www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

BIDATXIDOR

 

        Eskuetan daukazun paper-xorta megatxa, zuretzat egiña duzu irakurle. Zuk irakur dezazun egiña. Irakurri ta ausnartuaz, joanaren erraiñu bederen, zure baitan itxatsia geldi dedin egiña ain zuzen.

        Ez zaitzu bearbada geroaren asmakizun izango jasoko dezuna, joanaren urratsak aurrez-aurre ipintzea izan dut amets eta, alaere, egungo aroan ikuspegi izan eziñezkoa ditekenik ez dizut ukatuko. Norbaitek esana da: «Noizikbein atzera begiratzea, gizaseme jakintsuena dugu». Eta au egin arren, ez dut uste gaurkotasuna galduko duzunik.

        Izan ere, igaroan aztarrik ez bagenu, ondorearen suntsurik ez dugun gisa, zer genuke egungo une urri au illunpe soilla ezik?

        Dena-dela, oraingoz beintzat, aldiro ale bat-bi jasoaz, esku beteko xorta auxen eskeiñi nai dizut, nere tartekako ordu neurtuek aldi batean ontan agortu ditudan ezkero.

        «Egiñak urre-gorri dirudi». Norbaitek esan zuen ezkero, oni oso-osoan oiñarritua jarduna nauzu, aro batean aobelarri ibilliak noski, ta betirako aaztuak gelditubide ziren zokoak aztarturik, izaki onbidetsu baten aztarrak, eta onen inguru-giroa, iru belaun geroago bederen, zuri eskuetan jarri daizudan.

        Eta ez nauzu ibilli giza-mailla goienaren ondorean. Errege-odolekoen, edo-ta ospez beteriko aundizkien billa. Alatsukoek leenik ere goramenak egiñak dire-ta. Iñoiz autorrik jasotzeke joan zirenekin asi naiz, eta bearbada, zenbatsuk ainbat on giza-artean egiñak zirelarik ere, xotil, edo-ta, ausarge zirelako, illunpera erori ziren betirako, ta auetan bat Arriantxo, sasi-mediku zuurra.

        Arriantxo nor genuen?

        Nekazari zaildu bat, beste amaikaren arabera. Gizon argi, xotil eta langillea, langillerik bazen, eta auez gaindik doai berexi batek errotua. Itz gutxitan adierazteko, emeretzigarren gizaldian aurrenetiko fenomenu bat oso-osoan.

        Ezagutzekoa da, aro ontan Giputz errian batik-bat, eta orobat Euskalerri zabalean, sendagintza, ogipeko bakar batzuen ardurapeko zegoala, ta bakar auek biztanle geiñen zituzten errietan bizi zirela, ta geien bat, aundizki maillakoen serbitzura makurtuak.

        Osterontzeko erri xeea bestalde, erenkixeko senaz baliatuaz zebiltzan sasikoen eskuetan egon zen aldi luzaroan. Apika, errixka ta auzo bakartiaz beste, erdi-maillako ta aberats etxeetan ere sarbide zeukaten, eta sarritan sendatze arrigarriak egin ere.

        Ortik zetorkien ogipeko ta sasi-sendalariei elkarrarteko ikusi eziñaren burruka bizia. Eta ain zuzen, giro onetxek uztaitua dakusgu Arriantxoren bizi-molde oso-osoa. Egungo itzetara aldatuta; ekintza sozialaren abailla bizia, esan nezake. Ezingo dut esan, adiñeko pentsalarien esan-onez errotua zegoenik. Berezko iturriak zemaion uraz baiño. Ur-gazi, edo geza, bere-berean murgildua zen.

        Onenbestez arpegiaren alderdi bat ikusiko zeniola uste dut, orriz-orri jiratzen asiko zeranerako ordea, beste alderdia ere ikus bearrekoa duzu-ta, onezaz auxen esan bear dizut: Alegia, atal bakoitza biribiltzen duten agerkide, geienak, gertaera, toki ta abar, asmatu utsak ez direla. Ontarako egin ditudan aztarkak bat-batean egiñak ez direlarik, Arriantxoren ezaugera, edo-ta, aurrekoegan entzutea zeukaten ainbatek egiztatu didatenak bakarrik azaltzen dizut. Aueri esker, aitatuaz beste geiago ere bildu aal izan ditut, toki askotan ate-joka ibilli ondoren.

        Ao-belarri bilduek direla azaldu dizut lentxoago, ta onetxengatik, xeetasun aski illunxamar zirenezkero, ez dut istoria soil bezela tolestu nai izan, nobela tajura opildu dut ordea, ta ontarako egia billutsik urri zelarik naasian betelana erabilli bear...

        Argibidez, VIII-garren atalean sat gaitezen:

        Ataungo Lauzti auzoan aur-egiteko zegoen emakume baten sendatzea soil-soil eman zidaten. Peatza-minetan lanean zebillela, ta iru gabetan errezkadan egin omen joanetorriak, irugarrenekoan bidean sorgiñak ikusi zituela-ta, erabat izutua itzuli zelakoa baieztu zidaten. Auetxek, dire niri eman zidaten xeetasunak.

        Ez zidaten aitatu joan-etorrietarako zein bide artu zuen. Ez eta, Errotatxon leenen agurtu zuena, errotari zaarra zenikan, illatargia betean edo ondarretan... Baizik, gaiaren zabalgarri tolestu ditudan zerak dire gaiñontzeko asmakeri zirtzillak. Eta gauz bera osterontzeko ataletan.

        Beraz, iñork baieztua ardatz delarik mugitu dut kurpillaren jira-bira.

        Ez dakit bear ainbateko abailla eman dioadan, edo geixkoan txirristatu; bietan bat balitza, barkatu irakurle, nik beiñepein zuretzat zerbait jakingarri izan ditekean asmorik zuzenenaz egiña dut-eta. Onatx nere pekatuan aitormena egin.

        Eta onenbestez ebakia uzten dizut lur itxuan barna bidatxidor medarra. Bide batez, zure idurimen argiaz atxurturik nasaituko duzun itxaroz.

        Beste barik, orritik orriratz, lerroz-lerro, irakurtzen asi zindezke.

        Eskerrak aurrez.

 

Egilleak

 

aurrekoa hurrengoa