www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa  

PILOTA AZKAINEN

 

        Baditake ondoko egunetan edo bederen urteetan norbeitek nahiko dituen egundaino Euskal-Herrian izatu diren pilotari handiskoenen izenak liburu batean bildu. Bertze deus handirik ez dakien azkaindar batek egun nahi dio lan hori, guti bada guti, errextu, Azkaingo pilotariak lerro-lerro hemen agertuz. Ottarre, guziek ezagutu eta maitatu dugun pilotari famatu hartaz geroztik, Azkainen ez bada pilotari handirik sortu, haren aintzinean frango izatu da. Zenbeitez huna zenbeit xehetasun...

 

        Larru da lehen-lehenik aipatu behar. Sabadinabaitako semea zen, beraz aita Clement kaputxino omen handikoaren etxe berekoa. Nahiz aita kaputxino horrek Duhalde zuen deitura eta Darruspe gure pilotariak, nola bizpahirur ehun urte iragan baitire bat hil denetik bertzea sortu den arte, ez ditake erran etzirela ahaide. Are gutiago haatik hala zirela.

        Dena dela, eskularru luzearekin ari zen Larru eta haren jokoaz ez dute egungo egunean ere aski espantu Azkaingo xahar maite batzuek. Hauk erranik dakigu bizpahirur urtez sos ederrik irabazi ziotela Pausuko Xaltxari eta Baionako Battittari, Battitta eta Xaltxa omen baitziren Lapurdiko pilotari famatuenak, Kaskoina hilez geroztik. Hain ongi ari zen menento hartan Larru nun azkaindar sosdun batek hirur-mila liberaz munduko hirur hoberenak desafiatu baitzituen hirur azkaindarren kontra jokatzeko pasaka. Tolosako Handia, Manuel eta Chiquito de Azpeitia agertu zitzaizkoten mendiz bertzaldetik. Larruk galdu zuen haatik. Bainan nola harri! Manuel mundu guzian ezagutua zen jada, pertsu hauk frogatzen duten bezala:

 

                «Gero Espainiatik guri nausitzera,

                Meltchor, Antsa, Manuel zitzaizkun atera...».

 

        Eta oraino ezagutuago zen Manuelen lagun Chiquito de Azpeitia! Ez ote zen munduko pilotari hoberena? Kasik hala iduri luke Peña y Goñi liburu egileak hartaz erraten daukunaz: «un jugador admirable, el rey del guante». Holako pilotari famatueri atxiki zuen bezala buru atxikitzeko, Larru ere etzen segurki nor-nahi. Eta etzuen nor-nahi izan behar naski ondoko egunetan Ottarre zahar, Xabat eta Antsorlorekin biperra bezala errausteko Arroxko, Vitoriano, Bettiri eta Mattiu! Bai eiki, Mattiu! Kantuek hala laudatzen duten Mattiu Aheztarra!

 

                «Mattiuren eskuraz geroztik pilota,

                Deuser beha hobeki ez daiteke josta.

                Jokoa du segura, adret eta presta,

                Haren erreturnaren parerikan ez da...».

 

        Nausien nausiak badire beti eta Mattiuk ere Azkainen atxeman zuenberea: Larru! Ondikotz Larruk gazterik Ameriketako bidea hartu zuen eta egundaino herrian nihork ez du jakiten ahal izan zer bilakatu den. Beldurtzeko da aspaldi hila dela, Azantza eta Kaskoina bezen pilotari handia zelarik, hek bezalako fama utzi gabe.

        Larruren ondotik, jada behin aipatu dugun Xabat. Ez ditu hogoi urte izan ehar, lauetan hogoita hamar edo gehiago urtetan, hila dela Xabatek. Aise ezagutu dugu beraz eta, nahiz hiruetan hogoita zenbeit urte guk baino gehiago bazituen, adixkide handi ginen. Zer oren goxoak iragan ditugun elgarrekin, neguko arrts beltz batzuez, supazterrean, hura bere partiden kondatzen ari, gu beharriak luzatuak aditzen! Bi sosen adimendua izatu baginu orduan, nola oro paper mutur batean hartuko gintuen! Horrengatik, ez ditugu oro ahantziak eta badakigu hameka aldiz Xabatek garaitu dituela bere denborako pilotari handienak, Bixente Beltza, Coutelier, Mattiu eta Betti barne. Beraz, pilotari handia zen Xabat eta hemen aipatzea zor zitzaion...

        Huna orai Ganix, egundaino Azkainen izatu den pilotari hoberena, eskuz, eskularruz eta xixteraz bardin trebe baitzen. Oraino bizi da Ganx, lauetan hogoi urtetarat doala, eta segur bekundea belztuko du, norbeitek, haren espantuak hemen egin dituela heltzen bazaio beharrietarat, bainan egiak behar du bere bidea. Doala beraz egia hori, semearen ahotik, Euskal-Herriko lau hegaletarat...

        Duela berrogoita hamar, hiruetan hogoi urte Kattalin delako bat omen zen Frantziako eta Espainiako (eta, dudarik gabe, munduko) esku-huskalaririk hoberena. Bada, igande arratsalde batez, Ganixek desafioz errautsi zuen Kattalin. Eta nola errautsi! 50 eta 6! Pasa marra lau metretan zuten: lau untzako pilota.

        Ganixek bertze partidarik ere irabazi dio Kattalini: behin Nani Teillari, hamasei urtetako mutil gaztearekin, Zubieta, orduko sakari famatuena Kattalini lagun emanik. Hogoi liberaz zuten desafioa. Bertze behin, Grégoire Larronde apezgeiarekin, Kattalin bakarrik, ari ziren, bainan libro, azkaindarrak ezkerka. Aldi huntan hainbertze sos galdu zuen Kattalinek nun, zorren ordaintzeko, dirua prest norbeiti galdetu behar izan baitzion...

        Eta ez uste izan Ganix Azkaingo plazan zela bakarrik pilotari handi. Nun-nahi hala zen eta nun-nahi frogatu du: Donibanen, Senperen, Saran, bertzeak bertze, Anastasio, Beheran, Xilar, Xobadoa eta bertze edozoinen kontra. Eta badakizue Nani Teillari eta Michel Larronde gazteekin nor garraitu zituen Saran? Maritx, Patxola eta Ziki. Bertze behin Zikirekin Ezpeletan, Bixkundia eta Hali. Aski erratea baita Ziki, Halti eta Bixkundiarekin arizan den pilotaria, segurki zerbeit bazela.

        Bai, Ganix ederki ari zen eskuz... eta ahal bada, xixteraz oraino hobeki.

        Saran, Maritx, Arroxko, Michel Larronde eta Nani Teillari lagun, Ganixek garaitu zituen Moxko, Larralde, Patxola, Battitta eta Elsospe; Ezpeletan Bixente, Ziki, eta Ottarre aita-semeekin Ganixek irabazi zioten Xilar, Benat, Garat, Benito eta Bagoari. Ottarre zaharra botari; Senperen Larralde, Salaberri, Teillari eta Xabal zaharrarekin Ganixek, pilota jo guziz bide berrirat igorriz, errautsi, zituen Etchevers apeza, Barnetche ixtudianta, Moxko, Leiaburu eta Artoxigor; Itsasun, Ottarre bi anaia eta Zikirekin goizean, eta arratsaldean Ottarre hirur aita-semeekin aise amor emanarazi zioten Estebene, Salaberri, Larronde eta Benitori. Eta nola partida horietan guzietan hirurgarren xixtera bezala ari baitzen Ganix, erran ditake etzituela partidak lagunen jokoari esker irabazten bakarrik, bainan berak ere zerbeit egiten zukeela...

        Eta pasaka? Pasaka, Ganix oroit da arizanik Diburtxio, Coutelier, Matias, Betti eta Mattiuren kontra bederen. Hamasei urte baizik etzituen Matiasekin, Betti eta Coutelier garaitu zituelarik hameka jokoz hamahiruetarat. Handik laster Harispe eta Xabat bere herritarrak lagun (17 urte zituen Harispek) Ganix arizan zen Mattiu, Piarres eta Coutelieren kontra: doidoia hirur joko egin zituzten hauk. Azkainen ez omen da egundaino hainbertze sos sartu nola orduan...

        Xemartin Salaberri, jada behin edo bertze, hemen aipatua dugu. Azkaindarra zen, Ganixen koinata... beraz gure osaba. «Beso bipileko pilotaria» zaukun behin erran Xilar zenak harentzat. Peto zenbeit egiten omen zituen haatik errebotean. Hala hala pleka, xixterarekin, hein hobereneko pilotaria zen. Adin bateko azkaindarrek kondatzen dute Salaberri ikusi izan dutela Azkainen, Xilar eta Becas apezarekin Ottarre, Ostolope eta Harispe Getariakoari nausitzen. Alta pario gehienak Harispen alde omen ziren ba! Bertze behin Ganixekin, Ottarre eta Xilar garaitu zituen, nahi bazuten eta ez. Uztaritzen handik laster galdu zuen haatik Cedet eta Senjanekin, Halti eta Xilarren kontra, bainan, galdu bazuen galdu, Salaberrik egun hartan orori frogatu omen zuen nun-nahi, noiz-nahi, nor-nahi bezenbat bazela.

        Gizon maitea, alegera, pilotari leiala, orok maite zuten Lapurdin Salaberri eta segurki holako gizon eta pilotariak merezi izanen zuen gutartean omen handiago baten uztea. Zorigaitzez, aski gazterik pilotari adios erran behartu zitzaion, mugazaingoak denbora hartan ez baitzuen pilotako asti handirik uzten. Horrengatik, azkaindar eta Euskaldun gazte guziek Salaberriren izena beti gogoan atxikiko dute Xilar eta Larrondorena atxikitzen dituzten bezala: hel bezenbat merezi du: eta bertze pilotari guzien kantuak bezala kanta detzatela Salaberrirenak:

 

                «Ganix aipatu-eta orai noren aldi?

                Hobe dut ematea koinataren berri.

                Guziek badakite nor zen Salaberri:

                Leialagorik ez da izan herri-herri...».

 

        Nani Teillari bizi da oraino, eta azkar; pilota aspaldi utzia du haatik. Gazte denboran partik ederrik irabazi du hoberenen kontra, eskuz, Azkainen eta Azkaindik kanpo. Bainan omenik handiena erreboteko botari bezala izatu du.

 

                «Euskaldunetan beti izan da botari:

                Orotan hoberena ez ote Teillari?».

 

        Zenbat aldiz, desafiozko partidetan beretan, Xilar, Otarre eta bertzeek hura zuten nahi botatzeko. Hameka aldiz Teillari ibili da. Espainian barna hango Irun, Elisseguy, El Manco eta gaineratekoen kontra. Teillari botarik ohore egiten dio beraz bere herriari eta hemen aipatzea zor zitzaion...

        Eta orai, Ottarreren aldi. Bainan hainitz balio ote du Ottarreren aipatzea? Ez ote da izen hori bera guk erran detzazkegun guziak baino gorago mintzo Euskalduneri? Nor nun da Ottarre ezagutu eta maitatu ez duenik? Hain berritan oraino xixtera besazpian joan zen Ybarnegaray bere adixkide eta jaun deputatuaren herrirat eta oro xoratu zituen!

        Joko guzietan trebe zen Ottarre: guzietan nausien nausi izana da hamasei urtetarik berrogoita hamarrez goititaraino, Mauletik Bilbaorat. Pilotaririk ote da, behin edo bertze —eta frangotan— garraitu ez duenik, ala eskuz ala eskularruz, ala xixterarekin? Mintza ahal balite Biriatuko Ezkerra, Xilar, El Manco, Larralde, Jatxa... eta oro! Orok gauza bera erran lezakete: norbeit zela Ottarre. Eta hortan aski.

        Geroztik pilotaririk ez dugu Azkainen. Bat izan ginezaken haatik: Laurent Errandonea. Eskuz, Dongaitz zaharrena garaitu izan du; pasaka jada pare guti zuen, bainan erreboteko botari zen guzien gainetik. Saran, Beran, Donibanen eta Urrunan jada frogak eginak zituen: Berterrexe eta Iturrainen heinekoa zen. Ondikotz, gerlak ereman dauku bertze hainbertze herritar bezala. Gaizo Errandonea! Nigarra heldu zauku egungo egunean ere begietarat mutil on, prestu eta lagunkin hartaz oroitzean! Bai, gaizo Errandonea!...

        Zenbeit hilabete huntan Azkaingo plazarat igande arratsaldetan doazinek ez dute aski begi hamazazpi-hemezortzi urte dituzken mutiko mehats luxe batentzat: hain zartako ederra ematen dio pilotari ala eskuinaz ala ezkerraz! Ez dakigu Euskal-Herri guzian baden gei pollitagorik. Dena dena, ez da dudarik ondoko egunetan pilotari berri handi bat izan dezakegula, eskuek eta besoak orai bezala atxikitzen badiote. Azken Azkaingo bestetan Nani Ibarburu ikusi dutenek Theodore eta Panpo famatuen kontra, hala uste dute. Gaude beha.

aurrekoa