www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

X
TXIXAREAK DAUZKA

 

        Ugaritze arrigarrian zijoazen Peatzako meakiek udaberri artan. Egunetik egunera emaitz ugariagoa irtenaz lur-azpiko illunbe artandik, burdiz eta mandoz zituztelarik, jaiskera etengaitzak egiztatu zezakean gizaki zaildu aien besa-lanen etekiña.

        Lanerako aurrerapenak bazuen leendik zerbaiten ukutu. Nagusi ta langilleekiko eztabai autsi baten ondoreak zekarrena ain zuzen, esku-langille aientzako etsiaren ondorio pozkarria, ta lanaren etorkiña geitzea.

        Berez nor zenak, txanpon batzuez jabetzea etzuen gaitz izan, batez ere aizken bolaran, eta Joxe-Prantxisko zintzoari ere igarotako denbora aski zitzaion langintza astun artandiko etorkiñak ezagutzeko, baiñan joanak bere baitan itxatsiak noski, arrisku izugarria ere zeukana bazekien-da, lur-azpiko sator bizikerari utziaz, aseroago bizi asmoa artu zuen. Izan ere, etzen joan betirako mendipeko lizundi artara. Esku-arteak erakutsiko ziotzan noiztik norako jo-muga. Eta ain zuzen, iru urtetsu lantegiko jauntzat, eta bide batez aurtzat, ain maitagarri izan zuten Zabaletako mutillak, agur egin ziotzen lantegi artandik.

        Maiatzaren sarrerako egunak ziren, begi-niniko MariPantxikeren uztarpera babestu zenean. Uste barik, gabetik goizera, etxerako zegoen Joxe-Prantxiskoren sabelkideari itxasoz aruntz joatea kaskarrean sartu zitzaiolarik, Maiztegira ezkontzaz aldatzeko zegoen mutilla, Zabaletako oiñordetza artzera jarri zen azkenean, ordundixek Peatzako lankideek lurrazpiko illundietan bakartsu gelditzen zirelarik.

        Lagunartekoa zenez, adiskidetasun estuak egiñak zituen-da, sarritan, berekixko ateraldi berdingabeek bide, konturatzeke igaro oi zuten ordu luze aietako lanaren astuna. Bera zuten zear-zulo illun aietako argi ta jostaillu bakarra. Argia, edozertan eta edonerri arrazoizko arrera ematen zekielako. Jostaillu ostera, lankideen artean, onbidetsu, apal, aaur zelako. Onetxengaitik Arriantxo deitzera jarri zitzaizkion. Arrian deituraz sartu, ta Arriantxoz irten, Peatzako lantegietatik. Eta onekin ezagutu ere bizitzako urte sonatsuetan.

        Lantokian ezik, inguru aietako basetxe bakartietan ere, etxeko zuten Joxe-Prantxisko onbera. Edozertan laguntzeko prest zegoelarik, ordupeko lanaz gero, laguntzaillerik zintzoena zitzaien estu aldietan. Auzoan ezik, bide berean albo-errietan ere ezaupide berriak egiñaz zijoan egunetik egunera.

        Aurrena lantokiko sendatze arrigarri aiek bide, ta geroztik ara-ona ibilliaz sona bizia artuaz zijoen, eta etziren gutxi izan ere batean bestean egin zituen sendaketak. Ez diruaren laiñezaz, on egitearen gurariz baiño.

        Bizikera berriari elduko zionerako ordea, lur azpiko lantegi illunari utzitzeko ere erabaki zorrotza berekix zetorkion. Etzen iñoren mendeko izan zedin jaioa noski, txoria baso zabalean eder eta kantari, ta Zabaletako txoriak ere, bere ametsak toki artarako egiñak zeuzkan ezkero, azikeraz eta ezikeraz arturiko bideetara oiñak luzatu nai izan zituen.

        Zabaletako lur-ondoek, egindako lanen obaria eman zezaketen. Ukulluz gaiñera, itxurazko artaldea atera eziñezkoa ez zitzaion landuaz zijoazen eremuko larre sailletan. Bide batez, bere nortasunaren jabe zenez gero, etorkizunari aurpegia emateko diña zen jaio ta ezikera artu zueneko baztar baketsuan.

        Amabostaldia joana ordurako Joxe-Prantxisko ganoratsuak Maiztegi-etxeberriko alabetan zaarrena Zabaletara ekarri zuenetik. Teillape nasai arren pixua uztarkide zuur aiek artu zutenetik...

        Illunabarra kirikaz orduantxen. Gazte meaxka bat arnas-estuka, Peatza-miñetara eldu zen, eta sukaldeko zegoenari Anixeto zegamarratzaz galde.

        —Oraintxen lanari utzi ordua ditek eta, bereala etorriko duk. Albisterenbat dakarkik noski? Nik egin dezakedana izan ezkero...?

        —Berekin bi itz bederen egin nai nituen-ba. Arreba pattalik daukala-ta...

        —Ori delarik, berealaxen topatuko diat, eta eurekana ekarri. Ago apurtxo batean...

        Sukalde zaia barneratu zenean, lo-gelak zirenezko ateaten ezker-eskuma zeuden arri otzeko jarleku aietako batean exeriaz, izardi txorrioz zekarren aurpegia sudur-zapiz legortzen jarraitu zuen albistez etorri zen Anixetoren auzotar gazteak.

        Abian eldu zen meakiña zer entzungo, esku aurpegiek soin arropen gisa, lur arrez likatuek zituelarik.

        —Zer dakarkik... ? —Aitandu ziotzan ao-zabalik.

        —Berri onik ez noski... Bergaratik albiste ekarri dutenaz, Bixenta pattal dagoela. Etsia artuek omen, eta bizirik ikusi nai badezu len bait len joan zindezkela esan didate Gaiñera, emen dezun adiskide enplasteroarekin joatea, aalik oba.

        —Zer duenik... ?

        —Beste garbitasunik ez didate eman...

        Etzuen izan beste galderik egin bearrik, jakin zuena aski zitzaion zirrara otzak eltzeko. Soiñean zeuzkan arropa lardaskatuek zokoratu, ta ura txorrioz zetorren arraska sakonean soin aztalak garbitzeari eman ziotzan. Bitartean, sukalde-zaiak aparitarako zeukaten eroskaria maieraturik, urdai-azpiki zatia ogi tartean sartu ziotzan bidean zijoela jan zezan.

        Anixeto samindua abian Zabaletaruntz irten zen, bere ustea baikor zeroelarik, eta aldizka ogi-bitartekoari agiñak sartuaz. Bazekien elkarrekin meakintzan zebiltzaneko adiskiderik miñena izan zuen Joxe-Prantxiskok, aal zezakeana ezeztatzeko aurpegirik etzuela, ta argi izpi bat zen zegainarrantzat au ere.

        Bixkor ibilli zelarik ere, illuna gaiñera eldu zitzaion maldar aiek gora igo ta Zabaletako ateari tankako ixilla eman ziotzanerako. Zakur etxekoiaren zaunka estua, ta Tomaxa etxekoandre zaar eta urtuaren mintzo emea, bat batera zituen.

        —Iñor da... ? —Tomaxak galde ate erdikia zabalduaz.

        —Bai, neu nintzan. Aierdiko Anixeto nauzu. Joxe-Pranixiskoren endoren nendorren...

        —Alaere, ordu auetan... Zatoz, Zatoz aurrera. Ukulluan dabil, azken ondarrak ematen.

        Ezkonberri zen Mari-Pantxike ere nor zitekean-edo, argi-mutillean erretxinkia su-moltso zuelarik, irripar irten zen sukaldetik. Leendik elkar ezaupideak izanik, bere artan birikera berriakiko zoriondu zuen arrotzak. Auen aiko-maikora edo, bide batez, nor zen igarririk abian eldu, lantegiko adiskide izaniko etxe-jaun berria.

        —Kaixo Anixeto...! —Onek bostekoa luzatuaz—. Zer abil alderdi auetan?

        —Ikusten natxiok, ostalaririk bear dezuten-edo...

        —Aurrera sartu adi beintzat, eskalea gisa atean egon barik... Oraintxen giñukan apariari eltzeko, ta dagoena banatuko diagu...

        Albistari zuurrak, sukaldeko ateraiño doi-doi sartzean, eskumako esku zabala Joxe-Prantxiskoren sorbalda gaiñera boteaz, gertamenan berria eman nai ziotzan.

        —Ez natorkik patxadaz egoteko gaurkoan, larriak joa baiño. Ain zuzen, mesede baten eske...

        —Ik esango didak zer...

        —Arreba zeukat gaixorik. Ezkontzaz Bergara-runtz joanikoa. Oso pattaldua omen, eta neurekin batean joango intzakean etorri naikik. Zerbait egin leikiokean edo...

        —Zer duenik?

        —Etzekiat-ba oso gaizki dagoena besterik. Aldeko mutilla etorri zaidak lantokira aizkenengo orduan eta... zer esango dikat... Irugarren muskillaren zai, egunetan uan-da, orrelako zerbait izatea ez uka arritzeko izango.

        —Ordu ontan etxetik aldentzeko egunetan ez natxiok baiñan, nere gabeko atsedenaz aurretikoa izango uka norbaiten bizia luzatzea baldin aal badezakeat, eta betekizun astun ori nere bizkar eroriko litzaikidak baldin ezeztatuko baiñukat. Apari legea alkarrekin egin-da, abian jarriko gaituk bidean. Illargia ere lagun diagu-ta...

        Gaiñontzekoek ontzat artu zuten nagusi gaztearen baietza, arterañoan ere bera gabe egoten oituek zeuden-da. Ausgaiñean irakite motelean zegoen arto-zukua oztu zedin maieratu zuten, gaiñerako, gelatzean pertza esnez beterik eta azal-bi ziren talo guriek matxarda gaiñean epelari eutsiaz zegozen. Apaltzen asi zitezkean.

        Jango zutena bi aukadetan janik, illunari eldu ziotzen adiskide biek. Arteraiñoan oi-bezela Zabaleta-ko barrunbean kezka aundi barik gelditzen zirela.

        Gabaren kolko illunean zerbait argigarri zitzaikien, zeru-oskarbiak berentzat izendatua baizukean, milleka izarren mugira arrigarria, edo-ta goiz aldera kirika egingo ziotzen illargi laurdenka attala. Osterontzeko argirik, oro argibiderik, ez zeramaten oin-bidea erdizka ezagutzen zuten bidazti erremindu aiek.

        Alaere, gabaren buruan okertze aundigabean iritxiko ziren itxaromenez, San Migel-en baselizatxoaren ateetan Zatubi-bentaraiñokoan manda-bide medarrari eldu ziotzen, au utzirik, eta Korosti-zabala zeartatuaz, Arrola-gaindik barrena, Azaldita-ko kukullura iritxiko ziren itxaroz.

        Ibillaldi luzearen buruan bide azalak zituzten tokirik geientsuenetan, or-emen, oin-bidea bera ere galduerazten ziotzen pago-tartakadi itxuek ezik, eta gau-leenetiko ixiltasun sakona adiskide bien aopeko itz soillaz beste, gau-txorien karraxi larriek, edo-ta, axalzuloetako zaunka irukutz katarrotsuek autsitzen zuten bakarrik.

        Ibilli etsi artan, ez nai bezin bizkor baiñan Azaldita gaiña artu zuten. Luze zanez gaiñera, aldapatsu ere zen arteraiñoa. Geroztikoa gain-beera zuten.

        Aztua-ko zelai zabaldi aseroek albora utzi zituzten aurrena. Etxague, Basazabal, eta lau Launza-k ondoren. Aldiro sakon, aldiro azal, otadi ta txillardiz inguraturiko bide ezberdiñei jarraiturik Ozaeta jauregira urbildu ziren. Emen, etxearen jirara zegoen arresiz barrendik zen zakur ikaragarriak, arrotzen sena artuaz, zaunkaz eraso ziotzen. Auek ixil baiñan zankoek arin, lapurrek zirakean bezelatsu aldendu ziren, etxezaiaren begipetik.

        Gatzaga barrendik datorren errege-bidea orpoan utzirik, Oñati, ta Leniz iban medarrak bustiaz jostari jeetxiriko besadar biek bateratzearekin, Deba ibaiak artu duenezko gerri lirain panpoxa, ber-bertan zeartatu bearra zuten, ain zuzen Bergara-ko etxaalde bilduari iges egitekotan. Au zen Joxe-Prantxiskok nai zuena, iñork ez ikustea.

        Egun-txintak urbil zirudian ordurako. Ibaiaren ertzera azalduaz, igelak gar-gari lelo kantu iguinkorra arrotuaz zijoazen ingurumarian. Aldian-aldiroko uramillak makurturik orbel opildu eta zakarrez marraskaturiko zumear arbasta megatxak mugatzen ziotzen errekari ertz biek, eta izkutatu bide zen illargiaren argitasun aaulak, uren bai-ezko mugira nagiaren bitxi-bitxia. Ar-landuz egiñiko, ta ezker-aienez erdi estalia zen zubia igaroaz, Amategi, oiñetxean urbil zen oin-bidea arturik, aixe jo zuten Txara-ko teillape marrera. Bide batez, gau luzearen buruan orpoek ainbat luzatuarazi ziotzen zergatiaren jo-mugara.

        Basetxe apal ontan bizi zen Anixetoren arreba gaixo eroria, ta ordu batzuek bideetan eramanik aulduek iritxi ziren, aulduek, baiñan bide batez zer entzungo, zer ikusiko egarriz bizi-bizi.

        Sarrerako ate erdikia bilduxea zegoen, eta sukaldeko leiatiiletan, barrengo argia erraiñu motela doi-doi boteaz, norbait zegoenaren aztarra abian artu aal izan zuten. Anixetok eskua potortu, ta beatz koxkorrez kaxkako bi emanik, ate buruari bultz egiñaz barrenera sartu ziren.

        Ez-ezagun zen auentzat bere bearretan ziardun emakume eldua. Auzotarra zen iñolaz, eta elkarri gau onak opaldu ondoren, abian gaixoataz galde ziotzan zegamarrak.

        —Gaizki dago errukarria. —Onek errantzun emeki-. Elizakoek atzo artu zituen, eta unetik unera, eroriaz dijoa. Kuitaduak, ez dakit biar illuntzeraiño iraun dezakean...

        —Eta, zer du edo...

        —Ez dakigu-ba, aur-egiteko egunetan ere dago-ta... Ezin igarri diotza sendalariak. Iñolaz ere burua odolak artua omen du, ta... miraria ezik...

        —Beti zerbait bear da-ta... Gaxoa, makala ez da izan baiñan...

        —Familikoek zerate iñolaz?

        —Bai, Bixenta-ren anai gazteena nauzu. Beste au, nere lagunik gertuena.

        Gaixoa zegoen gelara zeramazkien gau-gelan zegoen auzotar emakumeak, baiñan elkar-izketaz somaturik-edo, erdi-bidera irten zitzaien Iñuxentxio Txara-ko nagusi mindua, ta ezkon-anaia ikustearekin bakarrik, aurra balitzekean negarrari eman, begi biek betean malkoek ixuriez, kako egin zuten apur batean. Beste biek gaixoa zegoen oe ondoraiño eldu ziren.

        Bixenta une artan lo-zorroan zegoen, gaixotasunak ematen ziotzan egoera kupiragarrrian. Arnasa bare-bare zeukanezkoan, eta aldizka larri aldiak, gorputza dardariz jartzeraiño ta begiek beekoz-gain jiratzen zitzaikiolarik, azken erioaren irudi ber-bera egiztatzen zuen. Amagiarreba ozmindua oeburuan kukirio, ezpaiñak mur-mur eta aldian errosario alexka atzamarretan igurtzika aldatuaz, gaixoaren zain kupiraz zirauan.

        —Noiztik nabari zaizko estu aldi auek? —Aopean galde ziotzan Joxe-Prantxiskok oni.

        —Bart gaba ezkeroztikoan olatsu dago.

        Gaixoarengana urbilduaz begietara begira zorrotz jarri zen. Aldi berean, betazalak altxatzen ziozkan eta ongi begiratu, sudur eta belarrietan usaindu, kokoteko zaiñek maxiatu... Geroxeago biotz biriken mugira urriek azterkatuaz, berriro gaixo zaiñari aopean galde ziotzan:

        —Odoleko zerbait daukala esan dizute sendagilleak?

        —Bai, odol-txarrak burura igoak omen dauzka.

        —Onek ez dauka odoleko gaixorik, eta buruan gutxiago...

        —Zer daukala iduritzen zaizu-ba? —Galde ziotzan senar negartiak.

        —Gaizki dago bai, ain gaizki ezik... Baiñan azkar ibilli ezkero atera dezakegu.

        Ordurarte negarrez urturiko aurpegi etsi aietara, bat-batean irriparra aldatu zen, eta Arriantxoren burutamenean itxaropidea sortu.

        Eta Joxe-Prantxiskok emakumezkoei jarrai ziotzan:

        —Ura irakiten jarri bear didazute aurrena, pertza aundi batean. Zai larria izango dezute noski?

        —Bai.

        —Ozpiña?

        —Baitaere.

        —Baratzuri atalka batzuek ere bear dire, erramu abartxo bat... Zoazte eta sua indartu zazute bixkor denborarik galdu ez dezagun. Abian jetxiko nazaizute.

        Berealaxen jetxi ziren emakumezko biek, arrotzak esana betetzera, ta bitartean Joxe-Prantxiskoren begiek Bixentaren aurpegi dirdirara itxatsiak zeuden.

        —Txitxareak dauzka emakume onek. —Ziotzan onek senar arduratsuari—, eta ez odolekorik ezer. Esteetan zabalduek dauzka noski, ta ito arrisku bizian dago, baiñan uste dut bota araztea iritxiko degula. Nasaitu zindezke, sasoiz eldu gera-ta.

        —Jainkoak nai dezala...

        —Zuek gizonok, zaudezte emen, eta begietara zorrotz begiratu, ni pitin baterako sukaldera noa, ukendua gertatu bearra dago-ta.

        Abian jetxi ere zen, eta zartagi solkon bat eskatu. Au zai larriz ezpaiñetaraiño beterik, astinduaz astinduaz sugaiñean artu zuen kiskal usaituko zen arte, orduan irakiten zegoen ura boteaz oretzen alegindu. Bide batez, baratzuri atalka ongi txeetuek, erramu orri austuek, ozpin txarraxta batzuek, eta berak larru-zorroan ekarririko ainbat sendakillu belar naastuez zaroan. Azkenik, idi-adarrean ongi gordea ekarri zuen auts orixkatik atzamar bete boteaz, eunkizko zapi batean bildurik gaixoakana itzuli zen.

        Berari laguntzeko bat aski zuela aditzen eman ziotzen, eta senarra gelditu zezakeala, gaiñontzekoek sukaldera jetxi araziaz.

        Joxe-Prantxiskok etzuen laguntza bearrik gaixoari egin bearrekoek egiteko. Senarraren baimena bai ordea eskuz ukutzerako. Orretxengaidik bakarrik aldendu arazi zituen ondoan zeuzkanak, ixilpeko aitorra senarrarekin egin nai zuelako. Arrisku aundikoa zen izan ere zegokion lana. Uskeri bat baiño etzen izango emakume ura beste egoera batean egon balitza, baiña erraietan zeukanarentzat zegoen zer ikusi aixagi garbitzearekin, eta apurka apurka asi zen sendabideak egiten.

        Egin zuen ukendua epeltzean, gerriz goitikoa onekin igurtziaz artu zuen gaixoa. Belar usainkor austua ozpin tanton batzuekin bustirik, sudur-zuloetan jarri ziotzan, auen izapea arnasaz barruratu zaikion. Au birriz, iruz, eta ordu-bi barru, Bixentak beste egoera bat artu zuen.

        Egiñaz zijoen dena txitxareek bildu zeikion bakarrik zen. Gerora beste zerik egin bear izan zuen, eta uste bezela biaramon egoardirako Bixenta erabat bixkortuaz zetorren, eta bide berean, illa zegoen sukalde artara zorion eta poza sartu.

        Eguna argitu zen. Batetik gaixoarentzat osabideak emanaz eukitzea, premi estua zen, eta bestetik, egun argitan etzuen Joxe-Prantxiskok bideetan jarri nai izan iñork ikusi bildurrez alegia, ta Txara-ko barrunbean zoko egin zuen illaunabarra eldu arte. Alaere, etxekoen nasaitasunagatik, eta gertamenan berriarekin, Anixeto garaiz bideetan jarri zen, aalik azkarren Zabaletan, eta Aierdi-n jakin zezaten.

        Illunarekin batean, bidean jarri begira zegoen sendakille argia, eta ordurako bete eginkaietan mamu illak bobotatzen asia zen Bixenta zoriontsua, eta une antan alarguntzaren ateetan ari batez egon bide zen Txara-ko nagusi poztuak, etzekian zertaz ordaindu Joxe-Prantxiskok on-egiña, eta jardun ziotzan arren, esan zezaiola zer bear zuen. Soiñeko galtzak ere emango ziotzan aixa, baiñan alperrik.

        Jainkoak gogo argia eman ziotzan Arriantxori, ta bere esku zegoena, zezakeneraiño egiteko estua zen beretzat, ostera, doai orrezaz iñoren erorialdian baliatu izan bazan, beretzat erantzupide larria eldu zitzaikiokean, eta berak garbiro aditzera eman ziotzan poz-beteriko nagusi leialari. Alegia, etzela diruaren truk zebillen gizona.

        Ontan agurtu ziren galtzadun biek, aurrenengoz ostatua artu zuen Txara-ko teillape bildu artandik, eta aurreko gabean utziriko bidean jarri, eguntxinta aurretik, aparretan zebillen Zabaletara itzuli asmotan.

        Amar egun etziren igaro, Anixeto adiskide zaarrak berriro Zabaletan atea jo zuanera. Ez mesede eske azkenengoan bezela, esker onak ematera baiño. Bixentak irugarren semeari argi eman ziotzala-ta, ama-semeak ongi zirela aditzen emanaz esku-erakutsia ere eraman ziotzan.

        Orduantxen bai aiko-maiko astiro egon zirela Zabaletako sutondoan!...

 

aurrekoa hurrengoa