuek esandako azalpenak zehatz-zehatz jarraiturik, hartu marchandise guztia eta Donibane Lohizunera eraman dut. Bihar sartuko dut dena Espainian ohiturazko bidetik.

         Goraintziak,

         J.L. Martin

 

         Hau irakurri eta aztertu ostean, atera zituen Poirotek, irakurri eta aztertzeko ere, paper-poltsan zeuden paperak eta dokumentuak.

         Errezibo batzuk, beribil-karneta, eta eskuz idatzitako zuzenbide eta oharpen batzuk baino ez zeuzkan barnean, baina, eskuz idatzitako lerroak ikusi bezain laster, harritu egin zen Poirot. Hartu berriz gutuna, eta eskuz idatzitako paperen ondoan ipini zuen.

         Kapitaina begira zegokion eta «Esku idazmodu berdina, dena idazle bakar batek idatzia!» erran zion Argalaren laguntzaz.

         Poirotek baietz egin zuen buruaz, begiak eskuetan zeuzkan paperetatik kendu ezinik.

         «J.L. Martin eta J.L. Lopez, gizon bakar bat baino ez ziren» esan zigun gero Argalak, kapitainaren hitzak frantseseraturik.

         «J.L. Martin?» galdetu zuen Poirotek, «nor zen ba J.L. Martin?».

         Espainoleratu zizkion Argalak hitz hauek kapitainari, eta beronek erantzun zionean, itzuli zizkigun bere hitzak frantsesera.

         «Kokaina saltzaile handi bat. Gu eta Interpol delakoa atzetik ibili gintzaizkion luzaro, eta apurtto batengatik ez genuen harrapatu bere lagunekin batera, baina ihes egin zigun, berarekin zebiltzan guztiak harrapatu genituenean. Azkeneko hiru urtetan geldi eta isil-isilik egon da, galdu egin ditugu bere aztarnak. Eta guk jakin ez gure artean bizi zela. Jakin bagenu giltzapean sartuko genuen, eta ez zen aterako urte asko gerizpetan egon gabe».

         «Orduan chantage egitera etorri zitzaizkion berarekin zeuden bi gizonak» esan zuen Poirotek.

         «Hortxe dago gauza!» erran zuen irriño batekin kapitainak, Argalak frantseseratu zezan, «batek daki zenbat diru kendu dioten eskutitz horren truke. Tiroa hartu zuenean ezkerrean zeukan gutun hori, eta eskuman su emateko tresna hori. Su ematera gertatzen zen antza heriotzak harrapatu zuenean. Ez dakigu zenbat gutun ote zituzten chantage egiten ziotenek, baina bere eskuz idatzitako gutun bakoitzagatik diru pilo galanta kenduko zioten noski. Lopez gizon aberatsa zen».

         «Egin duzuia berba alargunarekin?» galdetu zion gero Poirotek kapitainari.

         «Ez» ihardetsi zuen berak, «negarrez dago bere gelan. Errespetatu egin behar dugu bere atsekabea. Elkarrenganako maitasun handiko pare bat ziren, beti elkarrekin toki guztietara eta hola. Hau golpe handi bat izan da beretzat».

         Bagindoazen kanpora kapitainari eskerrak eman ostean, Poirotek paper bat sakelatik atera eta eskaini zionean, atzera eginik. Zigarrotto hondakin pare bat zegoen barnean gordeta.

         «A!... Bai!» egin zuen kapitainak, atzera emanik, «ikusi nituen nik ere, baina ez nituen hartu. Ez ditut hartzen nik zikinkeria horiek».

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)