Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—2—

 

         Blanquitarenera heldu zenean, lau eta erdietan, Trini be bai aurkitu zuen. Pozik zeuden neskak elkarrekin eta berehala hasi ziren hizketan hirurak batera:

         «¡Hola Nati! Pero qué guapa estás con ese peinado nuevo...»

         «¡Hola querida! ¡Qué bien te ha quedado por fin la falda...»

         «¡Pero Trini! ¡Qué vestido más bonito llevas! ¿Dónde te...»

         Gizonek, batez ere etxeko gizonek (kaiku alaenak! kirten handiak!) banan bana egin behar dute berba gaixoek, eta batek dioena entzun eta erantzuteko, isilune luze edo labur bat egin behar izaten dute gehienetan. Gure neskek ez zuten denborarik galtzen halako isiluneekin, ezta besteak esaten duena entzuteko be. Entzun balu gizonen batek euren hizketaldia, ez luke adituko ezer ere, txorien txorro-txioen antzeko soinu nahasi batzuk baizik. Baina gizonen adimendua eta emakumeena oso diferenteak dira. Hasi lau eta erdietan eta seiak arte egon ziren gure neskak hizketan hirurak batera gelditu gabe. Bakoitzak beste biek esandako hitz bakar bat ere galdu gabe. Bide batez, azkazalak pintatu eta gehiegizko ile guztiak kendu zituzten bekainetatik.

         Seietan kalera atera ziren. Orain ez zuten hitz egiten lehen bezain arin, eta ez hirurak batera, txandaka baizik. Hitzen gutitzearekin barreak ugaritu zitzaizkien eta ez zitzaizkien pasatzen hiru minutu hi-hi-hi hasi gabe, kalea alaiturik txoriak bezala. Batzuetan hirurak barrez itoko zirela ematen zuen.

         Orduko barre-algarek sortarazi zituzten kolpeetatik handienak bakarrik ipiniko ditugu hemen.

         Hona bat: Trinik platano-azal bat zapaldu eta irrist egin zuen erori gabe.

         Hona beste bat: Hizketan zegoelarik, mihia nahasi eta Natik Blanquita esan beharrean bankita erran zuen uste gabetarik.

         Beste kolpeak ez ziren hain barregarriak, ez zuten hauen besteko gatza, eta ez dute merezi idazterik.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)