www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

ITZAL ETA ARGI ZONBEIT

 

        Pazkagi hoberenetan iraka sor ditake: ez da beraz harritu behar Azkainen ere ukan bada Jean Baigorri bat... Mila zortzi ehun eta hiruetan hogoita lauetan sortu zen Patinenean. Ama ezagutu izan dugu; aita, nihork, nor baitzen ere. Aspaldi galeretan hila da Baigorri, Paueko jaun jujek harat igorririk. Zertako, bada? Huna. Gau batez Maiotenea deitu etxerat gauerdi aldera sartu zen zango punten gainean, azeria oilotegian ezala. Haize hegoa omen zen zuri-zuria. Etzagon oraino lo Gaxina etxeko-andere xaharra. Urrats batzu iduriturik, oihu egin zuen: «Nor da hor? —Ni. —Nor zu, eta zer nahi duzu? —Zu ikusi! —Ez nauzu gaur ikusiko!». Eta sehi gazteari karrasiaka hasi zen: «Salta, Gaxuxa, salta!». Jada zilo handi bat egina bazuen atean ohoinak. Gaxuxa barnetik ateari pusaka ari zelarik, Gaxina oihuka hasi zen leihotik. Bi jauziz Maiotenean zen Semark auzoko arotza, xixpa eskuan, aintzineko atetik: Baigorri jada ihesi joana zen gibeleko atetik. Laster atxeman zuten halere Donibaneko hede xuriek. Jada bertze etxe batean izana zen gau hartan, Patxuan, eta han izaba bat baitzuen, hari bere sos guziak ebatsiak ziozkan. Olhetako xokoan bizpalau ohointza frogatu ziozkate terrepente. Jada bi aldiz preso egona baitzen, galerak atxeman zituen. Han hila da dohakabea. Xehetasun hauk guziak, eta hemen emaiten ez ditugun bertze zerbeit, delako Gaxuxaren ahotik dauzkagu: ileak buruan xutitzen zitzaizkon, Baigorri aipatzean...

        Bertze iraka ondo bat gure baratze ederrean: Apeeneko eroa deitzen ginuean dohakabea. Galeretan hila hau ere, Paskalina Lalo ziburutar botigesa ebasteko hilik. Ukatu eta ukatu zuen segurki luzaz, bainan azkenean froga atxeman zioten: mokanes gorri bat! Guti aski da zenbeitetan norbeiten galtzeko!

 

* * *

 

        Laduche, Gonzales, Inda, Lascanotegi, Ibarburu, Elgoriaga, Barnetchea, Vicenti, Arrieta, Idiart, Artola, Migelorena eta Hauret batzuen herria da Azkaine, eta hauk ez dire eskuz baizik ari... eta hemen ez dugu halere xixtera baizik aipatuko, azken denbora hautan ez baita egunkarietan bertze elerik. Nun eta noiz sortu da xixtera? Azkainen? harek edo hunek finkatzen duten bezala? Etzauku iduritzen. Ba haatik Azkainen handitu eta edertu dela! Duela hogoi urte hil zen pilotari batek erraiten zaukun hamasei urtetan arizan zela Matiu Ahetzekoaren kontra: jada bazuen xixtera bat, Matiuk etzuen eskularru luzea baizik... eta ez dugu uste Lacarra Azkainen kokatua zela oraino! Beraz xixtera nekez sortu da Azkainen. Bainan beha haatik er irakurtzen dugun mila zortzi ehun eta lauetan hogoita hamabian argitaratu espainol-erderazko liburu batean: «El fabricante Lacarra, residente en Ascain, en la frontera vasco-francesa, parece tener el privilegio exclusivo de la construcción de cestas, tal es la maestría con que las hace»; Maestría hitzak aski erraiten du zoin xixtera ederrak egiten zituen jada Lacarrak! Bereziki gain-gainetik prestatuak ziren Lacarraren «mauzer» handiak. Ez da harritzeko mila aldiz haurrean Azkaineko karriketan ikusi balin baditugu Espainiako Samperio, Belloqui, Manco, Portal, Ayestaran, Trecet, Eloy, Salazar eta Altamira famatuak, ereztun distirantenak eskuan! Pilotariak joan orduko, loria zen Lacarraren lanean ikustean, bere sei alabak aldean, oro kantu errepiketan oraiko Oldarra guziak bezen ederki!!! Zer bozak etzituzten orok!

 

* * *

 

        Euskal-Herrian nork ez du ezagutzen J.P. Arburu polizako gizona? bere kargua utzirik ixil-xila bizi da itsas-egiko hiri eder batean. Ez da egundaino Azkainen gizon famatuagorik sortu. Eskola handienak egin-eta, gerla ondoan Bordeleko poliza-nausian sartu zen. Euskara ederki baitaki, bere urrats eta balentriez liburu bat sekulan egiten balu, Euskaldunek zer irakur-geia luketen supazterrean neguko hotzetan: Bertzeak bertze, nola ez harri eta xora, Espainian barna Alemaniarentzat espiungoan ari zen jauntto baten bere saretarat biltzeko egin zituen urrats eta jukutriez, Aberriarengatik irriskuari behatu gabe?

        Ixtorio ederra orobat, Aiharran beti tratulant bat hil-eta, arrobatu zuen Bastidar tzarraren preso altxatzea, botoin ttipi batetarik hura zela hobenduna frogaturik? Eta guziz zer begiak zabaldurik ez lezakete orok irakur J.P.A. nola Frantzia barnerat igorri zuten eiherazain baten hiltzalearen ondotik, eta nola hiltzale hori preso hartu zuen bere esposetako bazkarian! Bai eiki! Eiherazaina jaun esposak hila zuen bi egun lehenago, bere emaztegeiaren laguntzarekin!!! Eta hori gure Azkaindar adixkideak laster xilatu... eihera aintzinean ikusi zituen espalakoin hatz batzuetan ihizin abiaturik! Usna gaitzeko poliza-gizona zen J.P.A. Erran gabe doa galerak atxeman zituztela bi espos pollitek!!! Etzuten gutiago merezi.

 

* * *

 

        Ortzia etorri orduko, ez da Azkaindarrik santa Barbarari otoitzean hasten ez denik. Gure herritar guziek ba ote dakite nor zen Barbara? Dioscoro paganoaren alaba zen; Origenes handiak girixtinotu zuen, Dioscorek nihundik nahiko zuen alabak bere Jainkoa arnega zezan; hunek ezetz erranik, aitak bere eskuz hil zuen estapakaldi batez. Bainan lorios etxerat zoalarik, ortziak erre zuen. Horra dudarik gabe, azkaindarrek zertako egiten dioten satan Barbarari otoitz ximixtak hasi orduko. Bainan badakizue Barkoxtarrek noiz egiten dioten otoitz? Buruko minetan...

 

aurrekoa hurrengoa