www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

BETI LARRUNEN

 

        Hurbiltzeko ere ez ditugu Larrungo mendiaz erran behar diren guziak erranak. Sekulan erranen ote dire? Bizkitartean nola egon Larrun puntan izan diren elizak aipatu gabe, lehenik Izpiritu Sainduaren, gero Trinitate Sainduaren... nun eta bi eliza horik etziren denbora berean bi tokitan? Ez luke haatik plantarik hala zirela.

        Larrunek bederatzi-ehun eta zenbeit metra gora baditu eta nola nahi puntarat heltzeko Azkainetik hiruzpalau oren behar dire. Eta halere ez da den gutieneko dudarik hamazazpigarren mendean eliza bat bazela Larrunen: 1654-ean egina. Egia erran, gisa batez batere ez da harritzeko mendi punta hori hauzoetako girixtinoek hautaturik ere eliza baten egiteko. Eliza bat ez da gordetzeko, beti toki agerian egiten da. Eta nun egin zitaken Larrun puntan baino ageriagoan? Larrun ez dute bertze mendiek lehertzen: orotarik aski urrun, Pirenetako mendi-lerroetarik haxtur handi batzuekin Jainkoak pikatu balu bezala. Itsasotik hamar urratsetan, gatu handi baten aztaparra iduri, punta guzietarik ikusten da: «C'est un poste de vigie: rien ne le bouscule, ni ne l'encombre» dio norbeitek nunbeit. Eta Larrun puntan etzen kapera ttipi bat, bainan eliza gotor bat, erdaraz basilique erraiten ziotena. Hamasei metra luze ba omen zituen gutienetik. Hameka eliza ttipiagorik bada Euskal-Herrian, Liginagarat gabe. Ondikotz ez da eliza hartarik deus handirik gelditzen gehiago! Harri handi batzu harat eta hunat berduratuak. Gu baino erneago, zerbeitez oroitaraz dezaketen guziak Beratarrek bilduak dituzte herrirat. Paper batzu gelditu zauzku haatik: emaiten dauzkuten xehetasunek zerbeit balio dute. Beha. Hamar urtez —eta gutiagoz 1676-etik 1685-erat— Larrungo elizak izan zituen bortz kapillau: Jean Duhalde, Azkaineko erretora lau urtez; d'Etchepare, Urrunako erretora zenbeit hilabetez; apez angles bat orobat zenbeit hilabetez; Gregorio de Miura lau urtez; eta gero Don Bernardo. Jaun horiek ez baitziren Larrungo airetik bizi, Urruna, Bera, Sara eta Azkainek hazten zituzten. Larrunen zer egiten zuten? Igande guziez behar zuten meza kantatu, pestetan ere ba: orobat prosesione bat Urruna, Bera, Sara edo Azkainetik joaiten zitzaiotelarik. Urtean lau prosesione bederen ba omen ziren, Maiatzetik goiti. Bertzalde lau herri horietako haurreri kapillauek eskola egin behar zioten, bai eta katixima. Sei egunen jatekoa eremanik, astea mendian zeramaten haurrek... ardiekin dudarik gabe. Ez litake naski oraiko haur batzueri holakorik galdetu behar!

        Elizari eratxikia, edo elizatik hurbil, kapillauek bazuten bere egoitza: han jaten zuten, han lo egiten. Ez dugu nihun irakurtu gobernantik bazutela. Nola laketuko zuten han bi eleren egiteko auzorik gabe? 1793-ean aurdiki omen zituzten delako eliza eta delako etxea.

        Errana da etzutela beti ongi elgar aditzen lau herriek, kapillauaren hautatzeko tenorea heldu zelarik eta jaunik argitu eta beso luzeena zutenak igortzen zituztela kapillaua hautatu behar zen bilkurarat. Badakigu 1681-ean Jaun de Amestoi eta Pierre de Jaureguiberri, auzapeza eta deputatua, igorri zituztela bilkurarat Azkaindarrek... bi izen Azkainetik geroztik galduak...

        Larrungo kapillauen denboratik hunat baditake ez den prosesione hainitz egin Larrun puntarat. Badakigu haatik, jada mutiko gazte geroni han ginelakotz, bat bederen egin dela 1897-ean Buruilaren 22-an, euriaren galdetzeko. Mathieu Elissalt Donibandarra zen Azkainen erretor orduan eta Jean Montalibet Izturiztarra bikario. Hau zen gidari. Larregainbaitako arotz zaharrak ibili zuen gurutzea... eta Larrun puntarat heltzean ez dugu ahantzia zer irrintzina egin zuen. Bidean baziren otoitzeko mementoak, baziren eleketakoak, eta baziren pokado baten jatekoak. Goizeko bortz orenetan elizatik ateratuak; arratsaldeko bi orenak alderat itzuli ginen elizarat eta gure etxetarat... salbu lau mutiko tzar. Plazan gelditu ziren unadura guzien gatik eta pilotan hasi «jozak! eta emak!». Oi gaztetasunaren ederra!

        Eta geroztik, kasik hogoigarren mendearen erdian, Larrunen izan da oraino ermitau bat, berak bere diruz eginarazi kapera batean. Ermitau bat, eiki, Sarrolatik hamar urratsetan, Haranederreko lurretan! Edo bederen bere burua ermitautzat har-arazi nahiko zuen norbeit. Ez haatik deusen esperantzan: buruko ahulezia batez. Gizon on bat, oro har!

        Menderen mende ermiatuak izan dire Euskal-Herrian. Ermitauak, erran nahi baita gizon batzu ixiltasunari eta penitentziari emanak: saindutasunaren ondotik zabiltzanak, Benoit Labre batzu iduri: haragiki guti jaten zuten eta arrosario hainitz erraiten. Egundainoko aipatuenetarikbat Euskal-Herrian, Jean-Baptiste Beherecotche naski, Ainhoako ermitaua. Sortzez era Ainhoarra omen zen, Gorritiako semea, 1745-ean sortua. Atsulaiko kapera xuriaren aldean baitzen etxola txar bat, harat bildu zen hamazazpi urtetan Jean-Baptiste Beherecotche. Handik goiti otoitzean zeraman denbora gehiena, artetan mendiko artzain ttipieri katixima zenbeit eginez, urrunetik urrunerat karrikarat jautsiz Ainhoako aho xuriek zokoetarat igorri ogi mokor idortuen biltzeko. Espainolen gerlan, kapera lurrerat joan zelarik, ermitauak etzuen eperik ez pausurik hartu, han eta hemen sos batzu bildurik, kapera berritz altxatu arte. Eta lauetan-hogoi urtetan hil zen, bere bizia ederki beterik.

        Larrungo ermitauak ere segurki balinbazituen bere merezimenduak, —bertzeak bertze, zilkorainoko bizar baten ibiltzea bera ez ote da merezimendu bat Sokorriko otasketan?— ez dugu uste, orotarat heldu zituen potretengatik, Ainhoarraren heinekoa zela. Egia erran Azkaineko ermitauaren kaperan etzen errex bere gogoaren biltzea eta otoitz egitea. Alde batetik bizkar pollitegian zen kapera. Donibaneko itsaso maitagarriari beha haitz eder batzuen gerize pollitean eta bertzetik harri pikatzaileak hurbilegi, kiski eta kaska harrokaren kontra ari:

 

                «Biarritzeko dorrea egin da Larrundik:

                Etzuten harri hobe jautsaraz nihundik...».

 

dio Hiribarrenek.

        Larrunen beherasko zen ermitauaren kapera. Beherago jautsi gabe erran dezagun bertze orduz Larrunen bazela bizpide bat orai nihori gogoratzen etzaiona; betizoen haztea. Ez dugu uste —ez dugu bederen jakin— behinere nihun betizo troparik Larrunen bezala hazi dela. Betizoak zer dire? Pottokak, zaldi ttipi erdi-basa batzu diren bezala, betizoak behi ttipi erdibasa batzu ziren, gizona hurbildu orduko haizea bezala ihesari emaiten zirenak. Etzuten arta berezirik behar. Herriko gazte batzuek elgar aditzen zuten eta, bizpahirur Espainian erosirik, Larrunen largatzen, han emenda ziten. Etzen lan errexa betizo baten biltzea, etxekotzeko edo saltzeko: partzuer guziek elgarretaratu behar zuten eta egun osoak mendian ibili eta hainitzetan betizoa tiroz hil behar zuten. Ba ote da gehiago betizorik Larrunen? Guti naski. Eta lehen halako tropak ikusten gintuen Ihilzehaien barna!

        Larrungo mendi eder eta maitatua, zertako utzi ditugu atze beltzak zutaz jabetzerat? Zertako utzi dugu mendi-trein hura egiterat? Eta horra nola galdu ziren betizoak, galduxe pottokak, egunetik egunera urruntzen ari hainbertze eper, hainbertze erbi, eta oro!

        Hola nahiago dute oraiko sos-gose batzuek: guk, ez! «Victrix causa placuit diis, victa Catoni».

        Eta hona Larrungo mendiaren amodioa nola kantatzen zuen. Hiribarren Azkaindarrak, arras gogotik gure egiten ditugun pertsu batzuetan.

 

                «Arraina lehenago mendiz ikusiren,

                Ezen baitut nik Larrun nihoiz ahantziren.

                Bertzeak doazila urrun aitetarik,

                Ez daukat badutela odol herrikorik...».

 

aurrekoa hurrengoa