www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

II
BIDEZ-BIDE

 

        Iñoiz baiñan otzago zegoan goiz artan Artzuagako sukalde baketsua.

        Oso goiz oe-zuria utzi zuten geientsuenak, eta arretaz beren lanetan ekin. Gaztetxoenak, alegia, ardurage ziranak, auek bakarrak etzanean zirautenak. Osterontzekoek mintzo-aria amustua zeukaten, esanbearrekoak osta-osta aopean janaz, aurpegiak txuri-ori zituzten, bepuruak eroriak, astuntasun larri batek eetxiko baileikien gisa.

        Pozez egon ordu etzen izan ere, arterañoan oso-osorik zirauan sendi apal artatik muskil bat autsi bear izatea astuna zan noski. Egiari muxin egiteko etzen une betea; irakite larriegian asteko ere ez agian, aldi motzerako maita-erraiñuak sor-erazi ziotzen lauso likakorra baiño etzen-da.

        Zortzi egun leenago mutillaren burubidea, pozaz irrikatzen jarri ziran sukalde artan bertan, ozkirri illun batek gaillendu zituen ordu larri artan. Etzen gaizkillerik, ez errudunik iñor, salatzallerik gutxiago. Alaere, bakoitzak beren barnean bazuten zerbait zulabide. Lauorritan asun landarexka erne berriak, baiñan ez iñor erretzeko, asunan ukutuak oi-duenez, beren arantzatxoak gordean itotzeko baizik.

        Onanean, guraso minduak damuz zeuden mutillari aurrerapideak emana. Apika, etxekoandre gazteak berak ere esan zezaken, eta esango zuen ziurki bere baitan, etxe artara bera sartzeak autsi zuela tellape artako batasun berdin gabe ura. Joxamingok berak, txoria bezin argi jeiki zen Joxamingok berak ere, agian aurpegi ezagun aietaz antzaldatzen zirudin, sarrerako ate-erdika iriki-ta zerupe morera begira, egunaren argi zirrara itxaroz zegoen une gazi-min artan.

        Egunaren kiñua, ta etxekoen agurra aski zituen zankoa luzatu aal-izateko, ta alaxen egin ere. Guraso ta senideekiko itz soillak aldatuaz, San Andres artekotz etsia eman, eta bideari eman mutil amestiak.

        Goiz giro argia zetorren. Neguaren gibelean udaberri jantziz ukutua. Laiño zirdinka orraztuak mendi gaillurretan urbil ziruditen, gerora gorri-nabar biurtuaz. Ego-punttua zan goietan nagusi, ta bee-zokoetara bildurik laiño estalgi txuria gabaren illunean lotan zegoeneko irudiz nagi-nagi, ibai dantzariari berekixko murmuru sorgarria ixillean gorde nai ziokeana adieraziaz. Bide baztarretara narrasturik zeuden ote-kimu arre loretuak, oro elorri tartaka biurriak, gabean jaso zuten intz ezkoa tantoka boteaz zijoazen, argiak zemaien lilluraz, edo-ta, neguak utzi zieten erdoia malkotan urtuaz bailijoakien.

        Geroxeago, txori amestiak sasipetan txortxor, or-emen, saatsondo meaxkak muskil berriak eman bearreko begiak lertuaz, bide batez, lore mototsak zabaltzeari emanak, izadiaren aldaaro arrigarria ateetaratua zaneko adierazmen ixpillua emanaz, Joxamingo gili-berak erraietan itxatsia zeraman antzo.

        Aixa zan bide-bidatxor oiñezko ariña iñaurkiñaroan iitaitu oi zituzten garo-saillak zear, beretzat aldagarri ta abar, aizkol kirtenetan pardelduak lepo egalean kako zituelarik, Alegi auzora eramango zuen urbilbidean sartu asmotan. Ortarako, Kizkitzarakoa eskumara utzi-ta, Urteagako meargunean barna arri bete bide zeukan bide irmori jarraika, Mendeun-go bizkarra artu bearra zeukan aurrena.

        Mendeun-go bizkarra!... Bein eta birritan bere jaiotetxe zaarra urrutirago ta urbillago nabariarazi ziotzan muiñolepaxka giligarria! ... Orduantxen egingo aldi baterako begiratze maitekorrena bere eremu ta jaiotetxeko teillape zabalari ziurki, ta arterañoan jolas-bide zitzaion Arriango auzo bilduari. Begiratoki irten artandik berriztuaraziko ere bere ondorenatzaz, ama bigunari sor zezaizkiokean zalantza miñak. Zalantzaz... Bai, amak eta berak ere. Joxamingo umestiari ez bai zizaikion arteraiñoan ontzakoak baiño bururatu. Gurasoen albotik aldentzeak zekarkiona etzuen alegia iñoiz ausnartu.

        Bide berean, Artzuagako etxekoandrearentzat ere alderdi bi ziran ikuspegi; argia ta illuna. Etxetik irten gabeak etzekien auzoko berri. Bearrezko zitzaion beraz, berak bere soiña jazten ikastea ama-zulo izango ez bazan. Ortik zetorkion argi izpia.

        Illunaren zirrarak bestekoz zituen zastaka. Nolako lagunak artu zezazkean mutillak?... Nolako esamesak, adiskidekeriak, erabilliko etxekoen itzal gabe?... Orduraño ogi-puska utsa zan. Joxamingo etxekoiak, bide okerretaratzeko oiñarri ez ote zezakean izan etxetik aldentzea?...

        Gogoetak gora-beera, oiñezkoaren joana orratza bezin zorrotz izaki, Ormaiztegi ta Alegiko etxaalde pizerrak ezker-eskuma utziaz, otalur maldarretan ziren biurkako bide attal aiek gora zijoen.

        Berak itxaro zueneko bide-tartea aurreratuaz zeramakin, eta ez oskarbi, ta ez oskorri zen zerupeak leku emanik, eguzkiaren leenen izpi barexkak Lierniko Baseliz bakartiaren paparrean gilikatu zuten.

        Urrutitik bederik, ezagun zitzaikion Joxamingori baseliz soil ura, ta inguru-mari daukan mendi-lepo maxkarra, Kizkitzatik edo Mendeun-go bizkarretik iñoiz ikusiak zeuzkan-da. Gaiñera, etzen bein bakar aitatua Artzuagako sukaldean Lierniko Ama Birjiña otordu aurreko eskeintza-eskarietan. Apika, zuten jaieraren itxumenez, oillanda bat-beste eramana ere zan Erroxa oparitzaz esku-otartxoan, eta etzen arrigarri aukera ura izanik barrunbe txukun eta apal artan sartu-irtentxoa egitea. Ontan, bere pardeltxoa elizpean utzirik atera urbilduaz oni bultz egin ziotzan, baiñan artean itxia zegoen, gero Peatza-mineetatik zetorren mandazai bizartsuak aitandu ziotzanez... Giltzazaia auntzakana joana omen zen Aitzpeeko basoetara.

        Bitartean bide murkoan exeri, ta ogi-barrukoari agiñak sartzea ere bururatu zitzaion, baiñan goiztxo iduriturik au gerogorako utziaz mandazaiarekin aiko-maikoan joan zezakean-da, abian zekarren bideari eldu ziotzan.

        Igo-jetxian zijoazen bide lirdikatsu ta perraz ebaki aietan, ezagun zan mandoak lan astunetan zebiltzana, edo-ta, gutxienaz zama astunez zerabizkilla, urte aietan meazlanak aparretan zebiltzan-da.

        Mandazaiak aitandu zionetan, buruan aixa pasa zitzaion bere ezjakintasunagatik, aukeratu zuena baiñan irabazpide aseroagoa galdu zuela, baiñan itza emana zegoen-da, etzegokion betetzea baiño. Burutameñak artu arren, auek bere kolkoan ito-ta, geroari itza utzi bear...

        Bi-iru basetxe bakarti saietsetara utzi, soro, belardi, ta bidatxidorrak ezik, sagasti mardul eta gaztaiñadi zabalak ere zeartatu zituen. Gerorago, errotatxo maxkar bat ezkerretara utziaz, otadi maldarrak, urrizti ta tartakadi itxiak aurrerago, joanaren buruan alik eta Artiri auzoxka arera iritxi zan arteraiñoko bide lagun etzeroan ixiltasun soilla baiño.

        Ikuspegi zoragarri artara iritxi zanerako, bidealdi neketsu ta sorbalda gaiñeko zamaren astunaz edo, izardi lapraxta ere atereaz zetorren-da, bideari etena emateko beta egokia Joxamingorentzat.

        Erdi-bide egiña orluantxen gutxi-gora-beera baiñan aurrerako jarraipideari eltzeko an-emen atea jo bearra zetorkion, bide ez-ezagunera sartzera zijoen-da, alabearrez ordea etzuen iñungo aterik jo bearrik izan.

        Ipar begiari babes egiñaz, etxa-ordekoan kukullura kakotuak, otzari leku ematearren, edo-ta, aizeak txitxi-potxoak zabaldu bildurrez, iru neska gazte bere kidetsukoek an zeukaten egon toki, marmariz eta algaratxoka, euren-kixeko esamesetan itxatsiak noski.

        Aiekana urreratzeko azal biko aurpegia bear bazan ere, gizonki itz eman arriaridar gazteak:

        —Egunon Jainkoak. Babesean egon giro ezta?

        —Aizeak iñoiz aiña gordinkeri ez badabilki ere, gordean. Irutan gazteen zirudien aurpegi zabalak erantzun

        —Alajaiña... Aste buru zurian goizean-goiztik pinpirrin-da... Etzerate gaizki bizi...

        —Aste buru zurian? Ez aldakizu gaur Austerre dala? —Ospinki jaurti ziotzan elduen zirudien begi larriak.

        —Izan ere... Arrazoi dezute... Gure errian oi-danez, zuentzat txanpona!

        Bat-bateko algara sortu zuten irurak mutillaren erantzun nasaia jasotzean, baiñan onek kezka berekin zaroen-da, serioxki galdegin:

        —Udana-bentara joan nai det eta... Zuzen nijoa bide ontatik?

        Itzetik ortzera galderari eldu ziotzan aitaturiko aurpegi zabalak.

        —Bai, auxen bera dezu aruntza dijoena, baiñan orduerditsu moztu dezakezu urbilbidez zerbait egin-da. Etxerakoari zirkil egiñak geuden baiña... Neronek zuzenduko zindukat nai badezu, bide-kurutze ber-bertara joan bearrean nauzu-ta...

        Beste biak, batek-bestea ukalondoz joka ta ao-zabal gelditu ziren bikote ez-ezaguna bide beera jarri ziranekoz.

        —Urbil bizi zera noski? ...

        —Bai, berealaxen ikusi dezakezu nere jaiotetxea, basaarte izkutu ontantxen bizi naiz.

        —Basaarte izkutua?... Zu bezelako arrosa pertxenta sortu duena, basa-lurra ezik... Zotondo mardulagoa bearko du izan.

        —Ori lora-txorta bota didazu. Badakit arrosa kukullua ez naizela gero.

        —Ariz aldatu gaitezen... Gaurko eguna jai gordetzen dezute?

        —Ez, jai ez degu artzen, jai-erdi esan leike. Autsa artuaz egin degu eliz jiratxoa-ta onekin garizuma luzeari sarrera eman.

        —Luzea diozu?

        —Beti bezela... Zazpi aste osoak...

        —Ori zuretzat noski. Neretzat zazpi illabete luze sartuko dira gaurdik.

        —Tentari asi zera edo?.. .

        —Ori oba! Igarriko zenidan noski basora nijoana?

        —Ez dakit-ba... Aizkorak bizkarrean damazkitzu baiñan... Ez dira basoan lan egiteko soilki egiñak eta...

        —Beraz, ez didazu basa-mutillan tankerik artu?

        —Ez dakit zer esan. Badakizu emakumeok mingaiña ariña degula... Barkatu senik barik esan badizut.

        —Ez daukazu barkamena zertaz eskatu...

        —Aizu ta, azala detala esango didazu baiñan... Nuntarra zaitugu?

        —Arriandarra.

        —Jesus... ! Lantegira andik oneraiño zatoz?

        —Zer nai dezu... Ontzako batzuek irabazteko aukera detanezkero...

        —Ez dago gaizki... Gurean ere premi batik ez gaude baiñan, galtzadunik ez gera-ta...

        Nexka-mutil bikotea bat-batean mutu gelditu zen, eta bidean aurreratzen zijozenezkoan, mingaiñen moteltasuna idurimenetan gaillendu. Alabeiñik, andrezkoan kutxatilla attalagoa izaki, onen jaiotetxea begiperatu zutenaz-bat, elkarrekiko ixiltasun antzua nexkak urratu zuen.

        —Ara. Onako auxen dezu nere jaiotetxea.

        —Etxaalde nasaian sortua zera! Izenez jakin aal dezaket?...

        —Zergatik ez...? Zabaleta. Bi bizitzetan bi familli ementxen gaude...

        —Ongi dagokio izen ori. Barrunbe zabaleko etxea dirudi, ingurumariz zabalagoa noski, ta alabearrez, alaba ere muxu-zabal...

        —Talo asko jana izaki...

        —Esan diteke...

        Ontan igaro zitzaien bide-kaxko laburra, ta ustekabean erakustea agindu ziotzan bide-kurutzera iritxi.

        —Orra, zoaz bide ontatik egaleko pagadi mokorrera, an bertan gorakoari eldu, eta bizkar kukulluraño iristean, armailla batzuek bide, itxituraz ezkerrera dagoen burdi-bidean sartuko zera, berak Elorregi-auzora zuzenduko zaitu.

        An, edoziñek jarri zindezke berriro emen uzten dezun manda-bidean.

        —Ongi dago, onenbestez zuzendu nindeke... Milla esker zure laguntzagatik. Agur, eta urren arte.

        —Jainkoak nai dezala...

        Etzeramazkian orpoak narrats erakutsi berri ziotzan kurpil-bidean zear. Etorrera bakartiaren ondoreko itzalditxo neurtuak arnas-berritu zuen noski, edo-ta, txitxi-potxoan galdu zuen unetxo motxaren billa ote zijoen?...

        Ala bazen, ez bazen, mutillaren abailla ikusi-ta, burutamen berriren bat jaio zitzaiola zirudin. Pardeltxoan zeraman ogi-bitartekoa jatea ere aaztua zijoan. Meatzean ziardun mandazaiak aitanduk erori ote zitzaizkion zerbait astun? Edo-ta, ezagutu berri zuen arrosa muxu-gorri aren ondorio, ez ote agian ixilpeko korapillorenbat sortu?... Biek zezaketen toki artua gazte amesberan baitan. Ogi-bide baten billa irten zen ezkero, etzen arrigarri geroxeagoari leku ematea, maitaaroaren bide zinzurrean sartu-mugara iritxia zegoen-da.

        Pagadi itxuan irtenaz bide erosora sartu zenetik, ataundarrak aitaturiko, ta aurrerantzean izardiz busti bearko zituen baso-sail zabalak begi-bitan zeuzkan, Aizkorriren gandor jeikiak ematen ziotzen gandura gordeak. Bide tarte luzea iruditu zitzaion egin bearko zuena. Luze ezik, maldarrez opildua zeneko susmurra ere sartu zitzaion bere baitan; alaere, pozez zijoan bere naia alaxen zen-da.

        Jesus batean sartua zegoen Elorregiko auzoxka gordean, Sartu, ta irten, eta ori nor edo norekin trikitx egitea egokitu ez zitzaiolako noski. Alaz ere, artu bearreko biearen zuzenpena eman ziotzaten, —baratzuri erre usaia zabalduaz, bide-kurutze kukulluan zegoen ardandegi txatxarraren ateetan, liñaarri zabalean exeriak, arilketan ziarduten iru-lau atso lodixko aietan batek ain zuzen, burutik oiñetara zorrotz begiratzen ziolarik.

        Egutaro biguna zenez, udaberri giliz mugiturik-edo, batean-bestean, egutera ziren masailletan berezi, laiariek zotondoa ebakiaz arto-lurrak lantzeari emanak ordurako. Ospelago ziren lurretan ostera, gari ximaurketan edo araketan ziarduen bete-betean.

        Otordu garaia ere agian aurreratua, tximiñietatik kee-moltsoez naasi zabaltzen zijoen koipeki usai giligarriak adierazten ziotzanez. Alaere, bidazti aauldua, agian gosez iregia, garo erne berriaren gisa burumakur, Oñaitiruntz zijoan manda-bidean jarri zen, Udana-bentarako tartea etsi-etsian egin asmotan.

        Bideak patxadakor zirudian; errekatxo attalan gain-beerako etsiaren bultza, batekoz-beste egitea baiño, beste nekagarririk etzegokion ariandarrari, ta uradar megatx onen ezpaiñetan gorde-gordeka, masail banatatik aritz eta pagoen tantai orritsu biurriek illuntzen zutelarik, bat-bateko basaarte itxua zen noski ber-bertaraiñokoa.

        Emendixek artuko zuen Juan Batixten lantegira zuenezko aizken bide mutturra, aizkora ta puxken zama pixua bizkarrean, eta milla ametsen burruka askozaz astunago kaskarrean zeramakilarik...

        Zergatik aitandu ote ziotzan Zabaletako alabak etxean galtzadunik etzutena?

        Ez ote zegoen biar-etzirako, kokatu aal izateko ainbat toki barrunbe naasi artan...?

        Geroa lekuko izango... !

        Bide batez, Joxamingoren idurimen soillean jaio zen urernea, aldian ttanttoka ureten batean txirristaz pillaatuko, alik eta osin sakonean atsedendu arte. Amets uts aurrenendik, geroak ostera, idurimenen antzuaroa ernamunaldira itzuliaz, azkenik egiaren loretzea iritxi.

        Ain zuzen ere, bost urte etziren osatu arriandarra Zabaletako andre alargunaren alaba zaarrena zen Tomaxaz uztarturik, sendi nekatu artarako abe berri izatera aldatu zeneraiño. Nolako enporra, alako ezpala, ta bide batez birraldatze onek ekarriko arriandarrentzat gerorako entzute ta sona aipagarria.

 

aurrekoa hurrengoa