www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XIX
AGORREKO SANTIKUTZ

 

        Urtearen buruan egun bat oi zuen Joxe-Prantxiskok oso-osoan kirtenetik eutsiko ziotzana. Ain zuzen, Agorreko Santikutz. Edozer eginkizun zegoela ere, egon zitekean egun ontan. Biaramorean ere argituko zuen-da, zegoela.

        Gabean lotaratzeko zoria izan ezkero beiñepein, beta au ere noiz-nai etzuen-da, goiz-goizetik jaikiko zen oe bigunetik, aurra Errege goizean gisa noski, ta egitekorik estuenei aalik beintzat, gosaldu aurretik atarramen emango ziotzen.

        Sasoi ontan uztarik larrientxoa bildua izaki, etzuten izango Zabaletan lan esturik ere agian. Gariek jasoak, arbiegitaroa bukatua, garo ta gaztaiñak elduarin, udaazken aurretiko tartetxo ariña orduantxen ain zuzen, beti arrastaka ibilli batik.

        Errian jai bat izatekotan, onek bazuen bere garrantzia legazpiarrentzat. Seguraren uztarpetik askatu ezkeroztikoan batik-bat, jai au onen gomutaz zetorren-da. Alabeiñik, egunaren jaitzeaz beste, oroitamen berezia zuen Joxe-Prantxiskorentzat. Alegia, bera azitako elbarrengo Eguzkitzara, bularra artu zuen sukalde xotil antara, etxeratu zuten ezkeroztikoan urteero joan oi zenez, egun auxen mugatua zeukan-da.

        Urteko egunik zoragarriena Arriantxorentzat! Aurrenetik seguroxean, amona Mari-Andrexak eramango zuen, agian aitak edo amak kozkortuko zen arte, geroztik senar-emazte biek ere bai, ta sarriena bakarrik noski... Nola-naitara ere Eguzkitzan jakiñeko bazkaldar pijoa oi zuten Agorreko jaietan.

        Gosaria izango zuen etxean egiteko otordu bakarra, ta egiñaz bereala Legazpiko Parrokira, Meza-nagusia entzutera. Ondorean, naiz auzotar, naiz egitar, edozein zirela ere, ezagupen estuak zituelarik, aiko-maikoz eliz-ateetan kokatuko, albokari, aurresku, aari-joku ta olatsuko ikuskizunik izatera.

        Egia zen, adiskiderik miñenak egitarrak zituela, bere adiñeko ta kidetsukoek batik-bat, eta urtearen erroan oi ziren gertakizunak berrituaz, luzakizun bederen, beranduegi barik, bazkal ordurako Eguzkitzara joko zuen.

        Otordu tarte aseroa Eguzkitzako sukalde zaarrean ezbairik gabe. Jango zutenak baiñan garrantzi geiago zeukan noski, elkarrekiko xaltxa betegarriak. Izan ere, gizona ogi utsaz bizitzekoa ez izaki, ta beren buruzko esamesak balio geiago zuten mai zabalera bildu zirenentzat. Ikusi... Galdetu... Erantzun... Ukulluko bei ta txekor, Arrola-mendian zuteneko artaldea, jaso zuten uztaren galga, arta-saillak zer ale mailla artu zuen, bear ainbat arbi-erne zetorren... Bi-orrian... Lau-orrian... Urteeroko esankizunen leloa, gutxi gora-beera! Baziruditen bigarrengoz, aioek zirela, edo gutxieneko beintzat, belaunaluiaren atzerapenez zeuzkatela urtetik-urterako esankizunik utsenak ere.

        Bero itogarria zen eguzkia jeetxiaz zijoen urte sasoi artarako, Joxe-Prantxiskorentzat gogoangarri izan zitekean egun antan. Eta bazkaldu ondorean, bizitzaren erdia urratua zeukaten Joxe-Migel eta Joxe-Prantxisko bularkide biek, masailla mutturrak gorri-gorri, auek izan ziren leenen mai asero artandik altxa zirenak. Urteero gisa, etxe ingurumari jiratxoa egin-miñaz gilikatuek ain zuzen. Izan ere, begi betegarri izatekotan, ordungoxe irteera zitzaikien giligarrien. Etxepetik etxaburura, soro baxterrik-baxter lur-berri egalera, esiek zeartatu, armailletan igo, bide murkora jeetxi... Mingaiñera zetozenak aztartu, aaztuek berritu... Zeru txiki batean Aingeru bailirakean adiskide eldu biek...

        Ontan, Argindegi-ko etxaburuan goruntz zijoen zaldizkoari begira jarri ziren bat-batean. Zaldian seiñaleetara, nor zitekean abian ezagutu ere. Ain zuzen, erriko sendagillea zen.

        —Jas...! Berri onik ez diagu auzoan... —Joxe-Migelek bularkideari.- Nora arraio joan ditekek ordea...? Ibarrolara...? Lakioletara...?

        —Ordu ontan, noiz eta gaur... Utsean-putzean etzebillek ori!...

        Lankideko izaki... Iñoiz itzerdi trukatu ez arren, saieska begiratu oi ziotzan Arriantxori aitaturiko sendalariak. Alaere, etzen kukildu zabaletarra. Atariko ateetan etzegoen arren, bestea ere etzebillen oillalurrean. Zer arraio gero...! Larrurik ez ziotzan kenduko!

        Eta laisterka-txikian Beoki-zabaleko bide-kurutzera aurreratu zitzaiekien zaldizkoa zetorrenarako, ta emen itxoin zer jakingo.

        Bidean trikestean agur soilla bakarrik oi zuen aitaturiko sendakiñak. Iñoiz, zaldiari oinkada bakar-bat galeraziko ez ziotzan oietakoa zen bide batez. Alabeiñik, galtzadun bikoteakana iristean, batekoz-beste, zaldigaindik jeetxiaz, aparteko zerbait esangura bailitzan, orpoetara zetorkien.

        —Arratsalde on jaunak!

        Baita zeuri ere On Kaietano... —Biek bat-batean erantzun.

        —Ikusten degunez... badegu ezbearren bat auzoan...? —Joxe-Migelek jarrai.

        —Bai zera... Ez degu sendagai zeatzagorik jaia iristea baiñan... Erri zulo ortan zarata ta iskanbilla, arnas artzen ere uzten aldute gero... Zurrunbilloen igesi nendorren.

        —Gazteek, gazte...! —Arriantxok irripar jarrai—. Gu ere izanak gaituzu, On Kaietano...

        —Kontxo...! Zu ere emendik Joxe-Prantxisko? Ez nintzan zeu ziñanik konturatzen...

        —Zer esango dugu... Badakizu, guretzat ere Santikutz...

        —Izango zenuen zerekixeko eginkizunik...

        —Badakizu-ba, ementxen bularra artua naizela... Larremiñaz...

        —Ez nekian ala ziñanik, baiñan onez gaindik ere zerbait estua bai... Antziñako zaiñak ditut gero nik...

        —Azaleko zaiñak noski, ala uste badezu...

        Ordulaurdentsu egingo zuten elkarrekin zenezko bidekurutzean, eta geinbat, sendagillea aldarte oneko, zegoelarik, Joxe-Prantxisko tentatzearren asmatu zituen bere burutazko esamesetan mamituak noski.

        Egona aspergarri ordea, ta zinzurra ere legortuxea ainbat jarduteaz, eta azkenik Joxe-Migelek zaldunari:

        —Goazen emendik ate aurreraino bederen. Txurrut bat artu edo... bestela egonaren egonez, zaiñak emen bertan artuko ditugu...

        Etzuen gaiztzat artu onen esana, ta oinkada bakoitzeko Arriantxori eztenka, Eguzkitzako ateetaraiñokoa berealaxen egin zuten. Emen bizitza bietakoek, Santikutz usaira kaleratu etzirenez beste, etxearen itzalera ta arrizko exertoki otzean kokatuak, kartetan ziarduen.

        Joxe-Migel ao bustigarri billa joanaz batera, erriko sendakin jakituna, zerbait bear-da, arta-aleak jokatzen ziarduen etxepekoei, kartetarako griñak zekarkian ondorenaz mintza zitzaikien:

        —Egi uts-utsa diotzuet; luzerora, jokuak eta zurrutak galduko du mundua... Zuk Joxe-Prantxisko, jakingo dezu noski, aita-semeek zurrutean eta ama-alabak jokuan... dalazko zortziko ezaguna...?

        —A, bai... Badakit zer esan nai didazun...

«Aita-semeak zurrutean-da,

ama-alabak jokuan.

Aurrera ere izango dira,

soiñeko zarrak kakoan... »

        Abian Joxe-Migel, pitxar bi esku banatan zituelarik eldu zen, eta kartetan ziarduen maitxoaren gaiñean utziaz mintzo:

        —Tira, artu dezagun ao-bete... Ardoa edo sagardoa artuko dezu, On Kaietano?

        —Napar-gorritik ttantton bat aski zait... Sagardoak moteldu egiten nau...

        —Arraioa, arraioa... Lentxoago aitatu dezunetan etzatoz bat... —Arriantxok itzetik ortzera—. Polliki biribildu dezu zeure kolkorako...!

        —Au izateko Arriantxo...! Agiñetan errotua zaude zu...

        —Ez zazula pentsa... Geientsuok eroriak dauzkat adiskidea...

        —Agin ateratzen pijoa izanik, zeure utsarteak osatzeko aiña, zergatik etziñuzan gorde...?

        —Zaratak bai... Urteak dire bakarrik atera ez detala.

        —Gazia izango ziñan-da...

        —Gazia... ? Bai, artara egin nituen galtza berriek!.. Bazeneki... Aurrez ontzika ardoa, zerbait txorabiatu zitezen, eta agiña kendu... Eskerren ordez biek! Eta alaere, pixkana-pixkana, lan au bukatu egin zait. Zer derizkitzu...?

        Irri-par algara nasaia altxa zen, Joxe-Prantxiskoren ateraldiaz, zer entzungo ao-zabal moltsoan zeuden aiengan. Baiñan kolpetik ixildu ere algarakoa. Ain zuzen ere, auzo etxeetako nexka-mutil koxkorrak etxaordean jostari zebiltzalarik, auen bat-bateko karraxi larriaz gaitz etsiek noski.

        Zera, Argindegiko mutil kozkorrak, esku muturra autsi zuen zurriñetik erorita. Zalaparta estua uraxen kerizpetan patxadaz zeudenentzat...!

        Eguzkitzako etxekoandreak abian magalera artu zuen oiñaze-larriz zegoen aurra, ta une artan norbaitek esan ere:

        —Bat bearrez... Sendagillea beintzat bertan degu-ta, gaitz erdi...

        Alabeiñik, On Kaietanok ez ziotzan jaramonik egin. Ukalondoa aterea zuela uste bai zuen, eta ostera giltzetan sartzeko, Arriantxoren artezia ezagutu naiaz, au ortara nola jarri zezakean zer asma zegoen iñolaz ere. Sendalari biek elkarri begirik kentzeke zirauten, osterongoek auei begira, zer gerta zitekean ausnartuaz...

        Azkenik, sendagilleak Joxe-Prantxiskori:

        —Tira... Zuk eldu zaiozu.

        —Nik... ? Ori zure egitekoa da.

        —Bai, nere egitekoa da... Arrazoi daukazu, baiñan nik agintzen dizudan ezkero... Ez didazu onartuko eskatzen dizudana...? Ez naiz txantxetan ari. Zer daukala iruditzen zaizu?

        —Nere ustez ezur-autsia.

        —Aterea ez ote gero...?

        —Dena duela, zerbait egin dezaiogun errukarriari.

        —Esaidazu Joxe-Prantxisko... Ni emen izan ez banintzan, eta ezbear au gertatu... Zuk zer egingo zenion aurrari?

        —Aal nezakeana bai...

        —Kontu, egin zazu beraz, ni emen ez nagoela ta zuri iruditzen zaizuna egitera zoazela... Edo, ni gaindik begira egoteak kezkatzen zaitu...?

        —Ez da gutxiagorik, ere. Batekoz-bestera. Naiago dut milla bidar, diardutanean aditzera eman, eta ez gero ondorean esames.

        Izoztuek gelditu ziren, gaindik zer gertako itxaroz zeudenak, sasikeriak madarikatzen jardun oi zuenezko sendagillean jokaeraz, eta bide batez, Joxe-Prantxiskok arekiko izan zuen azalagaitik. Norbaitek, ondorean zigorra etorriko zitzaiola, gogoetan artu ere bai noski, baiñan, Arriantxo xotillarentzat pentsaera bat-bakarra zen. Ezurra konpontzea alegia!

        Ikusten... ? —Joxe-Prantxiskok autsia zeukan besotik aurrari elduaz, eta sendagille jaunari beatz mutturraz ukutu eraziaz—. Autsia duelarik, toki onean alabearrez...

        —Arrazoi zenuen... Autsia dauka bai...

        On Kaietanok, ikus-miñaz bederen, ustekabeko aukera eman ziotzan ezkero, ganoraz astera zijoen Arriantxo argia.

        Ozpin, olio ta eskuka bi gatz naastuaz, au urtu arte itxoin zuen. Onekin ongi busti ondoren, zapi xerrendaz autsia zeukan besa-makilla kiribilka arturik lotu ziotzan, aalik eta odol-bildua jango ziotzan arte, edo gutxienaz, bearko zituen antolamenak zuzendu bitarterako beiñepein. Txori-eztia, (Keriz-ondoei azaleratzen zaien lika.) ekarri zezatela agindu zuen. Atxur-kirten loditsuko saats araki bat ere bai, bi arrautzen txuringoek, eunezko zapi xerrenda bi, aalik bigunenak, ur irakiña ta osterontzekoek...

        Bitartean, ool xaplata bat aizkoraz landu zuen, eta aurrak osorik zeukan besoaren neurria eman. Besapeko sabelunean tinkatuaz, esku-zabalaren erdiz-erdirakoa. Eskua potortzean beatzen indarrez, ez estu, ez nasai, geldituko zen neurrikoa alegia. Oiñazez kizkurturiko zaiñak, edo-ta, autsia zuen ezur-makilla, euren tokietan biltzea onekin iritxiko bai zuen. Saats arakia zumiztu zuen, txori-ezti kozkorra ur irakiñaz urtzen zijoen... Dena gertaturik orduantxen! Aitaren egitea aski, lanari eltzeko...

        Aurrena, ortarako landu zuen ooltxoakana lotuaz, ezurrak leengo giltzetan sartzea iritxi zuen. Ondoren eunezko zapi txirdin aietako bat arrautz liketan bustirik, autsia zeukan ingurua aalik estuen lotzea. Onen gaindik, zumitz ezpalez gogortu ziotzan jira guzia; ta gaindik bigarren zapia txori-ezti lika bustiarekin lotuaz artu, esku muturretik ukalondorakoa. Ontara, auek legortuaz gero, gorputz bat egingo zutelarik, bat-bateko indarra ere bai noski, mugirarik txikiñena besoak egiteke eutsiaz, aalik eta ezur autsian bi ertzak bat egitera itxatsiko ziren arte.

        Joxe-Prantxiskok egin bearrekoa bukatu arteraiño, etzuen iñork ere txistik atera, ta ixiltasuna leenen urratua, zera, erriko sendagillea izan zen. Eta ain zuzen, beso bietatik eltzen ziolarik, bat-batean esku-zabaletan mun emanaz.

        —Jaungoikoak urte askotan gordeko aldizu esku arrigarri auek! ! Ikusi ezean ez nuen siñistuko zure arteziaz...

        Arteraiñokoan gaindik maxeaz mutu zeudenak ere, erle burrunda gisara, batbateko elkarrizketa piztu zuten, onela leengo giro berean sartuaz.

        Baiñan arratsaldea aurreratzen zijoan kurpillean, Arriantxo elduari ere andik aldendu garaia aurreratzen zetorkion, illunerako etxeratuko bazen, eta onexengaitik, urtean beingoz atsedendu oi zen sukalde xotil bezin maitagarri zitzaion artandik irtetzera zijoan.

        Alabeiñik, On Kaietanoren egarria etzen egin zuen ardo txurrutaz bakarik ase. Ez-eta, leentxoago ikusi zuenarekin ere. Zerbait geiago nai zukean jakin Arriantxogan, eta ortarako, onez-on zaiñetik ateraziko ziotzala-ta, bidean aldi batean elkarrekin joan-zitezkela jaio zitzaion kolpetik.

        —Zuretzat irten ordua izanik neretzat ere egona oba ez da ta... Zergatik ez gera elkarrekin joango...?

        —Jas... ! Zure zaldi areari orpoek ikusi bearko diotzat beraz...

        —Ez gizona. Tipi-tapa, oiñez joango gera...

        Bidean beera asiaz bat, mingaiña bere tokian gorde eziñik zeraman sendagille asegaitzak, eta Eguzkitzako atepetik aldenduordukoxen asi zitzaikion ariari nundik elduko.

        —Esan bear dizut Joxe-Prantxisko, zure konponketarekin arritua utzi nauzula. Egia da, leen ez dutala luzatu nai izan, gaindik begira zeudenakatik. Badakizu; azkazal dena esku-zabal ta eskua ukalondo izatera, geitu oi dela onelakoetan. Batik-bat onetxengaitik, esango nizukeanean ixildu egin naiz, Orain ordea, albotikorik ez degun ezkero, aoz-ao mintza gaitezen.

        Esan dizut arritua gelditu naizela zure osakuntzaz. Nik oso bestera uste bai nuen... Ikasia naizenez gero, egundo ez zitzaidan bururatuko, zuk ooltxoarekin egin dezuna egiterik. Burutamen izugarriak dituzu... Nolatan, nundik norakoa dezu argitasun ori?

        —Oitua nagolako seguroxean...

        —Eta gaixotasunari igarri aal izateko... ? Edo-ta, igarriaz gero, zer osabide erabilli...?

        —Ori, gutxi gora-beera zeuretik atera dezakezu.

        —Bai baiñan, ni ortarakoxe ikasia naiz. Urteek joan zitzaizkidan ikasi ta ikasi, liburu lodi aiek jateraiño maskatuaz...

        —Eta, liburu aiek ere norbaitek egingo zituen noski... ?

        —Noski barik. Beste sendakin obegorenbatek... Onelaxen da zientzia... Ezkuz-esku datorren jakituria!

        —Orrela izango da... Batzuek ikasteko jaioak dire noski, beste asko ez. Dakizunez, ni ezikasi oietako bat nauzu, ta jakiña, zueri eskolatzeak argi egiten, baiñan niri ere gure Jainkoak argirenbat eman zidan noski.

        —Leen aiñean uzten nauzu...

        —Eta zer nai dezu esatea?

        —Entzun izan dut alegia, sorginkeriz, edo deabrukeriaz baliatzen zeratela zeurenkix zabiltzatenok...

        —Eta uste dezu baietz?

        —Ez dakit zer esan ere... Ezer geiagorik adierazten ez didazunean...

        —Ez dut uste, sorgin eta deabruekin zer ikusirik dutanik gaixoei aztarkuntza egiterakoan. Egin izan dutana, batik-bat begietan ongi begiratu. Ñirñiran, argiegi edo motelegi, zaiñak gorriek edo ez, begiratu astuna duen... Ibillian-ibilliz, egitura bakoitzeko idurimen bat jasoa daukat. Oiñazez dagoenak, negartiago, gora-larri ta otzikarak, moteltasuna damaioe, zorne-kutsutuei, txatxartu egiten zaizkie, ta gaitza indartzeaz ñirñira galdu, txitxareak deuzkanari, goraka jiratuaz itxi-zabaldua gelditu... Eta olatsu osterontzeko gaitzekin...

        Begiez beste, adierazgarri diren egalak baditu giza-soinak noski. Lepazaiñetan zer-nolako gili-gilia daukan, biotz-tankakoa, arnas artzearen tarte neurtua, aotik botatzen duen usaia, ezur-katilluetako kili-koloa... Ezingo didazu esan deabrukeriek direnik...

        —Ez, ez. Oek guziak nik ere egiten ditut. Baiñan, ezaugarri auek sentituaz gaiñera... Nola igarriko diozu zeiñek zer adierazmen leukakean...? Nik bai liburuetatik ikasiaz gero...

        —Nik ere, nere liburuxka badut kaskarrean...

        —Ikusten dut trebea zerala. Utzi dezaiogun aztarkuntzari alde batera... Au jakiteaz gero, gaixotasun bakoitzarentzat osagaien asmakizunaz, nola baliatzen zera?

        —Ontan ere alatsu esan bearko. Gaitz bakoitzak du osagaia, ta geien-bat lurrak ematen dituen zugaitz eta belarrekin egiñak aberatsen.

        —Belar-urak eta abar... Ez aldira bigunegiak izango?

        —Zenbait, zertaz, ta nola artu, badago aldea... Gaitza berez, xomorrotxo bat dela diote. Nik bestera esango nizuke, Gaitza sortuaz gero, xomorro auek batera-bestera ekiten direla. Esaterako, adibidez jarri zagun okela zati bat. Elbiak ukutzen ez badio, etzaio arrik sortuko, ta ukutu ez dakion aski zaio esku bete gatz. Nik olatsu ikusten dut beiñepein.

        —Aizu-ta, ola izanik... Zerentzat zer erabilliko zenuka?

        —Esatebaterako... Buruko miñarekin: Ankabakar, zain-gorri, basaran... Agiñeko ta zaiñetakoa denean: Basa-millu, lapa-txurri, astalar, ta baratzuria. Zorne-kutsuarentzat: Mermen, zorne-belar, mirura, irukuitza, intxaur orriek... Odolak garbitzeko: Sorgin-idatz, astigar, karraskillu, zakur-belar, eta abar. Biriketako miñentzat, sudur eta eztarri itxientxat: Axal-buztan, errude, erramu, eta asta-mentaz lurrintzeak, eta belar-miñen ura ere artu diteke noski. Giltzurriñak garbitzeko: Lapa-txiki, arta-bizar, keriz-txurtenen ura artu diteke. Gora-larri ta beerakoentzat: Laar-kimuen ura, ta legorregi dabillenean: Tartaku-salda. Gerrietako miñakin: Suge-arto ta txori maats pipittekin igurtzi. Aunditu ta berezkoentzat: Liñaaziaz naasian, basa-porru, malmabelar, exalbuztan, intxusa, kalamillu, tipula ta onelakoekin loturak egiñaz, odol-bildua azaleratzen da.

        —Etzera makala Joxe-Prantxisko... Entzun, eta gaixo ondoren indartu aal izateko, zer janari dela onen iruditzen zaitzu... ?

        —Geien-bat, eztia esango nuka. Bide batez, lore kukulluetiko likaz egiña delako. Lorean baitago belar bakoitzaren azkuntza guzi-guzia. Onekin naasi, elorri ta arkasaats pipitten mamia, intxaur eta uurren mami irindua, arrautz gorringo, ta esne-gaiña ere indargarri dire.

        —Beste ixillekorik ezer...?

        —Ixillekorik ezertxo ez dut. Bat-batean gogoratzen ez naizen gaitz edo osakairen batzuek aitatu ez baditut ere. Alabeiñik, gaixoarentzat sendakillurik onena duenezko egoerari begiratuaz, argia, indarra, kemena, ta poza ematea da. Edozein delarik, eta gu ere bai, bakoitzaren zera ezagutu bear da, ta barruti ontan opildu bear... emen gilikatu bear...

        —Liburuxka ezik... Biblia lodia ere badaukazu zuk or barrenean...

        Etzegoen ez Arriantxoren ari albaiñua eten bildurrik. Milla aitakizun azaleratu zituen arren, beste ainbat ondoren bazituen noski... Ustebarik, baiñan azkenik Urzelaitako bide-kurutzera iritxi ziren, eta emen bide bana artu, ogipeko ta berekixko sendalari biek.

        Banakatu zirenerako ordea, On Kaietanok esan ere; alegia, ikusten zuen tokian, ikusten zuela, txapela kenduko ziotzala... Alaxen izan ere. Geroztikoan bidean trikextean ere, txapela kenduaz gero, burua makurtu oi ziotzan Arriantxo xotillari...

 

aurrekoa hurrengoa