Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—3—

 

         Bederatzietan pasealekura joan ziren.

         Denbora hartan Manu izeneko arlote bat zebilen Natiren atzetik, beronen kalterako, ikusi be ez baitzuen nahi.

         Hirurak pasealekura heldu zirenean, Manu agertuko ote zen beldurrarekin, Nati erdian zihoan. Bira batzuk, eta horra non agertzen den mutila. Gaixoak suerterik ez, eta Triniren ondoan ibili behar.

         Minutu batzuk eta euria. Jendea arkupetara eta gure gazteak cafetería batera.

         Manu, Natiren etxeko gizon kaikuen antzekoa zen. Ez zen cafetería bere tokia, ardandegia baizik. Eta Natirentzat bera etortzea zerua iluntzea zen. Lotsatuta sentitu zen Manuk euskaraz hitz egin zionean cafeterían bertan jende guztiaren aurrean. Horretan ere etxeko gizonen modukoa zen. Alferrik erantzuten zion beti erdaraz. Euskaraz egin behar cafeterían ere, jende apainen artean! Kaiku alaena! Eskerrak eman zizkion Jaungoikoari joan zenean.

         Berak erraten zuen bezala, Manuk arratsalde asko hondatu zizkion, baina ez zion Natik inoiz harrera onik egin eta gero eta gutiago agertu, gero eta gutiago agertu, eta azkenean bakean utzi zuen.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)