Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—2—

 

         Joan ginen maletak atontzera. Maleta ttiki bat baino ez bakoitzak.

         Hartu taxi bat eta tren-geltokira. Gelditu ginen bidean J.L. Lopezi telegrama bat ipintzeko.

         Gero Frantziako zelai berdeetatik zehar ordu asko trenean.

         Irunera heldu ginenean, Douane eta Aduana igaro eta berehala, gizon bat hurbildu zitzaigun.

         «Pardon. Zu al zara Mr. Poirot?» galdetu zion frantsesez nire adiskideari bere biboteak ikusi bezain laster.

         «Oui, monsieur».

         «Zatozte mesedez, hortxe utzi dut beribila».

         Klausk eta rrrannn rrrannn... Irundik zehar Bizkairantz.

         Nire adiskidea gogoetatsu zegoen. Ni leihotik begira jarri nintzen adi-adi.

         Askotan irakurri dut Frantzian baino askozaz jende gutiago bizi dela Espainian kilometro koadroko. Hau gezur handi bat da. Etxez josiak ikusi genituen mendi guztiak, eta ozta-ozta herri bat igaro eta beste bat agertzen zitzaigun.

         Beste gezur bat: ez dagoela industriarik Espainian. Frantzian baino gehiago be bai. Toki guztietan ikusten dira lantoki handiak euren kebide luzeekin. Paris inguruetan izan ezik, hau ez da ikusten Frantzian. Eta Madrildik hain urrun hau ikusten bada, atera ezazue kontua zer izanen litzatekeen Madrilera hurbilduko bagina.

         Zoritxarrez ez genuen aurkitu toreador bat ere bide guztian.

         Bizpahiru minutu gelditu ginen herri ttiki batean jendea dantzan ikusteko. Hiru gizon zeuden soinuak jotzen, batek atabala bakarrik, eta beste biek, ttunttun bana ezkerretik zintzilik, palu bakar batekin eskumaz ttunttuna eta ezkerraz, ahotik putz eginik, tresna beltz bana, metal zurizko ahoko eta eraztunekin eta hatzetako zuloekin. Musikari guti eduki eta hala konpontzen ziren ahalik instrumentu gehien jotzeko. Danbor gehiegi, erranen duzue beharbada, baina danborra ez bada, nola jo beste tresna bat, ezkerra eta ahoa lanean ari direla, gelditzen den esku bakarrez?

         Jendeak oratu gabe egiten zuen dantzan, Espainian ohi den bezala.

         Harrigarria da, baina benetan erran behar dut ez nuela ikusi toreador-ik han ere.

         Sinetsi be ez daiteke, zelan sartu diren Europako janzkiak Espainiako bazter guztietatik: alferrik begiratu nuen neska guztien buruetara peineta baten bila, denak buru hutsik, Europako moden arabera, ez zeramaten ezer ere ile gainean. Ezta gizonen arte be, ez nuen aurkitu kapela cordobes bakar bat ere. Bakarrik Frantziatik eta Belgikatik sartutako basque edo txapela giza buru guztiak estaltzen.

         Ez genuen betarik eta ez ginen gelditu cante flamenco delakoa entzuteko dantzak bukatu ostean.

         Oso berezia da herri hura. Han ez zen beste herrietan bezala. Ez zeuden han emakume bat eta gizon bat soil-soilik dantzan eta beste guztiak begira konpasa txaloka markatu eta noizik behin «¡ole!» esaten, emakumea volantes y lunares delakozko gona luzearekin, eta gizona jaka laburra eta kapela cordobes-arekin: ez, han zaharrak bakarrik zeuden begira, eta ostantzeko jende guztia dantzan.

         Urrutiratzen ginelarik, ohartu nuen herriaren izena azkeneko etxearen horman: Michelin. Espainiara joaten bazarete, ez ahaztu herri hau bisitatzen, batez ere jai-egun batean. Ez zaizue damutuko.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)