Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—10—

 

         Biharamunean oso berandu jaiki ziren. Euren gelatik jaitsi orduko bazkalordua zen.

         Arratsaldeko lauretan Madrilerantz beribilean.

         Errege-bidea bakartiagoa zegoen orain eta argizko arraia berdeak orduko 120 kilometroko seinalea pasatu egiten zuen gehienetan. Batzuetan hizketan hasten ziren, eta orduan astirottoago joaten ziren, baina azkenean isildu eta marka guztietako beribilak atzean uzten hasi ziren. Madrilera heldu orduko ez zen egon bide guztian beribilik, atzeko argi gorriak erakutsi ostean Opel-arenak ikusi behar ez zituenik.

         Ibili ziren Madrilgo sala de fiestas edo jai-aretoetan. Lopez etxean bezala mugitzen zen toki eleganteetan eta, berriz esan behar dugu, oso ongi zekien dantzan. Natik pentsatzen zuen bere senarra akats bako gizona zela, eta hau beretzat zoriontasunezko iturburu amaigabea zen.

         Madrilen bi egun igaro ostean, utzi beribila garaje batean eta Mallorcara joan ziren abioiz.

         Nati ez zen inoiz sartu abioi batean orduraino, eta beldurtuta zegoen. Geldi-geldi egon zen eserita abioia beribil baten moduan zihoala ibilbide zuzenetik, azkeneraino heldu eta bira egin arte. Apur batean geldituta egon zen, eta neska orainean ikaratua ea zer gertatuko ote zen igarri ezinik. Lopez autobusean bezala zegoen trankil-trankil, eta jenderik gehiena be berdin. Galdetu zion Natiri ea pozik ote zegoen eta neskak ez zion erantzun ezer, gorra bailitzan. Hasi zen pilotua motorrak azeleratzen zarata beldurgarri batekin, eta ikaratu egin zen abioia indar izugarri batek bultzatua, eta bat-batean, zoratuta lez, hasi zen ibilbidetik oinaztua baino arinago, eta borratu egin zen, arin-arin atzerantz, leihoetatik ikusten zena. Nati otoizka hasi zen, eta badirudi denbora baino lehen damutu zela etxetik joateaz. Abioiaren salto batekin ihes egin zuen lurrak azpitik. Baina laster iritsi zuen abioiak bere kruzeroko goratasuna eta motorren zarata zunburrun trankil bat bilakatu zen. Hasi ziren abioi-neskak harat-honaka irriño alaiekin, eta euretako batek galde egin zion Natiri ea ongi sentitzen ote zen, eta baietz. Jendea aldizkari eta liburuekin hasi zen etxean bezain trankil, eta Nati be baketu egin zen azkenean arriskua pasatu zelakoan.

         Ez zitzaien iruditu denbora asko igaro zenik Mediterraneo itsaso urdin-urdina azpian ikusten hasi zirenean. Laster ikusi zuten Mallorca uhartea bere harkaitz latzekin. Hasi zen abioia beherantz eta agertu ziren etxeak eta Palmako katedrala portu ondoan. Azkenean erroberek lurra ukitu zuten. Mallorcan zeuden.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)