www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

AZKEN HITZA APEZEZ

 

        Ez litake gisa hoinbertze Azkaindar apez aipatu eta bospasei bazterrerat uztea... bizi direlakoan eta harrabots handirik egin gabe bizi! Aipatzeko, mementoaren beha ginauden bakarrik...

        Izen arrotz baten gatik, Azkaindarra da J.B. Justes, Birgaileneko semea, 1886-ean sortua. Han handitu zen orobat eta harat biltzen da oraino, Donibaneko egitekoek hiruzpalau oren libro uzten duteneko. Laket-leku da Birgailenea, «Pension Basque» orai duen izenarekin ere!

        Ez da nor-nahi J.B. Justes. Apeztu aintzinean Tolosako ikastegi famatuan gradu handienak bildu zituen eta gero, apez eskola emaiten hasi, Abbadie jaun kalonje zenaren itzalean. Ondikotz, Bellokeko ilundura eta umiduretan, bi urte gabe osagarria galdurik, berritz Birgailenean zen kadira berezi batean luze-luzea! Luze-luzea eta higitu gabe urte pare batentzat! Nahiz bere denboran soldako ibilia zen, Hamalaueko Gerlak etzuen beraz atxeman. Bainan emeki-emeki sendatua balin bazen, behin ere ez da aski azkartu aintzineko lanari lotzeko. Donibane-Lohitzunen kokatua da orai, burasoek fidatu nahi diozkaten haur bakar batzuen eskolatzeko, artetan herriko apeak elizan eta kanpoan ederki lagunduz. Ez baita errex J.B. Justes baino apez, apezagorik kausitzea! Ixila da; goxoa da; kartsua da. Holako jitearekin eta jakitatearekin, nun-nahi eginen zuen bide! Osagarriak ez du utzi...

        Eta huna gure Pantxua, Azkaindarren Pantxua, hainbertze eta hainbertze adixkide duen Pantxua! Nor da Pantxua? François Ibarburu Arraioko jaun apez biribil eta maitagarria, berrogoita zenbeit urtetan oraino Euskal-Herriko pilotari aipatuenetan aipatuenetarik bat. Lehen meza 1933-an eman gabe jadanik, Jaun Apezpikuak irakasle igorria zuen Louis de Gonzague deitu Baionako ikastetxerat. Ikusten duzue Pantxua han preso? Eremuak maiteago ditu eta hirur urteren buruko bikario da Bezkoitzen. Nola berehala maitatu zuen hango populuak eta guziz hango gazteriak! Bainan apeza ez da bere nausi eta Pantxua igorri zuten Urrunarat, bere bikarigoaren hango xoko zabaletan bururatzerat... Erretor joaiteko adinean Biriaturat joan zen, alegerarik. Biriatu bere aintzineko guzien herria zuen, alabainan! Han da oraino, jada hamarbat urte huntan, herritar eta kanpotiar, ororen zerbitzuko. Predikari pollita, otoitz egile handia, langile presta... eta Biriatuko xokoak galdetzen duen bezala, hein bat bederen kontrabandixta naski! Horra zertako segur 1953-an hamarbat egunez bederen, etxeko saldaren orde, Villa Chagrin delako batetakoa jastatu behar izan duen Laxague, Irigoin eta Ariztia jaun apezekin! Egia erren, nungo apeza etzen kontrabandixt eginen judu zikin batzuen aztaparretarik bi haur gaixo ateratzeko? Gora Pantxua!

        Haranederrearen ondotik, Azkaineko etxalde handi eta ezagutuenetarik bat Errebira ditake. Artean erraiteko, errebira ez ote litake «errepira»? Paper zaharrak ikusi behar! Dena dela, etxalde eder hori apez etxe bat da. Eta ez dugu hori erraiten, bere etxea berritu ziotelarik Methieu Elissalt erretor ohia hainbertze denboraz Errebiran egon zelakotz, ez: Bainan hango semea zelakotz Jean Doyhambéhère jaun kalonjea, eta orobat hango semeak baitire Michel eta Roger Idiart bi anaia apezak! Michel Ortzaizeko bikario eta errient maitatua da, segurko Ortzaiztarrek saltzekoa ez duten bikario eta errienta; ez dakigu noiz arte! Roger Baionan da irakasle, St-Louis de Gonzague jada aipatu hartan. Bati eta bertzeari Jainkoak eman dezotela, bi anaieri hein berean, orai hitzemaiten duten bezala apez on eta saindu izaiteko grazia osaba zena bezala! Errebirari beti merezi duen ohorea ekartzeko...

        Xoko pollita da Olheta. Xoko ixila ere ba. Segurki, kontrabandako ixtorio batzuez kanpo, deus gutik sekulan inarrosten duen xokoa! Ez da halere guti egia zerbeitek inarrosi zuela 1950-ean. Zerk bada? Lehen meza batek. Etzen naski egundaino apezik izan Olhetatik ordu arte. Philippe Telletcheak Betharramen hasi zituen eskolak, bainan kaskoiniako aireak ez baitzion onik egiten, Baionan bururatu. Orai Uztaritzen da irakasle. Arras hango egina omen bortz urtez, bainan nihundik etzauku iduritzen holako apez goxo eta «kontxekenta» —Azkainen erraiten duten bezala— ez dela herri zabal, eder eta on batean bizitzeko eta hedatzeko egina! Geroak erranen ditu oro...

        Gabriel Iturria jaun apezak duela bortz urte eman zuen meza. Ernea zela, haurkina zela, musikaria zela, ez dakigu zer zela, badakizue norat igorri zuten paper ederrenak eskuan? Argentinarat! Argentinarat, hango Euskaldunez arta hartzeko! Urrungo eltzea beti urrez! Argentinan mila lan eginarazi ziozkaten, mila herrietan ibilarazi zuten... bainan Euskaldunik ez aipatu ere! Bi urteren buruko etsitu zuen, lasterrago eginen baitzuten gutiz gehienek, eta itzuli zen sorlekurat, jaun Apezpikuaren gomendio! Sarako bikariogo maitagarri eta ona jastatu orduko, Miarritzerat igorria dute urtetsu huntan. Nunnahi laketuko duen eta bere burua maitaraziko duen apez gisa da; ona, ixila, langilea. Agian hainitz urtez, jaun apeza!

        Eta badire zenbeit azpitik goiti heldu direnak: biga badire jada helduak kasik, beren lehen meza aurten emanen dutenaz geroz... menturaz lerro hauk Gure Herrian agertu baino lehen: Jeannot Ithurria, Miarritzeko jaun bikario doidoia aipatuaren anaia, eta Onaindia, Gipuzkoatik hunat etorri jaun apez batzuen iloba. Adixkide gazteak, Dominus vobiscum!

        Azkaineko apezen lantto hau hemen bururatzean, herritarrek barka dezagutela bakotxaz ez menturaz merezi zuten ongi guzia erranik. Barka dezagutela orobat ez baditugu doidoia aipatzen baizik herriko hainbertze serora saindu. Ixiltasunaren ondotik joan ziren Angeluko, Uztaritzeko, Ahurtiko eta bertze komentuetarat eta ixiltasunean nahi dute oraino han bizi. Jainkoak lagunt eta gida detzala beti!...

 

aurrekoa hurrengoa