www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Azkaine gure sorterria
Jean Elizalde, «Zerbitzari»
1928-1957, 1985

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Azkaine gure sorterria, Jean Elizalde Zerbitzari (Piarres Xarritonen edizioa). Elkar, 1985

 

aurrekoa hurrengoa

MIRIKU ETA SASI-MIRIKU

 

        Arimako mirikuak luzeki aipatu ondoan, nahuzue aipa detzagun bertzeak? Egia erraiteko, behinere ez dugu azkaindar mirikurik ezagutu. Sasi-miriku zenbeit ba haatik. Biga bederen aipatu behar ditugu hemen...

        Horietarat gabe ez ote diogu haatik bat zor Pinatel Jaun mirikuari? Sortzez ez bazen azkaindarra, ez ote zen azkaindartua azkenekotz? Eta hala azkaindartua, nun auzapez hautatua izan baitzen eta auzapez izan hainbertze urtez! Baionatik adin batean etorria, Portuan bere egoitza eginik, etzen azkaindarrik ezagutzen etzuenik: Euskara etzakien, bainan errotik atxikitzen zion... eta menturaz etzuen euskaraz ere bere burua saltzerat utziko, deusik erran gabe! Gizon pollita, miriku ezti eta jakina, bihotz handikoa, eta osoki Jainkotiarra. Heriotze guti ikusten da jaun harena baino ederragorik. Min tzar batek ereman zuen, ezagutza osoan elizako guziak harturik. Etzuten Azkainen ehortzi, bainan haren oroitzapena han da oraino hainitz bihotzetan...

        Sasi-miriku frango ezagutu dugu gure denboran: Jainkotipia, Jainkobeltza, Petillou, Daunatua, bertzeak bertze. Handienaren heinekoa zen Baltatzar Azkainen. Etzuen eskolarik. Irakurtzen ba ote zakien bederen? Ez dugu uste. Etzuen liburuetarik beraz bere jakitatea. Nun kausi halere Baltatzar baino gizon artexagorik hezur ateratu baten bere tokian ezartzeko? Donibanen, Miarritzen, Baionan eta nun-nahi ibilki zen mirikuntzan eta egundaino nihungo mirikuek etzioten gerlarik bilatu.

        Orduko mirikuak etziren oraiko batzu bezen minbera... Hezur hautsien antolatzen ere ba omen zakien, bainanbatere ez dugu gordeko behin hezur bat hautsi baginu, Baltatzar baino nahiagoko ginuela Lafourcade ikusi Baionan edo Chavannaz Bordelen! Ez da lan bera hezur ateratuaren lekuan ezartzea eta hautsiaren antolatzea...

        Hezurretan bezen trebe zen Baltatzar arrunteko gaitz batzuen artatzen. Etzuen landaretan baizik sinisterik eta sekulan etzuen bertze sendagailurik. Guzien buruan, zer-nahi izen latin eta graka ukanagatik, sendagailu gehien-gehienak ez ote dire landaretarik heldu? Huna gure basa-mirikuaren landare maitatuenak: urtsu-belarra, morroina, aragorria, xixari-belarra, erromania eta, gutixago haatik, karraskila. Ez dakitenentzat nahuzue bi hitzez erran dezagun zer eta zoin diren sei landare balios horiek?

        Urtsu-belarrari aigremoine erraiten diote frantsesez, agrimonia eupatoria latinez. Bide bazter eta pentze, trumilka nun-nahi kausi ditake. Zintzurreko minetan manatzen zuen Baltatzarrek.

        Eztularen kontra ez omen da morroin tizana baino hoberik: baratzen batzuetan nahi baino gehiago bada. Morroina bourrache officielle da frantsesez, borrago officinalis latinez.

        Xixari-belarra tanaisie vulgaire frantsesez, tanacetum vulgare latinez, ez da egungo egunean ere arras bazterrerat utzia, ez Azkainen ez nihun. Izenak berak erakusten du xixarien kontrako sendagailua dela.

        Aragorria baino landare hedatuagorik ba ote da Euskal-Herrian? Ez da beraz harritzeko Baltatzarrek ezagutzen bazuen. Ez du haatik aras izen bera orotan: ahagoa erraiten diote hainitz eskualdetan. Patience da frantsesez, rumez patientia latinez. Purgatzeko ematen zuen aragorria Baltatzarrek.

        Bainan ez da landarerik gure sasi-mirikuak erromania baino maiteago zuenik. Alabainan erromatismentzat manatzen zuen eta ez da itsas-hegian eta mendiko ihintzetan ibilki eta bizi direnetan erromatisma baino gaitz hedatuagorik. Maino idorrak manatzen zituen erromaniarekin. Romarin da frantsesez, erromania eta rosmarinus officinalis latinez.

        Huna —artean— erromaniaz Gure Herria zahar batek zer erraiten daukun: «Landare guti da Euskal-Herrian "erremulia" baino maitatuago denik. Pollita da, usain ona du, eta dohain hainitz badu erromatisma zahar eta holakoen kontra. Loreek jauntzietarik zimitzak urruntzen dituzte, bertzalde». Eta badakizue Alemanian zeren kontra derabilkaten erromania? Ezkabearen eta zorrien kontra...

        Badakigu segurki Baltatzarrek karraskila ere ezagutzen zuela, bainan etzuen sobera manatu nahi: izitzen zuen karraskilak, behin berak galtxagorri ikusi baitzuen soberaxe bezala harturik. In medio stat virtus. Zer ote da, bada, karraskila (edo karraskaila)? Eskuin eta ezker galdetu izan dugu hainitz miriku xaharri eta sendagailu egileri. Batzuen eta berzeen erranetarik iduri luke landare mota bat baino gehiago badela izen hori emaiten diotenik. Ainhoako aldean frantsesez germandrée eta latinez teucrium pyrenaicum deitzen den landareari erraiten diote karraskila, Giron jaun apez zenaren arabera. Hendaia eta Biriatuko aldean karraskila frantsesez yeuse eta latinez Squercus coccifera deitzen den landarea da. Eta bertze eskualde batzuetan, Sarako adixkide baten paperek diotenaz nerprun prugatif, rhamus cathartica. Hau edo hura izan dadien, nihork ez dezala nola-nahi har, Michel Labéguerie bezalako jaun miriku argitu bati aipatu gabe: pozoina badu karraskilak. Eta menturaz ez leakete orok ihardok Baltatzar batek bezala.

        Erran gabe doa Azkaineko sasi-mirikuak ez zakizkala landare horien izen ez frantses ez latinak: zerbeit da euskarazkoen jakitea bera!...

        Harritua gaude Baltatzarrek eztularen kontra nola etzuen usuago manatzen idi-mihia, scolopendre frantsesez: menturaz Azkainen orok badakitelakotz deus ez dela hoberik...

        Haurrak utzi ditu Baltatzarrek ete heieri bere jakitatea. Ez dire haatik aita bezala hedatu orotarat. Bizkitartean batek bederen, Frantxeskak, zerbeit egin omen zezaken eta ezta hanbat denbora Biriatuar batek ixtorio hau kondatu daukula: Igande arrats batez, arnoa nausi eta gidari, Biriatuko mutil tzar batzuek asto bat ebatsi zuten eta Jaun erretoraren portaleari estekatu. Mattio, orok ezagutzen dute Mattio, etzen saltsan, bainan saltsa ikusi zuen eta egiterat utzi. Horran nun biharamun goizean oihanean zuhaitz baten pikatzen hasi orduko gainerat erortzen zaion. Mattio gaizoa etzen aise heldu etxerat errainetan hartu kaskakoarekin. Buruari eman zuen Jainkoaren gaztigua zuela, gazte tzarrak ez gibelaturik bezperako jokoan. Bururaino ixiltzekotz etzuen mirikurik deitu behar: etzuen deitu... eta norbeit Azkainerat igorri zuen delako Frantxeskaren bila. Ongi egin baitzuen segurki! Hain ongi artatu zuen Baltatzarren semeak nun ondoko egun batez, egia zilaturik, Hendaiako mirikuak Mattiori erran baitzion: «Sekulan ez nuen sinetsiko holako ikaragarrikeria hoin ongi arta zezakela Frantxeska batek! Nik ez nuen hobeki eginen!». Jeinua badu —edo bazuen— aitak bezala...

        Castilla etzen azkaindarra sortzez. Hogoita-bizpalau urte bazituen Azkainerat etorri zelarik Espainiatik desertur. Handik aski laster Azkaindar batekin ezkondurik arras azkaindartu zen. Euskara bera ikasi zuen, frantsesa bera ere ba guti edo aski. Castillaren dohaina arras dohain berezi bet zen: piko eta sistakoak otoitz batez sendatzen zituen! Edo bederen odola geldiarazten zuen! Nihork ez dezala uste izan trufa dugula hori: hainitzek eta hainitzek finkatu, «tieso» finkatu daukutena da! Hala nola Etchezarreta bizi den batek! Eri bat segarekin pikaturik, Castilla deitu zuen, eta hau bizpahiruretan zeinatu zen! Eta betbetan odola gelditu!!! Castillak hola hola sendatu omen zituen Senpere Aspeltzeko seme bat, pudaz kolpatua, eta Ganix Zigarroa, sudurrean egin saki batetik! Eta Castillak zenbat holako ez du egin eskuin eta ezker! Erran dezagun sasi-miriku hau gizon prestu bat zela, aho onekoa eta elizako urratseri arras jarraikia...

        Espainian saludador deitzen omen dituzten holako miriku motak eta, Azkue jaun apezak bere liburuetarik batean nunbeit erraiten daukunaz, hango Euskal-Herrian ba omen da frango. Saludador izaiteko, familiako zazpigarren seme behar da, artean arrebarik gabe. Mihi azpian gurutze bat omen dute. Castillaren denbora bertsuan, Urrunan bazen holako bat: Xemartin Luberrikoa. Adineko azkaindar gehienek ezagutu dute eta ikusi: ez dakigu mihi azpirat behinere behatu dioten haatik! Dena dela, Xemartin Luberrikoak ere sendatzen omen zuen...

        Emazte batek ere ukan bide dezake dohaina, familiako zazpigarren alaba balinbada... artean anaiarik gabe. Ez du hainbertze denbora Ezpeletan emazte saludador bat ezagutu dutela. Hauk, mihi gainean dute gurutzea!!!

        Ez dute sineste hori Euskaldunek bakarrik, Bretinian ere badute. Aitortuko ote dugu ez dugula zurezko jainkoetan baino sinesten, guk, saludador horietan? Baltatzarrek, ba, senda zezaken bere landare eta belarrekin: Ezpeletako neskatxari ez ginion behatzaren punta fidatu nahiko. Castillak odola geldi ote zezaken ototiz batez? Segurki Jainkak nor-nahiri eman dezoke mirakuluaren dohaina, bainan ez dezakegu erran hari edo huni eman diola: Eliza da juje. Castilla kolpatuaren ganat heldu orduko, zenbeit denbora joaiten zen... menturaz aski denbora odola bera gelditzeko. Castillak etzuen dirurik galdetzen, emana hartzen ba haatik. Beraz... beraz! Bakotxak ikus.

        Badakizue guk sasi-mirikuak deitzen ditugun sendagile hauk nola deitzen zituen gure herritar Hiribarrenek?

 

                «Baziren ere bertze aireko-barberak

                Sorgin kontra zuztenak balios indarrak!

                Gaizo zenbeiti zuten ematen buruan

                Etzuketela onik bere mirikuan...».

 

        Ez ginuke nahi nihork uste izan dezan deus sorginkeriarik bazela Castilla gaizoan. Herriko apezak behin izan zitzaizkon odolaren gelditzeko zer otoitz egiten zuen galdetzerat: hunat zer ihardetsi zioten: «Zer otoitz egiten dutan? Nik ez dakit egun guzietako otoitza baizik».

        Bixtan da Castilla hamazazpigarren mendean agertu balitz Azkainerat, laster eta laster D'Arguibel apeza bezala erreko zutela Santizpiritetan...

 

aurrekoa hurrengoa