www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

SORGINAK

 

        Batere bilatu gabe, Castilla gaizoak huna nun ekarri gaituen... sorginetarat. Bada ez ditake Azkainez mintza, sorginez mintzatu gabe. Ez dugu haatik nahi hemen sorgin ixtorio guzian sartu: ito gintazke.

        Bertzalde, sorginen ixtorioa hemen gaindi bururen buru ikasi nahi duenak, aski du Gure Herria eskuratzea eta ixtorio hori han irakurtuko du, luma ederrenaz, lehenik gure adixkide handi Apesteguy zenak kondatua, gero Larzabal gure herritarrak. Hau da guk erran behar duguna: Azkaindarrek orai galduxea badute sorginetako sinestea, hainitz denboraz supazterretan ez dela bertzerik aipatu.

        Gure xaharretarik zenbat aldiz ez dugu geronek De Lancre famatu haren izena aditu! Nor zen, bada, jauntto hori? Henri IV, Frantziako erregearen dretxo-zale eta mandatari bat, Bordaletik Euskal-Herrirat sorginen atxemaiteko eta gaztigatzeko igorria. Egiaz, memento hartan jendeak predikari kartsu batzuen behar handiago zuen holako juje baten baino. Gehiago dena Frantzia guzian etzen De Lancre zoroaren hautua baino tzarragorik egiten ahal.

        Beha zer erraiten duen hartaz Pierre Larzabalek, berak hainitz liburu eskuetan ibili ondoan: «Tipi tipitik sorgin ixtorioetan hazia, sorginez idatzi liburu gehienen jakitateaz hantua, gure gizonak Euskaldunek berek baino sineste handiagoa zuen sorginkeria baitan. Sorginak airetan ibiltzen zirela, haurrak beren sehaskatik ebasten zituztela, debruekin ezkontzen zirela, eta holako zorokeria batzu nehork etziozkan burutik aterako. Alabainan bai san Agustinen, bai san Tomas Akinokoaren, bai bertze frango idazleen irakaspena zen hori. Ezagutua ere zen orotan Sprenger izeneko fraile baten liburua, zointan xeheki irakutsiak baitziren Alemanian sorginek zeramatzaten sail ikaragarriak». Horra 1609-ean Baionan barna, Lapurdin sartu zen legetiar gizonttoa.

        «Hogoita hamarbat mila arima zitaken Lapurdin orduan. Harrotu, eta ederki harrotu behar zituen gure Bordelesak. Hau Larrun puntatik Hendaiaraino jauzi egiten ikusi zutela, hura ez dakigu nungo xerriaren eriarazlea zela, eta mila holako estakururentzat, zenbat eta zenbat jende gaixo etzuen hilarazi!!!». Azkenekotz apezeri jarraiki zen delakoa, baizik-eta «sorginkeriaren erroak apezen baitan zirela eta hauk suntsitu gabe deus onik etzezakela egin». Hirur apez bederen hilarazi zituen. Bat azkaindarra.

        Utz dezagun berritz ere Pierre Larzabal mintzatzerat: «D'Arguibel, Azkainko erretora zen. Jadanik lauetan-hogoi urtetan iragana, zentzua pixka bat nahasten hasia zitzaion. Bere buruarekin noiz-nahi solasean zagon eta haren mintza eta kurri-manerak bitziak ziren. Sorgintzat ekarria, De Lancrek erretor-etxea mia-arazi zuen eta huna zer zuten atxeman: egurrezko gurutzeko hautsi bat, gaineko adarraz, gabetua! Bazen aski. Gurutzen bat hirur adarrekin? Nun zen laugarrena? Erretor sorginak trufaz moztua zuela, dudarik nehork ez zezaken izan, De Lancren arabera...». Hortakotz kondenatu zuten D'Arguibel, Pierre Larzabalek dionaz.

        Bertzerik erraiten daukue Joseph Nogaretek: «Le curé d'Ascain, nommé Arguibel, vieillard de 75 ans, tombé en enfance, fut condamné sur l'affirmation de deux femmes qui dirent l'avoir vu au sabbat. Le malheureux avoua tout ce qu'on voulut». Dena dela, Santizpiritetako elizan bere apez-jauntzi guziak kendurik, zaku tzar bat ordain emanik, eliza aintzinean hanxet erre zuten!

        Nahuzue pollitaren pollitez begien aintzinean ezar dezazuegun Paul Vovard jada aipatuaren zati bat? «Au début du XVII siècle, De Lancre fit mourir trois pêtres, dont un curé d'Ascain, prétendant que ce malheureux se rendait de nuit au Sabbat à cheval sur un bâton, après avoir acquis le don diabolique de se déplacer dans les airs en se trottant le corps avec de la graisse d'enfant égorgés...». Holakorik buruan eman ditakela.

        Egia erran, holako sinestea ez ote da eritasun bat? Hain aise hedatu zelakotz gure herrian, helde, helde ikaragarri bat zela erran ginezake kasik! Gure haur denbora batean Azkainen erien puntan konda zitazken Gaxuxa Zipitria, izen horrekin eta bere begi gorriekin, sorgintzat ez zeraukatenak! Sortzez Senpertarra zen Gaxuxa Zipitria. Deusik ez dakigu haren aintzinekoez. Erromes gorria, bizia esketik biltzen zuen! Bainan hanbat gaixto gure Gaxuxa etxe batetarat hurbiltzean, hango haurrak eroriko bat egiten bazuen eta minartzen, hanbat gaixto Gaxuxa etxe baten ondoan iragan-eta, hango urdea eritzen bazen, haren gain joanen ziren bat eta bertzea... eta bertze gerta zitazken makur guziak! Ez, hainitzen burutik etzen aise kenduko Gaxuxa etzela zuek eta ni baino sorginago.

        Denboraren buruan oraino arras gogoan dugu behin zer gertatu zitzaion Malakat-baitan. Hango etxetiartsa eriturik, Gaxuxa ikusterat joan zitzaion federik hoberenean. Goiz hartan hobeki eginen zuen etxean egon balitz segur: Gaxuxa etxean sartzen ikusi zueneko, arrunt burutik joan zen Malakat eta, jauzian atea hertsirik, oihuka hasi: «Sorgin tzarra, zuk eritu dautazu emaztea: zoaz hemendik, eta zoaz gako zilo hortarik edo ederrak hartuko ditutzu!». Eta Gaxuxa gizoa ez baitzen gako zilotik ateratu, astoarenak eta mandoarenak hantxe hartu zituen burutik beheiti! Hauzoak orroetarat etorri ez balire, nork daki gizon koskak etzuen apo bat bezala han kalituko! Dena dela, josteta Gaxuxari gosta zitzaion hamabortz egun ohe, eta Malakati bertze hainbertze presundegi! Erran gabe doa Azkaindarretan erdiak segurik Malakaten alde zirela, auzia Baionan xuritu arte bederen... eta ez ginezake eria suan eman gero ere etzirela hala egon zenbeit!!!

        Ez dugu Gaxuxaz geroztik, sorginik ezagutu guk Azkainen, hura hala balin bazen. Badakigu haatik egungo egunean oraino frango eta frangok ipurtargi bat gauaz nunbeit ikustea aski dutela sorgin eta sorginkeriez supazterrean, eta hauzoan, berehala mintzatzeko.

        Eta ez du hainitz denbora ixtorio hunek gertatua dela. Etxe batean —ez dugu salatuko zointan— urdea zabal-zabala lurrean dagokiote eta asearen aseaz ez du higitu nahi. Sorginek «konjuratu» diotela, jabea badoa hauzorat. Hauzoak irria eta trufa maite, erraiten dio holakoetan ez dela erremedio bat baizik, «behar dela talo burdina suan gorritu eta harekin hirur kaskako urdearu buruan eman!». Sinetsiko ote duzue hirurgarren kaskako baten beha egon gabe urdea sendatua zela eta xutitua?... Bainan munduan ez da gizonik, jabearen buruan sar-araziko duenik etzela han den gutieneko sorginkeriarik! Eta badugu ustea egungo egunean herriak badirela, Azkainek baino gehiago sorginetan sinesten dutenak! Ez dire Azkainekoak hitz hauk: sorgin-oiloa, sorgin-baratxuria, sorgin-orratza, eta bertze batzu! Segur han eta hemen jakintsun aintzinatu batzuek hameka ixtorio pollit balukete biltzeko, eta Gure Herriari igortzeko, Azkaindarrak bereak sobera luzatu gabe!...

 

aurrekoa hurrengoa