Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

KASKEZUR

                (1981)

 

Bai, zuek ez dakizue, baina nik badakit

heriotz ondoan gizakiari zer gertatzen den.

Zerura doakela, hori bi mila urte hauetan

          sinets arazi diguten gezurra da.

Bai, zuek jakin nahi zenukete eta nik

badakit, badakit zer gertatzen den.

 

Heriotz ondoan gorputzean ur bitxiak pizten dira,

zelula hilak ezeztatzen hasteko,

ur keldartsu horrek, hiroduraren bidea irekiz,

bateria emankorren goseak susta ditzazke.

 

Eta dantzaren zorabian sartzen dira,

haragia usteltzen, urrintzen, ziringatsutzen,

ihaurrika nahasian parteka erortzen ari denean,

sartzen dira,

arbiskak eta herrestariak,

har sortu berri malatsak, zizare familia osoak,

mamutxar asekaitzak, eta

airean, kinka kaltekor hontaz baliatuz

zirurikan, haserrez ziztaka, idurikan antsiz eta zaunkaz,

ulu beltzurdinak, miruak, lespadak eta arrano gosetiak.

 

Denbora gutiz gorputza ezer ez da:

eskeletako hezur gisukiz hustuak

lur barnean edo gainean

ahanztearen eguzki erreak zurituko ditu.

 

Datorren larrazken hegotsuan

bare karakoilak, arkamelu eltxarrak,

suge hotz nagiak eta kuskandel hormatuak

neguaren iragaiteko kaskezurraren ziloetan,

ginarrez eta zainez beteak ziren zilo guzietan,

kabituko, kokatuko, lokartuko dira.

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila