Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—18—

 

         Azkeneko denboretan, hasi ziren Lopezen arazoak, gero eta sarriago, gizona kanpora eroaten. Maiz igarotzen zituen Natik astean hiru edo lau egun Arrigorrietan. Eta behin, senarra kanpoan zegoela, hamabost egun egon zen Gure Kabian trankil-trankil Bilbora joan gabe.

         Egun batzuetako joan behar izaten zuenean, Lopezek maitasunezko hitz asko esaten zizkion bere emazteari, ohiturazko baino luzeagoak emanik musuak ezkerreko matelan. Baina bere zereginek ez zuten barkatzen, eta derrigor utzi behar zuen emazte maitea, beharra betetzeko. Oso ondo disimulatu arren, Nati poztu egiten zen, askoz hobeto igarotzen baitzuen denbora Arrigorrietan senarra ikusi gabe.

         Arinegi etorriko ote zen beldurrarekin, «Noiz etorriko zara maitea?» galdetzen zion, erdaraz noski, «luzeak egiten zaizkit egunak zugaz pentsatzen kanpoan zagozenean».

         Lopezek orduan, «Ahaleginak eginen ditut arin etortzeko» erraten zion, «uste dut gehienez hiru egun barru etorriko naizela atzera».

         «Ea ba maitea» ihardesten zion Natik, «luzaroago egon barik».

         Joaten zenean, «Ederto», esaten zuen bere kolkorako aurpegi alai batekin, «orain hiru egun gutienez pozik biziko naiz».

         Lukasi, Triniren ahizparekin ezkondutako gizonari, beste bizimodu bat eskaini omen zioten, Arrigorrietan zuena baino hobea, eta Bilbora joan zen bizitzen, emaztea eta semettoagaz. Gero Nati sarri joaten zen eurenera, etxean aspertua egon beharrean, eta han etxeko lez egiten zen. Baina hain ondo egon arren, ez zuen galtzen erlojua bistatik. Badiote bakoitza bere aldetik bizi direla emeak eta erlojuak elkarri jaramonik egin gabe, baina hau berez hala bada be, badira eszepzioak. Seta txarreko aita duten neskatxak erlojuari begira egoten dira aitaren beldurrez, etxerako ordua hurbiltzen zaienean. Ez dugu inoiz entzun emakume batek, seta txarreko senar baten beldurrak eraginda, erlojuari begiratu dionik, baina bai akats bako senarra duenak. Natik ez zuen kentzen begia erlojutik etxe hartan zegoelarik. Senarrak ez zion eginen garrasika, hori ez, baina akats bako senarra duen emakumea lotsatu egiten da bere aurrean huts egiterik ttikienagaz.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)