www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VI
PEATZA-MIÑETARA

 

        Etzuen biaramongo egunaren bearrik izan Joxe-Prantxisko minberatuak, San Joan jaian iltzejoa oneratzeko. Ain zuzen ere, eguntxintaren ari-arian, aurreko illuntzean aienatuek ziren jaatxardi bakar batzuen ondoren, Zarabain-go txillardietara igo zen.

        Bai zuzendu ta etxeratu ere etxekoek beste zeregiñetan zebiltzan bitartean. Gero, lan-giro zegoela-ta, arta-jorran igaro zuten egun oso-osoa.

        Esan bearrik ez, egunaren erroan Zabaletako esankizuna mutilari buruz izango zela. Onen egoeraz arduratuak, zazpi bider aitatu ez-bazuten, etzuten txistik aotik atera. Leenetan jarraitzea. Peatzako berri jakiñaz, salto batean joan-etorria egitea. Etxean gilditzea... Denak esan eta berritu ziren illuntze aurretiko ordu etsietan. Alabeiñik, erabaki zorrotzik artu barik oeratu ziren. Jakiña, mutilaren esku uzte zuten osterongoek, ta onek korapillo zaarra ta askagaitza barnean izaki.

        Aurrenengo egunak ontan iges egin ziotzen. Gero aurrenengo asteak. Bigarrenak. Irugarrenak...

        Laugarrenean ondarretan ordea, leenak leen, geroak gero, Peatza-miñetara joateko erabaki zorrotza artu zuen mutillak. Noizpaitean ere korapilloa askatu edo eten!

        Eta ain zuzen, larunbat goizean Maiztegi-ko lo-lekuetara irten zuen Joxe-Prantxisko sentikorrak, eta uste bezela an lantegia izatekotan, an bertatik etxera barik Korta-burura igo, ta Oribi bixkarretik barrena, Aizkorri azpian utziak zituen aizkora ta gaiñontzekoek etxeratu aitzakiaz, berakin gizon jokatu zuen Martxelori, arteraiñoan uste etzuen ezetza eman asmoarekin, larregi luzatuaz zijoan-da.

        Etzuen goizegi irten etxetik. Bazekien lanordu aurretik aruntz joatea alperra zela; ango aginpidea zutenak euren etxeetara lotaratzen zirenez meakiñek lanari eldu ordurako iristea aski zuten-da, uraxen zeritzaion garairik egokiena. Orpoek arin-arin, joan nai zuen tokian, zazpirak, jiratsurako an zegoen, Maiztegiko kantiñatxoaren aurrean, miñetako buru egingo zuenarekin-edo, egoteko irrikatzen.

        Ordu onean iritxi zen mutilla. Uste zuen bezela, lantegietako aginpide zutenak orduantxen ziarduen lanari elduaurretiko gosari-legea egiten. Adin artako mutilla ordu artan ikustearekin bakarrik igarri ere noski, lan ondoren zebillela, ta tankera arezaz baliaturik, ta onek egun onak eman ziotzenaz bat, aiek denen buru zegoenak izpidea artu:

        —Seguroxean, lan billa etorria aiz... Ez duk ala?

        —Asmo ortan nendorren, baldin zertan-artan balegoke... Etxean egonda ere zerbait dago-ta...

        —Bai, bai. Emen lana badiagu... Beste ogei baletozkigu ere... Nai duk gaur bertandik ekin?

        —Larunbata ere degu-ta, egun bakarragatik astelenerako uztea ez altzaigu oba...? Ortara soin-aldagarriek eta ekarri dezazket.

        —Lan-sarian berri jakiñean alator? Emen ongi irabaziko duk, ganoraz jardun ezkero beintzat.

        —Ala dut aditzera.

        —Alaere, aizeak dabillena ez duk beti egi osoa izan oi, askotan ez egi erdi ere. Ara, aurreneko egunetik beiñepein bost erreal irabazi dezazkek, eta gerora geituaz joango aiz noski. Jakiña, lanerako zertsu arreta, egokiera ta abar... Batere alegindu ezkero beiñik, urtearen azkenerako sei ta erdi irabaztera jarri eziñik ez duk izango.

        Etzen asarre mutilla. Berak uste zun baiñan geixeago eskeñi ere ziotzan-da.

        Bereala, andik urrean, altz-tartakadiak illuntzen zuen Beeko-errota gaintxotik igoaz zijoen bidexka artu nai zuen Joxe-Prantxiskok, eta illabete aurrez Aizkor-ondoan utzi zuen lantegirako zuzendu zedin Saluita gaillurrera igo.

        Baiñan asieratik oztopoak... Zankopetan zuanezko bidatxidor artan, begi-urraka joatea zegokion, Maiztegiko sailletan zijoan-da. Begi ta biotz bide batez... Ta ain zuzen, Maiztegiko soroetan iitaroa bete-betean. Eta iitariek ere gari-saillean zebiltzan ordurako.

Etxa-buruko kukulluan, gabeko intzaz ezkotuak zeuden pagadar-tantai tartea urratuaz zetozan eguzki pintza medarrak, iitaien ao labainduetan, eta iitariek ematen ziotzen esku-dantzaren arian dizdira bizia sortu eraziaz, zorrotz ziarduen.

        Nai etzuelarik ere, oinkada moztu egin zitzaion. Orpo-jokua moteldu... Eta leendiko txingar-sua piztu. Indartu...

        Galsoroan egalera, ta gaztaiñazpian lau ankak luze zegoen zakur nagia zaunkaz asi zen bereala, eta iitan gerri makurka zebiltzan etxeko nexka biek, zakurrak susmo zuen alderdira jiratuaz, aizpa gazteak Pantxikeri:

        —Nor ote gizaseme ori?

        —Norbait izango dun... Urreratzen zaigunean ezagutuko diñagu.

        —Edozein delarik ere, iitaia eskeñi bear ziotzanat...

        —Artuko din bost... !

        —Aizan... San Joan egunez berritsu egon giñan Zabaletako Joxe-Prantxisko zirudin... Besa-eraginkeraz ere oso-osoa...

        —Ago ixilik begi luze...! Aitatzea ere...

        Ezetz eta baietz, Mari-Pantxikek abian ots eman ziotzan zakurrari ixildu zedin, eta aizpa gazteari arrazoi eman. Marrubi elduen antzo jarri ziren nexka biek elkarrekin aopeko, ta iitaiek arin dantzatuaz, bat-batean garian ekin.

        Etziren aizpa biek bakarrak Maiztegi-etxeberriko gal-soroan zebiltzanak. Auez ezkerrera, urteetan elduak ziruditen galtzadun bi, egun-zorrak ordaintzera Segurako elbarrendik igoak noski. Errenkadan, etxe egaletik, oilloek lardaskatuak biltzen zijoazenak etxeko ama-alabek ain zuzen. Baiñan tartean beste nor ere, etxeko nexka bikote, ta zabaletarra urreratzen zijoen bidea tarte zuela, ta onen begi-urragarri... Ogei urteetan zegoen gazte bat. Alabearrez, au ere galtzaduna...

        —Egun on Jainkoak! Lan giro aldago edo...? —Joxe-Prantxiskok bide murkotik ots emanaz.

        —Etzegok txori eskasa gogoa duenarentzat. —Mutil iitariak erantzun.

        —Atzamarrak orla dantzatu ezkero, aurki menderatuko dezute sailla...

        —Iitaia badegu zuretzat ere...! —Aizpa gazteak jarraituaz.

        —Ez zazula pentsa... Ori baiño ez bada, ikasiak gaituzu lan ontan.

        —Neurtuko gera geixkoen nor geran...!

        Ezin eutsi ziotzan zabaletarrak burruka larriari, ta bide ta soroan tarteko ar-esia gaiñezturik talderatu zitzaien, nai izan ezkero lagunduko ziotzela egoarteraiño beiñepein.

        Aixa utzi ziotzan eskuetan zuen iitaia aizpa gazteak, eta beretzat beste baten billa etxeratu. Bai, saillaren erdiz-erdi zebiltzan gizonezko eldu aietan batek aurpegira bota ere, alegia, nexkan agindua beteariñago zitzaikiola, berak agindua litzaikiokean baiñan. Urteen itzalagatik-edo entzungor egin zuen eta nexken erdian sartzeko gilikatzeri zegoen arren, nork zer esango zutenagatik bere adiñeko mutilla tartean utziaz saillari baztarretik eldu.

        —Ordu ontan zer zabiltza... ? —Irripar galdegin ziotzan aizpetan zaarrenak.

        —Badakizu oiñurrangoan zer aiko-maiko ibilli genuen... Geroztik etxe inguruan jiratu naiz, baiñan bein bear-da... Emen, kantiñan izan naiz. Jainkoak lagun, etzitik, emen izango nauzute.

        Iitaian ondoren etxeratu zen nexkak, iitaia ezik, aoa-bete jaki ere bazekarkian, amarretako legea alegia. Ogi ta gazta intxaur batzuekin, iitaro sasoi ontan jakiñezko mokarua. Elkarrengana bildu zitezen ots eman ziotzen, eta nexkak ekarri zuen esku-otartxoaren jirara urbildu, ebakiaz lurreratzen zituzten gal-itxuta bana ipurpean artuaz.

        —Iitari berria ere badegu noski... ? —Maiztegiko etxekoandreak Joxe-Prantxiskori.

        —Bai, egoarte erdikia lanerako-ta, asi ordurako janaz... Ni izango nauzute emen garestiena...

        —Ondorean saiatu egin bear...! —Mari-Pantxikek mingaiñean ille barik.

        Atsedenduaz zirauteneraiño, ango ta emengo berriek astindu zituzten denen artean, txistik aitatu etzutena, zera, Maiztegitzaz izan zen, ta seguroxean, sailleratu berri zen Zabaletako gaztearen kalterako. Bide batez, estualditik irtena zeritzon arren, etzegoen nasai...

        Azkenengo intxaur aleak autsi ordukoxe, altxa ta bakoitza leengo tokietan bixkor asi ziren erabat indar-berriturik. Tartean bat bakarra gelditu zen noski, artu zuten mokarutxoak ase etzuena. Zabaletako mutil ameslaria ain zuzen.

        Nor nuntar ziren osta-osta jakin aal izan zuelarik, alboan zebilkian gazteagan zituen burutamenik illunenak. Maite-aroan kirikaz zijoen Pantxike eztiaren maitalea ez ote gero...? Bere etorpideari atea itxi zeikion norbait...?

        Jakin miñaz doi-doi zegoen gizarajoa, ta ustez etsaitzat zeukan albo-lagunari, itzetik ortzera eldu ere aalik laisterren:

        —Garitza bikaiña dezute aurten... Atzamar birekin ogia jan bearrean zerate noski...

        —Dirudianez... Etxean jan dezaketena, nola-nai ere eskuetan daukate. Etxaalde nasaia da Maiztegi-etxeberri!

        —Barkatu, nik etxekotzat artzen zindutan...

        —Bai zera, zu bezelaxen lagun egitera etorria nauzu.

        Egoarte buruan bi-iru bidar pitxar-ur gardenarekin, egarriz legorturiko aoak busti zitzaten ibil zebillen Pantxike, berriro ere uraz, bien tartera sartu zitzaikien. Zetorren bakoitzean aurpegia irripar jarri ziotzan zabaletarrari. Pozgarria benetan nexkaren arrera biguiña. Alabeiñik, berari bezin xotil, edo agian xotillago, ez ote ziotzan begiratzen alboko lagunari... ?

        Uste barik, bazkal aurretik ebakitzen bukatu zuten galsoroa. Asieran esan bezela, Joxe-Prantxiskorentzat ere bikatu, esku laguntza eskeiñi ziotzan tarte laburra, eta ain zuzen, goiz-goizetik amets zuen bidean jartzera zijoela, aizpe bien erreguz, eta batik-bat etxekoandrearen alegiñeri uko ez egitearren, elkarrekin otordua egingo zutela itza eman.

        Gari-saildik etxerakoa luze etzelarik, egoartearen erroan Joxe-Prantxiskoren albotiko izan zen gazteak, nexka biek tentari artuaz auen tartera kako egin zuen. Alegia, auen gonapetan kukildu.

        Onen jokaera aski zitzaion zabaletarrari zauria berriztatzeko, edo-ta, gutxienaz beintzat, ixil-idurimen argi izpia, berean illuntzeko. Alabeiñik, izotz-kozkor biurtu zen mutillak etzuen bat-bateko etsirik artu. Neska-mutillen arteko txitxi-potxo algarak, kedarraren kirats miña baiñan garratzago zeritzon arren, bestalde, kezka nork urratu izan zuen.

        Seguroxean, Joxe-Prantxiskoren amets ber-berak zituen Maiztegiko etxekoandre argia bere albora urbildu zitzaion, eta onen xotiltasun etsiak eragiñak-edo, onen itz bakoitzeko, zinzurrera zetorkion upatsak, ezti likazkoek ziren:

        —Onera, miñetara zatozela edo... ?

        —Bai, alaxen da. Denok geiegi ere gera etxerako-ta, nun edo an ibilli egin bear...

        —Aita-amek ere sasoikoak dauzkatzu zuk... Etxerako anai zaarragoa izango dezu noski...?

        —Ez dagiku-ba nor eroriko geran; bixkiak gera-ta...

        Une artandik, Mari-Santos, Maiztegiko etxekoandreak, eskuetan jiratuaz zeramakien iitaiari, esku batez sorbaldan zinzil eusten ziolarik, beste esku-mamian kokotza izkutatuaz, aur bat bailitzakean aopean jarrai ziotzan:

        —Gure Jainkoak denok ez giñuzan zori orren jabe izateko egin. Guretzat batekoz-beste gertatu dire beiñepein... Nola-ala baztarrari eutsiaz bagoaz baiñan, galtzadun baten premia badegu noski...

        —Ori... Bidean izango dezu dirudienez... Alboan erabilli detan oneri tankera orixen artu diotzat beiñepein.

        —Bai zera... Oker zaude. Au nere illoba da. Onek berak dauka etxean andre premia...

        Orduantxen txoria kolkoan! Aurpegi umo biribilla bat-batean gorritu zitzaion Joxe-Prantxiskori. Barrengo txingarra azalera irten bailitzaion, eta leendiko ari albaiñu zimelezko matasa korapildua askatu, edo-ta, bat-bateko tankakoak eten.

        Baiñan arretaz ziotzan mutil ameslariak:

        —Ez dire gauz denak kolpetik egiteko. Bide bat artzea ongi legotik niri ere, baiñan zerren-arren, aurrez txanpon batzuez jabetzea ere... Oraindaiñoan lan egitea gertatu zait, baiñan ardit bat aurreratzeko egokiera barik, eta sasoiz jokatu ezean... Zer ondore neukake...?

        —Aizu-ta, entzun aldezu... Zera, tren-bidea ebaki bear dutenik edo? Prantsesak omen datoz ontara. Egun-saria urretan emango dutela ostera...

        —Urretan diozu?... Ez ote zinzar-ots auek urrutiko intxaurran kantu...?

        —Urre-gorritan gizona!... Zer ikusteko gauden ere...

        Orpopeko tarte neurtua, uste batik amaitu zitzaien, eta iitari bakoitza etxeraiño iristean, attetan kako egin zuten, denak moltsoan biltzen zirelarik. Eta onetxengaitik agortuko bearbada, geituaz artuko zuten ameslari bikutzaren elkarrekiko ur-ernearen etorria...

        Otordua bukatzeaz bat irten bearra zeukan, goiz artan onez-on utzi zuen eginkizuna betetzekotan, eta eguzkia galda beroenean zegoelarik, Saluita gaiñeruntz zijoen bidexka neketsua artu zuen. Emendik urbillago artuko zuen zoritxarreko lantegia. Kortaburutik Gibolako zokora jetxiko zen, emen Oribi bixkarraz gora, Urki-mendiko gaintxora igo. Emen eskumara zeartatzeaz, aldatz bideak amaitzen zitzaizkion, eta naiko bero zegoelarik ere, bostak jiratsurako denak urratu zituen.

        Lotsaz gorritua ere zijoen mutilla, San Joan goizean utzi zuen, zoi ta txillarrez egiñiko lo-toki tzirtzil artara iristean. Baba-lapiko kirten bikutza irakiñaz gar-gar, kiskal usaia emanaz zegoen. Gatzemaille arduragea pago itzalean kukirio, ta Joxe-Prantxiskoren itzuleraz luze iritzia noski...

        —Noizpaitean eldu zera orraitiok ere... Pesta luzeak zenituen...

        —Niri ez baiñan, oba uan eltzeari kontu artu... Babak kiskaltzen dauzkak biurri orrek...

        —Bai zera; babak urik aski badute. Eltzearen gain-kedarrak arrotzen duen kiskal usaiaz kezkatu zera noski...

        —Martxelo nundik nora duk?

        —Ijarapeko lantegian dabil. Txondarrari sua oker dijoakiola-ta, bete-berritzen dabiltza.         —Paxkoal ere bai?

        —Bai noski...

        —Bitartean eltzeari kontu artuko ziotzat eta ua bixkoa-bixkor Martxelogana. Esan akiok, emen nagoela, ta mesedez etorri dedilla apur batean. Aopean esan gero... Ez dezatela beste iñork entzun.

        Aizkorak, soin-arropa ta oiñetakoek pardeltzea baiño etzuen egin mutil lotsa gorrituak, aalik eta nagusi-ordea zetorkioneraiño. Oni, artu zuen asmoan berria eman, eta egin zuenagaitik barkatzeko arrendu baiño etzeukan, eta orixen soilki egin ere. Itz gutxitan, itz-jario barik, baiñan gizonki. Ain zuzen, leen ainbat adiskide izango ziren aurreruntzean ere.

        Egon ordu ere ez zitzaion-da, abian bat-bateko itzulera artu zuen zabaletarrak. Lantegi aietan egindako lanen obaririk ezak samindua noski, baiñan berrian irabazteak ori estaliko ziotzan-da, luzatzera dena aaztuko zen. Lau illabeteetan jan zituen eraskariek ere, zerbait baziren...

        Buru auste auek gora-beera berekix jardurio, ta bestekoz, Maiztegiko aizeak idurimen, bidealdi gogaikarri ura egin zuenik konturatzeke, ta Korta-arbela, bat-bateko aldatz illa ustekabean gaillendurik, Kalpartegiko kukullura iritxi zen illun-arirako. Emendik begipean zeukan, egunaren buruan gogoetaz eta orpoz, ainbat jira-bira egiñaz gero, gabean atseden artuko zuen Zabaletako teillape aseroa...

 

aurrekoa hurrengoa