Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—19—

 

         Gero eta gutiagoa zen Natik sentitzen zuen maitasuna senarragatik. Eta behin baino gehiagotan galdetu zion bere buruari, etxean zegielarik senarraren zain, ea ba ote zuen maitatu inoiz. Hasi zen pentsatzen itsutua egon zela berarekin ezkondu zenean.

         Ezagutzen zituen senar-emazte guztiak eurak baino zoriontsuagoak iruditzen zitzaizkion. Han zeuden, esate baterako, Lukas eta Asun, bere emaztea. Ez zen Lukas akats bako gizon bat.

         Esaten zuen emazteak, gizona galduta legokeela bera gabe.

         Ez zuen erretzen, eta hau ez zitzaion atsegin Asuni. Blanquita eta bera ez ziren iritzi batekoak tabakoari buruz. Erraten zuen Asunek ondo dagoela gizon batengan tabakoaren usaina. Ez zion berak Blanquitaren senarrak beste, goizetik gauera zigarrottoa ezpainetatik kendu gabe, baina neurriarekin bai, komeni zaiola gizonari erretzea. Eta musker-larruzko tabako-ontzi apain bat erosi ostean, zigarrottoz beteta sakelan sartu zion bere gizonari. Beronek erretzen zuen noizik behin zigarrotto baten puntattoa, emazteari poz emateko, kea irentsi gabe. Nahikoa egiten zuen gizonak, ez baitzitzaion atsegin tabakoa. Eta Asun pozik bizi zen, azkenean gizonak erretzen ikasiko zuelakoan.

         Ematen diezue muttiko koskorrei jostailu bat eta berehalaxe hasten zaizkizue ahaleginetan barneak ikusteko hautsi arte gelditu gabe. Ematen diozue gizon bat emakume bati, eta ikusten dueneko hasiko da bere gustura aldatzen. Erretzen badu, ohitura itsusia kentzen saiatuko da. Ez badu erretzen, ohitura ederra irakasten saiatuko da. Janzkiak aldatzen dituzten bezala, luzatu hemendik, zabaldu handik, hala hasiko da gizonarekin, ohitura hau kendu, bestea irakatsi, eta hola. Baina hau debekatuta dago akats bako gizon bat tokatu zaion emakumearentzat. Halako gizon batekin ez dago emaztearen gustura aldatzerik.

         Zelako gorrotoa sentitu zuen Natik arratsalde batez, arasa zabaldu zuenean senarraren gauzak ikusteko, dena txukun-txukun, gauza bakoitza bere tokian ikusi zuenean! Ez zukeen ipiniko hain ondo emakume batek.

         Bere senarrak ez zuen galtzen ezer sekula. Ez zegoen beldurrik, ez zen inoiz hasiko, gauzen bat ezin aurkitu, eta ea ikusi ote zuen emazteari galdetzen. Eta ez zitzaion ahazten sekula ezer.

         Etorri garaian zintzo-zintzo ondo dabilen erlojua bezala, eta musua beti bezala eman zionean, betiko lekuan, eta betiko luzeeragaz, aizto bat eskuan eduki balu, bihotzean sartuko ziokeen.

         Eta gero gauez... eman egidazu eroapena, Jaungoiko maitea, hau gauero-gauero jasateko!... Beti bezala, juxtu-juxtu hamar minutu irakurri, eta axola guti zer irakurtzen zuen, igual zatirik jakingarrienera heltzen bazen ere, klask itzaltzen zuen argia. Laster lokartzen zen.

         Gau askotan egon zen Nati gelaren iluntasunean, lo hartu ezinik, senarrari begira gorrotorik bizienarekin.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)