www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIII
SUA

 

        Aizeak bazuen indar goiz artan. Geiegizko bultza noski une sasoi artarako. Izarren joera biziak adierazmen zekarren egunaren arrotasuna, ta argiaren lertzeaz batean, mendi gandorrak nabartu zirenekoxe, zerupe oskarbitik aize xirrara giligarriak esnaeraziaz zekarkin lurtarren egoera nagia. Eta goi urdiñean, egotik ifarrerako utsarte nasaia, laiño txirdin urriek aldian-aldiro osatuaz zeramakiten. Gerora, barruti egaletara zeuden urritz-tartaka bikutzak, orri-berrizturiko ondo-zigor mengelak bat-besteari txaplaka, jostari gisa aurren, eta luzera, burruka etsian elkar mazpilka ta kimatzeraiño jarri ziren.

        Errotuaz zijoazen gari sailletan, izpi bakoitza ara-ona parpaillen antzo, lur jotzeraiño makurtzen zituen aize dantzariak. Artasail muskerrak orri ezpata luzeak zirdinkatuaz, auek ere lurreraiño kokatuak... Gogorra zen izan ere Maietz pertxentak aizken egunetan orpotikoari utzi ziotzan esker otza!

        Aizean astiñaldiak gora-beera, lan giro zegoen, eta Zabaletako senar-emazte zuurrak, seme-alaba kozkortuenak eurekin zituztelarik, artasaillean zorrotz goiz-goizetik. Lakartuaz zijoazkien lur-azalak urratuaz, sokor-gabiz austen ziarduen erpillik irtenenak beintzat. Gazteentxoek lan ontan zirelarik, larriñentxo biek gurasoen errenkadan jorraketan, atxurrez egiteko aiña ziren-da. Tomaxa, etxe zain betitsu gisara, agorraldi luzexkoaren ondorengo Xantora txikiakin...

        Uztai estuenetan noski sendi xotil ura. Zaarrenak amalau urte, gazte-aroan sartzen bete-betean, osterontzekoek esan geike urtean bat etorri zirela zazpigarren landaretxoa ezik. Auek osatzen noski, azken belaunaldiko zazpikotea. Denak saskipe batean sar zitezkean...

        Mairako aski zirelarik ere, Zabaletan etzen iñor gosez gelditzen. Lan egiten zekiten-da, lanak bere obaria uzten ziotzen.

        Sabela betetzea bakarra ez izaki ordea; larruak estaltzea, edo-ta, aldian aldiroko ainbat emankizun eta zirkilzuloen arreta bizia artzea ere bear-bearrekoa zuten, eta ontarako ugaritasun larregirik etzetorkien, noizean-ñoiz bederik irabazira irten ezean. Urtearen erroan, edo agian bakanago, okel-txekor bat-beste ezik, txanponik zemakien beste iturririk etzeukaten alegia.

        Zabaldu bearreko zaiñak ordea alde askotara. Etxe saria garitan ordaintzen zuten arren, beste zor batzuek erdizka eman bearrekoak ere oi ziren-da. Alegia, etxeko lan-tresnen zorrozketagatik errementariari urte-zorra zela, erriko sendagille ta botiketarako oi zena, Elizaren amarrenak eta abar, geienetan bearkun estuenei arpegi eman eziñean agortuko zitzaien, an-emendik bilduko zituzten irabazi neurtuek.

        Ain zuzen, Zabaletan etzegoen leendiko diru zearrik. Joxamingo amesberak batean-bestean aurreratuetatik zerbait bai noski, baiñan putzu aundirik ez noski. Eta putzu ori, bixkietako Joxe-Prantxisko txikian aur-azitzaroak etzuen gutxien agortuko, ta onez gain etxean jaioko zen ur-erne megatxa ere bai noski. Izan ere, leenen azialdirako bikoteak bear ainbat bular ezagaitik, edo-ta, etxerako astunegi iduritua, elbarrengo Eguzkitzan azia zuten, etxekoa illik edo, etxekoandrea bulardun zegolako. Bost urtetara zijoela etxeratu zuten, eta bitartean ontzurre bakar batzuek urtuko ziren noski.

        Olaxen omen ziotzan amona Mari-Andres urtuak etxeratu zuten ondoreko elkar gozamen aldi eztietan, magalean lo-kuluxkaz zeukaneko abestian:

 

«...Marrubi muxu-gorria,

urre-gorriz ekarria...

Nere ondotik iges zenidan

mamu beltxak ebatsia.

Orain berriro ekarri zaitu

Aingerutxoak ordea...»

 

        Alatsu izan ere, alabearrak aterea noski ta ontzako batzuek eskuratu aal izateko beta egokia eldu zitzaion Joxe-Prantxiskori ere, ta bide batez etxetik aldentzeke lantegia egokitu zitzakion. Ezkongaietan amagiarrebak aitaturiko «Prantsesaroa», burubide geiegi barik noski, baiñan ordurako erguen auzo-barrutian, aurrez lanean asiek ziren, baiean-bestean zubiak jasotzeko garbiketan, eta urretenak atereaz, ondoren tren-bide zabala landuaz zetorren giza-sail izugarriari lana aurreratzearren, eta Zabaletako burua etxeko lan-aro estuenenaz at, lansaria urre-gorritan jaso aal izan zuen ustekabeko irabazpide artantxen eraman zituen tartemartekako aldixka batzuek, aalik eta seme-alaben azitzeari burubide emango ziotzen arteraiñoan.

        Aurrena Kortaburu-ta Aregi-ko arrobietan. Arri lanetan ain egokia zela begia bota ziotzen-da, ondoren silleri lanizera artu, ta ontan eraman zituen zezazkeraiñoko irabazegun apurrak.

        Izan ere, arteraiñoan txanponik eskuartean ezagutu etzutelarik, sasoi artarako izugarria zen egun-saria urretan irabazi aal izatea. Sarritan etxeko baztarretan lanik aski izan arren, bear-bearrekoez besteak gaur biarko, ta biar etzirako, atzeratuek geldituko ziren amaika baztarretan. Elkarrenganako eramaneziña ere zerbait izango zuten-da, galtzadunik zegoen famillietan beintzat etzen geldituko iñor aitaturiko prantsesaroan, urre gorrizko diru bitxi aietatik bakarren batzuek etxera begira jarriko etzuenik. Lan-sariaz beste ere agian bai. Tartean-martean, ala-olako esku-langille ardurageak ere-ta, erguen-auzoetako bolatokietan, jokurako griñaz itxuturik, urre-txikiak pirri-parra eskuz aldatzen omen, eta berez argia zenak, edo-ta, boletan maiña apurrik izanaz beintzat, irabazpide izan zitekean.

        Baiñan goazen Zabaletara. Lanak lan, leendiko ixil-ibilliei ez ziotzen utzi Joxe-Prantxiskok, etxerako obaririk ez bazertokion ere. Izan ere, lau aizetara zabaldua izaki sona arrigarria, ta egunargitan etxean, edo iñoren mendean lan gogorretan jardunaz gero, lotaratu gabeko gau etsiak, aldian aldiro orpoen gaiñean igaroaz zebillen...

        Egoardia urreratuaz zijoen, eta jorraketan artu zuten arta-sailla ondarretan orduantxen. Aizearen erabateko bultza zerbait etenaz zijoela zirudian ordu artan. Ain zuzen, egoa gaztelaize naastuarekin uztartu zen, eta bat-bateko erausiari utzi, tartekako zurrunbillo arro batzuek erakutsiaz.

        Otorduaren giliz ziarduen une neurtu artan, ustekabeko karraxi larriei oiartzun eman ziotzan arta-soroz ezkerretiko epaitz maldarrak, eta atxurlarien kaskako leloa abian ixildu...

        —Sua...! Sua...! —Deadar zagian Tomaxa estuak, ixtillu galgarri artan billobatxoa gona mendeletan txilioz zuelarik—. Zatozte azkar...!!

        Bai, sua zen zorigaiztoan...! Zabaleta, bizitza bikutz zen teillape nasaia, suak menderatuaz zeroen... Kee-moltso lodi illunak bat-bateko arrotzeari emanaz, Makatza-erreka luzeeroa abian estali zuten, eguzkia bera ere gorri-more jartzeraiño...

        Bizitza bietakoek gogor asi ziren larritasun beltzean ura jaso, ura bota. Neska-mutilkozkortuek Aztiri-auzora indar billa irten. Ukulluko abereek kataietatik askatu zituzten. Baiñan zoritxarrean, ontan gelditu ziren...

        Aize maltzurran astiñaldiak, teillatuaz gora altxatzen leioetatik irtenaalako gar-moltso bildurgarriak, eta egiñaz ziarduen guzia alperrikakoa noski, etzegoen egitekorik...

        Eroen gisa sartu-irten ziarduen inpernu bizi artandik, iñork etzekiten zer joka-bide artu. Emakume ta aurrek karraxi gorrian... Surtan zilimoltzo galtzadun itxutuek... Une negargarria! ...

        Gaitzerdi auzotiko laguntza eldu zela, etxekoek surtatik atzeratzea baiño etzuten egin, bat-batean orma erre aiek irikiaz gain abeak lurra jo zuen.

        Dardarako arez batean auts moltso izugarria altxa zen txingar sutuez naasian, eta aize zurrunbilloak arrotzen zuelarik, inpernu bildurgarria zirudian inguruetatik arnasestuz iritxiaz zetozenentzat.

        Baiñan negargarriena ondoren zetorkien. Luix-Mari, amalau urtetan zijoan semea, auzoari dei egin-da eldu zen ezkeroztik, iñork etzuten ikusi. Mutillaren aztarrik etzeukaten. Ura zorigaitz ikaragarria!...

        Abian senideetan batek eman zuan onen berri ziurrena. Alegia, goiko gelara igoa zela une bat lentxoago. Deadarka asi ere bakoitza berekix, baiñan erantzunik etzetorren... Barrendiko zurubiek suak janak ordurako, ta erio itxu artan bazen-ezbazen garbasta leio-sapaillora luzatu, ta orma erdi erre aietandik arriek dindirriz zirela, arriskuari bildurrik iñoiz ez ziotzan Joxe-Prantxisko itxutua igo zen semearen billa, auzo-mutil sasoiko bik ondoren jarraitzen ziotelarik.

        Uste bezela, mutilla an zegoen lur joa. Tenteleko baten gaiñera zubi egiñaz, eta teilla zatien azpian txingartuak zeuden satanga batzuek gerriaz goia estaltzen ziotelarik. Ura zirrarakoa! !

        Nola-ala jasoa, baiñan jetxi aal izan zuten lurreraiño. Zorigaiztoan jaso zutenerako ordea Luix-Mari gorputz zegoen... Buru bularrak maillatuak izaki, errukarria bat-batean lertua zen, lertua, ta erre naastua ere ordurako. Besteak beste, ortz-karraska estuek ziren ordundixek...

        Zabaleta surtan zegoen berri garratza, aotik-aora aixa zabaldu zen erri osoan. Ordu buruko gora-beera zen guzia, baiñan zerbaitetarako gauza zenik etzen bertara joateke gelditu. Erri osoak bide bat artu zuen. Apaiz, ta alkate jaunek ziren bertara leenen zaldiz iritxiek. Ain zuzen, mutillaren gorputz illa eskuetan artu zuten une garratz artantxen iritxi ere. Nora-ara jaso zezatela auek agindurik, urbillena zegoen teillapera, lau galtzadun sasoikoek, euren soin-arropa pizerrez estalia, Makatza basetxera alabearrez.

        Ezbear ikaragarri ura aski izan zitzaien zabaletarrei euren amets guztiekin lur jotzeko. Auspillo bat baiño etzen gelditu zeukaten guzia. Esku-arte urria... Eguneko jaki zituzten gari arto, ta osterontzekoek... Oe-arropa ta soin-jantziek... Bide batez, une buruko lanen obaria, ta eguneroko babes zitzaien tellape bildua, auspeeko erratura biurtu ere une motxean. Denak suak kiskali zizkien, arru gorrian gelditzen zirelarik... Alaere, beste biderik etzeukaten errukarriak, gertatua onez eraman baiño.

        Bestalde, bazegoen zer egin aski familli errukarri ari burubide emateko. Txapela bete legor ez zitzaien gelditu-ta, aurrerantzean nora-ara babestu bearra.

        Zuzenketa lan au, alkate jaunak bere bizkar artu zuen. Aurrena, etxe-nagusiari gertatu zenaren berria ematea zegokion. Oñati-ko Gomendio tarteria izaki, ta senitarteko banaketak egin ezkeroztik, Madriden bizi zen emakume baten eskuetara itzulia zegoen Zabaleta basetxea, onek, ordea, odoletiko bat Oñatin zeukalariak. Onekana zuzendu zen aginteri burua, ta bertara eldu zedilla bere begiz ikusi zezan alegia. Artean txingar bizi zegozan abe ta kiskalduriko orma beltzak ikusiaz, sendi errukarriaren ezbearra obetoago ezagutu zezan noski. Biaramonean igo zen nagusi-ordea, ta bizitza bietakoei jaramon eman ere, gerorako zuzenketen asmaki.

        Etxejabearen erabakia jakin bitartean, onek bere iritzia azaldu ziotzen. Alegia, esku-lana euren gain artu ezkero, etxea jaso zitekeala berriro.

        Ontara izatezkero, gertu zegozen maizter biek. Egurra bazegoan Zabaleta-ko eremuetan etxeak bearko zukeaneraiño, ta garaian bota ta lantzea etzen beste munduko lana. Zegoenez gaiñerako arri inguratzea ere ez zitzaien gaitz iduritu, auzoaren laguntza begi-biz ikusten zuten-da. Ortarako beso indarra iñork ez ziotzen ukatuko, batik-bat Joxe-Prantxiskori, berak on-egin ziotzenen aldetik ezagupen ugariak zeuzkan-da.

        Zetorrena zetorrela, Madrideko erantzupenaren itxaroz gelditzen ziren. Baiñan arteraiñoan legorpea bear zen familli negarti aiek babestu aal izateko, ta Arriantxotarrak beiñik, nola-ala urrutira barik moldatu zuten. Arri betera zeukaten artegi urrian noski. Beebarruan, ukulluko abereek, atez kanpora su-tokia, ta gain-zurriñean bat eta bestek emango ziotzen berogarriz ta abar, lau arakiz itxirik, antxen artuko zuen sendi errukarriak aldi baterako lo-lekua.

 

aurrekoa hurrengoa