www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

AZKAINDARRAK

 

        Huna egia: ez dugu behinere irakurtu ez eta nihori aditu Azkainen sekulan izan dela orai bezenbat arima: neguan hamabortz-hamasei ehun, udan menturaz mila gehiago...

        Ez du balio udatiarrak aipatzea: ez dire Azkainen zenbeit egunentzat baizik, hilabete pare batentzat gorenetik. Erran dezagun haatik zenbeitek urteak badituztela Azkainen dabiltzala, eta maite dute...

        Azkaindarra ote dire, egiazko Azkaindarrak, neguko hamabortz-hamasei ehunak? Ez, zorigaitzez. Bizpahirur ehun badire nunbeitkoak, kaskoin, espainol edo turko, herriaz agradaturik geldituak, batzu etxe zaharrak erosi eta berriturik, bertzeak egoitza berriak eginik. Azkaindartuko ote dire denborarekin? Ez guziak... agian!

        Egiazko Azkaindar zenbat ote da? Azkaindarraz zer aditzen den! Azkaindar balinbadauzkagu bakarrik berrogoita hamar urte huntan gutienik Azkainen direnak, jauzian jautsi behar dugu mila edo bederatzi ehunetarat. Eta egundainotik Azkainen direnak hartuz bakarrik, nork daki ez ginuken hiruzpalau ehunetarat jautsi behar?

        Udazkeneko hotz berriekin hostoak lurrerat joaiten dire: orobat etxeak denborarekin. Bainan berritz altxatzen dire etxeak: ez ditake beraz etxetarik juja nor den Azkaindarra. Segurago iduritzen zauku paper zaharretako izenen ondotik ibiltzea.

        Izen hainitz bada galdurik Azkainen, oro oraiko Amaioren, Ascazibar, Barandiaran, Chotil, Sarraioague, Dordogoity, Elzaurdy, Ezezabarrena, Ermua, Etcharberry, Etcheguia, Fagondo, Gabarain, Goya, Haranibar, Ipharraguerre, Labayen, Labandibar, Larrandaburu, Legarralde, Leholaberry, Leiza, Lissardy, Lizarza, Mendibe, Nalbarte, Olhaber, Oriozabala, Oxabide, Saralegui, Urbieta, Urtizberea, Zelhayeta... oro oraiko Dumont eta Durant batzu baino usain hobekoak, egia aitortu nahi badugu!

        Huna oraino lehengo izenetarik Azkainen bizi direnak: Andiazabal, Barnetche, Barrendeguy, Dornaletche, Dourritçague, Elizagaray, Elissalde, Etcheberry, Etchezarreta, Goenaga, Hiribarren, Ibarbide, Ibarburu, Larralde, Larregain, Larronde, Olaizola, Olhagary, Oyhanto, Salaberry, Sorriguieta, Sougarret, Teilary, Tucoulet.

        Azkainen bada haatik bertze izen frango aspaldi eta aspaldi aditzen denik: ez dakigu xuxen noiz sartuak diren. Huna lumaren puntarat heldu zauzkun bezala, zenbeit bederen: Aspirot, Camino, Dupere, Gracy, Laduche, Lapeyre, Minier. Aspaldi aditzen diren izenak segurki eta ongi azkaindartuak, herriko kargu handienetan direnaz geroz orai ere zenbeit.

        Eta guzien buruan zerk frogatzen dauku izen zaharretan ere hau eta hura egiazko eta egundainoko Azkaindarrak direla eta ez Urrunatik edo Saratik edo Espainiatik Azkaineratuak? Deusek. Edo izen berak behar litazke mendetik menderat etxe beretan kausitu! Nor lot holako lanari?

        Herri bakotxak badu bere bizia, badu bere izaitea, badu bere moldea. Kanpotik heldu denak ez ditu aise hartuko eta beretuko. Beldurrago gintazke galaraziko dituela herrikoeri. Duela hogoibat urte zoin ederki etzaukun hori Azkainen predikalkitik erran Borotra Senpereko jaun erretorak Pilotarien-Egunean: «Zer dugu ikusi Euskal-Herrian? Euskalduna kanpotiartzen bere ohiduretan, bere mintzairan, bere jostetan, bere soinekoetan, eta, zorigaitzez, kanpotiartzen bere sinestean! Eta hemen salatuko ote dugu, ahalgea kopetan, gure begiz ikusi dugun zerbeit? Azkaindar neskatxa bat short direlako galtza motz petrailak soinean plazaren erdian! Ezkondua da geroztik Euskaldun frantximant batekin. Tantiruri, neskak eta mutilak elgar iduri! Eta zenbat haur ttipi karrikan eta karrikatik kanpo katiximaren frantsesez ikasten hasiak! Euskararentzat mentura txarra beraz Azkainen nun eta ez dugun zaharrak, Artha harriz egin obrak Donibanen itsasoaren oldarrari bezala, buru egiten itsas-hegi guzian ala den frantximankeria zozoari! Euskara utzi gabe frantsesa ikas ez balitake bezala, «mamazel Urguilu!». Eta zer diozue, pilota utzirik, foot-ball basa bat herrian sar-arazi nahi luketen mutiko gazte batzuez? Azkaindarrek, egiazko Azkaindarrek, behar lukete Larru eta Ottarre batzuen pilota maitatu, Chourio, Lapeyre eta Hiribarren batzuen euskara mintzatu, eta ez uste izan Azkaineko euskara ez dela on herritik kanpo agertzeko. Badakizue zer erraiten duen bere liburuetarik batean Etchepare jaun miriku euskalzaleak? «Azkaine, euskara mintzatzaile ederren herria!». Tira tantoa, Azkaindarrak, eta ez otoi ihardets frantsesez ederki predikatu zuela erran zioten apez espainolak bezala: «C'est une mensonje, mais ça mé fait plaissir quand même!». Ez ditugu gure buruak behar den baino gehiago apaldu behar! Azkaindarrak Azkainen, Azkaindarrak Azkaindar «beren ohiduretan, bere mintzairan, beren jostetan» edo zer ez lezake erran Chaubadon gure herritar famatuak, jada erraitekoak zituen kaputxin suharrak!

 

                «Paristik landa zuen minekin ikusi

                Dantza-korda zutela Azkaindarrek utzi!

                Lehengo igandetan, lerroan guziak,

                Estaltzen zituztela plazako hegiak,

                Ematen ziren xutik, atsegina dari,

                Mokanesak hedatuz zaharrek gazteri.

                Agure zaharrena jartzen zen buruan,

                Erramuzko adar bat zuela eskuan,

                Hark, zuen lehenari mokanes hedatzen

                Eta guziak ziren saltoka segitzen...».

                                Hiribarren

 

        Aditzeko errextasunaren gatik, Hiribarrenen pertsuetan hitz berri zenbeit eman ditugula aitorturik, erran dezagun ere dantza-korda etzela Azkainen dantzatzen bakarrik, ez-eta beti Azkainen bezala. Bertzeak bertze, badakigu herriko xaharrek erranik, Gerezietan bederen, agure zaharrenaren orde, etxeko-alaba handiena zela korda-buru, erramuzko adarra eskuan.

 

* * *

 

        Paper zaharretako izenak aipatu ditugu goraxago: deiturak, erran beharko ginuean. Bainan Azkainen ez ote da deitura bezenbat izen galdu? Marixume, Ganaurra eta Xabier batzu utzirik zer hartu dute? Arlette, Gisèle eta Nicole nunbeitikakoak. Pagano izen batzu hamarretarik bederatzietan. Oi, izenetan euskaldunena, Xabiera utz? Etcheberri, Chaberi, Xabier! Landalde erretor zenaren bataiotako liburutik hartua dugu Xabieraren izena: Alzugaray Xabiera. Oi, lehengo izen ederrak! Oi, lehengo izen maiteak!

 

* * *

 

        Huna zerbeit orai bere berant-airea barkatuko diozuena: egiari zor zaio hedatzea. Doidoia lerroetan Azkaindarrak nor diren irakurtu eta, badakizue zartalakoan zer erran daukun, berrogoita hamar urte huntan urrun bizi delarik, Azkaine guk bezen maite duen norbeitek? «Azkaindarra nor den? Ni! Azkaindarra nor den? Zu! Han sortuak, han handituak, biziak barreiatu gaitu eta urrun ereman, bainan egundaino gure bihotza eta gure gogoa Azkainen egon dire!». Ez zitazken galtzerat utz holako ele pollitak! Oxala, oxala hola mintzo balire, hiriak eta hiriko lilluramenduek burua harturik, Larrun handiaren itzal maiteari betikotz ihes egin duten dohakabeak! Azkaine ukatzea, lurreko zeruaren ukatzea zauku...

 

aurrekoa hurrengoa