Ezin errana
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 9, 1986ko abendua

 

HILTZEAREN HITZAK: HIL EZKILAK

 

        SENPERE HERRIAN,

        HIL-HERRI BIDEAN,

        HILTZEAREN HITZAK

        DIRA HIL-EZKILAK:

 

«ni nauzu hiltzea zure suntsizale,

zaren guziaren lur bilakatzale.

Ez krizkola neri kaien kurrinkarik,

ez huia zakurrik neure gibeletik.

 

Zabiltza oraino lurraren gainean

xixtuz eta irriz, omore onean,

eginen dautzut «hau» ohart gabe batez,

goiz huntan ez bada sarri aratsaldez

 

Zaitezen «pelele» edo jauregidun,

zaitezen bakarrik xinaurri bizidun,

ezarriko zaitut luze bezain gogor,

etzanik, hobendun, odol hatsez agor!

 

Zapartatzen dira zeruko izarrak,

desegiten ere amodio herrak,

inguratu duzu zure eremua

gate xixtadunez, gaixo muñuñua!

 

Senpere herrian, hotz, ixilik daude

harri azpikoak, denak buztinkide,

Zu, lur gainekoa, ez zare ixiltzen

«zer den berpiztea» duzula galdetzen.

 

Hazia hila da berriz sortu arte,

sortu, haunditu, hil... ta berriz haste.

Zoaz, ahoz gora lur bizi barnera,

noizbait haur bezala sortuberritzera.

 

Bi portalet haundi soroen erdian,

berritz etortzeko bidexka ondona,

lau murruxka xuri, zerua teilatu:

hor dut atxikitzen zuretzat SORLEKU»

 

 

Ezin errana
Auxtin Zamora

Maiatz, Uhargi 9, 1986ko abendua