Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—12—

 

         Guardia civil bi zeuden baratzeko atean, bata sarjentuagaz makinaz idazten zuena, bestea ezezaguna.

         Debekatuta zegoela sartzea. Gure detektibe handiak, agintari nagusiari esateko mesedez, nola nahi zuen Poirot jaunak gorputza ikustea.

         Joan zen bat, eta gu hirurok ate ondoan gelditu ginen zain.

         Etorri zenean sartzeko esan zigun. Etxearen haraindira joateko, han zegoela gorputza eta.

         Heldu ginenean kapitaina aurkitu genuen.

         Medikuaren zain zeudela, eta uste zuela laster helduko zela. Egon dela jueza eta bete zituztela zeregin guztiak medikuarenak izan ezik.

         Baimena eskatu ostean, Poirot lau oinka hasi zen bazterrak aztertzen.

         Ondoko baratzean gizon bat zegoen aitzurrez lanean eta, urruti samar, beste bat belarra igitaiaz ebakitzen.

         Aitzurrez ziharduenak, lana utzi, eta.

         «Hi, Joakin! Gura dok ikusi erbi handi bat, kapela eta bibotiekaz?... Hara! Begituik!» erran zion besteari, hatz batez Poirot apuntaturik.

         «Aaarraixua!» egin zuen Joakinek harrituta, eta berak ere lana utzirik «Zeren bila ete jabilk? Seguru erlojua galdu jakola».

         «Erlojua?... Bai zeral» erran zuen besteak, «kolillak hartzen jabilk hori!».

         «Eta dotore jantzita jagok bera!» berriz Joakinek, «joooño joño joñol... Hamaika ikusteko jaio gozak!».

         Ez zizkigun frantseseratu Argalak hitz hauek eta ez dakigu zer adierazten duten, baina igarri nuen nik, harrituta zeudela baserritar biak, nire adiskide handia ikusirik. Poiroten izena munduko bazter guztietara hedatu da, eta ohituak gaude honelako aho-zabaltasuna toki guztietan aurkitzen.

         Gorputz hila tripaz behera zegoen. Hogeita hamar bat urteko adina zuela ematen zuen. Ileak beltz-beltzak, nahiko dotore jantzita. Azpian odol siku beltzaren aztarnak ikusten ziren.

         «Ze ordutan aurkitu dute gorputza?» galdetu zion Poirotek kapitainari Argalaren laguntzaz.

         «Goizeko hamar eta erdietan» izan zen ihardespena, «etxeko sukaldariak aurkitu du. Gaixoa oihuka hasi zen, uste gabetarik zapaldu zuenean tipulen bila zebilelarik».

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)