Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—15—

 

         Hasi zen gero atsegin handiagoa bizitzari ateratzen. Igande askotan Arrigorrietara joaten zen senarragaz, eta igarri egin zion beronek bihotza alaitzen zitzaiola jaioterriratze bakoitzean.

         Oso atsegingarria zen Lopezentzat ere herri hartara joatea, ezkongai denboretan joan ohi zen bezala, eta nahiz honengatik nahiz emaztearenganako maitasunez, Natiren jaioteguna heldu zenean Lopezek emaitza harrigarri bat egin zion: txalet bat erosi zion Arrigorrietan, Gure Kabia zeritzona, indiano batzuek egina, eta ia inoiz jenderik bizitzen eduki ez zuena.

         Gure Kabia prest zegoen bizitzen joateko, behar den guztiarekin hornitua.

         Ordutik hasita, larunbatetako arratsalde guztietan joaten ziren Gure Kabira, igandean gauaz atzera Bilbora joateko, eta Nati aste guztietan egoten zen larunbaterako falta ziren egunak kontatzen.

         Lehen baino pozgarriagoa zen orain Arrigorrieta Natirentzat. Poz handiko gauza berri bat aurkitzen zion bere herriari orain: neska askoren bekaitza. Ez zituen bidali alferrik Mallorcatik pilaka postalak eta eskutitzak. Bekaitz beltzez betetako neska asko agertu zitzaizkion gauetik goizera. Ez zegoen beretzat mundu guztian hau baino gauza pozgarriagorik. Esan liteke luzatu egiten zela Arrigorrietara joaten zenean, bekaizdunak laburtzen zirelarik, berak irabazitako luzeria galduta.

         Lehengo neskamea ez eze, orain chauffeur bat eta sukaldari bat zeuzkaten.

         Opel berrian heldu, Gure Kabiaren parean gelditu, beribil-zainak burdinazko ate handia zabaldu, sartu berriz, beribil-zainak burdinazko ate handia zabaldu, sartu berriz, eroan beribila lorategiko bidetik Arrigorrietako txaletik ederrenaren ate nagusiraino, zabaldu beribileko atea kapela kendurik, eta senarragaz, hain itxura ederreko gizon aberats bategaz, haitz-urdinezko zurubietatik igotzen zenean, Natiri Arrigorrietako erregina zela iruditzen zitzaion.

         Eta denetatik pozgarriena zen, bere kontrako hitz-egilerik sutsuenak haurtzarotik harroenak izandako neskak zirela, mutxurdin itsusiak orain, senargai-goserik handiena sentitzen zutenak.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)