www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

V
KORAPILLOEK

 

        Elorregi-auzo barrutia urteko jai nagusietan sartzera zijoen. Ain. zuzen, San Joan eguna ospatzen zuten-da.

        Aurreko egunetik, ate, ta leio buruetan apaingarri jarriak zituzten, elorri ta lizarrezko kurutze abartxoak, goiz-goizetiko eguzkian suaz, zimeltzen asiak... Bide-kurutzetan, edo-ta, etxe aurreetan aurreko illunabarrean egiñiko su-adierazgarriaren auts-pillo, ta illinti mozkote aiek, auspean txingar zirela bere-berean zirauten arteraiñoan...

        Elizatxo jaso berriaren aurre zabalduran, urteero zutitu oi zuten makal-ondo irmo bezin liraiña, errotu berri zituen kimu beratxak, zimelez buruz-beera jiratuak aiek ere; ta mutikote gogortuek igo-jeetxian gibela bota bearrez zebiltzalarik azal labaindua, ta onen albora, oin bitara sartu zitezkean bi pago-gerri, laurkituriko besagen gaiñetan iltzez josiak, aizkol-jokua zela, alegia, meza ondorerako zeukaten ikuskizuna, onekin adieraziaz.

        Ain zuzen, Joxe-Prantxisko iritxi zen unetxo artantxen Meza-nagusia bukatu, ta bat-batean elizpetik irtenaz, egurrak tolestuak zeuden tokira, ta auen jirara jarriaz zijoazen ikusmin ziren auzotarrak.

        Zuzen baiñan zuzenago, naiko pentsakizunez errotua zijoen Zabaletako basa-mutillak ere ezingo zuen ikuskizun ura galdu, ta goiz artan lentxoago ez irtenaz mindurik, ala ziotzan bere baitan:

        «Ordubete lenago irten baniñukan meza entzun nezakeana... Baiñan, gaurkoa beiñepein apezan .. kapelarako bearko...»

        Bidealdi luzea gurdi-bideak utzirik, urbil-bidez eta basoz-baso igaroaz gero, nekatua zetorrelarik, etzen arritzeko izango atsedendu nai izatea; bestetik, jokurako moko-mokoan zeuden enpor aiek ikusteaz irrikitzen jarri, ustekabeko ekitaldi ura ikusteko beta noi-nai etzuen izango-ta.

        Abian, egur gaiñetan tente jarri aizkolariek, mutil irmoek ezik, zaintsuek ere ziruditen. Bat, auzotarra zen, erguendarra bestea; ta elkarri esku emanik apezak Agur Mariak esatean, eta onek esku-txaplatakoa egitearekin bat-batean, aizkorak altxa zituzten aizkolari biek. Altxa, ta egurrean sartu begi-begiraiño.

        Olakoetan oi den bezela, bazuten mutillak nork aize eman. Nork erakutsi. Zeiñek txalo jo... Jakiña, auzotarrek auzotarrak, erguendarrek berenari. Bakoitzak bere astoari alea...

        —Altxa aizkora!!

        —Artu zabaletik moteil...!

        —Arrotu ezpal oiek!!

        —Jo zak ortantxen!!

        —Eurea duk eta... Eutsi!!

        —Nasai moteil... Ez estutu!!

        Oek eta antzeko deadarrak entzun zitezkean aalik eta enporrak ezpalduko zituzten bitartean, eta ala guziz, jokua azkeneraiño berdiñean eraman zuten. Orduantxen elorregitarrak iru aizkolkagatik bakar-bakarrik erguendarra autsi zuen.

        Bazuten nor jaramon egin egurrak ebaki ondorenean aizkolari biek ere, batik-bat, irabazlearentzat ziren goramenik aundiñentxoak, bere oillalurrekoek besoetara ta bizkarrera altxatzen zutelarik.

        «Nere besa-makillak gauza izan baitukan...» Esango zuen noski Joxe-Prantxiskok berekix, baiñan alaere etzuen erronkarik jo.

        Etxera irten, edo giro artara murgildu, orduantxen zeukan jokua basa-mutillak, baiñan gosari orde izana zuen erasoaren zipiztiñak aldian-aldiro goralarria zemakien-da, oba etxerakoari eldu.

        Ontan, ustebarik, leenez ezaguna zuen Pantxike mutilloarra beste gazte batekin, berari begira ta parre-xirriz zeukana konturatu zen bat-batera. Pozgarri noski lau illabete gonazkorik ikusteke zegoen gaztearentzat etxeruzkoan basa-bide bakartian joan aal izateko izlaguna, ta aiekana urbildurik itz eman ziotzen:

        —Egun on... Zer zabiltzate oneraiño urrunduak... ?

        —Zu zedori ere, ez dakit nola zabiltzan gaur emendik...

        —Badakizu, San Joan dela.

        —Bai, ori jakiñean etorriak gera.

        —Egun osorako etorriak, edo aurki etxeratzeko asmoan? Elkarrekin joango gera...

        —Ez orixe. Gaur beinepein egunari berea eman bear diogu... Osabakana goaz bazkaltzera aizpa biok. Ez dire noiz-nai orrelako jaiak...

        —Urtean beingoa noski, San Joan eguna... Neroni ere onetxek nakarki oillalurrera; gaurko eguna jaitzen deguta...

        —Baso-lanak bukatuak edo...? Udaldi osorako ikazkintzara joana ziñala jakiñean nengoen-da...

        Garratza benetan galdera zulakorrari erantzun bear izatea. Itzal illuna sartuerazi ziotzan beintzat mutil ozminduari, ta mingain axalean zeukalarik, gorputz guzia ikaralarriak artuaz, une baterako mutu gelditu zen.

        Maitasun izpi-mizpiek, leenik ukutua noski, ta nexkan alboz-albo zegoelarik, onen begi-ninietako ñirñira eztiak txorabio gilia zemakion. Apika, zurikeriz jardun giroko etzegoen goiz artan, gutxiago aingeru berdingabe ura gezurtatzeko, ta ez zitzaion besterik jaio ere: gertatu zitzaionan berria oso-osoan ematea baiño.

        —Ez dakit nola esan ere... Bai, ta ez. Lanak aurreratuak ditugu, oraintxen erdi-purdi edo olatsu gelditu dire. Alaere, bukaera ematerako udazken berandua iritxi litake. Baiñan aurtengo baso-lanik aundiñentxoek egin ote ditudan... Ez dakit berriro igoko naizen ere, gaurko eguna izanik, biar goizean itzultzekotan nendorren baiñan... Segoroxean, bide auetan ez gera trikextuko berriro...

        Oraiñaldian beiñepein eskurago ere badituzu lantegiek. Peatza-miñetarako esku-indar ondoren dabiltza egiñaletan. Zer derizkiozu lur-azpiko lanaz...?

        —Lur gaiñekoa zer den jakiñean gaude-ta...

        —Aste buruko berria dezu, ta egun-sari ona eskeintzen omen dute.

        —Jakiteak ez du ogirik eskatzen.

        —Badakizu gure etxa-buruan dituztela lo-tokiek. Aruntza azaldu ezkero... biar bertan joan-da ere artuko zaituzte.

        Biar beintzat ezingo naiz joan. Iltze-joa ere izango degu-ta...

        Izpide garrantzitsua luzatuaz zeramakien neska-mutil jakinberak, aalik eta bazkaldar arrotzei ordua iritxi zitzaien bitartean. Mutilla etxeratzeko ere ordu egokia izaki, elizatxoaren ateetan ikusi bitarterako agurturik, alderdi banatara banakatu ziren.

        Milla buru-auste bai, San Joan goiz arrek Joxe-Prantxiskoren kolkorako:

        «Zergaitik ez natxik bigundu «Txilbor» eta erdi-ero aiekin?... Zer demontre gero... Jakin dezatela aiek ere odola detana...! Martxelori esan ditzadanak esatea gaizki dagoela...?Sentimenak aurrez-aurre ez esatekotan, zertan ondorengo marmarketak...?

        Egin ditudan nekeak utsean egitekotan, oba nuela etxean egon... ? Noski... Baiñan oitua natxik diru gabe bizitzen...! Gaiñera, ikazkintzan jarraitzekoan, kirtentzar aien parregarri bearko niñukek izan udaaldi osorako...»

        Burruka bizia basa-mutillan baitan. Gaitz-damua... Berekorkeria... Aizkol-joku ta abar, zerbait aaztu bazitzaion ere, orain kolpetik bestea. Alegia, maitasun erneera. Naaste geiegia ontzi baterako!

        Korapilloa sortu zitzaion ordundixek, maitagarri ezik amesgai ere zitzaion Mari-Pantxikeren esanetatik. Banakatu zitekean korapillo naastu au mutillaren iritziz, zirt zart egiñaz, nola-ala eten eta kitto...

        Ostikada latza izango zen leenengo irabazpideak emango ziozkana. Orduraiñoko neke guziak utsean utzi bearra. Burugabekeri onengatik etxekoek zer esango...? Lantegi berriari eltzerakoan ez ote okerrik etorriko? Ao-zabal aiek ez ote zuten gero gertatua batekoz-beste zinzartuko, ta bere izen ona zikindu?

        Burutamen astunak mutillaren aurrez-aurre. Alabeñik, idurimen berriagoaz beste alderdia ere ikuspegi zitzaion. Izen ona nola kenduko, besotik aztandu ezkero utsa baiño etziren lotsa-galdu aiek...

        Bide berean, bera konturatzeke bazeman ordea naaste guziek estaliaz gaiñera, aparraren gisa arrotuaz zijoakion zerbait ixillean. Bidean leendiko ezagutzea berrituaz sorerazi, ta koipeki usaia bezelatsu biotz-ondora sartuaz zaroen maitaaroan jaiokerako sentimen gilia zen nola-nai ere.

        Zergatik alegindu Peatza-miñetara joan zedin...? Itzeraz egokitu zelarik ere, mutillaren bizi-moldez ez ote geixkoan aurreratu? Nexka bera ere, ez ote zegoen gero sentipen berdiñetan...?

        Korta-arbelan gora izardi bitsetan etxeruntz zijoen orduerdikian, ari bateri eldu, besteari eldu, korapillo naastua askatzera iritxi zenerako, bera jaio zen Zabaletako ateetan zegoen, lau illabete luze aietan barrunbe asero artandik ibil zebillen basa-mutil zintzo duin amestia...

 

aurrekoa hurrengoa