Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—9—

 

         Ez zen gaizki portatu Lopez gau hartan, ardura handiko gau hartan, eta Nati lehen baino pozago zegoen berarekin. Baina oso ondo be ez. Nati ez bazen konturatzen ere, ez zen portatu izugarri ondo. Ez zen gertatuko gero gertatu zena, baldin Lopez orduan izugarri ondo portatu balitz. Emaztea aho zabalik edukiko zukeen betiko.

         Kontatzen dute, bazegoela behin gazte pare bat, elkarrenganako maitasun izugarria sentitzen zuena. Neskak Ana zuen izena, eta maitaleak Raul. Maitale erromantiko guztiek, Erdal Herrian, Raul dute izena. Oso gazteak ziren: mutila hemeretzi urtekoa eta neska hemezortzikoa. Beti zebiltzan elkarrekin, euren zereginek bakoitza bere aldetik eroaten ez zituztenean. Gauaz neskak goiz joan behar izaten zuen etxera, eta elkarrekin espirituz luzaroago egotearren, izar bat hautatu zuten eurentzat, eta biak egoten ziren izar hari begira oso berandu arte.

         Baina Raulen osasuna, maitale erromantiko guztiena bezala, ez zen oso ona. Bularretik zegoen, eta gizagaixoa hil egin zen, hogei urteko adina iritsi gabe.

         Senargaia hil zitzaion egunetik Anaren alaitasun guztia aienatu egin zen, dirua zor dizun adiskide baten modura. Ez zuen jaten ia ezer, ez zen joaten lagunekin, eta sardina siku bat baino argalago jarri zen. Bakarrik, inork ikusten ez zuela, ordu asko egoten zen zerura begira hodei gabeko gauetan, Raulekin hizketan, erranikako izarrari so.

         «Raul» esaten zion hildako senargaiari, «ni zurea naiz eta ez naiz sekula izanen beste inorena».

         Anaren gurasoak etsituta zeuden. Ahaleginak egiten zituzten neska alaitzeko, baina dena alferrik.

         Azkenean, urteak joan eta ikusirik euren alaba maitearen edertasun guztia alferrik galtzen zela, deitu euren gelara, itxi atea eta sermoi luze bat botatzen gertatu zitzaizkion.

         «Nire alaba maitea», hasi zen aita, «gu ez gara betiko. Hiltzen garenean, zer eginen ote duzu?... Saiatzen gara zu alaitzeko ahaleginak egiten, baina alferrik. Raul hil zen egunetik ez duzu egin besterik negar baino. Ez daukazu ganorarik ezertarako: ez jateko, ez beste neska guztiek egiten dituzten gauza guztiak egiteko. Saiatu gara zure adiskideak etxera ekartzen, mutil berriak ezagutzeko okasioak bilatzen zuretzat; zinera, dantzategietara, toki guztietara zu joanarazten... eta zu beti berdin, inori jaramonik ere egin gabe, ezertan ere gusturik aurkitu ezinik... Ez al duzu ikusten oinazez betetzen gaituzula honela? Ez dagoela gehiago alaitasunik guretzat, gure alaba bakarrarentzat ez dagoenean?... Honela jarraitzen bazara azkenean ama eta ni be denbora baino lehen hilko garela?».

         Aita hizketan egon zen denbora guztian, amak «hip!... hip!... hip!» egiten zuen negarrez, begiak eskuzapi batez estaldurik, eta hitz hauek esan ostean, isildu egin zen aita une batean, amaren negarra entzuten uzteko, eta bide batez, ea alaba bere hitzekin biguntzen ote zen ikusteko.

         Orduan Ana, negarrez hasi zen bera be, eta amagana joan zen, besoak zabalik.

         Minutu batzuetan egon ziren emakume biak elkarren besoetan lotuak, eta elkarren lehian negarrez, eta artean aita isil-isilik.

         Noizik behin, emakumeen mukuek tzuuust egiten zuten barrura, eta gero fraaa-fraaa eskuzapietara, eta gela hartan ez zen entzuten beste zaratarik.

         Negarrei beharrezko denbora utzi ostean.

         «Ana» jarraitu zuen aitak, «agerian dago ez duzula gehiago zure gustuko gizonik aurkituko. Gizonik galantena eta isats bat berdin-berdin zaizula zuri. Hola egoteko, ze ardura zaizu edozein gizonekin ezkontzea? Eta maitasun gabe ezkontzea baino neska-zahar gelditzea nahiago baduzu zuk, askoz pozago bizi eta askoz trankilago hilko gintezke gu, baldin geuk bilatutako gizon ondradu batekin ezkonduko bazina. Hara... gizon on batek, gure konfiantzazko gizon zintzo batek, langile fina eta aberatsa bera, zurekin ezkontzea eskatu digu. Badaki berak ez duzula maite, eta ez dauka gero maitatuko duzun itxaropenik ere, baina bai emazte ona izanen zinatekeela, eta orain baino hobeto biziko zinatekeela berarekin. Ana laztana... badakizu nola maite zaitugun gurasook, ez dugula alaitasunik sentitu zu negarrez hasi zinenetik. Arren maitea! ez egiguzu ukatu azkeneko poz hau, ezkon zaitez gizon horrekin!».

         Anak ez zuen susmatzen nor izan zitekeen bere gurasoek bilatutako senargai hau, eta axolarik ere ez zitzaion. Ez zuen nahi euren atsekabea gehitzerik, eta poz handia hartuko zutelakoan, baietz esan zien.

         Senargai berria ez zen Raulen antzekoa, ezta hurrik eman ere. Bartolo zuen izena (Bartolo izenekoen artean ez da inoiz aurkitu bat ere erromantiko itxurak dituenik). Morrosko handia, lodi samarra, ez zegoen gaixorik, ez bularretik ez inondik ere. Ez zekien gauza politak esaten Raulek bezala, eta on-ona bazen ere, astakilo samarra ematen zuen.

         Betiko izarrari begira gau hartan.

         «Raul maitea!» erran zion Anak bere betiko maitatuari, «badakizu zuk ni beti zurea izanen naizela. Barkatu egidazu arlote honekin ezkontzen banaiz, derrigor izan dut gurasoen atsekabea ez gehitzeko eta. Gorputzez berarekin lotuta egotea beharrezkoa izaten bazait ere, nire arima beti izanen da zurea eta gauero hitz eginen dut zurekin beti bezala. Agur Raul maitea, bihar arte» eta leihoa itxi zuen.

         Ezkontze-aurreko egunean ere Anak berriz agindu zion Rauli, berea izan ezik ez zela inorena izanen. Eta berriz esan zion «bihar arte maitea» leihoa ixten zuelarik.

         Ezkondu ziren ba biharamunean, eta gauean oso ondo saiatu zen Bartolo. Hain ondo ze, ahaztu egin zitzaion ia Anari leihoa zabaltzea Raulekin hitz egiteko.

         Gero, Bartolo lo zegoelarik, oroitu zen Raulez, eta joan leihora eta zabaldu zuen. Begiratu betiko izarrari, eta

         «Raul?» deitu irriño burlati batekin, mihia atera, eta «!!!...» egin zion. Itxi leihoa kris-kraus, eta ez zuen gehiago zabaldu inoiz berarekin hitz egiteko.

         Ez zen saiatu Lopez Natirekin, Bartolo Anarekin bezain ondo. Ezta hurrik eman ere.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)