Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

EUSKAL HERRIAN EURIPEAN

                (1982)

 

Eder da

Euskal Herria euripean,

busti eta distiratsu;

ura hosto legorretan

urre eta zilar

kantaka

ttanttaka

lerratzen da

ekainan, urrian

Euskal Herrian

euripean

hor gaude.

 

Helbururik ezeko bide hutsetan

gabiltza ilunabar umietan

Euskal Herriko kaletan,

Bizkaian edo Nafarroan

patxaran basoak edanez kuraia hartzeko

euri xortak, zigarretak eta ogitartekoak

erdizka partekatuz

Euskal Herrian

hor gaude

euripean.

 

Uda batetako lagun beroak

eta maitasun joanak

ele zuhurrez aipatzeko,

zeruan gauez izarrak deitzeko,

patizerien aintzinean pasatzean

sartzeko eta zerbait chantillydun

milikatuz iresteko prest,

ostatuen ke pizu eta malinetan

itotzeko, mundua asmatzeko,

Euskal Herrian

hor gaude

euripean.

 

Ahantzi nahi dugu

ez garela beharrezkoak,

zainetan buru gibeletik

sua bezala erretzen gaituen

heriotzerako gutizi nagia.

 

Euskal Herrian

hor gaude

euripean,

kafe azkarregiek aho zokoan

uzten duten gustu beltzean,

eta caporal tabakoaren usain

segitzaleen lainoan galduak

adiskidantza baino gehiagoko

zorotasun debaldezko batean,

hor gaude

Euskal Herrian

euripean.

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila