www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

HIL-HERRIAK

 

        Egunkari batean sekulako gudua ikusi izan dugu bi jakintsunen artean: hil-herriak behar den, ala hilharriak. Ez dugu auzi hori guk trenkatuko. Jean Barbier Senpereko erretor zena gu bino jakintsunago zen eta «hil-herriak» erraiten zuen; beha:

 

                «Elizaren ondoan, oi Euskaldun haurrak,

                Gure hilen-herriak zoin diren ederrak!

                Han dagozi bakean aitaso zaharrak,

                Han ditut etzan nahi nik ere hezurrak!»...

 

        Ondikotz, orotan bezala hil-herrietan ere urguilua hasia da sartzen eta nihork ez daki gehiago zer egin... auzoak baino gehiago egiteko! Ez ote lukete, hil-eta bederen, orok hein berean behar, orok bardin har eta lur egin behar dutenez geroz? Harri arrunt bat aski litzaukuke gurutze pollit bat aintzinean. Ez da hala, eta badakigu sekulan ez dela hala izanen... Ez du balio ohiko harriburua —la stèle— hemendik goiti aipatzea: gero eta begitarte gutiago egiten diote Euskaldunek eta guziz Azkaindarrek. Sinetsiko ote duzue Azkaineko bi hil-herrietan ez dugula harriburu bat baizik kausitu? Arras pollita haatik... eta sortzez Euskalduna etzen norbeitek nolazpeit beretua. 1657garrenean lantua da.

        Azkaineko hobi zahar gehienak eliza barnean dire: hil-herrietan doidoia bat gelditzen da 1592garrenekoa: Martissans de Haranibar delakoarena. Nor ote zen? Ez dugu Jainkoaren liburu handian baizik ikasiko. Geroztikako hobietan badire haatik arras eta arras begikoak, hala-nola 1682garrenean hil eta ehortzi zuten Amerikano batena. Huna hitz larriz zer erraiten daukun harriak:

 

                «Hendaia, Ascain, Urruna

                Hau da oroitzapena

                Hirur elizena.

                Lafargue da hemen

                Errozue amen.

                Hendaian sortu zen,

                Urrun aberastu,

                Ungitasuna zer den

                Ez du ezagutu.

                Bainan biziz hiltzeko

                Hil da bizitzeko

                Emaitzak hor bahi

                Zer zukeien nahi!».

 

        Lafargue amerikanoa bezela, Azkaineko Hil-herrietan dagozi munduaren akabantzaraino hainbertze azkaindar apez, bertzeak bertze: batzu, orok ezagutu dituztenak; bertzeak, ixiltasunean ongi bera egin dutenak: Doyhambéhère, Heuty, Dominique eta Jean Berterretche, Esteban Lapeyre, Bertrand Arramendy. Sasiak itoa, ez dugu aise atxeman Martin Hiribarren geroxago aipatu gogo dugun jaun kalonje famatuaren harria, ez-eta ere gure begi xaharrekin aise irakurtu harri hortan 1866garrenean latinez ezarri zuten hitz lerroa: «Expectans resurrectionen mortuorum jacet et dormit Martinus Hiribarren Baionensis canonicus ad honorem, qui annis XXX parochiali munere fungens, ingenio, doctrina, pietate eluxit. Obiit anno Domini 1866».

        Badakizue zer gogoratzen daukun Martin Hiribarren jaun kalonjearen harri sasian itoak? Azkaineko hil-herrien sartze-sartzean baitezpada harri eder bat behar litakela, herritar apezez Azkaindarrak oroit-araziko dituena: zer predikua ez litake han lerro-lerro irakurtzea izen hauk:

        Aita Clement kaputxinoa — Sabadinabaita.

        Duhalde jesuista — Uhaldea.

        Chourio Imitazionearen egilea — Martzenia.

        Hiribarren kalonjea — Finondoa.

        Lapeyre kalonjea — Luisbaita.

        Lapeyre beneditanoa — Luisbaita.

        Doyhambehere apez-nausia — Errebira.

        Berterretche bi anaiak — Elizaldea.

        Larronde bi anaiak — Lamberbaita.

        Jean-Blaise Gracy apezpikua — Haranederria.

        Joseph Gracy apez-gei gerlan hila — Haranederria.

        Martin Lasconateguy apez-gei gerlan hil — Haranederria.

        François Etchenique beneditanoa — Azkubea.

        Nork daki izen horien irakurtzeak ez ote luken apez egiteko gutizia bihotz ttipi batzuetan sor-araziko? Orduan ez litazke debalde igorriak izanen oroitzapen horren egiteko —Larrungo harritik egiteko— behar litazken ehun edo berrehun mila liberak. Holako obran Azkaindar guziek gogotik parte har lezaketela daukagu...

        Arruntean Azkaineko hil-herriak asi ongi atxikiak dire: belarra nihun ez da nausitu, gehiago jaberik ez duten hobi bakar batzuetan baizik. Ez da beraz segur Azkaindarren gatik errana izan: «Hilak laster doazi...!».

        Serresen ere ba omen ziren hil-herriak, lehen hango kaperaren aintzinean. Xahar zenbait oraino oroit litazke han harriburu batzu ikusirik. Ondikotz, harriburu guziak suntsitu dire handik ere: ohoinek ereman dituzte hango edo hemengo biltegietan gordetzeko. Bat gelditzen da haatik Serresen ere, 1601koa: Teilarian ikus dezake nahi duenak ategainean landatua, Bihotz Sakratu baten aldean. Nori esker? Guziek aisegi irri egiten zioten Jean Sougarret ermitauari esker. Oi, oroitzapen zahar horien salbatzeko guk ere baginaki zerbeiten egiten!

        Eta Larrungo mendian ez ote da behinere izan hil-herririk? Baietz erraiten zuen errotik Jose Errandonea, gure mendia hain ongi ezagutzen zuen Azkaindarrak. Verako aldean omen ziren hil-herriak, xiloska batean. Behinik behin badakigu Jose Errandoneak han atxeman izan duela harriburu bat arras pallita. Amodiorekin harrokarte batean gorde zuen, Jean Sougarret bere adixkideari sekretua fidatu... eta laster harriburua handik galdu! Denboraren buruan badakizue nun ikusi zuen? «Emperator» Larrun puntan egin ostatu baten murruan! Handik ere joana da orai, ondikotz! Ohoinak!!!

        Pierre Larzabal, gure herritar gazte bat da, suhar eta langilea. Bada, horra nun eskurat heldu zaukun 1934garrenean, haurrentzat egin urtekari pollit bat, Gauden gu Euskaldun, eta urtekari hortan gure herritarrak ager-arazi lantto bat. Huna lehen-lehen hitzak: «Orok badakite nola bazen lehenago Larrungo mendian hil-herri aipatu bat. Aspaldiko denboretan jendeak hiltzen zituztelarik jainko faltsoeri atsegin egiteko, heien gorputzak han ehorzten zituzten...».

        Hil-herriak segurki izan dire beraz Larrunen? Gure adixkideari «onus probandi»! Jose Errandonearen harriburu bakar eta Pierre Larzabalen lan ederraren gatik, duda bat gelditzen zauku oraino. Baditake segurki noizpeit norbeit ehortzi izan duten Larrunen, Clemenceau bat baratze batean berak galdeturik ehortzi zuten bezala, herriko Madalena Larralde bat edo mugazain kaskoinek hil kontrabandist zenbeit han ehortzi duten, hartako edo hortako, —ez ditakenik ez da—, bainan Larrungo bidexketan hezurren gainean ibili behar dela? Hori ez, ez, eta ez! Nun-eta ez diren ardi zahar, ahuntz, pottoka eta betizoen hezurrak!

        Philippe Veyrin idazle ezagutuaren liburu batean irakur ditake: «A l'âge de Fer (dont le terme confine aux temps historiques) appartiennent les nombreuses sépultures à incinérations entourées d'un cromlech, enceite circulaire de pierres levées. In en existe dix-sept fort connus au Pic d'Occabé, dans l'Iraty: on en a signalé d'autres en Labourd sur l'Hartzamendi et à la Rhune. Les paysans basques savent par tradition que ce sont de tombes». Jaun horrek ez nihork ez du Larrunen «Cromlech» direlakoetarik ikusi, Korrale handiak, ardi geriza batzu, dauzku horientzat hartu!!!

 

aurrekoa hurrengoa