www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

HERRIKO APEZAK

 

        Azkaineko idazle batzu aipatu digutu orai arte: Chourio, Lapeyre, Hiribarren, Zerbitzari, Larzabal. Apezak, oro. Bainan euskaraz deusik ez dutelakotz zirrimarratu, ez ote ditugu bertze apezak aipatu behar? Segurki.

        Aspaldi hilak dire eta jada ahantziak zenbeit: bertze batzu, hil berrixago, xokoetan aipatzen dituzte oraino: frango bada han edo hemen bizi denik. Sail eder bat, Azkaineko herriaren koronarik ederrena!

        Elizari apezak emanen ditueno, Jainkoak zainduko du Azkaine. Lehen bezala zainduko. Gaullieur idazleak «Histoire de la Réforme» delakoan erraiten baitu 1549-an Donibane eta Lapurdiko bertze herri zenbeitetan protestanten erlisione berriak berehala erroak egin zituela, Azkaine etzen erori. Bere apezen gatik, Jainkoak zaindu zuen.

        Bai, Azkaineko apezak aipa detzagun beraz... Hilak, lehenik...

        Haatik, huna egia: geroztikakoak dire hemen aipatuko ditugunak. Paperik ez da, edo guk ez dugu bederen kausitu, Jean-Baptiste Duhalde jesuistaz haratago doanik. Uhaldeko semea, hau, 1674-ean sortua. Mundua kurritu zuen eta 1735-ean liburu eder bat argitaratu Xina eta Tartariako erresumez:

 

                «Uhaldeko seme zen Duhalde handia,

                Xinan arimaketan karrat ibilia.

                Aipamena utzi du mende orotako...».

 

        Etzen Jean-Baptiste lo egona ordu arte. Jada bertze liburu bat argitaratua bazuen 1724-ean. «Le Sage Chrétien», munduan bizi nahi duten girixtinoentzat kontseilu hoberenez betea. Anaia bat ba omen zuen, jesuista bera bezala, bainan huntaz deus ez dugu ikasi, hau baizik: urrungo misionetarat joan zela hau ere...

        Errebira, Azkaineko etxe handienetarik bat da. Zaharrenetarik ere ba naski. Hangoa zen Jean Doyhambéhère. Fama handiko Hiribarren pertsulari haren xortelaguna, Azkainen erraiten den bezala, hau baino hainitz gehiago zaharturik hil zen Donibaneko apez-nausi eta kalonje, lehenik bikario Baionan eta gero erretor Baigorrin egonik. «Pieux, zélé, charitable, il fut un prêtre selon le coeur de Dieu», dio harri zahar batek hil-herrian. Erran gabe Hiribarrenek ere aipatzen duela bere pertsuetan:

 

                «Bigarrenak izena du Doyhambéhère,

                Bere sor-tokiari diona ohore.

                Baigorrin zen gazterik erretor jarria,

                Ikus duke bakotxak zer duen mihia.

                Maina bezala badu izpiritu zuhur:

                Haren kantari ere eman zaio agur!».

 

        Eta egiazki kantari ederra zen, eta oraino beharrietan dugu nola Azkaineko adorazione batzuez inarrosten zituen aldaretik galerietaraino elizako xoko gehienak. Jainkoak emana Jainkoari itzultzen zion.

        Haranederrekoa ote zen Xemartin Gracy? Hala iduri luke izenetik. Etxe horrek zenbat eta zenbat apez eta serora ez du eman! Xemartin Gracy ere Hiribarrenen denborakoa zen: utz dezogun beraz elea.

 

                «................................ Bat da Irulegin,

                Ongi hainitz baituke hark non-nahi egin.

                Bihotz on batekin du hainitz arraizia,

                Bozkario saindutan darama bizia.

                Populu dohatsua erretor duena!

                Xemartin Gracy, izen ongi dohakona!

 

        Bederatzi urte egon zen erretor Irulegin. Helduden urtean eginen ditu ehun urte hil zela.

        Eta huna nun berritz ere lumarat heldu zaukun Haranederrea: hangoa zen segurki Jean-Baptiste Heuty. Bizpahiruetan gure begiak zabaldu behar izan ditugu apez hunen hil-harrian irakurtu digularik 1840-ean sortua, 1896-ean hil zela. Berrogoita hamasei urtetan beraz. Jada agure xahar bat iduri zuen Bidarten erretor ezagutu dugularik! Pausutik etorri zen Bidarterat. Nahiz orduan oraino gaztesko ginen apez baten jujatzeko, ezti, on eta kartsu iduritu zitzaukun Bidarteko jaun erretora. Ez daukute haatik behinere bertzerik erran gu baino zaharrago batzuek ere. Heuty jaunak jada hogoita sei urte bazituen Hiribarren hil zelarik, bainan hunek ez du aski ezagutu naski, aita edo anaia bezala bere pertsuetan aipatzeko:

 

                «Laborari miraila Heuty Haraneder,

                Buru gora non-nahi dukeiena ager!».

 

        Ez dezakegu Berhouague Lohitzuneko erretoraz deus handirik erran. Saran bikario egonik joana zen harat. Adin ederrean hil zen, berrogoibat urte leku berean erretor Lohitzunen iraganik. Apez ixil bat zen, aski herabea, bainan bere apez lan guziak arta eta amodio handienarekin egiten zituena. Bere Azkaine behinere ahantzi ez duen Azkaindarra. Urte guziez Andreden Mariak alderat, herrirat etorriko zen, adixkide xaharrekin egun goxo batzuen iragaiterat. Erran dezagun haatik Azkaineko beretterrek etzutela begi onez ikusten, hirur oren laurden, eta noiz-nahi oren bat, emaiten baitzituen bere mezaren erraiteko! Itzal handiagorik ez duen apezak bota dezola lehen harria!!!

        Nahiz doidoiak Berhouague jaunarekin etzukeen halako makurrik adinean, hainitzez hobeki ezagutu dugu Landaxko. Azkaindar gehienentzat etzen Landaxko baizik Jean Larregain aita misionesta, Hazpandarren Saindu Mokorra, berri-berritan Xinan apezpiku hil den Jean Larregain Senpertarraren osaba. Bidarteko bikariogotik zuen Hazparneko misionest berrien komentuko bidea. Etzen sekulan ateratzekoa komentu hartari. Han iragan ditu berrogoita zenbeit urte, Arbelbide, Heguiagaray, Ossiniry eta Mendy batzuen ondoan. Misionest kartsu bat, nihun kartsurik balin bada, eta predikari bat guti aditzen den bezalakoa...

        Irissarri ahantzixea da Azkainen, haren jenderik nihun ez baita gehiago, eta bera ere gutisko agertzen baitzen sor-herrirat, azken denboretan bederen. Azkaine bururaino maitatu de halere eta haren atseginik handiena zen, nunbeit Azkaindar bat buruz-buru egiten bazuen, xahar edo gazte, harekin trikatzea eta herriko berriez mintzatzea. Xeruenbordan sortua zen, Larrungo hegal batean. Urrunan urte pare bat bikario egonik, laketu orduko Senpererat igorri zuten eta Senperetik erretor Ezterenzubirat. Sei urteren buruko jaun Apezpikuak deitu zuen Izturitzeko herri pollit eta onerat. Han hil zen 1920-ean, hanbat zahartu gabe. Gizon goxo bat, maitagarrienetarik, eta arras elizakoa, diote oraino Izturitzeko xaharrek...

        Senperen sortua zen Grégoire Larronde, bainan Azkainen Lamberbaitan handitua eta han osoki Azkaindartua. Aita bizi zueno ardura ikusi izan dugu Azkainen. Gero ere herriaren amodioa bihotzean zuen: hango berri ttipi eta ezdeusenek atsegin egiten zioten. Milafrangako bikariogotik Gerezietarat erretor joana, han hil zen hogoita zenbait urteren buruan, oraino frango gazte haatik. Indar handiko gizona, Gerezietan nunbeitko langileak eliza zaharrean obran ari ziren batez, harritu zituen, nihork higi ez zezaken harri bat berak bizkarrerat altxatuz eta, zurubiak goiti, dorreraino eremanez. Eta zenbat holako eginez! Etzituen batere espantuz egiten, langileak urrikariz bakarrik. Hain zen ona! Bertzalde, lehengo Ottarre, Ezkerre eta Ziki pilotari famatuen heineko pilotaria izana zelarik bera, nork entzun du sekulan espantuka? Nork behinere entzun dio ele bat bera, han eta hemen irabaziak zituen dirutze, zinta eta makila ferratuez? Apeza zen; apeza bakarrik...

        Grégoire bere anaia bezala Senperen sortua izanagatik, Larronde ere, hura bezen Azkaindarra zen. Bai Azkaindarra... mihi puntaraino, 1933-ko «Gure Almanakak» erraiten daukunaz. Berant aire apeztua zen. Aiherrerat igorri zuten lehenik bikario eta gero Urrunarat. Handik Arruntzerat erretor. Erretorgoa utzi behar izan zuen 1926-an. Predikari dohatua, nola etzuen Arruntzeko eliza pollita inarrosten, Arrunztarrek denboraren buruan ahantzi ez dituzten bitxikeria batzu artetan emanez. Hala nola hau, batere trufatzeko erraiten ez duguna, bainan pollitaren pollitez eta menturaz orduan egia zelakotz: «Laharraren umea, martxuka; pikaren umea, pika; Arruntztarraren umea ere bat!». Denbora hartan Arruntzeko gazteriak ez omen zuen dantza baizik gogoan...

        Ez litazke Dominique Larronde zenaren ateraldi batzu galtzerat utzi behar. Urrea balio dute. Urre aberatsena. Hala nola igande batez neskatxa arisko bati bi begien arterat predikalkitik igorri ziona: Etxe zahar eta lurrerat zoan batetako neskatxa batek kopeta izan zuen —Arruntzen lehen— galtzerdi argaletan hilerrirat agertzeko. Eta apezak ikusi. Baia ba? Bere tokian ezarri zuen predikuan, arras izendatu gabe: «Holakoak behar luke etxetik ateratu, hamar urrats egin, itzuli eta etxeari beha erran: bizkitartean ni hortik ateratzen naiz!» Hiribarrenen pertsuak jakin balitu gogoz, menturaz erranen ziozkan:

 

                «Neskatxa zoro, arin, buru gabekoa,

                Zeren gainean duzu amesten koroa!

                Ohe bat izan gabe zoaz ezkontzerat;

                Mingarri da denean mahain huts jaterat!».

 

                «Ongi nahi duenak ondoan aurkitu

                Soinekoetan dirua ez behar kondatu;

                Zuhurra ez da beti berritan beztitzen,

                Girgilleria ez du sobera maitatzen».

 

        Dominique eta Jean Berterretche, bi anaia ziren, lehengo errient onen etorkitik. Aski gazte hil ziren bat eta bertzea, bat Arruntzen, bertzea Zuraiden, harrabots handirik behinere nihun egin gabe. Apez gozo bat zen Dominique. Jean bixiago. Laurent eta Dominique Berho, heien ilobak Metsikorat joan eta han kokatuz geroz, Elizaldean ez da gehiago ahaidegoko esku bat bi jaun apezen hobiaren gainean Umiasainduetan bederen loretto baten ezartzeko. Horra mundu hau!

        Nahiz naski orai Berhotarrak Urrunan egoiten dire, Berho Azkaindarra zen: han handitua. Apeztu orduko Donibane Lohitzunerat igorri zuten bikario. Hirur urteren buruko hila zen, bainan jada nola erroak han eginik! Huna zer irakurtzen dugun haren heriotzeaz orduko egunkari batean: Osagarri iduriz daimurik gabekoa, igandean zortzi gelditua zen etxean, medikuak hamabortz bat egunen pausua hartzeko erranik. Igandea, zoriek ote zabilkaten ala beren Jainkoaren goseak bakarrik, bikario lagun bati ekarrarazi dio komunione saindua. Astelehenean bardin. Eta gero, ez bat ez biga, nihoren dudatzeko denborarik ere gabe haspena bat jauzi eta hogoi minutaz akabo! Gaixo Nani, hain maite ginuena! Hain maite orok! Eztia zen, ona zen, bainan nahi zuena nahi halere, eta lanak ez lotsatzen...

        Aita François Etchenique, beneditanoa nork ez du ezagutu Euskal-Herrian? Predikari gustagarriena, orotarat galdea zuen. Eta orotan bere burua maitarazten, hain zen maitagarri eta atsegina, irri ezti bat ezpainetan, boza pollitenarekin eta supazterreko mila ixtorio xaharrekin! Azkubeko semea gazterik hil zen lanak higatua. Badakigu zilo ederra egin zuela beneditanoetan eta ere segur urrun serora sen Carmen bere arrebaren bihotzean.

        Eta huna Bertrand Aramendy: Gu guzien Pettan. Apez berri, bikario igorri zuten... Kaskoinetarat. Azkaindar bat Kaskoinekin! Nahiz aski hiri ederra den Gan eta laket-leku iduri, etzuen laketu gure Pettanek eta zer atsegina ukan zuen 1937-an jaun Apezpikuak Bardozerat izendatu zuelarik! Herri pollita da Bardoze.

 

                «Lapurdi bazterrean ipar alderditik,

                Bardoitz mendixken puntan, errekak artetik,

                Ikusten da airean bere lur lehekin

                Etxeak dituela xuri gusturekin...».

 

        1937: beraz doidoia gerla handi bat baino bi urte lehenago. Bainan gerla etorri zeneko, Pettanek erroak eginak zituen toki berrian. Gerla egin zuen bere adineko guziekin eta egun batez Alemanen aztaparretarat erori. Gaixo apeza! Berak daki zer ikusi zuen Koenigsberg-eko inguruetan. Bixta ahulskoa jada, ahuldu zitzaion oraino, eta galduko zuela beldurturik, Alemanek igorri zuten etxerat. Etzioten bi aldiz manatu behar izan. Nola etzuen handik goiti bere burua maitarazi behar, lehenik Bardozen, gero erretor bezala Ezterenzubin. Ondikotz sobera jasanik bazuen Alemaniako lurretan! Gaitza hezurretan sartua zuen: 1947-an pausatu zen, heriotzerak lotsatu gabe, Jainkoaren besoetan: Requiescat in pace!

 

aurrekoa hurrengoa