Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—4—

 

         Aurpegi berri batzuk ziren Arrigorrietan uda hartan, eta euren artean, gizon gazte eta apain batena: Jose Luis Lopezena. Hogei eta hamar bat urteko gizon aberatsa, dirua beti bon-bon gastatzen zekiena, Lopez Bilbon bizi zen. Bera eta Nati laster sentitu ziren elkarrengana deituak eta hasi zen gure gizona hiru neskekin ibiltzen. Manu baino zoriontsuagoa, Lopezek ez zuen aurkitzen bere gustuko neska besteen erdian, ezkerrean edo eskuman baizik eta, beste neska biak deskuidatu, eta Natigaz bakarrik aurkitzen zen sarri.

         Ez zuen ezagutu Lopezek bere bizitza guztian Natiren antzeko neskarik. Finantzak ziren bere zaletasunik handiena, eta Nati ezagutu arte, gai honetaz hitz egiten hasi baino ez, eta berehala aspertzen zitzaizkion neska guztiak. Baina Nati ez, Natik dena entzuten zion arnasarik hartu gabe eta aho zabalik, zehaztasunik ttipiena be ez galtzeko. Beste neska guztiek ikusi ezin zutena ikusten zuen neska zoli hark: finantzen interes izugarria. Ez zen ez bera, beste nesken antzekoa. Hasten zen Lopez:

         «La supresión del exceso o el déficit, debe tener inevitables repercusiones sobre la situación de la balanza de pagos...»

         Eta Nati adi-adi egoten zitzaion hitzik ere galdu gahe, komeni zenean buruaz baietz edo ezetz eginik, eta zerbait mutilak gauza handitzat esaten ziola igartzen zuen bakoitzean, nahiz aurpegian nahiz esateko moduan, «¡Hay que ver!» egiten zuen, begiak eta ahoa oraindik gehiago zabaldu eta burua gora eta behera, gora eta behera astiro-astiro eraginik.

         Pozik zegoen Lopez Natigaz. Egia esateko, ez zuen inoiz topatu bera lako neska sakonik, ezta berak zeukan bezalako erraztasuna zuenik finantzetako gauzak ulertzeko eta maitatzeko. Eta benetan, berak uste zuen baino sakonagoa eta zoliagoa zen Nati oraindik. Jakin balu, berak esaten zuenaren haria hain ederki jarraitu arren, Nati bere kolkorako «Nolako begi politak dauzkazun!» eta «Zeinen ederra duzun ahotsa!» denbora guztian pentsatzen zegoela, ez zatekeen harrituko guti.

         Natirentzat Lopez printze edo ametsetan ikusitako gizon modua zen. Nolako kontrastea etxeko gizonekin! Zelako aurkakotasuna Lopezen hizkera eta bizimodua etxeko kaikuenarekin!

         Pagoa baino zuzenagoa, beti janzki berri eta zapata distiratsuekin, bizarrak ondo-ondo kenduta, Lopezek ederki zekien neskei atsegin zaizkien gauzak esaten, erdara apain batean. Erretzen zuen bai, baina ez tabako beltz higuingarria, Camel baizik, eta zigarrotto bat pizten zuen bakoitzean gasezko su-emaile polit berri-berria ateratzen zuen. Edaten zuen bai noizik behin, baina ez zen joaten ardandegietara ardo arruntaren edatera, bar apainetara baizik, vermouth edo beste honelako gauzen bat hartzeko. Gainera beribil eder bat zeukan, Opel Kapitän bat, eta berez elegantea den gizona Adonis bat bilakatzen da honelako beribil batekin.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)