www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsoak
Xenpelar
(-1869)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Xenpelar bertsolaria, Xenpelar (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

BERTSO BERRIAK
SENPELARREK JARRIAK

 

Komeni diran bertso berriyak

esplikatu al banitza,

aditutzia desio duen

bati eman diyot itza;

bailiak eta soñu ederrak

engañatuta gabiltza,

animarentzat kaltian dator

gure munduko bizitza.

 

Abenduaren lendabiziko

goizeko zazpiyetan zen,

tenplo santuan egondua naiz

sermoi eder bat aditzen;

Jesusen llaga preziosuak

astera nua berritzen,

Zeruko Aita, lagun zaidazu

entendimentua argitzen.

 

Pekatariyak artu dezagun

dolori au biotzian:

gugatik zenbat sufritu zuen

Jesusek eriotzian;

firme gabiltzan faltatu gabe

fede santuko itzian,

gero anima izan eztedin

infernurako iltzian.

 

Nere kristabak, birian dator

azken juizioko eguna,

jakiña dago begiyen bistan

ikusi biar deguna:

Josefetako zelai santuan

tronpetak soñu illuna,

galduak pena eramango du,

justuarentzat fortuna.

 

Munduko gauzen errematia

dakar azken juiziyuak:

auts biurtuta utziko ditu

erri ta palaziyuak,

mendiyak lertu alkarren kontra,

erreino eta naziyuak...

sententzi ori botako digu

Jesusen bendiziyuak.

 

Itxasuak su, eguzkiya illun,

illargiya odolak artu,

lurrak ikara eta gañera

erriyo danak agortu,

munduko gauza baliyosuak

erre ta ikatz biurtu,

pekatariyak umill gaitezen

bada zerekin beldurtu.

 

Eriotzaren larritasuna,

suspiriyuak barrendik,

nai eztegula bertan il biar

anparo gabe iñundik;

Josefetako zelai santura

bilduko gera emendik,

ezta zeruan sartuko Jesus

desanparatzen duenik.

 

Jesus zerutik Josefetara

aingeruakin batian,

pekatariyen artzai umilla

badator oroi tartian;

zelai santura bilduko gera

bire guztiyak betian,

gure orduko larritasuna

sententziya eman artian!

 

Alkarren bistan emango digu

sententziya bat zorrotza,

gure faltak an agertu biar,

gaiztuarentzat zer lotsa!

Pekatariyak altxa dezagun

Jesusengana biotza,

konsideratu nola gugatik

pasa zuen eriotza.

 

Josefetako zelai santuan

askok degu ekusiko

Jesus nola dan sententziya bat

guri ematen asiko;

gaiztua dana infernurako,

onik eztu mereziko,

justuarentzat zeruko silla

eternidade guziko.

 

Aita Santu ta errege oiek,

obispo ta apaiz guziyak,

pobre aberats dianak berdiñ,

maisu orren justiziyak;

diruak eztu an baliyoko,

ori gauden ikasiyak,

zeñi beria emango digu

Jaungoikuaren graziyak.

 

Anima galdu baten tormentu

eta naigabe aundiyak

zer diran eziñ konsideratu

gizonaren memoriyak;

eternidade guztiko pena

etsaien mende jarriyak,

orra munduko gustuak eta

egun engañagarriyak!

 

Guztiyak gera pekatariyak

desioz edo obretan,

tentaziyuak guretzat dira,

ezta dudarik orretan;

gorputz argala erortzen bada

bere biziyo txarretan,

gero anima entregatzen du

etsaien atzaparretan.

 

Bi bire dira ezker da eskui,

komeni da ikastia,

aukeran gaude, bata zerura,

infernurako bestia;

gure anima Jaungoikoari

ainbesteraño kostia,

ia zer pena izango duen

Luziferrentzat uztia!

 

Infernua da kalabozo bat

mortal ikaragarriya,

sartutzen danak ikusiko du

tormentu oien berriya;

Luzifer dago ango errege

ezpatarekin jarriya,

orren mendian egon biarrak

animak daukan larriya!

 

Zeruak dauzka amabi ate,

aingeru bana guardiyan,

urrez eginañ murallak eta

alaja fiñak erdiyan;

gloriyak daukan edertasuna

musikaren alegriyan,

premiyu ori alkanzatzera

gabiltzan fede garbiyan!

 

Aita Santua Erroman dago,

izena Pio deritza,

aren kontrako enemiguak

inguratuak dabiltza;

Jaungoikoaren birtutia da

beti errenditzen gaitza,

kristau fielak, kunpli dezagun

ebanjeliyoko itza.

 

Bertso berriyen errematia

zer datorkigun jakiña,

orra nik esan nola diraden

gustuak eta samiña;

zeru eder au alkanzatzeko

enpeñatu alegiña,

zu bitarteko ezkatzen zaitut,

aingeruen Erregiña.

 

1867

 

aurrekoa hurrengoa