www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

EGOITZAK

 

        Ez dakigu Hiribarrenek nundik ateratu zuen berrogoi mende huntan hemen kokatuak direla Euskaldunak:

 

                «Pirenen bi aldetan Euskalduna sortu,

                Berrogei mende huntan handik ez higitu:

                Aitek utzi larreak beti zaindu ditu,

                Mendiak bezen sendo deusek ez airatu...».

 

        Hiribarrenek begien aintzinean izan balitu Jean Saint-Pierre jaun Apezpiku euskaldunaren idazki batzu, etzuen holakorik finkatuko. Euskaldunak ez dire Pirenen bi aldetan sortuak, nunbeitik etorri dire hunat. Bortzgarren mendean tropaka sartu ziren Lapurdin, Baxenabarren eta Xuberon, eta haratago ere itzuli bat egin, nun zer ikusiko eta kausituko zuten. Han edo hemen kukuak makur jo zioketen eta gibelat itzuli behar izan zuten. Gure mendietan pazka-leku hautak kausiturik artaldentzat, zenbeit bederen hemen gelditu ziren orduan. Uste izaiteko da beraz gure herriak bortzgarren menderaino doazila gorenetik: Azkaine bertzeak bezala...

        Etxerik ez baitzen oraino, nun bizi izan ote dire lehen Azkaindarrak? Harpetan, dudarik gabe. Betidanik fama baita Azkainen harpeak Uhaldeko inguruetan badirela, balio luke artarekin bilatzea. Nork daki zer kausi litaken? Menturaz Otsozelai berri batzu!

        Ez da dudatzeko harpetarik lekora etxoletan egon zirela Azkaindarrak. Harrizko ala taulazko etxoletan? Ez dakigu. Harrizkoetan segurago. Gero eta gero etorri dire etxeak...

        Etxerik zaharrena zoin ote da Azkainen? «Maison bâtie sous le règne de Philippe le Bel, en 1302» irakur baditake errota zahar batean, beldurra baginuke hitz horiek dituen harria nunbeitik ekarria dela harat. Ez dugu deus finkatuko haatik, L. Colas jaunak bezala: «Selon une tradition orale, elle provient d'une maison beaucoup plus ancienne».

        Olhetako xokoan bada etxe bat, oraino behingo etxe dena, eta harrian lantua, 1601 eder bat baduena. Azkaineko karrikan kasik, Azkubeko jauregia hamaseigarren mendekoa da. Itxura guzien arabera Baionako jaun Apezpikuaren udako egoitza zen:

 

                «Azkaingo semek lehen bazuten burua

                Eta etzuten ere harroka burua.

                Handik zen Sosiondo igan Baionarat

                Apezpiku kadiran biziz argitzerat:

                Haren zen Azkubea...».

 

        Jean de Sasiondo, Azkubeko semea ote zen? Ez dakigu. Hobeki sinets ginezake Sosiondokoa zela. Ez dugu haatik deus frogarik — horren finkatzeko, doidoia Sosiondoan ezagutu dugun atxo xahar baten errana baizik: arras ixtorio xaharretakoa zen atxo maitea...

        Ez da Azkubea baino egoitza ederragorik apezpiku batentzat; beha:

 

                «... Azkubea, apezpiku lana,

                Piramidek bezenbat iraunen duena.

                Asko diru behar zen haren egiteko,

                Iturria menditik azpiz ekartzeko:

                Baratze berdintzea gosta da ederrik,

                Nihungo etxek harri hala pikaturik:

                Eskalerik Parisen ez da ederrago,

                Haren harri pikatu desafioz dago.

                Gardia portaletan zaldiz da ikusten:

                Alferretan hainitzek zer den galdegiten...».

                                Hiribarren

 

        Ez da bakarrik Hiribarren mintzatu Azkubeaz: 1935ean, Ikertzaleak ere bere hitza erran zuen «Gure Herrian»: «Jean de Sosiondo (1566-1578). Sor-lekua Azkaine, eta Azkainen Lapurdiko etxondo handienetarik bat. Etxea oraino xutik da: Azkubia deitzen dute. Daukate apezpikuak berak eginarazia zuela: dorre handi batekin badu gaztelu aire bat. Bi ate ederrak, aintzinetik eta bazterretik, baderamate ikuslea barnerat. Baten gainean ezarriak dire familiaren harmak. Barnean etxe horrek duken gauzarik miresgarriena, ganbera batean, harrian, hitz harriz finkaturik: Johans de Sosiondo, evesca de Bayona, Dieu vous soit en ayde: Sosiondoko Juanes, Baionako Apezpiku, Jainkoak lagun zitzatela».

        Etxe zahartzat eman detzazkegu orobat Martzeenia, hirur Chouriotarren etxea; Hargibelia, mentura Baionan sorgintzat erre zuten d'Arguibel jaun apez xahar dohakabearen etxea... eta bertze zenbeit. Bainan egoitza zahar baino berri gehiago da Azkainen. Ez da harritzeko: Mila zortzi ehun eta hamabortzean, Wellington jeneral anglesaren hoboitabortz kanoiak Larrundik orroaz hasi zirelarik bazterrak laster garbitu zituzketen! Geroztik harria harriaren ondotik erori direnak bertzalde!

        Etxe zaharreri zor zaioten amodio guziaren gatik, hemen hau erran behar dugu, segur berriek ez diotela etxe zaharreri zorrik eta gure arbasoak laster eta laster laketuko luketela Haraneder, Dorre, Larralde, Etxola eta Harginene batzuetan! Hain begikoak dire! Hain xuriak! Hain garbiak! Hain alegerak!

 

                «Ikusten duzu goizean,

                Argia hasten denean,

                Menditto baten gainean,

                Etxe ttipitto, aintzin xuri bat,

                Lau haitz ondoren erdian...».

 

        Eta holako etxeak nun-nahi badire orai Azkainen! Ez plazan bakarrik, bainan nun-nahi: Mendixkan, Portuan, Serresen, Aldagaraian, Mortzelaien! Damurik Iparragerria, Ameztoia eta Haitzaldea deitzeko orde zenbeitek deitu dituzte «Ene Ametsa», «Aski zaut» eta «Gure Doia»!

        Hau aitortu behar dugu haatik: hamarretarik bederatzietan holako izenak ematen dituztenak ez dire Euskaldunak: nunbeitik etorririk Azkainen kokatuak dire bakarrik! Egiazko Azkaindarrek nahiago dituzten lehengo Sarrola, Uharte, Haizpe, Aztarritz eta Antsorloak...

        Zer nahuzue! Aita Ricci famatu haren idurikoak egin gaitu Jainkoak, eta harek bezala erraiten dugu, eta beti erranen: «Sint ut sunt, aut non sint!!»...

 

aurrekoa hurrengoa