Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

AHANTZI GARELA

                (1980)

 

Bai maitea, zahartu garela

            ahantzi garela

bakartasunak zimurrak dakarzkigu

Lau urte gehituz, bost egun gutituz

            hau da denbora luzea

            egunetik egunera eramaten dugun

            eternitatearen kurutzea.

 

Bai maitea, bihotzean min dut

            atzo zin egin dut

bakartasunak nau zugandik urrundu.

Lau urte jadanik, bost baso edanik

            hau da arno alegera

            egunetik egunera bururaino doan

            arno gorri gozo eta minbera!

 

Bai maitea, entzunik algara

            joan behar gara

binazka eternitatea hausteko.

Lau urte Saharan, bost gau Himalaian

            hau da mundu gurea

            egunetik egunera, lauetik bostera,

            ikus dezakegun nere ta zurea!

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila