Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

IDATZI NAHI ETA...

                (1984)

 

Maikel Jacksonekilan trikitrixalariak,

trenbide bazterretan haur kalakariak.

Ogi puskak trenpatuz arno karatsetan

sentimendu garratza martxo arratsetan:

            idatzi nahi eta ezin.

 

Ez dut nehoiz hartuko eskuan izarra,

haizeak emetzen ba daut ere lizarra.

Ilargitan, indarrez luma bera husten

zilo honen azkena nik ez dut ikusten:

            idatzi nahi eta ezin.

 

Banintuen denentzat hitz joko milaka

irri karkara zedin kantu bat bilaka.

Trebeak direnentzat utziko dut lana

ongi trata dezaten herritik ukana:

            idatzi nahi eta ezin.

 

Zeru krudelegiek begiak nahasten,

bihotza punpeka kaiolan da hasten.

Nere baitako lora hautsi du beroak

ez dakit zer dakartan harrien geroak:

            idatzi nahi eta ezin.

 

Guk lurrean badugu bakoitzak gurea:

batzuentzat lohia, bestentzat urrea,

zuentzat segurantza, neretzat zalantza,

aldi hontan ni gabe egizue dantza:

            idatzi nahi eta ezin.

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila