Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

ORAINO MILA SOLAS INUTIL

                (1983)

 

Ez dut nihor trixte ikusi nahi

nere inguruan: ni naiz mundu zirkotu

hontako jostari soberakina,

sudur gorri borrobilaz eta

arpegi orlegiz koloratuaz

pista ondartsuaren itzulia dagit,

zuen gogoen bide dorpeetan

ez dezazuen penarik haz.

 

Mila solas inutil behar ditut

bospasei hitzen errankor pizuegia

itotzeko,

irriaren karkarak behar ditut

negar saminen gazitasun handiegia

moteltzeko,

debaldearen arintasuna behar dut

hurbilegitik hunkitzen nauen

bizitzaren latza ahanzteko.

Mila eta bi solas inutil oraino.

 

Ixiltzen banaiz

hutsaren leizeak

iretsiko nauke,

eta

nere hezur herbailak

erreko ditu uztailak.

 

Ni, haur naizen bezala, agertzen naiz

euri uharren xorta iheslariak

esku ahurrean atxikitzeko,

haize hotz azkarregien bufadak

mokanes brodatuetan kartzelatzeko,

edo, doan denboraren hatz zimurtuak

            kopetetarik kentzeko,

            bilo xuriak belzteko.

Baina ez dut astirik aski

Nihaur naizen bezala agertzeko.

 

Iraganen dira lertsunak zeru grisetan

neguko izotz nagiak hegaletan ekarriz,

pasatuko dira blintxak,

guk ez baitugu askatasunetik jastatuko,

gu ez baigara tabernan zorionaz afalduko,

zuzen ez baitakigu

            zer den askatasuna,

            zer den zoriona.

 

Nihaur naizen bezala, agertzen saiatzeko,

behar bada ez du balio

kateak haustea kario

baita, hona beraz

mila eta zazpi solas inutil.

Oraino...

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila