Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

EUSKARA KLINIKAN

                (1983)

 

Nahi digute euskara

geldi dadien bakarra,

ibai ondoko karkara

eta itsaso zaharra

            ixil diten,

guk erabil ez dezagun

razionalki nahi dute,

munduan dira ezagun

badutelakotz bertute!

 

Gure solasen hagunak

herrietako lagunak

dira oro erdaldunak,

haiek kontrala zaldunak

            euskaldunak

pentsatzen dakitelako

sistema osoan argiz

gramatik eta delako

denak ederki, halabiz!

 

Arropa zuriak jantziz

ebakiak alderantziz

kesketan galduak antsiz

laban zorrotak erantsiz

            hartzen dute

galtzen ari den euskara,

haren tripa irekitzen

«hertzetarik eri zara!»

orduan dira jeikitzen...

 

Hertzea zilaturikan

ari dira marmarikan

hilen dela hau klinikan

ez baita denborarikan

            behar dute

euskara salbatzekotan

erran Axular bezala,

dagona itzal berotan

debruak eman dezala!

 

Zuek mesias gaziak

eliz barnetan haziak

badituzue graziak

zerutik irabaziak

            euskara hau

harri zahar bihurtzeko

lore lehor hain ederra

jakintsunek agurtzeko;

hetsi dadila xederra!

 

Gure hizkuntza oralak

zaharkerietan galduak,

bere geroen moralak ditu

merkexko salduak...

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila