www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XII
SANDRATI-KO MUGA-ZAIÑAK

 

        Zegama-ko erri-barrutian, ixilpeko berri bat, denen aoz-ao zebillen. Denen ezagun zen Iruetxeta-ko Joxeleon, zamaz edo-kontrabandoz arrapatu zutela alegia.

        Askoren kolkorako, etzen arrigarri norbait erortzea, erguendar lautik iru, ta agian laurek, bizikera ortara makurtuak zeuden-da.

        Olaberri inguruan zamaka aundiarekin zijoela omen, ustekabez igesari emateko astirik gabean iñolaz, zepoan eroria zela. Auxen zen gutxi gora-beera aotan zebillen burrunda.

        Ifar aizea duin zorrotz ao-belarri zebillen guzia, etzen ordea egi garbia, dena gezur borobilla ez bazen ere. Joxe-leoni beñepein ez ziotzen iñork atzamarrik, bota, bera edo beste nor, lepa-zama jaurtiaz aldendu bazen ere. Azkazala ukalondotzat artzea izan zen guzia.

        Ala bazen-ezbazen, bakoitzak zuten naiko buruko min. Sukalde geienetan ar zulakaria lanean ziardun, naiz eta ekarriko zutenagatik legeauspen izugarririk egin ez. Naparroatik, edo Arabatik, iñoiz bein lepaka batzuek pattar baiño etzen izango guzia-ta.

        Aspaldidanik gertatzen zenaren aztarra edozeiñek zekien, eta ez gutxiñen Otsaarte ta Sandrati-ko ardura zeukaten Giputz muga-zaiñek. Alaere ordea, gabeko orduetan oe-zuria bigunago izaki, edo-ta iñorekin txar egin nai ezak, agian eskupekoek pozturik, ikuspegia batekoz-beste aldatzera oituek bai zeuden, ta zuzmurrak-zuzmur, batzuek eta besteek leenetan zirauen.

        Gaindikoek ordea, azpi-jan usaia ongi arturik, eta aldi luzean buruan aztarka jardun ondoren, agindu zorrotza ematera beartu ziren, eta ogipekoek legepera erori bear, baldin eguneko irabazi apurra galdu nai ez bazuten.

        Pipertuek zebiltzan aro artan ziralazko muga-zaiñek, norbait larrutu bear bailuketean. Arteraiñoan oitu ez bezela, gabeko ordu astunenak, sarritan gau-giro makurrari aurpegi emanaz, utsean-putzeana egon bearrak gogaituek noski, katu eiztaria sagu gose bezelatsu zebiltzan batekoz-besteko, edozein ordutan, eta edonori atzamarrak botatzeko amorruz.

        Illargia ari medar zen gau illun artan ere, sarritan oi bezela Sandratiko basapeetara jo zuen muga-zain bikoteak. Bat besteakandik urrutira barik, baiñan leizetiko irteera zaintzeko erara izkutuan kako egin zuen bi aietan batek. Beeraxeago mendi mokorrean ziren pago tartaka batzuek babes zituelarik bigarrenak. Ain zuzen, elkarri eginbearreko su-arri kiñuek aixa artzeko tankeraz jarri ere.

        Egona luze, ta aspergarri zijoakien. Gabeko amarrak... Amabiek... Ordubiek... Orduek joan, orduek etorri... Txistik ere ez sentitzekorik ezereztasun illun artan. Asarrearen beroa bera ere baretuaz, edo-ta, egoeraren leloak ozkirriturik, ao-zabalkakoek eta auek lokamux gilia, gerozaz nagiago zijoazen gau-txori etsi aiek.

        Alabeiñik, nundik ezean zerbaiten zarata susmoa zetorkion arzulotik urbillen zegoenari. Iduritu, ta belarriek egiztatu ere geroxeago. Norbait zetorren.

        Eurenkixako kiñuek lagunari egin ziotzan, onek, artua adierazi ere bai, ta bi zaiñak zer azalduko erne jarri ziren belaun katilluek dardari-larriz. Gerozaz urrerago zetozen abere oiñots ziruditen zarrapar etenak. Mendiko larre-beorrak ote?... Edo-ta, itxaro zituzten axariek mandoz zamatuta?... Une motzaren buruko ikuskizuna...

        Zerren-arren lur gaiñera etzin zen lenengo zegoena, ta abian bide azal arritsuak gaiñaldetik zeukan luebaian lapraxtan aurreratuaz, izkillupean geldiarazi zuen urreratuaz zetorrena. Mintzotsa nabaritzearekin tartaketan zegoena ere arnas-larriz orpoetan zen. Txoria eskuetan zeukaten...

        Etzen mendian larre billa zebillen beor izukia eskuratu zitzaiena. Ez bikote arroskoak uste bezela kontrabandoz zebillen axari zaarra ere. Zabaleta-ko nagusi lo-ariña zen, ordu aietan zetorren zaldizkoa. Illargi bat leenago, ordutsu bereetan bide nekagarri aiek zapaldu zituen Arriantxo onbidetsua.

        Gizarajoari barren osoa jiratu zitzaion geldierazi zutenak lapurrak ziralakoan. Izan ere, bere bizi guzian ontzurre bat bere mende izango-ta... Basati aiek kenduko ote ziotzen?...

        Bruxaren barren-sakelean, sudur-zapian korapildua zekarkian diru dizdirakorrari, eskua abian bota ere Joxe-Prantxiskok. Ez ziotzen nola nai eramango. Esku-muturrak. neurtu gaberik ez beiñepein...

        —Geldi emen!... —Ziotzan bietan buru egiten zuen bigotedunak—. Aspalditik egarriz gebiltzan-da, erori zera bai... Zer dakarkizu emen?

        —Zer dakarkidan?... Nik ezer ez

        —Nundik zatoz ordu auetan?

        —Araba-tik.

        —Aixa esan diguzu. Ori bagenikigun.

        —Ez zendukazun ortaz zer galdegin...

        —Aizu gizontxo, ea beste era batera erantzuten diguzun. Lotsagabe txatxu ori! Bai aldakizu zeiñekin diarduzun izketan? Erri osoan aotan jarri gaituzue-ta, naspildari alenok...

        Zigorpean iñoiz erorigabearentzat itz gogorrak ziren esan ziotzanak, eta au gauz batetzaz ziardularik, Arriantxo bestekoz artuaz zijoan ain zuzen. Barrengo arra zulaka izaki.

        —Nere egintzetan esku garbikoa nauzute gero... Gaizkilletzat artzen banaizue ere, iñoren onerako nabil oraindaiñoan...

        —On egiten beraz?... Txanponak kentzea beste ametsik ez dezute-ta...

        —Oker zaude ortan

        —Zer oker, eta zer oker ondo!... —Ozpindurik ziotzan beste mugazaiñak—. Esan zaiguzu zer zabiltzan eta kito! Bestela, armaz ebakiko zaitugu derrepente.

        Egia urri zen une antan gizaputz aiekan. Gezurrarekin bide motxean zijoena zekian arren, ontara beartu zen bidazti errukarria estutasun artandik aterako bazen, eta nola-ala borobildu ziotzen bururatu zitzaiona.

        —Egi-egiz diotzuet, Zalduondo-tik nator. Okel-ardi batzuek banituen leentxo eroenak, eta nora ezean aienatu zitzaidan. Berriro leengo larreetara jo zuten berria eman zidaten-da, onentxegaitik eldu nintzan bart illuntzean, baiñan...

        —Aizu, ta nun dituzu direlazko ardi oiek?... Ez dakit nola moldatzen zeraten... Arrigarriena, gure eskuetan erortzen direnak, errugabe batzuek baiño ez direla. Beti bildots... Baiñan badakigu, bide auek barrena tartean tartean zama pollitak sartzen dituzuena. Lardatx alenok, bazter guziek pattarez bete dituzue-ta... Baiñan beste baterako gogoan izan dezazun, irabazi dezun zigorra zure bizkarrean izango duzu.

        Ontandixek konturatu zen Joxe-Prantxisko argia, gizatxar aien eginkizuna zer izan zitekean, eta aurrenetik uste ez bezela, zepoan erori gabe zegoela. Kontrabandista gisara artu zutela alegia.

        Izkillupean zegoen arren, aixa iges egin zezakean bikotean atzaparretatik, baiñan zaldiz zetorrelarik, ontara jokatezko ere lotu egiten onek. Ostera, esan ziotzen gisara, bildots zen bere ustez bikotearen zusmurretara erortzeko, ta zerbait bederen nasaituaz zijoen.

        Zaldiaren petralak gain-azpi banakatu ziotzen, bere soiñeko aztalak atzamartu ere bai. Alperlana ordea; ez ziotzen ezer topatu.

        Dardara-larria bota zuen arren, zer asma zegoen Arriantxo nekatua. Ez zen txantxa izan ere etorri zeikiokena. Utsean-puntzean giltzapetu zezaketen egun bat-birako, ta orrek bildur zemakion, bildur, etxean zetorkionagaitik batik-bat, eta arteraiño esanak gaitzetsi ziotzaten ezkero, bat-batean, burutamen batek argitua-edo, pekatuan zegoela aitormen egitea zirikatzen zuen pizti aiekan aldendu zedin, ta ala egin ere

        —Ikusten detanez zusmo txarrez artu nauzute, ta arrazoi dezute. Atzerago datozen norbaitzuen bide-emalle nator.

        Lentxoago gezurtatu egin zaituztet, agindu orrekin nendorren-da. Aitandu bezela, artzaia naizena ez da ordea gezurra, ez okel-ardi ondoren ara-ona ibillia naizena ere. Abereek zuzendu nituen, baiñan illuna gaiñean-da, gaba egin, eta egunsentian irten asmotan lotaratu nintzan artzai-lagun ezagunaren etxolan. Amabiek aldera edo, ate joka eldu zaigu gizaseme ez-ezagun bat, leize ontandik irten arteraiñoko laguntzaren eskariz. Nik lagunari aurren artu ere ontarako. Abian irteteko gaudela kontuan erori etzela bakarra, iru geiago baziren mando zamatuez. Onetxengatik, itz emana ukatu egin diotzat. Azkenik, ainbat arrendu ondoren, diruz konpondu gera. Ain zuzen, oial-zorroa urre gorriz betea zeukan-da, ontzako bat eman dit berak agindua betetzearren.

        —Eta zer egitera beartu zaitu giza-seme orrek?

        —Leizea igaro-ta bide apur batean jarrai dezadala, norbait somatzen badut aurrera jarrai nere bidean. Ala ezean, jira, ta emen goiko kukullutik ontzak gisara iru oiu bat-besten ondoren egiteko, ta arzulo ontan itxoin dezadala alik eta eurek datozeneraiño.

        —Eta mandoetan zer dakarkiten gutxi gora-beera igarri diezu?

        —Igarri... Oraintsu illabete edo, ori bera egin erazi omen ziotzen aitanduriko adiskideari, ta berak ziotzanez armak izango dituztela uste dut. Dirudienez aietxek berak izan ditezke.

        Orduantxen zetorkien eiz pollita eskuetara muga-zain gose iregiei. Itxaropidean murgildurik noski, Joxe-Prantxisko-ren asmakeria egitzat irentsi zuten, eta egintza goien ura gerorako gorabide izango zutenezkoak, edo-ta sakelak urregorriz berotzea ere zitekena zelarik, amesbide itxuan sartu bat-batean.

        —Egiak salbatu zaitu —Ziotzan lentxoago pipertua zegoen bizardunak apal-apal belarri ertzera—. Zaldia lotu zazu tartakadi ortan, eta zatoz gurekin oiu egiteko izendatu dezuten tokiraiño, eta esan bezela karraxi oiek egingo dituzu.

        Esan da egin. Abere nekatua izendatu ziotzen tokira baztartu, ta ubelak tartakei lotu ordez, lokiek belarrietatik atereaz aske utzi zuen Arriantxok, berak ainbat korapilla askatu zezazkean zaldi areak etxera bidea artu zezan, ta berari ongi zegokion aitz mokorreraiño jaso muga-zain bikotea.

        —Emendixek oiu egiteko agindua daukat.

        —Zaude apur batean ixilik, toki artuetan jarri gaitezen.

        Arkaizti maldar artandik zetorren bide orraztua izkillupean artzeko eraz, karaitz motrolloaren orpoan etzin ziren, eta orduantxen iru bider egitazko ontzan iduri karraxi egiñaz, eurengandik aldenduxeago pikotxean kokatu zen, irtekun medarra begipean zuelarik.

        Gizarajoa nasaitu zen ordundixek, begi-belarriek beren giltzetatik atera bearrez zijoazenak beste biek ziren. Geroametsaren giliz estutzen ote? Edo, bildurrak kukildutzen?...

        Ordu laurdengo tartea jarri ziotzen Arriantxok, mando zamatu aiek eldu bitartekoaren muga bezela, baiñan berak erdia larregi zuen egin bearrekoa egiteko, ta zaldiaren oinkadak berekix idurimenean zenbatuaz zeramazkien. Lepa-lokia kendu ziotzan zaldia etxera bidean jarria izango zen ziurki, ta ura noraiñotsu joan zitekean neurtzea baiño, etzeukan beste ametsik.

        Iritxi zen une itxu artara. «Oraintxen duk nerea!» Ziotzan barne argiak, eta bat-bateko abiaduraz, arnas-artze bakarra aski izan zuen gibelera zeukan arkaitz mokorra zeartatzeko. Bide batez, mauka lodien itxaroz zeuden muga-zain goseak, ao-bete ortzekin utziaz.

        Begien itxi-zabaldua egin ainbat asti etzuen igaro, zaldiari lotu siñua egin ziotzan tokira iritxi aal izatera, ta berak uste bezela, lepa-lokiek an zeuden utzi zituen tokian. Zaldia joana ordea bere bide zuzenean, eta abiadura artan arrikada bete egiterako, onen belarri zorrotzak aberean oiñotsak somatu, manda-bide arritsu artan urruti barik zirela.

        Ordundixek nasaitu zen gizarajoa, ta aurren artuaz batera, ubelak lotu, ta bizkarrera igo ziotzan eta laukoan jarri, urruti barik zen bide-kurutza artuko zuen arte.

        Arteraiñokoa nola-ala egiñaz gero, eguna argitzean perra urratsetatik eldu zeikiokean-da, etxerako bide zuzena utzirik okerrekora artu zuen, Zegama-zokorako loi-bide biurrietan apur baterako itzultzen zelarik, eta gerora baso soillean sartu zaldian urratsa galdu zezan.

        Oker-bideak gora-beera, lur aiek ezagunak zituelarik, zuzen zebillen gau illun beltzean baso itxuetan barrena, batik-bat etxerako tartea moztu zeikioken bidatxidor azalak utzirik, aruntz-onuntz biurka, tarteka otadietan irten eziñean bederik, eguna argitu aurretik Larrosain-go zabaldian zegoen, eta leenen argi kiñuak Zabaletako ateetan igurtzi zuen gizarajoa, bi gau luze, ta egun osoa etxetik urrun ibilli latzetan eraman ondoren.

        Ibillaldi aspergarriek egitera iñoiz iritxia zen leenago ere, alaere egin zuena bezin latzik egitera, etzen eldu arteraiñoan. Bere iritziz, ez egitera beartu zun makurkeririk iñoiz egin ere, baiñan joanak joan, pasatuek aaztuko ziren-da, etzeroen egiñaren damurik.

        Beti bezela, Zabaletako teillape aseroak sarrerako ate erdikia zabalik zeukan eguntxinta artan ere. Bildua bai, baiñan zirrizkutik eskua luzatuaz, bee-maratilla jira-ta, zuzen-zuzenean emaztea lotan egon zitekean gelatxo medarrera igo ere Joxe-Prantxisko argia. Eskuetan zeraman argizari erroska piztearekin batean, ura zen ustekabeko ikuskizuna...

        Bere erraietako Mari-Pantxiske, amabi ordu leenago, argi emaniko, arrosa zirudien alabatxoa bularrean zuelarik, poz-txorabio arkitu zuen gaixoa...

 

aurrekoa hurrengoa