www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa  

XX
GABON GABA

 

        Urteen kurpillean, bizi giroa ere aldatuaz zijoan. Aldatuaz, eta giza-mailla xearen onerako. Lan-orduek ariñago, esku-lana bigunago... Aldien gora-beerako zerak noski.

        Zabaletan ordea, eta batik-bat Joxe-Prantxiskok leenleenean zeraman bizi-maiña. Izan ere, basarria erosi zuenezkero, oitua etzen zama bizkarrean zeroelarik, berez estua zenarentzat aski ta geiegi zordun izatea, il edo bizi jokatzeko, ta onexengatik etzuen atseden larregirik artu geroztikoan.

        Olatsu urte moltsoka neurtua, suak kiskaliriko orma eroriek altxa-ta, Zabaletari estalia eman ziotzandikoan. Eskuarte urriari bildur ziotzan-da, etxegintza ere etzuen bat-batean bukatu. Legorpea antolatzea zeukan leenen egitekoa, gero gerokoak. Ondorean, besa-indarra zetorkionerako lan izendatuek geiago zituen bukaera emanak baiñan.

        Lan egite utsa etzen aski, onen obaria bear zen diru aurreratzerik egitekotan, eta urte batzuen kolkoan, gasteiztar aundizkiak utzi ziotzan millaka errealak, nola-ala beiñepein itzuliak zeuzkan ordurako. Alaere, oek eta beste aurreratu murritzez gaindik, ark uste ez bezela, an-emen zuzendu bear izan zituen beste millatxo batzuek, argintza, arotz lanak, eta abar, etxeari teillapea osatu ziotenerako.

        Zorrak estaliaz ganoraz zetorren iristen zeneraiñoan, bide berean ordea, gastu-bide berriak irikiaz, bizi zitekean arteraiño zorpeko izango zela etsia arturik bederen. Jakiña, aldiro pirrinka zetorkion txanpon neurtuek, gizarajoari aixa jalgitzen zitzaizkion, eta agian bear-bearreko lantxoetan. Legorra osta-osta jarri zuelarik ere, barrengo banaketak ala-ola geldituak zirenez, an edo emen ukutu beariak, eta tarte-marteka zulo batzuek estaliaz, sendi nekatu arren izarditiko emari tzirtzilla, lan auetan jaio alaz agortzen zitzaikien.

        Bestetik, zoritxarrak ere aldiak izaki, ta Zabaletara ere sartu zen aldian aldiroko orrazi estua, ta leendiko belaunaldia kimatuaz zeroen. Orma erre aiek berritu, ta etxeari legorra eman ziotzenetik etzen urtea osatu, teillape uts artara eriotzaren sega zorrotza sartzera. Aurrena, aitan ezbearra bide, gaztegaztetandik Zabaletaren pixua eramatera etsi zuen Tomaxa urtua, Jainkoak bereganatu zuen betiko atseden ar zezan.

        Tarte luze barik, urteen buruan Joxe-Prantxiskoren albotiko irmoa izan zen Mari-Pantxike zaintsua joan zitzaien. Etxekoandre biek, bat zielarik, esan zitekean, onek amagiarrebaren urratsetan jarrai zuela.

        Ordundik garratza benetan Arriantxorentzat, alarguntzaren barruti etsigaitza, baiñan zer egingo zuen, aalik eta bizia eman ziotzan Ber-berak kendu arteraiño bizi bear zuen-da... Naigabe guziak irentsiaz bederen, etsia artu bear.

        Utsune ikaragarria Zabaletarako etxekoandre biek batbestearen ondoren utzi zutena. Alabeiñik, bizitzaren kurpillean urratu bear zen, eta Joxe-Martiñek garaiz etxeratu aal, izan zuen auen ordea. Ain zuzen, Larriño-auzoko Dolorex argia, ta Zabaletaren ondoreko zama, bikote onen bizkar eroriaz zijoan, ta ontan bear ere.

        Lekuan lekuko noski, aurreak atzea erakuspide, ta senar-emazte xotil auen orpotikoek bost ziren etorriak. Etorri, azi ta ezi, bide batez. Zuzen baiñan zuzenago, urak luebai neurtua zeroan...

        Bere egunetan milla gora-beerei ardailla emaniko Joxe-Prantxisko zuurra, aiton, aita-jaun, egitera iritxi zen. Zabaletaren oin-semetza billoben belaunaldiko ateetaraiño urbildua. Nagusienak bizi-bideak artuaz. Nexka-mutil ezkongaiek aita-amen jira-biran. Eta denen ardatz giarra, Joxe-Prantxisko zaildua... Naikoa indar zen Zabaletari eusteko...!

        Bide batez, Arriantxo zinzurretik lotzen zuen lokarri biurra, aldiro pirrinka bederik nasaituaz zijoan. Bizitza bietakoek elkarri itza emanak ziren gisara, aal izatean erdi puska ordanindu ziotzan, ontara bakoitza bereekin gelditzen zirelarik. Alaere zorpeko gelditu zen Joxe-Prantxisko. Besterik zen egin zezakean...? Geroak bazuen toki... Besteraka jokatu izan balu ere, zakurrak oiñutsik bai zeuzkan ikusmen, eta aal zueneraiño egitearekin nasaitu zezakean, zetorren belaunak osatu aal izatekoa bai zen zor guzia, ta leendikoen izardiz ezkoturik zetozen Zabaletako lur-ondo nasaiak zabaletarrentzat geldituko ziren, urteero nagusiari ordain-zorra emanaz jarraitu barik.

        Zoritxarrean, ondorearen errotzeak poz-bete zeukan egunetan, Joxe-Prantxisko bera zen erdiz-purdi zebillena. Bizitza osoan alatsu, ixilkako ibilli bearrak makurtua-edo, ainbat lo-galtze ta bizi-moldearen erantzukizunan pixuz eroria noski, azkenerako oneztu zen errukarria.

        Ainbati bizia luzatu ziotzan Arriantxo onbidetsua, zoritxarrez urdailleko miñak, menderatu zuen, eta lagun urkoagatik egiñala guziak egin zituenak, etzuen beretzat osabiderik izan. Alaere, onezari sor egiñaz, ez ziotzen bildurrik lan nekeei, ta sasoirik irmoenean bezelatsu, egunargiz etxeinguruan gelditzeke, ta gabaz gutxi-aski gaixoen arduraz araona, bakar ibillera makurren nekepetik etzuen iñoiz irten.

        Gabon bazkalostea zen ain gogoangarri. Aita-semeek larraiñean ximaur jiraketan ziarduen aize minkorrari iges egiñaz, eta bide berean biar-etzirako esku-lana aurreratzen. Joxe-Prantxisko orpoen gaiñean, eta auekandik urbil, ukuilluan abereekin jatenak edo iñaurkiñak zuzenketan nagitasun barik.

        Arratsaldea ondartzera zijoan, Dolorexek sukaldeko leiatil erdi itxiez barrendik begi-kirikaz alabari ziotzanean:

        —Etzekiñat nor diteken Benta-arbelan beera datorrena. Etzekarkin orpoetako nagirik...

        —Zaude... Prontxio dirudi.

        —Nora joan dezaken abiadura ortan?

        —Izango ditu, beorrak edo...

        Bixkor iritxi zen Zabaletako ateetara itxu-mustuz zetorren oiñezkoa, ta abian eskuetan zekarkien urritz-makillaz, otzari eustearren erdi-itxian zeukaten ateari zaplaka bi eman.

        Dolorexek agurtu zuen arnas-estuan zetorren galtzaduna leenen, eta ain zuzen, zeraindarra zen. Muiño-ko nagusi ezaguna.

        —Sartu zaitez beiñepein aize izkutura, ate erdian gelditu barik...

        —Emen giroago dago bai; sasoia ere alaxen da-ta, or gain-zearrean etzegoen atsegin...

        Bertaratu zen Joxe-Prantxisko ere, etxeko etzen norbaiten susmoz noski, ta zen zekarkian igarriaz, itz alper batik galde:

        —Zen zabiltza Andrex-Mari?

        —Zeuregana nendorren. —Onek erdi-negarrez— Emaztea daukat, aurrondokoakin. Ain pattal dago ezik, irtengo duen itxaropen barik gaude. Sendalaria atzera-aurrera badabil, baiñan bere lanak egin erazteko agindu digu, ta ordutik-ordura galduaz dijoa errukarria, ta noiz eskuetan geldituko gaude. Zerbait egin leikion etorri natzaitzu, eta zeu joan aal baziña, guretzat itxaro bide ziñake...

        —Noiztik dago gaizkitua?

        —Irugarren eguna nabarmendu zela.

        —Aurgintza ona izan aldu?

        —Luzexko baiñan, ainbestekoa ere...

        Beste gabean, bere onezaren ardura lipitzik barik, eta zegoen ibilgiro ziputzaz bildurtzeke, abian irten zen etxetik zaldi bizia trikiko ariñean zeroela, ta bein bear-eta, oitua ez bezela egunargitan, albistari samindua orpoz-orpo zuelarik. Zerbait egitekotan leen-bait-leen eldu bearra zeukan-da.

        Ez ziotzan egunari eldu, inguru aiek ez-ezagun zituelako noski. Gutxiago bidean galdu bildurrez. Agian, gaixoak illuntzerarte iraun eziñagatik ez ote zuen egun argitan irtengo?

        Zerbaitek zeroen beintzat, eta Zabaletan irten zirenetik ordubete osatu barik. Muiño-ra iritxiek ziren. Bat-batean, erio bide zen etxekoandre gaztean oe ondora zuzenean eraman zuen nagusi etsiak, eta gero Arriantxoren zaldi izartua ukulluratu. Exer-alkia altxa-ta, bizkar gaiñean bi auntz-narru jarri ziotzan, izarditza ura guzia otzean legortu ez zekaikion.

        Bitartean, otz-ikara larriz zegoen emakumeari begiek luzatu ziotzan Joxe-Prantxiskok. Etxeko buruak uste bezelatsu gaitz jakiña zeukan aurreginberriak, eta naikoa zaartua noski Arriantxoren irizpidez.

        Alaz ere, etzuen etsirik artu berekix, eta sukalde jiran zebiltzan andrezkoei, sua ta sutinguruek dantzatu erazi ziotzen.

        Leenen, ura egosten jartzea egin zuten, eta oni bana-banaka bearreko sendagiak naastuez eraman. Ain zuzen ere, sorgin-idatze tortoxka bi, erramu arbaxta batzuek, errura belarrak, intxaur orri legortuek, intxusan barren mintz txuria, basa-porru batzuek, baratzuri buru, tipula atalka, sukaldeko gatz, ozpin... Berealdiko salda usainkorra irakiñaz zeukan. Burutu zezakean beroenean artille multsoa bustiaz, anka-orpoetatik gorazka igurtziaz arturik, alik eta gerriz beeko odol pozoitsuek jasotzerarte, ez ziotzan utzi Arriantxo trebeak.

        Berriro, ozpin-olioz leen bezeltsu igurtzi ondoren, eunezko zapi bigunez izterburuetaraiñokoa lotu ziotzan emakume aulduari, ta abian, lepa-zaiñak estuan artzen ziotzalarik, ipurgaiñetik zulatuaz odol galdua atera aal izan ziotzan. Gutxienaz bi-iru burdintzalika bai, gorri-beltz moretua.

        Aldean eraman zituen sendagai batzuek emanaz artu zuen abian. Odol-berritu zedin noski, erabat eroria zegoen errukarria, ta arrisku artandik atera bearra zeukan. Izan ere, miña soor ziotzenetik, gorputz illan irudi, lo-zorroz eta arnasa bare-bare gelditu bai zen. Beste ezaugarri barik, osta-osta, arnasa zeukanezko adierazmen soilla.

        Joxe-Prantxiskoren idurimen argia ordea, itxu-itxuan baikor zijoan, eta gaixogan itxaropidea artuaz bat-batera, zorigaiztoko alabearra...

        Egin zuenarekin txoratuek zeuden une pozgarri artan, erabilli zituzten sendagaillu guziek, gaixoari atera ziotzan odoltza pikortua, ta eskuetan bearreko puxkak artean oeinguruan zeuzkaten une artantxen, ez bat, eta ez bi, Segurako sendagille bizarduna sartu zitzaikien bete-betean. Ura lotsakizuna etxekoentzat!...

        Purrusta bizian jeiki zitzaikien gizon maxeatzaillea, sorginkeri aietaz sinisten zutelako, baiñan oni etxeko buruak eman ere zegozkion erantzuna:

        —Beraz, bizirik diraun artean ezingo diogu lagundu? Zergatik eman zeniguzun etsipena? Zuretzako larregi zelako noski... Ez da egia? Orduan, zuk eziñezkoa onek aal baleza, il dedin utziko diogu? ... Konturatu zaitez, emaztea nerea dela, ta ez zuera!...

        Nai dezutena egin zazue kaskagogorrok, baiña emakume au sendatu lezakenik ez dezute topatuko, Jainkoaren eskua izan ezik.

        Oe-ondoan kizkur zegoan auzotar amonatxo elduak ziotzan emeki bizardunari:

        —Bedorrek badaki Jainko Berak bialia den edo ez?...

        —Infernuko deabruak bai noski!...

        Eta esku potorrekin oe-burua joaz gaztel-aizea baiñan zakarrago gelatik irtetzerazkoan, eskuetan zeron makillaz daturik, Joxe-Prantxiskori itz mingarriek jaurti ziotzan:

        —...eta zuri zarpail orri, etzaitzu legepeko lan auetan ibiltzea. Ortarako gaudenak gu gera bakar-bakarrik. Iñuxente batzuei txanponak kentzeko baiño gauza etzerate-ta, lapur odol-zaleok! Baiñan erori zeta... Orain nik kenduko dizkitzut lan auetan berriro ekiteko gogoak... Biziko zeran arteraiñoko zigorra zure bizkarrera erori zaitzu!

        —Milla esker jauna... Erailtzaille banaiz, edo-ta lapurra, nai dezuna esan eta egingo didazu, baiñan aurrerantzean ere iñork beartzen banaute, dezakedana egiteke ez naiz geldituko. Nai dezu emakume au gaur zortzirako oetik irtetzen dela? ...

        —Irten ez, atera egingo dute! —Anka-orpoz zartateko bi ate-albotikoari zakarki emanaz aldendu zitzaien zenezko sendalari bizarduna.

        Onenbestez bukatu zen ekaitz-jasa, ta ogipeko zen sendagilleak gaixoari jaramonik egin ez baziotzan ere, Arriantxok egin bearrekoek bukaturik irten zuen teillape mindu artandik.

        Ain zuzen, gaixoari zer nola eman eta egin arretaz agindu ziotzan Andrex-Mari etsiari, ta leentxoago esana berrituaz urte-berritarako emaztea sukalderatuko zitzaikiola baieztu. Azkenik, argitzen asiaz zijoan etxenkoandrea agurtu, ta egin zuena eskerren ordain utzirik, beranduxe bedik Gabon-afaria etxean egin asmoz, pentsa-giroz epelduaz zijoan Muiño-ko sutondoan ontzixka bete oillo-salda arturik abian altxa zen.

        Gau-leena aurrera zijoan ordurako, baiñan zaldi ibiltari ark bide trakuts aiek artuak zeuzkalarik, alde ortandik ardurarik txikiñenik etzeraman. Bestekoz ordea, naiko min bazeman bere baitan. Zenezko seguratar astaputzak bota ziotzan arrazoi gordiñengatik, ezurretaraiñoko lotsa nabaritzen gizarajoak. Bizitzaren erroan ainbat izkutuko ibillera egiña zelarik, ez ziotzen eskurik bota, ta azken egunetan ori gertatzeak min zemakion Arriantxori.

        Zusmo kaltegarri auek zaramazkien korapilduaz bakar ibilli artarakotz, ta, luzaruago ta larriago, azkenik belaunkatilluek dardari, auleria zetorkion gisa indargetuaz zijoan. Gertatua gogoratze ustak zemakiona ote zuen, edo-ta, onezak ematen ziotzana?...

        Utsean-putzean, badaezpazen zaldiari so emanaz, jetxi ta bide murkoan ametz tartaka bateri zaldian ubelak korapildu ta ipurpean zeroen berogarriz soiña ongi bildurik, onen babesera kizkurtu zen bidazti bakartia.

        Gaztearoko lantegietatik urrun barik zegoen, Peatza buruko zearbidean, eta bertandik entzun aal izan zituen Gabiri errixka kukullu artandiko zenezko orduaren zortzi tankakoek.

        Leenen dardara utsa somatzen zuen, gerorago izardi otza, ta azkenerako oiñaze aldi izugarriek sortu zitzaikion sabel-erraietan, eta miñaz batean eten gabeko gora-larria.

        Izularriz jarri zen Arriantxo xotilla, zer zetorkion bazekian-da. Eta bide batean idurimenik garratzenak ernetzen zitzaizkion, eta aldi motxera botatzeari eman. Gora, ta beera ain zuzen, eta odol uts-utsa zena, zoritxarrez.

        Ordundixek etsi zuen bere izaeraz, eta jaikirik zaldiari igotzen asi ere, baiñan auleriak ainbesteraiño joa izaki, nai zuena egitea etzuen iritxi errukarriak, eta eziña ezagutzean aberean petraletara murgildua erdi tartarras bederik, oiñezkoari eman ziotzan. Ortara bide aldixka egin zuen, baiñan ez luzeegi, indar apurrak aitu ta eziñez erortzeraiño.

        Ordu astun aietan basa-bide il artandik barrena iñor agertu zitekean itxaropiderik etzuen amets, eta zaldiari arre esan ziotzan, bide-galtze barik etxeratuko zen uste oso-osoa zeukan-da. Au aski zitzaion etxekoek billa irtetzeko.

        Urtearo maltzurrari zegokionez, aldiro laiño ta eraso, aldiro oskarbi, baiñan aize miña gelditzeke, ta ainbat bider gau illunean gidari izaniko bostoilloa, artizarra, ta izarbel ezagunak zerupe sapaian kiñuz zituenarren, Joxe-Prantxiskok auez gora, begi-biotz luzatu zuen begiratu xotilla. Jainko aaltsuakana une garratz artan, zen guzia Beragan uztea baiño etzegokion-da. Bide batez, miñaldi gogor aiekin batean otoitzean aitu zen Arriantxoren adimen argia.

        Zortzirak... Bederatziak... Bat-banaka zenbatuaz jaso aal izan zuen gauleenetiko orduen leloa. Osteroko dunguluek ordea, aitaturiko ezkillak ordu bakoitzari zegokien tankako juxtuak, lau alderdietara oiartzun emanaz jarrai zuen arren, sor zeuden Joxe-Prantxiskoren belarriek. Aldian eroriago, aizkenik senik gabe gelditzeraiño gizarajoa.

        Ordu aietan, Zabaletako sukaldean etzen etxeko burua itzultzen etzanezko kezka txikiñenik ere jaio. Apika. batekoz-beste, gaixorik zegoen emakumearen osasunaz geiago arduartzen ziren. Arduratu, ta aldi berean kupitu. Gaberdian jaiotzekoa zen Aurtxo-Jainkoak izango altzuen sendi arekiko erruki... Au zen beiñepein zabaletarrak opa ziotzena.

        Urtean beingoa izaki Gabon-afaria. Urtebarrukoek etzuten utsan baliorik onen alborako, ta ain zuzen, Joxe-Prantxisko itza emana joan zelarik, garaian itzuliko zenezkoan, astiro itxoin ziotzen Eguberri-enpor suaren epelean gaberdi alderaiño.

        Baiñan luzeegi zijoan zain egotearen leloa, ta ontan gogaituak noski, azkenik jaten asi ziren.

        Afaritan erdiz-erdi orduantxen, sutondoan nagi zegoen txakurtxoa altxa-ta, etxekoa urbil zenezko axanpaz asi zen. Au ikustean etsirik artzeke zegoen Dolorex argiak mintzo:

        —Lentxoago asi bagiñukan...

        —Alegia, bixkorrago bukatuko genuela afaria... —Seme ausartak ama zirikatzearren.

        Abian sarrerako atean zartako batzuek entzun zituzten, norbait estu bailegokean, eta etxekoandre biguñak mutillari jarrai:

        —Ua bixkor pillosopi oieri utzi-ta. Zaldiari burubide eman akiok, dagoen gau-giroaz, aitona otzak ebakia elduko uan-da...

        Mutila bat-batean altxa-ta, olio-argi motela eskuetan zerola, agindu gisa ateraiñokoa egin zuen. Aitonari zeritzon arrera emanaz, abere nekatuari loturak askatzera, ta berekix irriparra zeriola, erdiz-purdi utziriko otorduari, sendi artan oi zuten alkartasun xotillean bukaera eman asmoz.

        Ura zirrara-larria sortu zitzaion mutillari zaldia bakarrik zegoela ikustean. Esku-zigortxoa exerlekuan ubaletan lotua zetorren, baiñan aitonan aztarrik ez. Aopean deadar eman ziotzan bi-iru bider, baiñan erantzunik ez. Exerlekuari epeltasunik zeukan-edo, esku gaiñaz ukutu, ziotzan, txori izoztua zegoen au ere.

        Ordundik mutilla bera ere, izoztua ezik, gainzurdetua ere gelditu zen, eta arnasa jiratu eziñik sukalderatu, ta gertaeran berria eman, begietatik malkoak zeriola.

        Bat-bateko karraxi larriak gaiñeztu zuen Zabaletako sukalde epela, ta gauz onik etzanezkoan, zalapartaz arren billa irten aita-semeak, emakume aiek izuaren izuz, etxean gelditzen zirelarik.

        Lasta-argia illuna austeko, ta ain etxekoi zen txakurtxoa bide-lagun zutelarik, zaldian anka zuloetara begiak zorrotz itxatsiak, Aizpeera zijoen bide loitsuan jarri ziren, ta zeatz igarriaz zaldi xuxen ura igaro berria zela, loi zingira aundiñentxoetan perra ebakietara bilduriko urak artean garbitzeke zeuden-da. Etzekitena Joxe-Prantxisko gizarajoa nun egon zitekean, eta orregatik aldiro deadar soriek atereaz, ta ziaro orraztuaz zeramakiten artu zuten bidea.

        Ordulaurden baiño ez zeramakien etxetik irten zirela. Ain zuzen, Peatza-burura urbildu zirenekoxe, zaldiaren urratsetara burua altxatzeke zijoen txakurtxoa bat-batean geldituaz, aita-semeen orpoetara kizkurtu zitzaien.

        Aixa igarri ziotzen zerbaiten sena artua, ta abian deadar agiñaz jarraitu, baiñan erantzunik etzetorkien arteraiñoan illunbe itxu artandik. Txakurrak burua altxa zuen bereala, ta aldi berean isatsa batera ta bestera jiratzen asi. Berriro deadar. Birriz, iruz... Baiñan ixiltasun antzua urratu zezakean txistik etzen arrotzen, deadar bereen oiartzuna oian illunak berriztu ezik.

        Jesus baterako ordea, ez nora, ta ez ara, begipetik aienatu zitzaikien ankezko ariña, ta urruti etzelarik zaunkaz eta axanpaz asi. Bide ezberdin arritsu artan dirri-darraka aita-semeak urreratu zirenerako, Zabaletako edozeiñi baiñan itzal aundiagoa ziotzana, ta bide batez, maiteena zuen lagun jostaria, aurpegia miazka artua zeukan txakurtxoak.

        An zegoen bai, Joxe-Prantxisko errukarria bide ertzean lurrean luze-luze, ta ozmindua ordurako. Seme-billobak altxa zuten, baiñan itz barik zegoen gizarajoa, ta soiñeko arropak odolez bustiak...

        Illa zegoelakoan besoetan artu zuten, baiñan arnasa zeukana konturatzeaz, astinka zutelarik, apur baterako itz soil batzuek esateraiño jarri ere.

        Zaldi gaiñetik eroriaz elbarritua ote, odoltza guzi ura botatzeko? Edo-ta, norbaitek gaitz egitearren zauritua...?

        Ez bat, eta ez bestea. Laister konturatu ziren ikaraz kukildu aiek, arropetan igaraziriko odol galdu aiek, gora ta beerako larriaz boteak zirela, ta nola-ala, aalik bizkorren etxeratzea asmatu. Gizonezko biek besoek kurutzeturik, emen jarri aal izan zuten aitona indargea, ta onek osta-osta seme-billoben lepaondoetan bi besoek tinkatuak, nekez bederen, bere egunetan atseden geixkorik artzera iritxi etzen Joxe-Prantxisko erdi-illa, etxeko oe zurira jaso.

        Joxe-Martin abian apaiz eta sendagille ondoren errira jetxi zen, artean petralak askatzeke zeukaten zaldi arearen gaiñean, eta etxean geldituak zezaketena egiñaz ziarduen gorputz izoztua bere onera ekarri aal izateko. Legorburutik alaba Joxpiñixi etxeratu zuten, auzotar urreenak ere bai, ta zeukan egoeraz, eta au izan zenaren oroimen soillaz kupituak, begiek busti zitzaien aueri ere.

        Bereala argialdian sartu zen. Mingaiña askatu, ezaugera jaso, ta auzotarrei onez-on eskerrak eman ere, berekiko izan zuten begirapenagatik. Ontan, aiko-maiko zeundelarik, luzaro batik Joxe-Martin etxean zegoen erriko apaiz eta sendagille jaunez. Aita gizarajoa bizirik ikusteko itxaropen gabe agian, baiñan oe aurrera urbiltzeaz bat, txoriak duin argi begiratuaz gero, patxadaz agurtu zituen.

        Etzuen gaizkitzat ikusten sendalariak, baiñan zerrenarren, urteetan ere aurrera zijoela-ta, oba zukeala Eliz-laguntzak artzea aitandu ziotzan. Ain zuzen ere, sendagilleak ainbat berak zekien bere gaixotasunan berri, ta oe buruan zeuden osterokoek gelatxo artandik irtenaz, antxen Jainko Aaltsuari, bere bizitzaren izate oso-osoa aitortu ziotzan, apaiz jauna orde zuelarik.

        Alaere, etsia artu zutenez gero, bixkor aldian sartzera zijoela zirudian. Alaxen sartu ere, geroztik oetik irtetzeko aiña indartu etzelarik, polliki bixkortuaz zijoen. Etxekoez beste, auzotar, seni-tarteriko, adiskide ta abar, egunero zituen aurpegi berriek oe-buruan. Orduero, ango edo emengo berrien xaltxa, oean gogaitua zegoenarentzat alaigarri...

        Onen pattaltasunan berria jakiñaz gero, Muiño-ko nagusi xuxena ere, emaztea oneratu zuenekoaren autorra ematera azaldu zitzaion, amargarren eguna ezkeroztikoan orpoen gaiñean zebillela adieraziaz...

        Bide berean, Joxe-Prantxiskoren ezjakiñaz bederen, beste papertxo batek ere sartu-irten egin zuen Zabaletako sukalde xotillean, leenen mingarri noski zorigaitzeko egunetan... Segurako sendagille bizardunan zima gaiztoz, legepeko etzitzaion lanetan sartu zalakoz zuzenduriko zigor-agiria alegia. Onetxengatik, berreun errealeko multa ordaindu bear zuten zabaletarrak!

        Ontantxen, nor edo nor, sartu irtenka, baiñan bide batez, eroriaz eroriaz ondorengo bi illabeteetan iraun zuen, aalik eta bakarrik zegoen tarte batean oe-aurrean eroria, berriro, ozmindua ta sena batik topatu zuteneraiño. Nola-ala oneratuaz gero, ta argialditxoaren buruan, azkenengoz itz autxek esan ziotzen etsialdi artan oe inguruan zeudenei:

        —Illaz gero, piztu egin nauzute, baiñan irugarren egunean, joan egingo naitzue...

        Ark esan bezelaxen, irugarren goizean, eta otsaillan 19-an, argizari ziskua bezelaxen urtuaz urtuaz, uxo bat bailitzakean aizken arnasaren ari megatxa eten zitzaikion gizarajoari...

        Ordundik igartuko, Jainko Aaltsuak emaniko doaiz eraman zuen bizikera arrigarriaren sustraiko zaiñak... Ordundik amaituko, ainbati bizia luzatu ziotzen Arriantxo xotillaren aal egite guzi-guziek... Ordundik ain zuzen, betirako agur egingo, poz-miñak naasian, milla ametsez loreturiko Zabaletako teillape ixillari...

        Edozeiñi on egitea baiño etzekien Arriantxo ura... Bere urteetan bizitzaren burrukan, bizi-molde latza esker-ordain eramanik, aizkenik, gorputz illaz gero, zorpeeko atera zuten jaiotetxearen barrunbetik... Onenbestekoxea, aal egiñen eskerra...!

        Jainko Aaltsuak bakarrik ordain zeikiokean, ON EGIÑAREN OBARIA...!!

 

aurrekoa