www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XI
ARABATAR AUNDIZKIA

 

        Aldiak bidatxidor zorrotza zeraman. Egun bakoitzak orduek, aste bakoitzak egunak, urte bakoitzak aroak... Guzi-guzia bide zuzenean zijoan. Leenak igaroak zirelarik, ondorea ari megatxean ikuspegi...

        Era berean, Zabaletako teillape bildu artan ere, aldiak aroak duin zuzen, urteak aldakuntzak ekarri zituzten.

        Amargarren urtea zapaldua Joxe-Prantxiskok emaztea etxeratu zuenetik, eta tarte ontan, leendiko iru alki ustuek sukalde xotil artan. Aurrena Manuela ta Iñaxi, leendiko aizpe gazteen biek etxea utzi zuten, ezkontzaz aldatzen zirelarik. Beltzena ordea, ainbat arrastaka ta buru-auste ondorean, Joxamingo on utsari Jainkoak beregana deitu ziotzan, Zabaletako alki medarra utzirik Zeruko exerleku aseroan betirako atseden artu zedin...

        Bide berean, leendikoen utsunea osatuaz, ondorengo landare berriek zetozen. Joxe-Prantxisko ta Mari-Pantxike senar-emazte onbidetsuek, sei seme-alaben guraso izatera iritxiak, eta zazpigarren muskillaren itxaroz, egunetan zai-zai.

        Sendia ugaritzen zijoen arabera, soro ta etxe inguruak ere geituaz, zabalduaz, zeramazkiten. Sasi, edo-ta, urritz-tartakadi ziren egal ezberdin bat-beste ezean, lur-berrituaz soroei eraskin berriak geituez.

        Joxe-Prantxisko ezik, onen emaztea ere galtzadun bearrekoa izaki, etxekoi purrukatua zelarik, izorraldiez beste, Zabaletarako albotikorik sendoena zen. Dionixi, Joxe-Prantxiskoren senidetan ezkongai bakarra, onek osatzen zuen barrunbe artan irugarren tentekoa. Arteraiñoan beintzat maitasun aztarrik ez izaki, bear-bearreko zitzaien besa-zain zimel aiekiko bultzakoa. Ama Tomaxa, etxekoandre zaildua, bera zen sendi apal arren izkutuko ardatza. Egunaren buruan etxe barnean kokaturik, eta iñoren aurrean azaltzen etziren lantxoekin burrukan, edo-ta, ezpaletiko kukulluek magalean dantzari, aldiro gazi, aldiro goxo. Esan zitekean, ardatz ezik, sendi xotil arren arnasa ere bera zela.

        Bizikera etsi ontan sar zitekean oso-osorik sendi onen egite guzia. Sarrien autsi oi zuena, ain zuzen, etxeko burua zen. Sendalari yayoaren sona aoz-ao zebilkietelarik, ustekabeko joan-etorriak gabetik-gabera geituaz zetorkion-da.

        Entzutez ezagun bazen ere, onen bizikeraren berri zekitenak bakan batzuek baiño etziren. Joxe-Prantxisko ikusi nai zuena Zabaletako baztar izkutu artaratu bearko zuen noski, emendik at, illunbeko bakar ibilliak ziren beretzat. Ara-ona egun-argiz irtetzeko azalik ezagatik, edo langintza berean zebiltzan izain zulakariek ondoren zebilkialako ziurki, ta bide berean, inguru errietan ogipideko ziren sendagille jauntxoek, zama astuna bere bizkarrera bota nairik, noiz ebatsiko atzamarka zebizkielarik, bizibide neurtua eramanaz, etxaalde nasai aren egapetara kokatua zirudin, ezjakiñen begietarako beintzat.

        Azaroa ondartua, ta arrats aurreko ordu laburrak ere ondartzen zijoazkien langille aaulduei, urteeroko leloan estu-estu. Gari ereiteko aizken sailla goldaketan ziarduen ain zuzen. Orduantxen bukatu ez bukatu, akuillu bete lur baiño etzeukaten lantzeko. Itaurreko, Joxe Martin txikia, ta iru senide larrienak goldarian atzesku, ta onek irauliaz zaroen zoi-erpil ezkoak atxurtuaz, besa-zaiñak kizkurtuak ordurako. Etxekoandre gaztea ere, zart egiteko egunetan zijoen arren, gal-azia berdinduxeago ereitearren zatitu oi diren mulkoak koxkarazteko kare autsez errenkada batzuek txuritzen zebillen. Denentzat zuten esku bete lan.

        Tomaxa eldua, aaur gazteen biekin etxe barneko lanetan beti bezelatsu arduratua. Egun ontan ordea, zeregin guztiengatik ere, gutxitan bezela berekixko arretaz afaria aurreratuaz zetorren. Erregearen sukaldari egona ez bazen ere, edonor bardindu zezakean iñoiz-bein aokada goxoak antolatzen, eta egunari zegokioñez, ardi-saieski zezindua goiz-goizetik urepelaz beratzen jarria zeukan, ereitaro amaierako gal-afari entzutetsuari burubide ematearren...

        Illunabar zirtzil artan, sarritan gisa, Zabaletako ateetan zaldizko batek dei egin zuen. Oi bezela, Tomaxa argiak irriparrez artu gizaki ez-ezaguna, ta elkar agurtuaz bat, Arriantxo sendalariatzaz galdegin ziotzan.

        —Ara nun dabillen bera, soro-goi ortan. Onezkero ondartua ere daukate-ta, apur batean itxoin nai badiozu, aurki dezu bertan... Bitartean, sartu zaitez sukalderaiño beintzat.

        Illuna ari-arian orduantxen. Zaldi nekatua etxaordean babesturik, Tomaxaren orpoz-orpo sukalderatu zen arrotza. Emen, jarri zedin alkia emanaz, ogi ta intxaurrak eskeiñi etxekoandre leialak.

        Ogi zatia ao-betean malazkatuaz, ta esku mamian aldian-aldiro intxaur bikoteak autsiaz, zekarrenaren berri ematen asi zen, zer entzungo arretaz zegoen etxekoandreari. Ontan, soroan zebiltzanak lanaldiari bukaera emanik etxeratu zirenean, abian igarri ziotzan Joxe-Prantxiskok berak zekarkian zera, ta arek nai zuena, bera zela, arrotzari aditzen eman.

        Ozmindua gelditu zen albistaria, zarpailtsu zirudin gizontxoak atandu zionarekin, aberaskien tartean ibillia izaki, besterik izango zela uste bai zuen sona aietako osakiña, ta berekixko baiezte larregi gaberik, baiñan zekarkin aginduaren berri ematea zegokion.

        —Zure billa nendorren jauna. Arabatik etorri naizkitzu; Gazteiz-tik. Aundizki baten mirabe naizenez, bere agindupean nendorren...

        —Jesus... Urrutitik zatoz orraitiok... Eta?...

        —Esan nai dizudan jaun onek, joaniko sei illabeteetan alaba miñez dauka. Zuldar iguingarriz buru-arpegiek josirik. Bazter askotatiko sendagillerik onentxoenak ibilli dituen arren, iñork ez diotza sendabiderik aurkeztu.

        —Eta zer esaten diotze?

        —Denak gauz bat iñolaz. Sendatu eziñezkoa dela gaitza, ta txanpon ugari uxatu erazi...

        —Eta ni arutz joan nai du delazko jaun orrek?

        —Ontara bidali nau. Zu eraman zaitzadan.

        —Egun estuetan etorri zera baiñan... Etxetik irtetzeko ere alnago?... Zuk igarriko diguzunez, famillia geitu ateetan gaude-ta...

        —Ongi artua izango ziñake bada. Eta bide batez eskertua.

        —Egun bat gora-beera... Ez altzaigu bat-batean etorriko beintzat eta... Baietza ematen dizut. Zaldiz etorri zera noski?

        —Bai, alaxen da. Ikusi aldezu?

        —Ikusgarria dago. Aixa egingo zenuen andik onerakoa?...

        —Ez zazula uste atarian dagoenik. Gaiñera, ezjakiñez oker-bidea artu dut, eta alper-ibilli luzea egitera eldu naiz.

        —Nundik edo, zer alderdietatik abitu zera?

        —Gatzaga bidean sartu naiz, baiñan Ulibarri-n ezkerrekoari utziaz moztu asmoa artu zorigaiztoz. Ez dakit zenbait gora-beerako egin ondoren Deguixa arkaiztiak zear, neuk aldakit zenbait bide galtze...

        —Erosoago zendukazun Araba-zelaitik barrena Sandrati-ko leizera sartu izan baziña...

        —Aizu-ta, gaberako ostatua zuekin izango aldut?

        —Zer naiago... Ezin lezaioke oe zuria ukatu ibil dabillenari, baiñan ez daukazu gaberako ostatu bearrik. Oraintxen bertan, afal-ostean irten bear gera-ta.

        —Gabaz irten diozu... ?

        —Bai, gabaz. Ala bearrez, nere bizikera geienbat lapurren antzo gabeko illunetan daramakit.

        Esan eta ekin, nexka-mutillak lagun zituelarik ukuillu jirak jesus batean egin, bere ta arrotzaren zaldiei zikirio-ale ta lasto txeetua ganbeletan ipiñirik, afariaren jirara, sukalderatu ziren.

        Tomaxak arreta biziz, leenik aurretua zeukan-da, atzeramen barik maieratu ere, goiz-goizetik amets zerabilkin otordu berexia. Ez nola-naiko afaria astegun buru zurian izateko. Ereitaroak eskatzen zuen maillari zegokiona bereizten alegindu zen beintzat, eta bide batez, aberaski usai utsak ere, alako zirrara gilia sortuko ziotzala ezin ukatu... Saieski saldaz egiñiko ogi-zukua nai aiña. Okela zatixka zirdinduz, eta lukainkaz naastuan arrautz-opilla, ta gaiñerako pertza bete aia, azukrez gozatua... More aurretako, lotsik etzuen afaria noski.

        Patxadaz jan zezaketena, bixkor irentsi bearra izan zitzaien estuena, edo-ta, agian okerrena, teillape bildu artan sendia bera gabean, gaberako burubide artan utzi bear izatea...

        Zaldiek jan bitartea ongi neurtu zuten, eta Joxe-Pranixiskok soiñ-arropa garbiek jantzi zituenerako, seme zaarrenak bearrezko petralak ganoraz lotu ziotzan etxekoari. Arrotzarenak duin betekor ez baziren ere. Arriantxoren baitarako bigungarririk aski bai zegokion maillarako, ta naikoa zen

        Etxean geldituko zirenai aulko-maulko aopean esanaz, ate —erdikitik izarrei begira jarri zen ez-garai beltzean Zabaletako burua. Irteera mokoan noski...

        Soiñean jantzi garbiek, abarka azmantarrek txorkatilletara lokarrituaz, eta bruxa beltx dizdirakorran azpian, eta larru-zorro itxian, gaixoantzat bearko zituen osakilluek arturik, zaldi ibiltarin ongi eziaren bizkarrean artu zuen ordu batzuetarako exerleku megatxa.

        Bidazti arrotzak ere antxen utzi izan zuen aurrenengoz zapaldu aal izan zuen sukalde oparo ta aldengaitza, ta egin ziotzatenen ordain esker beroak emanaz, ekarri zuen zaldi arearen bizkarrean, larru bigunkiz egiñiko exerleku apaiñean kokatu zen, Joxe-Prantxisko-rekin batean, onen atzesku jarraitzeko asmoz

        Gaba oskarbi zelarik, zerupeak illun zirauan. Mendi ertzak osatzen zuten ari-erraiñu zelazkoak bakarrik zekarkien, begietarako goi-been adierazkizun apurra. Izarren mugira sentibera ere, illartargi aurrendiko kandu urrixkak janaz zeroelarik, ixiltasun utsa baiño etzen bidazti zuur aientzat, Zabaleta-ko etxa-buruan zear Saluita kukullurako artu zuten azalbide artan

        Aurreratuaz zijoazelarik, or-emen ardi moltxokak zinzarrots nabarmenak atereaz bide inguruetatik igeska zijoazkien, eta auen jeikierako furi gaiztoarena ezik, osteroan txintik ez zetorkien belarrietara.

        Oazurtza-tik Sandrati-rako arribidean sartu zirenetik, ordundixek asi zen mendi expaiñetara kirikaz illarian zijoan illargi txostuak aurreratuaz zekarkian argi erraiñu gaixokia.

        Gerozaz txuriago zirudin Joxe-Prantxiskoren zaldiak. Bide batez, lepa-lokien ubeletan josiriko burdin-orizko giltze-uztaiek ere, zerbait gurputz egiten ziotzen aundizki morroiarenari.

        Ontan Zegama narrotik, ordu-mugaren tankako etengaitza goietaraiño arrotu zen. Bat-batera, oianak oiartzua berriztatu... Gabeko amabiek, baldin zenbatzean uts egin ez bazuten beinzat.

        —Bi ordu luze bideetan —esan ziotzan Joxe-Prantxiskok bide lagunari—, beste lauren buruan iristen bagera...

        —Illartargia ere datorkigu-ta... Agian zaldiek ere bixkortu dezazkegu.

        —Oraindik ez adiskide, arrarterik larrienak ondoren pasa bear ditugu. Emen bereala, leize barrendik irtetzean Araba-ko lurretan gaituzu, baiñan bee-zelaietara jetxi bitartean, zaldiek motel artu bearko. Zertan abereek zirikatu... Bizkorregi joatea, aizken ondar omen. Gaiñera, eguna argitzerako damaigun jo-mugara iritxi gindezke-ta...

        Abian, aitaturiko leizean ziren. Uraxen bai zela benetako illun-zorro! Zaldien perra tarraskak karaitz gogorrean su-zirrarakoa piztu bide, eta goi-sapailloetatik jausiaz zeuden ur-gesal ttanttoek, edo-ta, abereen arnas estuek, edozeiñi ezur-ikara sartuko ziozkien barrunbe otz artan.

        Araba lurretan leenen errixkek, begien irixpen zituzten luzaro barik. Ain zuzen, Arriola baketsua saietsera utziko zutena. Zakur lo-ausleen zaunka bakanak ziren onen adierazkizun. Utziaz zijoazen baso illun aietan ere, beor irrintzi soriek somatuaz batean-bestean, biderik latzenak igaroak zituztela bazekiten. Aizkorri-ko mendaitz arritsua urrutian galtzen zutelarik, aurki ziren zelai itxuan sartuek.

        Igaroaz zijoazen lurren eredu-edo, makal-ondo lepame azaltsuek bide erara nabari ziren illartargi aulera. Orduantxen lur zelaira bete-betean sartu zen gau-txori bikotea.

        —Gure lurrean sartu gera. —Aitandu ziotzan atzesku zetorrenak gidariari—. Zaldiek ariñago jarriko alditugu?...

        —Zure orren indarra nereak balu... Baiñan, jarri zazu ori aurrena, orrela zerbait aurreratzen degun-edo...

        Joxe-Prantxiskok ubeletik eutsi ziotzan bereari, ta besteak aurreratu zezan lepa-zurdetan gilixkaz artu. Abian lauankazko txikian ziren biek. Alaere ez ziotzan Arriantxonari orporik aurreratzen.

        Goizeko irurak entzun zituzten Egiluz-ko ingurumariek barna zijoazelarik. Geroagoxe, oillar goiztarren kukurruku neurtuek, bata-besteekiko galde-erantzukizunetan bai ziardukean, batean-bestean somatuaz, baiñan joan etsi artan errendu barik jarrai aal izan zuten, alik eta Arabako ori-buru zaarrak iputargi gisako olio-argi motelak erakutsi ziotzaten arteraiño.

        Iñor bizi zen aztar barik, edo alatsu, lo-betean zirauan uri nagusiak. Alaere, gau-zaiek ao-zabal jarri ez zaitezkien noski, etxalde zabalari saiets emanaz, eta onen jirara uztai egiñaz, ifarraldetik bizitoki zeukan zelazko aundizkian jauregi ikusgarrira sartu aal ziren bidazti nekatuek, ortze nasaia egunaren argi izpiek zabaltzen asi aurrendik.

        Morroiak zaldi nekatu biek ukulluratu zituen. Arriantxo-renak arteraiñoan etzuen gisa artako barrunberik zapaldu. Zaldi jabeak ere ez noski, amaika tokitara iritxi zelarik. Eta bat-batean, sarrerako ate zabala utzirik, osteragokoan deitu zuen, ango zirkil-zuloek begi itxian zekizkien morroi ausargeak.

        Abian goiko bizitzara igo ziren, eta gaixo zai zegoen neskame argiak nagusi-etxekoandrei eraman, ordu artan itxaro etzuten berri pozgarria.

        Aurrena nagusia urbildu zitzaion Joxe-Prantxiskori, ondoren etxekoandre mindua, eta itxuraz egitazko ongietorria egin bai ziotzen ere, bat eta bestea, urotzetan sartuek bezelatsu gelditu ziren, Arriantxo, osakille sonatua, tankera artako gizona zela ikusi zutenean. Bestelakotzat zeukaten.

        Gaixoaren aurrera agertu baiño etzen egin. Gela apain artara sartu bakarrik, eta nexka lotan zegoen. Arnasaren artu utziari begiratuaz bakarrik igarri ziotzan, berak uste zuena etzuela, ta alboan zeudenei esan:

        —Iratzarri zazute. Onek dituen zuldar auek bederatziurren buruan sendatzekoek dire. Odoletik datorkio, ta ori garbitzeak dauka garrantzi guzia.

        Lentxoago, Joxe-Prantxiskoren tankerak suminduek-edo, otz-zirrara somaturiko guraso mindu aiek, ez ziotzen gaitzetsi esandakoa. Agian argi izpi bat bederen etsia artu ondorerako.

        Alaba esnatu zuten. Erabat txostua zegoen errukarria. Arriantxok begietara zorrotz begiratu ondoren, apur batean irten zitzela ama ez beteak eskatu.

        Mokor gaiñera altxatuaz Joxe-Prantxiskok ongi begiratu ziotzan nexkari. Aoan, begietan, biriketan, biotzean...

        Apurtxo bateko ixillaldi ondoren, nagusia eldu zedilla eskatu zuen, eta senar-emazte jakin minduei aopean apal-apal!

        —Gaitza naiko zaartua dauka, baiñan alaba aterako degu. Aurpegian ez, odolean dauka onek gaitza. Azalekoa barrengoan adierazkizun baiño ez da, ta odolak. garbitu bear zaizkio aurrena. Garbitu, berritu, ta bide batez indartu...

        Oso-osoan jiratu ziren aita-amen barne erraiek, Arriantxoren aotik itz aiek entzuteaz, eta andrezkoak galdez jarraitu ere, baiñan berak, gaixoen belarriek nola oi diren jakiñean, irten naia nabari ziotzan itzetik ortzera. Amak ala igarririk, aurrena zerbait artu bear zuela esanaz, gaixoaren albotik arteka bat bitarteko zegoen areto itxi batera aldendu ziren. An, alki bigun eta parpaildura dizdirakorren tartean, argizariz labainduriko zola itxaats-gaitzean oiñak txirristaka zituelarik, antxen guraso etsiei eman ziotzen alaban gaixotasunaren ixilleko berria.

        Aita pozberritua, txori argi, alabakana urbildu zen, eta poz-girozko malko mardulak bustiriko begiek legortuaz:

        —Poztu adi alabatxo! Ire osasuna eskuetan diñagu-ta!

        —Uste dezu?

        —Bai alabatxo, itxutua natxion.

        —Gizaki zarpail orrek ezer onik dezake gero?...

        Bitartean, galde ta erantzun, aitormen sakona egiñaz ziarduen gaixoaren berri sustraitik zekian ama, eta Joxe-Prantxisko argia, onentzat apaiñegi zen gela itxi artan:

        —...Uste dezu abereenkandik sortua duela?

        —Nere iritziz bai. Ez diozu-ba abere maitea dela?

        —Ori bai... Egunero egunero, ordu bete beñik zaldiakin ibiltzen zen. Etxeko txakurtxoa bere lagunik begikoena zuela ere... Alaxen da... Baiñan, abereen arnasak gaitza ekarri lezake?

        —Kutsutua dauka-ba.

        —Sendatu dezakezula uste dezu?

        —Ori andre, Jainkoaren esku dago. Gaitza berez sendakorra da, ta alegin guztia egingo dut.

        —Zertan asi gindezke beraz?

        —Belar mota batzuek ekarriak ditut, eta auen ura artuaz joan bear du ordulaurdengo tarteka. Gerorago, tarte au gordeaz beste belar batena, ontara ikusiko degu baiñan, lau-bost motetakoek artuaz joatean, gaur zortzirako aixa igarriko diozue odolak oneratu zaitzona. Andik aurrera, geroago egingo dizutedan ukenduz, buru-arpegiek igurtzika artuko diozue, eta azal arakaiztu ori guzia, egun gutxitan aldatuko zaizko.

        —Zuk nai bezela, zure esanera jarriko gaitzatzu!

        —Baiñan arras eroria dagolarik, ondorenean jaki garbi ta pizgarriek artu bearra dauka indartuko bada. Egun-argitan irten ezin dezakedan ezkero, arratseraiñoan emen izango nauzue, ta bitartean, zer-nola egin eta artu, esanaz eta erakutsiaz joango natzaizue.

        —Zergatik etzera geldituko alik eta egun batzuek dijoazen arte? ... Bear dezuna pozik emango zaizu... Tira, esaidazu baietz...

        —Eziñezkoa zait orixe... Ez dakit onuntz bideetan ere nola jarri naizen... emaztea erdibitze egunetan daukat-eta; esandakotik ezin dekazet ordu bakar bat bera ere luzatu.

        Argitik argirakoa oso-osorik artu zuen bere asmakizunei atarramendua emateko Otorduez beste, etzuen tarte aundirik alperrik galdu.

        Gaixoaren ardura berak artu zuen, eta atseden zedin tarte-marteka oeratu bazen etzuen begirik bildu aal izan. Batetik, toki arrotzean zegoelako-edo izan zitekean, ango parpail tarteko egoera larregikoa zitzaion-da. Bestera ordea, etxekoen ardura zorrotzak burutamen astunagoak zekarkion. Illargi berriarekin ez ote itxaro zuena etorriko? Ardura onekin zegoen beñepein.

        Azkenik, eguna zer-nai, jauregi oparotsu artan igaro-ta, etxerakoari eman ordua iritxi, ta ezur uts zegoen nexka gaixoa agurtzean, senar-emazte aundizkiek ezker-eskuma tentel zirelarik, egin zuen guztiagatik zer bear zuen galdegin ziotzen.

        —Ezertxo ere ez. Neronek eta zaldiak jan deguna, aski ta geiegi dela iruditzen zait egin detanen alderako

        —Ez orixen! Etzera ontan joango.

-Ziotzan nagusi eskerberak-. Ikusten degunez, gaixotasunari igarri diozu, ta oneratuko den uste osoarekin, aspaldidenik urruti gebilkigun poz betea etxeratu ere ain zuzen. Tira, tira, esan zaiguzu bildur barik zer kendu izan dezun.

        —Ori nire jokabidea ez litzake izango, eta zuri zertxobait eskatuko banizuke, lenengoa ziñake. Alaere... iñori eskatu ez diodana eskatzera ausartuko nintzake. Alaba oneratzean, niri mesede bat egitera iritxiko baziña... Zuek aberatsok, tokian-tokian ateak zabalik dituzue-ta...

        —Nik dezakedana bada, oso-osorik zure esanera jarriko natzaizu.

        —Bazenekian nere atzera-aurrerako guzti auek, lapurretan bezela ixil-mixilka egiten ditudana?

        —Ez nekien...

        —Onentxengatik, ibilli guziek gabaz egitera beartua nago, alaz guziz ere arrisku bizian nork noiz elduko, eldu ezkerio zigorra neukake, ta zigortzeak nere famillirako arri abarra... Nola ordaindu?... Arrisku denei iges egiteko, aski zait deitzen didatenean uko egitea, baiñan au ere ez dit barrenak agintzen. Nik zerbait aal badezaket, zergatik ez nor edo norri bizia luzatu? Gure Jainkoak, bakoitzari eman digu eginkizun neurtu bat, eta niretzat bide auxen aukeratu zuen noski. Bide batez doai bat eman dit, eta eman didan ezkero, dezakedana egitera beartua nago. Nik ordea, ala-ola, zabarkerriz-edo, erantzun ezean, Berakiko esker-gaiztokoa nintzake... Beraz ezagutuko didazu nire esanaia. Bi korapillo dauzkat, bi zama bizkarrean. Bat, Jainkokikoa, eta gizaartekikoa bestea.

        —Beraz, egiten dituzun ibilli, neke ta buruauste guzi auek, iñori on egitearen alderako, beste obari barik diarduzu?

        —Alaxen da...

        —Gizarajoa! ... Ogi-mami utsa zera! !

        —Sendagille izatezkero eskolatua bear omen, nik ez nuen doai ori izan, pirma botatzekorik ere ez dut jaso, eta eskolatze bidez iriki direnak, ogipeko gizon ikasi oiek gorrotatzen naute. Nik ez diet iñori egungo ogirik kendu, ez kenduko ere, bakar-bakarrik nai nukeana da, utzi datzaidatela dezakedana egiten eta kito... Igarriko zenidan noski nire egarria zergatik den? Alegia... Aginpidekoengandik baimena eskuratzea. Orixen litzake niretzat lur ontarako zerua...

        —Toki onean atea jo dezu. Ori besterik ez bada... Badut Madriden adiskide leial bat, begi-betazal gerana, ta onen bidez eskuratu dezaket. Ain zuzen, sendagille-eskoletako buru egiten du berak. Jatorriz Euskaldun odoletikoa, ta eiztari itxua izaki, Abendu-ko ilberriz etorriko zait ziurki egun batzuetarako nire etxera, Gorbea-ko basoetara basurde eizera elkarrekin joan gaitezen, eta ez naiz aaztuko erreguaz. Eskuetan daukazula jo zenezake.

        Etzekien zertaz eskertu poz-giliz begiek busti zitzaion Joxe-Prantxisko biozberak, eta bosteko latza luzatu ziotzan esker onan agiriz.

        Gela apain artan, mai-buruan beste bitxi askoren tartean zegoen kutxatxoa irikiaz, eskua bete ontzurre eskeiñi ziotzan jaun aberaskiak, egin zuenaren ordain.

        —Tori —ziotzan biotz zabalez, eta begi biek malkotan zituela—, artuidazu esker onez, eta beste ezertaz beartzen bezera, emen naukazula ez aaztu, ta zatozke zeure etxea balitza lez.

        Ez ziotzan ezergatik ere eskupekorik artu nai izan, baiñan ainbesteraiño jardunik, ontzako aietan bat artu ziotzan Arriantxo lotsaberak, amaika bider amets egin arren, egundo eskuetan eukitzera iritxi etzen pitxi aren jabe egiten zelarik.

        Onenbestez, elkar agurtuaz joan bideetan jarri zen berriro, etxekoen kezka zorrotza burutamen zuela.

 

aurrekoa hurrengoa