Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—12—

 

         Biharamun goizean Nati harrituta gelditu zen. Senarra ikusi zuen gimnastika egiten leiho zabalduaren aitzinean esnatu zenean.

         Joan zen azkenean bainura, eta ordun jaiki zen Nati.

         Goiz hartan Bellver-eko gaztelura igan ziren oinez eta eskutik helduak haur ttikiak bezala. Hain zuzen ere denbora guti zen Natik novela rosa deritzenetako batean irakurri zuen gaztelu bateko kondearen maitasunezko harremanak neska txiro batekin. Ia berria ematen duen gaztelu hartan zebiltzalarik, Lopez hango kondea iruditzen zitzaion, bazirudien morroiak eta antzinako gudulariak euren burdinazko janzkiekin agertuko zirela bazterretatik.

         Berriz Palmarantz jaisterakoan farmazia batean sartu ziren eguzkiaren kontrako koipea erostera.

         Lopezek ehun pezetako billete bat eman zion saltzaileari eta ordubete baino luzaroago egon behar izan zuten bere patxada handiko hizketaldia entzuten, ia-itauntzen zizkion erdi-galderak ia-erantzuten eta noiz bukatuko ote zuen igarri ezinik.

         Badakite Palman egondako guztiek ez dela eman behar han inoiz billete bat denda batean sartuz gero, diru juxtu-juxtua baizik, eta ez dela erantzun behar bai edo ez bakar-bakarrik baino, zerbait galdetzen dizutenean. Bestela, kanbioak itxaroten zagozelarik, ikusten dutenean ezin duzula ihes egin, eurei denbora pasatzen laguntzen edukiko zaituzte beste erosle bat edo denda ixteko ordua heldu arte. Baliteke erretolika luze bat amaitzea eta, suerte askorekin, zuk azkeneko galderaren bati bai edo ez bakarrik erantzun ostean libre gelditzea dendatik irteteko, baina bai edo ez erantzun beharrean zerbait luzeagoa ihardesten badiozu, seguru aterako dizula beste erretolika bat, lehengoa baino luzeagoa. Egunero heltzen dira uhartera turista inuzenteak hau ez dakitenak. Han erlojuak apaingarritzat bakarrik dituzte, hango jendeak ez du inoiz presarik. Behin gazte bat etorri zen Palmara goiz goizean Bartzelonatik itsasontzian, egun bi uhartean igaro eta atzera joateko Mallorcako gauzetatik ikusgarrienak ikusi ostean. Baina heldu bezain laster denda batean sartu zen egunkariaren erostera, eta ehun pezetako bat eman zuen ordaintzeko. Kanbioak atzera eman zizkiotenerako amaituta zegoen goiz hura. Handik bazkaltzera joan zen eta jatetxeko morroiari eman zizkion dendan hartutako kanbio guztiak. Arta-ko har-zuloak ikusteko asmoz, galdetu zuen arratsaldean ea zein ordutan ateratzen zen autobusa hara joateko, eta oraindik denbora pixka bat zuela, eta gauza batzuk erosi behar zituela Bartzelonako adiskideei eramateko, eta denda batean sartu zen. Hasi zitzaion hango nagusia hizketan, eta noizik behin galderaren bat-edo itaundu zion. Berak, bai edo ez bakarrik erantzun beharrean, zerbait esan zion, luze samarra, eta orduan ilunabarreraino egon zitzaion bestea berbaka gelditu gabe. Ez zen beraz joan Arta-ra eta gainera ez zuen erosi beste dendetan erostea falta zitzaiona. Palman bertan igaro zuen gaua. Biharamunean goiz jaiki zen, beta nahikoagaz Arta-ra joan eta, behinik behin, Palmako gauzen bat edo beste ikusteko: katedrala, Bellver-eko gaztelua, eta zerbait. Baina honetan hasi baino lehen, sartu zen denda batean beste gauza bat erosteko. Hasi zitzaion saltzailea berriketan, baina berak prisa zeukan eta ehun pezetako paper bat eman zion, arin ordaindu eta berehala kalera irteteko. Besteak, hartu dirua, zabaldu diru-gorde-lekua, eta sekulako hizketaldirik luzeenarekin hasi zitzaion kanbioak eman gabe. Entzule gaixoak ez zuen aditzen ezer. Geldi-geldi zituen begiak kajoiari so, ea kanbioak noiz ateratzen zizkion. Azkenean eman zizkion bai, baina berandu zen Arta-ra edo inora joateko bazkaldu baino lehen. Saltzaile haren berriketaz buruko mina sartu zitzaion, eta aspirina papertto bat erosteko farmazia batean sartu zen bazkalostean. Hasi zitzaion farmaziako gizona ea kanpotarra ote zen, eta «bai» siku-siku. Jende asko etorri zela bezperako ontzian Bartzelonatik eta ea bera be han etorri al zen. Berriz «bai», baina orain kopeta ilun-ilunekin. Eman ogerleko bat, eta bestea kajoia zabalik utzi eta ea lehendik egona ote zen uhartean, eta «ez!» haserretuta bezala kajoiari begira. Bestea patxada handiarekin dirua atera gabe eta ea Mallorca gustatzen ote zitzaion, eta orduan, bira egin, atea danba itxi eta karrikara kanbioak utzirik.

         «Jesus!» esan zuen farmaziako gizonak, «gizonaren urduria! Hau da seta txarra!» eta kalera irten eta «eee!» deitu zuen, «kanbioak ahaztu zaizkizu!».

         Gizona arin joan zen ontzira eta pozik egon zen beranduegi heldu ez zenean. Hala bukatu zitzaion Mallorcatiko ibilaldia. Ez zuen ikusi ia ezer ere. Ontzitik jaitsi eta lau denda, jatetxea eta ostatua bakarrik. Bazekien hurrengorako Mallorcara presekin joaten denak zer egin behar duen: kanbioak eraman dirua juxtu-juxtu emateko dendetan, eta «bai» edo «ez» bakarrik erantzun beti saltzaileei.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)