www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

MARTIN HIRIBARREN

 

        Huna omen handiko bertze Azkaindar bat: Martin Hiribarren jaun kalonjea, elizatik goraxago, Etxeberrian 1810-ean sortua. Esku hainitzetan geroztik ibilirik, Etxeberria orai Barrenetchetarren eskuetan da. Ez zitaken hobeki eror.

        Nafartar etorki handi batetakoa zuen ama Martin Hiribarrenek eta etorki horri jarraikiez badakizue norenganadino hel ditaken? San Frantses-Xabier handiraino! San Frantsesek euskara maite baitzuen, hiltzerakoan euskaraz otoitzean arizan zenaz geroz, ez da harritzeko arbaso horren mintzaira maitea ororen gainetik maitatu balin badu Martin Hiribarrenek.

        Apezteari gazte loturik lehen meza kantatu zuen hogoita-hirur urtetako. Urrunan sartu zen bikario lehenik. Bardozen gero, ondoan han berean erretortzeko. Baionan hil zen hainitz zahartu gabe: berrogoita-hamabortz urte zituen doidoia eta kalonje zen, kalonje ad honorem, Hiribarrenetaren hil-harriaren gainean irakurtu dugun bezala.

        Langile handia zen Martin Hiribarren: aski da aitortzeko Bardozeko erretorgo handiaren lanez kanpo egin dituen idazkieri behatzea.

        Idazki horiek ez ditu, hurbiltzeko ere, oro argitaratu. Orduan, orai bezala, apez baten moltsa ez zitaken moldetegietako dirutze ikaragarietarat hel! Bertzeak bertze Hiztegia beti Hiribarrenen paperetan dago. Hitz berri frango ba omen du haatik eta hortako ez dute orok gogokoa. Zer erran nahi du, hitz berriekin zahar guziak han balin baditu? Han berziki Bardozeko «emoik, xapo bat eta leperiak». Emoik, dohainik da Maulen, urririk Azkainen: «Erran dezake behi hori emoik ukan duela!». Xorta da aldiz xapo bat: «Erran dut xapo bat arno!». Bainan latina «lepus, leporis» ez dakienak, nola asma leperia, erbia dela?

        Eta gero hain segura ote da berritzat dauzkagun hitz batzu arras berriak direla? Behinik behin «aingiraketa», quantité d'anguilles, ez! Ez-eta ere, «egurketa», «bihiketa», eta bertze holako hameka! Bainan utz dezagun hortan Hiztegia, lan bat gaitza dela erranik, garratoin eta saguentzat egina etzena segur...

        Bertze lan handi bat, lan ikaragarri bat Hiribarrenen Zuhur-Hitzak Pierre Lhande Xuberoko aita jesuista euskalzaleak zenbeit ager-arazi zituen 1928-an eta, orduan erran zaukunaz, bertze frango gelditu zen Hiribarrenen paperetan. Lo utziko ote ditugu, populuan ez dutelakotz errorik? Berak asmatuak omen zituen! Populuan dabiltzanak ez ote ditu norbeitek asmatu egun batez?

 

                «Hainitz eskas, beharrak,

                      Oro, zikoitzak...».

 

                «Gizon guti jakinik

                      Lo egonik...».

 

                «Ez da sokaz mintzatzeko

                      Urkatua denean hurbilsko...».

 

        Horra Hirribarrenek asmatuak direlako lau zuhur-hitz: Holatsukoak dire bertze guziak. Uste dugu aise sar litazkela Euskal-Herrian.

        Lan handi, lan ikaragarriak orobat, behinere agertu ez diren Andredena Mariaren bizitzea, Predikuak, Irunako phestak, Montevideoko berriak eta bertze asko.

        Hiribarrenek argitu dituen lanetan ez dugu «Eskuaraz Egia» aipatzen, nihun ez baititake gehiago liburu horren itzalik ere atxeman. Bat eskuetan badugu Parisetik etorria, hango ur hegi batean salgei ziren liburu zahar batzuen artean andre errientsa kaskoin batek, atxemanik, eta igorririk emoik! Pauci quos aequus amavit Jupiter!

        Eskualdunak derizan 238 orrialdetako liburuttoan, pertsutan mintzo da Hiribarren, Lapurdin herritik herrirat orotako ikusgarri, edergailu eta jendeak aipatzen dituela:

 

                «Hirugarren apeza bizi da Bardoitzen,

                Piko hauk dituela nolazpeit moldatzen,

                Ustez, xede onetan, nahiz herriari

                Geroan kausirazi orai zer den berri»...

 

dio berak. Orai erran nahi baita 1853-an. Harritzeko da zoin aise egiten zituen pertsuak Hiribarrenek. Ez ote ditu sei mila liburu hortan? Haren paperetakoak bertzalde. Ba ote da Hiribarrenek bere pertsuetan kantatu ez duenik? Huna zer erraiten daukun berak:

 

                «Dugun kanta herria, lana, bertutea».

 

eta badakigu herria, lana eta bertutea baino gehiago, hainitz gehiago ere kantatu duela: Iberia, Kantabria, Nafar-Lapurdiko heri guziak, Mutikoak, Neskatxak, Errientak, Kargudunak, Apezak, Mirikuak bezala Agotak, Xardinzaleak, Pilotariak eta asko.

        Daukagu P, Lafitte jaun apez jakintsunak erran ote duen «pertsuaren egiteko behar direla jeinua eta jakitatea»: nork uka Hiribarrenek bazituela?

 

                «Pirenen erraietan

                Galdea pasaietan

                Balitz abiatzen,

                Ikus liteke sortzen,

                Guti dena ikusten,

                Mendetako haurra

                Ibero zaharra...».

 

                «Nihoiz badut ahanzten

                Orhoitzapena aiten,

                Herriko bidea,

                Hauzi nauen etxea

                Hauzoko axkidea,

                Ene hatsa bedi

                Zintzurrean geldi!...».

 

bezalako pertsuak eman dituena, bai pertsularia zen. Bazituen jeinua eta jakitatea. Bertzeak ere badire hori bera uste zutena. Huna zer irakurtzen dugun Larresoroko Ithurry zenaren eskutitz batean:

 

                «Ederrenak hautatuz ederrenetarik

                Nihun ote ditake holako lorerik?».

 

eta ondotik kantu zenbeit Elissamburu, Zalduby eta Hiribarren gure herritarrarenak. Hiribarrenek ohore egiten dio beraz Azkaineri. Ohore Chouriok bezala. Ohore Chouriok bezenbat. Nori gogoratuko zaio Martzenean bezala, harri lantu baten ezartzea Etxeberrian?

        Zalduby norbeit zen: orok badakite. Zer kantu ederrak ez ditu bere denboran egin. Ba ote du pilotaz eta pilotariez egin duena baino ederragorik?

 

                «Pilotak ohore du Euskal-Herrietan

                Zeren den ederrena joko guzietan...».

 

        Hiribarrenek ere baditu bereak: ehun eta hogoi pertsu.

 

                «Perkain eta Azantza Euskaldun herrian

                Aipatzen dire nola Errege Frantzian.

                Euskarak diraueno, hoik bien izenak

                Kausturen mendietan beti oihartzunak...».

 

        Eta gero, lerro-lerro, hoberenen izenak. Lehenak hartza iduri: bigarrenak ez zorrik nihori: eta bakotxak bere tileta. Eta beha pilotaren parabola ederrak plazen burutik bururat:

 

                «Pilota dabil airez, ezin bara nihon,

                Gibeletik egortzen, barne ezin egon,

                Bortz, sei aldiz etortzen eskularruz joa,

                Apaletik, duela ziztuan hegoa.

                Altxatzen da zerura, ortzadar bezala,

                Arkurik ederrena egiten duela.

                Buru guziek betan diote beiratzen,

                Ezker-eskuin direla harekin itzultzen...».

 

        Pertsu horiek irakurtzean iduritzen zauku Hazparneko plazan han egundaino jokatu den partida ederrena ikusten dugula: Baxenabarre Lapurdiren kontra, 1934-ean, Urriaren 21-ean: Urruty, Lemoine, Madre, Rospide...

 

aurrekoa hurrengoa