www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

LARRUNEN ORAINO

 

        Napoleon eta Eugenia Larrunen izan dire. Erranak erran, badakizue betbetan zer heldu zaukun gogorat? Ez ote zabiltzan Larrungo urrearen ondotik?

        Alabainan Frantziako nausi handiak ziren, beraz hein batean bederen Frantziako ontasun guzien jabeak, eta nork daki etzuten nunbeit aditua Larrunen badela urre? Egia aitortzeko, guk beldurra baginuke langileak pikoxekin mendi ederraren zilatzen hasarazi balituzte... denbora galduko zutela, eta bertzerik ez! Bizkitartean buru beroak ez diren herritar batzuek gero neri finkatu izan daukute baietz. Ithurri-Ederretan badela urre! Badela segurki! Gure aita zena bera ez ote zen uste hortan, edo nahikaria horrekin? Huna ixtorio bat mila aldiz supazterrean aditu dioguna eta geroztik «Gauden gu Euskaldun» urtekarian gure herritar Pierre Larzabal gazteak ezarri izan duena: «Larrungo mendiak gordetzen omen du urre meta bat eta egun guziz iragaiten omen dira haren gainetik bai gizonak bai kabaleak. Huna nola ditaken hori. Duela frango urte, artzain xahar bat bazagon bere etxolan, artaldea alatu ondoan. Ardi esne xorta at eginik edan-eta hari zen beti gasna egiten. Oraino goiza zen. Lano txar batzuek mendiak kukutzen zituzten eta denbora pentsaketan bezala zabilan ean txarrerat edo onerat eman behar zuen. Hala zagolarik huna nun heldu zaion hogoita bortz urtetako mutil gazte bat, bizar beltz bat kokotsetik dilindan, bainan itxura onekoa.

        —«Agur, jauna!

        —Agur, agur! Hemengo aldi?

        —Bai, ardiketan nabila: zu, gasna egiten?

        —Beharko! Horrek hazten gaitu!».

        Hola hora gure bi gizonak solastatzen dira. Hari zen artzain xaharra erran eta erra nola otsoek ardi hainitz ebasten zuten, arranoek eta azeriek bildots frango xahutzen. Bertzea aldiz bazagon burua behera begiak lurrari emanak. Egiazki zonbeit zozotzat hartuko zinduten. Bainan huna nun atzartzen den betbetan. Halako beha-kolpe bitzi batekin erraiten dio lagunari:

        —«Mattin egitzu bi zilo.

        —Zertako bi zilo eta zerekin?».

        Akabatzerat utzi gabe, lagunak:

        —«Hiru!

        —Zer zare nitaz trufatu nahia? Beharrik zire gazte, bertzenaz kaska on batzu harturik gan behar zinduke gaur!».

        Bertzeak manatu zion begi zorrotz batekin:

        —«Lau zilo!».

        Oraikoan gure artzaina samurtu zen:

        —«Bakea emak, mutil zirtzila! lepoa bihurtzen deat gero! edo makilarekin bizkar hezurra hausten!».

        Orduan gizon gazteak behatu zion mendiari, eta segidan jin zen jauzika ahari mutur beltz bat. Bi belaunen gainean emanik hasi zen adarrekin lurraren zilatzen eta lau zilo egin zituen. Artzain xaharrak etzakien zer asma:

        —«Zer duk, marro? Hola burtxoratu haiza? Nahuk urruntzen haizela?». Eta emaiten diozka bi kaska. Bainan mizpirazko makila hausten zaio... ezen aharia urre bilakatua zen! Orduan mutil gazteak erran zion artzainari:

        —«Entzun baninduzu, urre hori zure izanen zen, bainan orai Larrungo mendiarentzat izanen da!»...

        Orduan marroa suntsitu zen betbetan eta lau zilotarik atera ziren lau ur xirripa. Geroztik deituak dira Ithurri-Ederrak. Hetarik bat jada agortua da. Gizon bizardunak erran zion oraino:

        —«Euskal-Herriak iraunen du ur hunek dirauno! Ni naiz... Jesus!».

        Hortan gan zen mutil gazte bizarduna. P.L.». Ixtorio pollita, gure adixkide gazteak orai hamarretan hobeki erraiten duena segur!

        Bainan supazterreko ixtorioak eta beti diru gose direnen ametsak utzirik, ez ote litake hobe, jada aipatua dugun bezala, gure mendi ederrak zuhaitzez betetzea? Zuhaitza, horra urrea! Denboran gaztain ondo guziak hilarazi baditu gaitz tzar batek, orai badire motak gaitzari ederki ihardokitzen dutenak: bertzeak bertze, Japoniako gaztainak. Orok jakin dezaten, huna zenbeit mota Euskal-Herrian beren frogak jada eginak dituztenak: Ipharra, Bakarra, Uzta, Zazpietakoa, Tipia, Marki, Hobea. Begiak hetsirik hartzen ahal dire zazpi mota horiek eta landatzen gure larretan! Beude haatik bazterrerat, Japoniakoak izana-gatik, tratulant oker batzuek merkatuetan eskaintzen dituzten Tamba eta Shiba bi motak. Japoniako bi eskualde dire Tamba eta Shiba, dena gaztain segurki, bainan ondo guziek ez dute balio bera. Ez balin badakigu, ikas dezagun tratulant guziak ez direla ez bardin jakintsun. Bat bederen badakigu Gerezietan errotik landarearen amodioak dabilkana: Germain Lafitte, herriko auzapeza. Gizonetan hoberena eta maitagarriena...

        Gaztainaz landa bertzerik landa ditake Larrunen, lurra halakoa delakotz: Ameriketako haitz gorria, (quercus borealis latinez, chêne rouge d'Amérique frantsesez) eta bizpalau lerra (pinus insignis, pinus Laricio; pin de Monterey, pin de Calabre, etc), eta oraino izeia batzu (abies grandis, abies pectinata; sapin de Vancouver, sapin pectinné). Badire orobat finkatu daukutenak mélèze, latinez larix delakoak arras ongi har lezakela Larrungo maldetan, bereziki eta bereziki Japoniako motak. Hartu bezala saltzen dugu hori! Bainan, hemen erraiteko, zer izen behar ote luke euzkaraz? Laritza?

        Oro ohartu direlakotz, landare-ele hau bururatu gabe, huna zer erran nahi dugun oraino hemen, harritzeko dela Japoniako mota batzuek zoin maite dituzten gure eskualdetako lurrak: harritzeko orobat Japoniako eta hemengo landare izen eta bertze frango hitz zoin elgarren ahaide hurbilak diren. Euskal-Herriak eta Japoniak ba ote dute bederen lokarri zerbeit? Hau ba, behinik behin: bat da eta bertzea san Frantses-Xabierekoak benedikatzen eta gerizatzen dituen lur zorionezkoak dire! Bai eta beren otoitz kartsuez Mugabure, Lissarrague eta Leon Gracy batzuek aberastu dituztenak! Hemen deus ez dugu erranen aita Jean Chabagno xaharraz: samur litake... eta ez dugu segurki holakorik nahi!

 

aurrekoa hurrengoa