www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VIII
SORGIÑAK

 

        Gau-txorien errezkadako kirika estuek iratzarri zuten zorigaiztoko gau illun artan. Iratzarri edo... lo-ondore pixua, ta ilunbe izugarri ura bide, nun zegoen ezean lo-zorroan zirauan. Lo-zorroz, eta bildur ikaraz.

        Artillezko jaka ipurpean zuelarik, bidexka attalaren murkoan arrikonkor otzaren gaiñean exeria, pago- tartakadi tantaitsuen itzala aski ezik, bee-zokoetatik pixkana pixkana arrotuaz zijoen erlaiño nagiak oro estalia, ilunbe itxu biurtu bai zen basaarte soil ura. Joxe-Prantxisko, izardi-larri ta ortz-karraska sentituez; «sorgiñak narabiltek» bere baitan egiztatuaz.

        Pauso batzuek ara-ona egin zituen, dena illun zitzaion, dena ixil... Alboetako saats-ondo biurki, astigar eta korosti mordolloen erroetatik noizetik-noizera erortzen ziren ttanttako urri, edo-ta gabaren buruan armiarma txaltariñak egin, eta laiño landerrak ezarririko lausoz bustitako sareak egaletara zeuzkaten eraskin ari-albaiñuek urratzean, aurpegian ematen ziotzen ukutu ezkoak ezik etzuen sentitzen.

        Alaere, bular gaiñera arrotuaz zetorkion biotz-tankako neurtua gerozaz barego zijoakion. Oneratzen zijoen noski...

        Izan ere begi-itxian ezagun zituen oin-bide aietan gertatua ez zitzaion egundo pasa Joxe-Prantxisko zuurrari. Leenak-leen, irugarren gaba errezkadan zeraman basa-bide medar aiek barrena gau-oskarbiaren erraiñu aulaz baliatzen zelarik.

        Ain zuzen, Ataungo Lauzti-errekarako eskea egin ziotzen. Errotatxoko etxekoandre gaztea aurgintza estuak iregia, etsipena emana zegoela-ta. Au zen gau luzeen buruan gora-beerako ibilli aien zera.

        Peatza-miñetan egin zituen sendatze arrigarriek , bide, oillalurretik kanpora barra-barra zebillen mutillaren sona. Batik-bat albo-errietako meakiñegandik zabaldu zen noski. Alakok berna ezurra autsi zuela, bestelakok aizkoraz orpoa ebaki, norbait gerrietako miñaz, edo-ta agiñekoekin, aldiro zuen albiste berriren bat. Nola nai ere, edozerri eltzeko gai izaki, ta eguneroko lan orduek mendipeko lizundietan osatu ondoren, sarritan ara-ona dei, gabari eldu bearra oi zuen, sarri askotan begi-itxi bat egiteke gelditurik. Eta guzti-guztia esker alderako. Ez bai zuen eskupekorik artzeko azalik.

        Santu guzien biaramona zen ain zuzen. Lan orduak lur azpian burrukan igaroak, apari-Legea egin-da etzatera zijoela bete-betean iritxi zitzaion albistaria. Aitaturiko emakumean anaia zen. Sasoi sasoiko mutilla.

        Onek zekarkion berria jakitean, burutik oiñetara dardari-larria somatu zuen Joxe-Prantxiskok. Lan oietan oitu gabea zegoelako zen noski.

        Bear bada eman ziotzen abegi onagatik zerbait aizatu zitekean mutilla, baiñan biozpera utsa zenez, itzetik ortzera baieztu zuen albistaria, ta abian mutil biek orpoz-orpo irten, gaberdiraiñoan illargia lagun zutelarik. Ordurakoxe, bidazti ariñak Errotatxon zeuden.

        Illargi erdikia, Aitxu burutik Lauzti-aranari azken laztandua eten eziñez, mendi gibelera izkutatuaz zijoen. Bide batez, etxeperaiñoko osiñaren aparretan urre-erraiñua galduaz. Ur-putzu sakonari eutsiaz zirauan arresi lodia untzak artua. Onen oiñean, bi-iru makal-ondo luze ta lirain, gandor kukulluak kasi zerupean begipetik galtzen zirelarik. Auen orri more-orixkak zaartzearen pixuz edo, aldian bat-bi lurrera zetozen. Dena ixiltasun illa ordu astun aietan... Errota-arrien tankako leloa, urjaustearen bat-bateko zirrara... Azkenik, Joxe-Leon errotari zaarrak berak ere aopean eman ziotzan ongietorria.

        —Irauten aaldu? —Galdegin Joxe-Prantxiskok.

        —Orixen-ba osta-osta, iraun... Jainkoak nai duena ikusteko gaude!...

        Errotatxo... Izenak diotzan bezelaxen teillape bildu ta apala... Sarreran bertan, an zebiltzan arri zapal biribilduek jira-biraz, auzotik edo erri barrendik zeramazkiten arto gariek irinduaz. Goi beeak armiarma sarez, oro lausoz txurituek. Alez beteriko zorroek alderdi batera tolestuak zeuden, irinduek ostera bat-banaka tente jarriak. Barrunbe bertatik, arri landuzko mailla batzuek igoaz bizitoki pizerra, bertan iru belaunaldi zirelarik, Kaxinto, seme ezkondua, Xebera, onen ama, ta aurmiñetan zegoenaren amagiarreba. Mari Batixte zen oeratua zegoena, iru seme-alaben ama ain zuzen. Galtzadunak ziren errotari ezpaletikoek, ezkontzaz aldatuak emakumezkoek noski.

        Joxe-Prantxisko, abian gaixoakana eraman zuten, onek oe-buruan ama-semeak zeuzkan, eta auekin gau guzian andremaista ibil-zebillen atso bizartsua. Arrotza urreratu zenean, Kaxinto irten zitzaion, eta gertakizunen berri eman oso-osoan.

        Gela barnera sartu zenetik, Joxe-Prantxiskok etzion begirik aldendu gaixoari. Au, erabat auldua, lertua zegoen errukarria. Il-ariko zirudin.

        Abian, burutik oiñetara begiratu ziotzan Joxe-Prantxiskok. Arnasan, biotz-pilpiran, begietan... Denentzat zegoen naiko pentsakizun...

        Berealaxen, onek Kaxintori begi-kiñua egiñaz, galtzadun biek gelatik irten ziren.

        —Zer iduritzen zaizu? —Galde ziotzan etxekoak armaillaxkak jeisterakoan.

        —Erabat eroria dago, eta erotzen. Oraindik gaitz erdi, zorne-kutsurik ez datorkio nere ustean, baiñan aurrak illa dirudi, ta ori kendu ezean ordu gutxirako dagoela iruditzen zait.

        —Beraz, egia derizkizu sendalariak esana?

        —Noski, ontan ez dut zalantzik, gaiñerontzean... ikusi bearrekoa litzake. Iduritzen zaizu alegia... aragiberritua balitz eginkaiak bota zezazkeala? Izatekotan ere, biurritua, korapildua, bearko leuka izan, eta ez itxia.

        —Eta, zerbait aal dezakezu?

        —Ni ez nauzu Jainkoa, baiñan nere idurimenak, eta esku auek bereak ditudan ezkero, ta zuen baimena; egin nezakeneraiño aleginduko nintzake.

        Ebakuntzarik, urraketarik, ezagutzen ez zelarik, nola-ala erraietan zuzendu bearra zeukan baldin aur-illa kentzezkero, ta oiñazeak sor zeikion bearrezko zain-loturak egiñaz, buruz asi zen lanean.

        Eta ain zuzen, ez zen ustel gertatu Joxe-Prantxiskoren ustea. Onek aurki igarri ziotzan aurzorroa eragiberritua ez baiñan, aurra emen korapildua zuela, ta aurrari bere-berean eutsiaz, gaixoaren zain zeudenen esku indarrez baliaturik, eta Batixten soiñari jira-birak eman eraziaz zuzendu, ta onek zertxo inder egiñaz batean begi-itxi baterako aur-illa eskuetan zeukaten.

        Asmakizun arrigarria! Arteraiñoan iñork egin etzuena, Joxe-Prantxiskoren baitan jaio zen.

        Zorne-kutsu arrisku ikaragarria zeukan-da, bere burutazko zerak egiñik, eta berriro gabean itzuliko zela itz emana lentxoago utzi zuen bide berean jarri zen egunsentirako Peatza-miñetara iritxiko zen ustetan. Eta amets ura bete zuen.

        Eguneko lan orduek lur-zulo illun aietan, zuur lan egiñaz igaro zituen, arria bera bezin gogorra izaki, gauetan ibillia zenik ez ziotzen iñortxok igarri. Alabeiñik, bazkal ostean lokamuxa egin aal izan zuen, eta gabean Errotatxora berriro. Orrela, birritan... Irutan...

        Egunak zijoazen kurpillera, Mari Batixte osasun bideratzen zijoen. Arriskutik irtena noski mutillaren begietarako, ta bide batez, onek txoratua zirauen Errotatxoko sendi osoaren gisara. Euren eremuen erdia ordaiñez eskatu izan bazizkaten ere, ez ziotzen ukatuko seguroxean, baiñan Joxe-Prantxisko onberak, erregu guztiengatik, ez ziotzen txanpon bakar bat ere artu nai izan, bakar-bakarrik esker ona, ta aoa bete jaki aski zitzaion, ta ondorengo, larunbat gabean berriro itzuliko zela agindurik, irugarren gabean, beste bietan duin illunetan, bere lantegirako bidean jarri zen bidazti xotilla.

        Gau-giro atsegiña zegoen Azarorako. Zeru oskarbia izarren dizdiraz, eta laiño antzu moltsoka batzuek osteroz, argi-nabar zegoen. Errotatxoko barrunbe epeletiko irteerak ozkirria sartu ziolarik, gerozaz biziago zijoakion odola zaiñetan. Bide batez, igoaz zijoaneraiño, gau-giroa bera ere epelduaz zijoen. Lauzti-iturrieta burura igo zenerako egoaize epelaren igurtzi ariña sentitu zezakean, eta illargia urrinduaz zijoen arabera, aizexka areak beeko zokoetara kiribildurik zeukan erlaiño nagia altxatuaz artu zuela ikusi. Arrotuaz, arrotuaz, oiñezkoari aurren arturik Aitxu gaiñean korapiltzeraiño.

        Ez zitzaion erosoegi izan Joxe-Prantxiskori azalbide aietan gora irtetzea, pagadi itxuaren biotzean zijoelarik, eta arre-orixka orritza ugaria arakietatik erori gabe zegoelako, aski zen itxasperatzen zijoen illartargi aaula itotzeko, ta gaindiko laiño estalki itxia mendixkari itxaastearekin, geiegizko itxumena artu zuen ingurumariak. Txotxa begietan ez zukean ikusiko.

        Artean ez zitzaion beranduegi, gabak tokia zeukan-da. Bestetik, Ojaola-zabala arteraiñoan bide garbirik ez zegoelako, ta gainbeerakoa arriskugarri zuela gogoraturik, edo-ta, laiño estalgi astuna aitu zezakean itxaroz, pitin batean gelditu egin zen beiñepein. Gelditu, ta bide ertzean zegoen arbel-arri otzaren gaiñean exeri.

        Esan bezela irugarren gaba errezkadan basa-bide aietan zijoela, ta bazkal ondorengo lokamuxa ezik, begirik bildu gabe noski, ta lur-zulo lizundi aietan lanean jarraitu zuen arren, azkenerako erori, nekeak menderatu egin zuen, eta ain zuzen, gizarajoa loak artu.

        Nola nai ere etzuen loaldi luzegirik egingo, baiñan bat-bateko iratzartzearekin erabat estutu egin zen, ikaratu, ta sorgiñek ziralazkoan iñolaz.

        Ez ote zuen gero amets egin?...

        Zena-zela, gaugirorik argitzen ez zitzaion arren, itxu-itxuan Ojaola-zabalera zuzendu nai zuen.

        Gain artara iritxiko bazen, txillardi ta ote-motz saillak igaro bearra zeukan. Tarte-marteka gerrondo urridun arbola azigaitzak geientsuek. Zumalikar, korosti-ondo, ta elorri zekendu batzuek ezik, garrantziko basorik etzegoen mendi-masail artan. Zorigaiztoz, auen tartean biurka zebillela, ta ustez zuzen zijoelakoan, konturatzeke Lizardi-erreka bururaiño jetxi zen.

        Arrikada bide zuenezko Katarriaga azal-errekaren mur-mur leloaz naasi, gau-txori ta ontzen karraxi legorrak zetorkion belarrietara. Urrutiragotik zakurren zaunka soriek. Auekin konturatu zen gutxi-gora-beera nun-nora zebillen. Nora jo zezakean ordea?...

        Illunpe itxu artatik, berak nai zuen bidera zuzentzea eziñeko zeritzon, eta eguntxintaren kiñua artean urruti. Egoera larria!...

        Alabeiñik, ibilliaz eta egonaz gogait egiñaz gero, zerbaiten argi zirrara somatu zuen. Uste zuen laiñoek meatuaz zirautela, ta nabari zen argi xinta, zerupe oskarbiak botatzen zuela. Bai zera; laiñotza opildu ura etzen aituaz zijoena, igoaz baiño, ta berak uste zuen zanezko argi zirrara laiñoz azpitikoa noski. Lizardi-erreka inguruan zirauan suargi motelarena.

        Ikazkiñak ote zebiltzan?... Txondarrei betekiña ematen edo? Auen berri bazekian Joxe-Prantxiskok, eta ikatz usai ezaguna ez baiñan, kedarren mikotza kiskal usai zakarrarekin naasian zetorkion sudurretara, tartekako, ta burutamen onik jaioerazten ez ziotzen karraxi arin batzuekin.

        Alaere, gerturagotzen joanaz, arrikada bidera agin-ondo baten tartaketan babesturik, bertan kako egin zuen orritza itxu aren tartean izkutatzen zelarik, zerzanekoa ausnar zezan.

        Zinzarri ots gisako burdin zarata dungulu, tarte-martekako karraxi orraztu aiekin baterako gozogabeko soiñu lelo ura, edozeiñi ezur-ikara sartzeko diña zen. Bestetik su-moltsoka motel zegoen arren, noiz-beinka illintiak-edo astinduaz, jira-biurka suzko isats itxura artuaz, eta aldiroko gar pizte aiek, une motzerako bederen erreka egal biek argitzen zituzten, eta beltz illunaren zerean, narrazki gorri-nabar aiek ikustea bakarrik, aski zuen Joxe-Prantxiskok zalantzak botatzeko.

        Leendik ezaguna izaki, aurki konturaru zen Aitzorrotza-ren mokoan zegoela. Sanson-arri zanezko, dorre gisako aitzetik urbil, eta onen jira-biraz zebiltzanak ostera, sorgiñak zirela.

        Etziren arteraiñoan berak uste bezela katu irudiko, edo aker gisako emakumeentzat izugarri batzuek. Giza itxura zeukaten, eta aurpegi soiñak auntz-larruz estaliak. Ez geiegi noski, gordeenak ebali oi diren mendelak beintzat erdi gorrian zituzten, eta zilimoltso artan zebiltzan sorgin edo zirenekoek zortzi-amar baziren.

        Basaarte illun artako egoera, kupiragarri zen bidazti bildurtuarentzat. Leentxoago galdu zuen bidea artzeezkero ordea, ibillaldi aspergarria egin bearra zeukan. Erabat ezkerrera ekin eta biurgune guztia egiñik aurrez-aurre zeukan Maaiña-ko gaintxoa artu bearko zukean, eta ori guzia egitea luzeegi zitzaion. Bestera, zegoen tokitik zuzenean, Lizardi-ko ateetan barrena Aizleor kukullua artu baiño etzeukan. Au egitezkero ordea, Aitzorrotza ber-bertara jo bear. Nola sartu zitekean sorgintzar aien tartera eskuetan urritz-makiltxo bat baiño ez-eta?...

        Une izugarri artan burutamenik larrienak txapelpean zerabizkian, eta ikuskizunik arrigarrienak betaurrean!

        Moltsoka iguingarri artan, batek zirudin buru egiten zuela. Ille luze urdindua gerriraiño zuelarik tankeraz andrezkoa zen, gaiñontzekoek onen jirara auspezten ziren. Aldiro, soiñu lelo gogaikarriaren arira zorakeri nabarmenak egiñaz dantzari, aldiro, madarikaziozko marmariz mintzo.

        Denen buru zirudian atso zimelak deadar: —«Urrutsuko atsoari mingaiña mututu bekio!»

        —«Gerta bekio!» —Gaiñontzekoek erantzun.

        —«Belarriek gortu bekio!»

        —«Gortu bekio!»

        —«Begiek itxutu bekio!»

        —«Itxutu bekio!»

        Abian, aitzaren orpoan ariñaketan jira-biraka, ta berriro marmari gaiztoz:

        —«Katorriaga-ko ura daroen emezkoa, igortu bedi!»

        —«Gerta bekio!»

        —«San Martin-go apezari, burua galdu bekio!»

        —«Galdu bekio!»

        —«Bere sasi-ixpiritua, urtu bekio!»

        —«Urtu bekio!»

        Ixillunetxoa, ta erregin, tajua zuenezkoak sataga batekin sua zirikatuaz, katu-larru antzeko zerbait txiñgar pillora boteaz gar moltsoka altxatzen zen, eta onekin larru-erre usai kiratsa. Bat-batean auspezten zelarik, gaiñontzekoek onen ipur-masaillei mun emanaz jarrai, alik eta su argiak ziraun arte. Berriro aitzaren jira-biran, oiuz, dantzaz, eta algara zoroez batean elkar laztanka.

        Olatsu zeramaten Joxe-Prantxiskok agin-tartaketan gorderik zaroen denbora.

        Ala bearrez edo, bat-batean Lizardi-ko oillarran eztarri zoliak jaurti zuen eguneko leenen kukurrukua, ta bat-batean gauela nabarmena aitu ere. Eta, erregin edo zaanezko txima-urdinduaren jirara kukilduaz, onek orduantxen gaueko azken madarikazioa jaurti zuen:

        —«Goazkik goitik, goazkik beetik... Kukurruz dagoen oillarra, axeriak jan bekik!»

        —«Jan bekik!» —Gaiñontzekoek erantzun.

        Abian satagaz sua zabaldu zuten, eta denak batera txingar pillo austuan jirara biltzen zuelarik, pixez busti. Onekin ke-moltsoka txuri-beltz astuna arrotuaz geroko illunpe itxu artan, aize burrunda-edo, ega-zaplaka gisako zerbait entzun zitekean. Eta arteraiñoko larru-erre usai ta itzalkerako ke ezkoaren kirats iguinkorra baiño etzen gelditu Aitzorrotza ingurumari sakondian.

        Sorgin edo ziranezko aiek aldentzearekin, Joxe-Prantxiskoren kezkak ere arindu ziren. Ala ere, Lizardi, basetxera zijoen bide-sakon loitsua utzi egin zuen zerren-arren, lardatx aietakoren bat bertan egon zitekean-da, ta ain zuzen, gaindixeagoko egaletik zijoen igo-bidea artu. Orpoetako errenik gabe artu ere. Birikek sendo, ta zankoek arin, Aizleor kukullura iritxi zenerako, izardi bitsetan ari legorrik etzeroan soiñean.

        Ordurako, egunak argiaren zanezko gandua, Aralar-go mendaitz gibeletik kirikaz zekarkien, gabaren orduek ondartzen iñolaz, eta artean bidealdi luzea Peatza-raiño, ala ere, egunaren zabaleratik laister bere lantokian zegoen.

        Meakiñek gosari-txiki legean orduantxen ziarduen. Ontan asiko zen aurretik soin-arropak burutik oiñetara kendu bearra zeukan, litx legorrik etzuen-da. Aldagarri legorrak soiñean jantzi, ta abian, urdai-erre zatia ogi bitartean zuelarik, miña-zulo ito artara zijoen.

        Lagunek, krisellu argi motela eskuetan, bana-biñaka lantokira urbilduez, eta bera auen orpoz-orpo argi pirriñaren ondoren. Luzaro baiñan leen lanean asi bearko zuten putzu loitsu artan zeuden.

        Joxe-Prantxisko ordea, gau antan gertatuaren berria emateko esan-miñaz doi-doi zegoen-da, lanari eldu aurretiko autu-mautua berau zuten. Ikusia ipi-apa emanaz zijoen arian, itz bakoitzeko algara, denak ao-zabalik gelditu ziren.

        Sinisteak ere lan zuen, baiñan bazekiten lankideko aiek Joxe-Prantxisko txantxaz ari etzena, ta beren begiz ikusi bailuketean, itxu-itxuan siñetsi ziotzen, eta bakoitza bere lanetan asi.

        Galeri nagusiak alboetara besadarrak irikiak zeuzkan, meatza atereaz egiñak, eta orduan ere ateratzen ziardutenak. Auetan, bosna-seiña mutil egunero gisa asi baiño etziten egin, lurrak bat-bateko dardara bildurgarria egin zuela konturatu ziren. Abian, arri-abar lur naasia gaiñean zuten, loiez lodituriko ura belaunetaraiño altxatzen zitzaietelarik.

        Olio-argi motel aieri esker, bereala ikusi aal izan zuten ondakintza izugarri ura guzia nundik zetorren. Ain zuzen, besadar aietako baten ataka erabat itxia utzi zuen, eta arritza izugarri aren ostean bakarkatuek, edo-ta azpian zapalduak, bost mutil izkutaturik zeuden. Eta auetan bat, Joxe-Prantxisko gizarajoa!...

 

aurrekoa hurrengoa