Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila

 

TESTAMENDUA

                (1981)

 

Ez dut lurreko gauzetan nahi

    nik nere salbamendua,

berdinki ez dut segitu gogo

    zeruen manamendua,

anarte hortan, idurikatuz

    hutsaren jujamendua

hona Mozartek asesinatu

    lumaren testamendua!

 

Askok diote gutan berean

    Mozarte bat lo dagola,

sinfoni haren lehen neuria

    hiltzale izan zen hola...

Hau dugu gauen itzal hezetan

    oihanak gorde arbola,

edertasuna nahiz zabilan

    mainkuaren parabola!

 

Zirko honetan, hitza hezirik,

    jartzen nuen negurturik

nagusi nintzen batzutan baina

    duda hura lapurturik

gogoan gorde indar guzien

    sasi-hesolak urturik

maitasun minez nindabilarik

    bazoaken beldurturik.

 

Eta herria maitatu nuen

    maite duzuen heinean,

baina ideak ez genituen

    berdinak honen gainean,

askatasuna desiro nuen

    kartzelaren ordainean:

ordea jabal araziko dut

    bazterdun botza zainean...

 

Ez dut sufritzen; oraindik ere

    bihotz basaren zokotik

edo galdurik ihes badoan

    gau beldurraren zorotik

minik ez dator; sufritu gabe

    irriz ari naiz gogotik:

poemak sortuz iragan nintzen

    bizitza honen ondotik.

 

Nere azkazi xoilen artean

    ez da sortuko aharrik

dirurikan ez baitaukat edo

    beste ontasun zakarrik,

enkre botoilaz kanpo uste dut,

    ez da sineste zaharrik,

balio handi bat balukela

    waterman lumak bakarrik!

 

Sagu goseen hortzen meneko

    ez badituzue uzten

makinaz eman textoak, hori

    gaurgoitik duket ikusten,

ondokoentzat gainera bertso

    paper denak ditut husten;

ez dakit nola beren artean

    partekatuko dituzten!

 

Bera hautsirik, mundua hautsi

    nahi lukenak oraino

askoz hobe du ixiltzea hor

    kantuz segitzea baino.

Hitzen azpira erori diren

    puskak nork ditu alaino

berriz bilduko, iraun dezadan

    datorren ekainaraino...

 

 

Bizitza nola badoan
Itxaro Borda

Maiatz, Uhargi 1, 1984ko agorrila