www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Bertsoak
Xenpelar
(-1869)

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Xenpelar bertsolaria, Xenpelar (Antonio Zavalaren edizioa). Auspoa, 1969

 

aurrekoa hurrengoa

DIOSKODOK BERE ALABARI
LEPOA KENDUTAKO BIZITZA
SANTA BARBARARI

 

Santa Barbara, zure bizitza

kantuz bear det zabaldu,

argitasun bat memoriyara

nai badirazu biraldu;

biotzak poza, mingañak ere

zerbait itzegingo al du,

ejenplo ori aditu faltan

iñor eztedien galdu.

 

Iñork nai badu atentziorik

desioarekin para,

aren bizitza kantatuko det

munduan legerik bada;

milla sei eun urte pasiak

jaiorik Santa Barbara,

aitak lepua kendu ziona,

Bitiniako alaba.

 

Barbarak aita zuen pagano

Jaunaren beldur gabia,

alaba berriz naiago zuen

kristiandadeko legia;

orientalen bataiatu zan

izanik umildadia,

orain zeruan gozatzen dago

bere eternidadia.

 

Barbara zuen aitak lenago

estimatua izana,

kolejiyo bat berak eginta

estudiatzen zeukana;

argitasun au memoriyara

ango maisuak emana,

orientalen kristau egin zan

Bitiniatik joana.

 

Andik etxera etorri eta

aitari zion eskatu

iru leioko obra berri bat

berak nola egin juzgatu;

alabak esan zuan moduan

agudo zuan prestatu,

bañan oraindik zertarako zan

etzuen manifestatu.

 

Iru leioak Trinidadiak.

au da señale klarua,

personal dira diferentiak,

Jaungoiko bat egiazkua;

Barbarak oiek adoratzeko

beregan zeukan gogua,

munduan obra onak eginta

gero betiko zerua.

 

Orra Barbarak agindutako

ermita txikiya egiñ,

ustez etzuen alabarentzat

orretarako eragiñ;

esaten zion ezkon zedilla

aitak nai zuen batekiñ,

erreino artan guztiyen buru

jarriko zala erregiñ.

 

Barbarak eztu gogorik izan

jolas oiek aditzeko,

erantzun zion zartu zala ta

umillago ibiltzeko,

Jesus zeukala bere maisua

nola bizi agintzeko;

orduan aita asi zitzaion

desafioka iltzeko.

 

Alaba igesi aita ondotik

obeditzeko argana,

mendua lertu milagroz eta

ezkutatu zan barrena;

arrapatuta jo ta errira

gobernadore batena,

aren legera muda zedilla

bestela biziya pena.

 

Joka golpatu, gañera preso

idolo oien mendian,

Barbara beti Jaunari deika

zeguen fede onian;

Jesus zerutik bisitatzera

etorri zitzaionian,

kartzelan kura egin ziyon ta

sano bidaramonian.

 

Birtutearen indarra zeukan

enemigoak austeko,

kriatura bat mundura sortu

orrenbeste ikusteko!

Milagro ori egiñagatik

etzeuden libre uzteko:

aien legera biur zedilla

edo bularrak mozteko.

 

Orduan ere lengo itzian

firme zeguen jarriya,

Jesusengana entregatua

izanik fede garbiya;

gero bularrak moztu zizkaten,

au zan lastimagarriya,

kulparik gabe ikusi zuen

tormentu oien berriya.

 

Bularrak moztu eta eraman

kalabozuan barrena,

Barbara bere itzian firme,

aitak ori zuen pena;

gobernadore batek eman du

erremateko ordena:

ezpatarekin lepua bertan

kentzia zala onena.

 

Santa Barbara eriotzian

egiten zitzaion asi

barkazioa eskatu eta

orazio bat Jesusi;

barbaro oiek begien bistan

illta nai zuten ikusi,

bañan etzuen aitarengandik

orrelakorik merezi.

 

Guraso batek umiarentzat

izan olako biotza!

Aitak esan du: «Nik egingo det

alabaren borrerotza!».

Deseo ori logratu eta

artu ezpata zorrotza,

bertan lepua kendu ziyon da

lagatu zuen il otza.

 

Esan biar det nola izan zan

gizon oien ondoria,

biyak tximistak erre zituen,

au da milagro obia;

lendabiziko aita kiskali,

gero gobernadoria,

orrengatik da Santa Barbara

suaren defensoria.

 

Konzepzioko donzellatasun

birjindadia zeukana,

ogei urtean aitak lepua

ezpataz kendu ziyona;

Abenduan zan martiri ori,

illak laugarren eguna;

gorputzak penak, animarentzat

gero betiko fortuna.

 

Bertso berrien errematian

eskatzen dizut zedorri:

iltzian zure konpañiyara

al baniteke etorri;

martiri onen penak zer ziran

orra atentzioz jarri,

ejenplo ori izan dedilla

munduan oroipengarri.

 

aurrekoa hurrengoa