www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XVIII
OSTRO-BELTXEKOA, ATZO ZEN!!

 

        Madrida joanaren damurik etzen sortu Joxe-Prantxiskoren baitan. Ez orixe! Bazkaldu ondorengo ordu neurtu aiek, amets-giro ezti izan zitzaikion ain zuzen. Amats-giro aseroa, ta Zabaletarako egun senti. Izan ere, etzen txantxetakoa senar-emazte leial aiek leenen zuzenketak egiteko artu zuten arreta.

        Bidean zaldien trikikoak arroturik soiñean itxatsi zitxaikien lur-auts lika garbitu, ta zerbait beroa janaz atsendentzen zeuden aldi berean, etxeko jauna, lege-gizon argia, zeren-arren bixkor ibilli bearra zegoela-ta, begi-itxi bat orduko etxe-nagusiakana irten zen, jaso zuen albistea gogoan zuelarik, bere agindua, edo ordearen esku-joku illuna izan zitekean jakin aal izatera.

        Bitartean, sendi tarteko giroan emeki artu zituen bidazti biek etxekoandre kupiratuak. Bere amak zuzendu ziotzan esku-idatziak naiko garbi adierazten ziolarik ere, poz-mindurik galdez jarraitu, gertaera guziek aalik xuxenena jakin zitzan.

        Arriantxo arteraiñoko gora-beera guziek zeatz-meatz aitortuaz zijoakion. Leenen etxetik irten zenetik, egungo gazi-gozo txikiñenei ukutuaz noski. Peatza-minetan lurpetua egon zeneko ordu etsi aiek, Aitzorrotza-ko sorgin-gau-gela, Sandratiko muga-zaiei sartu ziotzen ziria, gaixoen osabidez egiñiko gau-ibilli latz, eta lo-galtzeak... Eta batik-bat, sua ezkeroztiko ezbearrak bide, egunetan zeramazkiten buruauste miñak, eta aruntza zekarkianaren zergatia...

        Onek esana irentsiaz zijoen Balentiña, biotza marrubi umotua bezein bigun azkenik ler egiteraiño baretua, aur bailitzakean begi-betean negarrez, poz eta atsekabeak zekarkien bere ta Joxe-Prantxiskoren malkoek txukatuaz zijoen. Eta ain zuzen, onez-on ziotzan:

        —Ainbat urteen buruan maiztar izanik, sua izan zenekoarekin beste gabe etxetik bota nai zaituzte?

        —Nik ala uste dut.

        —Ori egitea, zuentzat bizia moztea litzake. Ezingo da gogorkeri oni egitera jarri...

        —Zure ama onari aitandu niotzan-da, oker ez banago, etxe-nagusiarena ez baiñan, onen ordezkoaren joku litxarra dirudi.

        —Nola nai delarik, aurki jakingo degu egia zeatz. Ori jakin gabe ez da geldituko nere senarra, eta itzultzea ezingo du aski luzatu. Orrela, zer nola den jakiñean, edozer delarik ere itxuan eldu dezaiozukela uste dut.

        —Jakiñean... Edozerri-edo, aal detanari beintzat... Egoteko ere, ez gaude-ta.

        —Zertara litzake zuretzat egokien, leenean maiztar jarraitu edo basarriaren jabe egin?...

        —Gure aalmenen legez, leenean gelditzea ainbat obe. Ostera, naigaberik miñena andik irten bearra litzaiguke, bizitzari berri-berrirotik eldu bearra letorkiguke-ta. Iñolan eraman eziñekoa, Zabaletan beste norbait sartzea litzake guretzat. Ontara, zure amari esker, eskua zabaldu digun ezkero... Zer esango dizut... Jaungoikoak osasuna ematen digularik, nola-ala itzuliaz joango aalgera.

        Elkar izketa luzatzeko etzuten tarte luzegirik, emazteak uste bezela abian eurekin zuten-da. Eta bide batez, onekin albiste pozgarria.

        Aiko-maikoz zeuden gela aseroan sartuaz bat-batean, onek Joxe-Prantxiskori esku zabala bizkarrera botarik, Balentiña argiari zekarkin berria ipi-apa emanaz jarrai. Ain zuzen, onen arbasoek euskaldun izaki, baiñan uztarkideagan jasoriko itz bakar batzuek ezik, etzen Euskeraz baliatzen, eta emaztea bitarteko zuelarik jakin zueneraiño mintza zen.

        Unetxo urrian bedik, Arriantxo xotilla belaun katilluek dardari, bat-batean txingarra gisa gorri-bizi, il edo biziko erantzuna zer entzungo gili-gilika jarri ere.

        —Zorionekoa zera. —Balentiñak beste sorbaldara eskua luzaturik—. Ez dizute iñork etxerik kenduko andre onek dionetan. Salgai jarria zuena egia omen, baiñan ezbairik gabe, aurrena maiztarrak izatekotan. Geroztiko erantzunik ez duela jaso alegia...

        —Ikusten?... Axeri marra, alena!...

        —Arrazoi zenuen... Nene gaixotasunari bezelaxen .erdiz-erdi, igarri zenion...

        Lege-gizonan arrenaz, illuntzeko seirak jiratsurako izendatu zuten elkarganatzeko ordua. Zerbait lentxoagotik, arteraiñoan ez-ezagun ziren nagusi-maiztar biek, onek eguneroko ogibidetzarako oi zuen gela zabalean aurrez-aurre ziren.

        Joxe-Prantxiskok ezagutu aal izan zuen etxe-jabea, leenik zekianez ezkongai zen, irurogei urtetan jiratua noski ta alaere gordin zirudian begietarako. Ain zuzen, arbasoengandik zetorkion izkuntzan jabe zelarik, elkarrekiko zailtasunik gabe ekin ziotzen esan bearrekoek esaten. Zoritxarren samiña azaltzearekin batean, gertatzen zenaren berri emateko eskatu ziotzan maiztarrari. Onek, barnean ongi itxatsiak izaki, batik-bat egun illun aietan mingain azalean arro-arro zebizkien-da, «aita gurea» bezin zeatz arian erantzun:

        —...Ontan ziren bada erre ondorengo egunetan artu genitugun asmo edo itzak beintzat.

        —Ori bai, nola-ala abian etxeari legorra eman bearra zegoena aditzen eman zidan. Asmo orrekin lan auetan jakitun den jaun batekin egon ere, ta onek salgai jartzea obeko nuela alegindurik, onen esanera jarri nintzan azkenean. Oenera ere, azken urte bakarretan nauzu-ta... Zertarako egin diru eralgitze antzua?...

        —Bakoitzak daki bere berri...

        —Esan dizudanagatik, batetik nire alderdiari begiraturik, baiñan zuen ezbearra gogoan nuela, esku-idatzia igorri niotzan delako ordezkoari. Maiztarrei aditzera eman zaiotzela artu nuen erabakiagatik, alegia, neretzat galera baiño etzela etxea berriztea, ta zegoenetan salgai jarri nai nuela eremu osoa.

        —Guri ez digu bada txistik aitatu.

        —Sinistu zaidazu: Belaunez-belaun lurra landuaz antxen bizi zeratenaz gaiñera, zuen ezbear eta galeren errukia izan nuela. Balio luteken erdian, bizitza biek amarmilla errealetan, au da jarri niotzen sal-neurri, baldin zeuek izatekotan.

        —Toki onean geunden...

        —Zuek eta ni!. .. Esku zuzenetan nituen nere ondasunak... Eta ziur dakizu bateon-batekin itzak emana dagoena?

        —Bai noski, ni emen nagoan bezelaxen. Erostunan leungusu batek niri esana da. Itzez beintzat amabimillan konponduek daudela. Azkenengo, naikoa garbi arpegira bota niotzan berari, ta piperra bezin gorri, zure bizkarrera zama boteaz utzi niñuan. Alegia, zeurea zenuean ezkero, zitekeana zela arren ezjakiñean norbaiti eskeintzea.

        —Ederki! Aixa konpondu ere gezur biribilla...

        —Ikusten detanez oso-osokoa.

        —Beraz, erosi nai zenduke zeure alderdia?

        —Aal baledi biek. Asmo orrekin etorri nazaitzu...

        —Bizitza biek?

        —Ortara konponduak gaude elkarrekin. Ark ere, nere gisa dirurik ez du-ta, nik egiñera, ta biar-etzi, dezakenean erdira izatekotan geldituak gaude, konpontzen bagera beaiñepein...

        —Ederki! Nerea entzun dezu, orain zurea jakin nai dut... Beraz, zer iruditzen zaitzu egindako eskaera? Ainbat balio duela derizkizu?.. .

        —Guretzako bai noski. Nik uste dut, ez zerala gosez ibilli. Edonor zelarik ere, ezin zezakean geiagorik egin gugatik.

        —Ontara, zuretzat geldituko zaizu. Baiñan nigana azaltzearekin, eta zure esatekoek gizonki aitatuarekin ordea, kupitua utzi nauzu-ta, ez amarrean, bederatzi millan zuretzako gelditu da.

        Zezakeneraiño eskertu zuen ezagutu berri zuanezko emakumea, ta beste arantzarik etzuen bere baitan, egin zuena aurrenengo egunean egin ezaren damua baiño.

        Abian, Balentiñak edan-ontzi batzuek urreratu ziotzen, eta ontziekin batean, alegia, tratuak ostro-beltxekoa berea zuela-ta, Mancha-ko ardo argi aparduna ere ñir-ñir zidurilla. Ñir-ñir ontzian, eta begietan.

        Erostunan ontziakin bat-banaka txiketx egiñaz, eta bakoitzak geroaren ona opalduaz abian txurrupatu zuten.

        Ardo apartsuaren gisa, une artandik Joxe-Prantxiskoren begiek ere ñirñiraz zeuden. Ez ordea ardoekiko itxi-zabaltze ñirñiraz, baizik-eta, ez-bairik gabeko tratu-giro artandik arteraiñoan itzen indar soilla baiño ez zetorkiolako. Ez, etzen bigarrengoan Zabaletaren saldu-erosia itzen indar antzuan itzaliko Joxe-Prantxisko sutu zuen lentxoagoko sasi-tratuan gisa...

        Au ezjakiñean bederik, aurrez etxe-jabea lege-gizonaz bat zegoen esku-aldatze agiriaren buruz. Uraxen izaki beinbetirako eusgarri bakarra. Azal biko larruki batean alde bikoen xeetasunak idatziek jarri, eta diruaren ordera etxeeremuek eskuz aldatu.

        Ori egiteko zai-zai zegoen lege-gizon arretatsua, oro beste biek, aldi aietan aski bai zen aren maillakoak egiña izatea, legearen barrurako naiko indar zeukanda.

        Esan eta egin, bear-bearreko galderak egin ziotzen bieri, ta abian bete betebearrekoa. Joxe-Prantxiskok gizonki aitandu ziotzan beste bizitzakoekin egiña zeukaten konponketa izendatu zezala, alegia erdizka, laumilla ta bosteum errealetan izatekotan.

        —Dena egiña dago. Oraindixek zuretzat gelditzen zaitzu. —Aditzera emanaz negusitzari utziriko andreak irripar.

        Unean lotsaz gorritu zen Joxe-Prantxisko, ta apalki andreari begira esan:

        —Eta dirua? Noizko-edo?...

        Baiñan Balentiña zai-zai ariari eltzeko, ta onek:

        —Au ere egiña dago Joxe-Prantxisko. —Eta jarraitu beste andrezkoari.

        —Tori andre, zenbatu itzatzu juxtu dauden. —Eta eskuetan utzi, urre-zillarrez osatzen zituen bederatzi milla erreal.

        Onek, erantzun baikorra emanaz, seiñalagarri egiñiko esku-idatzi pixua, ongi gorde zezala aginduaz Joxe-Prantxiskori eman.

        —Gorde?... Bai orixe! Bidean lapurrak irtengo balidakite ere, kostako litzaiokete ibastea. —Eta larru-onduzko agiria atzamarretan biribilka, argizari txirdiña bezain mee jartzeraiño bilduaz-bilduaz zeroela, Sandratin, mugazaiñek lapurtzat artuaz, leenengoz ikusi ta jabetu zen ontzurreaz mintza zitzaikien, entzule aiek algaraz ler-gaizto egiñak uzten zituelarik.

        Une artandik Arriantxoren begiek Zabaletara begira itzuli ziren. Nola izango etxekoek?... Luzeegi iritziak ez ote?.. .

        Senar-emazte begiragarriek ordea, zer erakutsiek zituzten-da, irteera luzaerazi nai ziotzen. Luzaerazi-edo, biaramon egoarteraiño beiñik bideetan jartzea galerazi.

        Xotil ziren izan ere, bide batez, giza-maillen erraiñurik bereizten etzekitenetakoek, eta xotiltasun berdingaitzaren eredu, senitarteko maitasun lokarritzea zirudin. Sendi artan luzaroan elkargandik alden zegozen guraso bailitzakean artu zuten Joxe-Prantxisko. Edo-ta, presondegitik askatasunera itzuliriko senide bailutekean. Onexengaitik-edo, bazirudian izkutuko xoko guziek erakutsi nai izan ziotzela.

        Ain zuzen, afal-ordua aurretik etxalde ugariek barrena zer ikusiko irten ere apur baterako.

        Arrigarri ziren Arriantxorentzat begipetan zituenak. Laubost biztokik gandortzen zituzten arlanduz egiñiko etxe ikusgarriek. Tartekako enparantz-zelai apaiñak, belardi xerrenda biur eta zugaizti pertxent ezberdiñaz txukun. Amaierik gabeko egurastokiek, urki ta makal-ondoz ezker-eskuma mugatuek. Retiro-ko Parque izugarria, bertan, eguzki lurretako legoi, katamotz, artz, tximu, ta osterontzeko ainbat pizti bildurgarri. Izotz alderdietako beste ainbat azal-jario itxusi. Ainbat egazti ez-ezagun... Denak Joxe-Prantxiskorentzat ikusgarri!

        Illun-arian, etxaalde nagusietan, edo-ta kale-gurutzetan, olio-argi motelak pizten asi zireneko, berriro Pizarro kalean zeuden, egunan kurpillean ainbat gora-beeraz nekatuek noski, bizi-toki xotil artan premiazko atseden aldia ar zezaten.

        Bosgarren gaba Joxe-Prantxiskorentzat, etxetik, edo Zabaletako artegi tzirtzilletik urruti zeroela, ta bide berean bosgarrena, begi-itxi nasairik egin etzuela ere. Baiñan nekatua zegoelako, edo-ta agian, zekarkian buru-auste mingotza, ark baitandik jaurti zuelako, gau artan, zurrunka itxuan, arria bezela, biaramon goizeko zortzirak arteiño etzen iratzarri. Eta nola-ala, egoardi ondoraiño eurekin eutsi ziotzen senar-emazte on utsak.

        Ordu artaraiño Gaztelako uri-buruak bere-bereak zituen edergaillu bitxienak erakusten alegidu ziren. Sorkaldeko Errege-jauregia. San Jeronimoko Eliz-Nagusi ikusgarria. Erabagiak eta legeak aztartu, ta uztartuko ziren Korteetako jauregi serioxkoa... Eta aro artan Maparretan zeuden inbat ikusgrri. Azkenik, sendi ark, oro berak ere, Madrideko egona oroigarri izan zezaten, eretratoa ere atera ziotzen Joxe-Prantxiskori.

        Ontan ziarduen aur jostariek ziruditen senar-emazte maitagarriek, ordu bakar batzuek elkarrekin poz-giroz igaro zitzaten, baiñan arrotzan pentsamena, onen familli-giroan izaki, ta aien egin, eta eginai guzia eskergarri zelarik ere, ezin zezaken orduerdixkarik luzatu gaiñera, eta bazkaidu artekoa osta-osta egin aal izan zuan sendi pozgarri artan.

        Abian, begiek malkoz ezaturik, eta on egite guzi-guziek aal zuenaraiño eskertuaz, joan zireneko bideari begira jarri, eraman zuaneko bide-lagunakin batera, illuntze berandurako iru illargi joanak, ostatu artu zuten etxe berean oe zuria artuko zutenezko itxaroz.

        Zaldiek atsedenduek izaki, aitaturiko ostatura tartean denbora aurreratuaz zijoazen uste zutenetik, eta Balentiñak biderako eman ziotzen ogibitarteko koipatsua, abereek arteondo batzuen gibelera babestuaz, eta bide zurguan kukirio jarririk patxadaz jan zezaten kako egin zuten bidaztiek.

        Ontan, aoa bete-betean ziarduela, ustekabeko alabearra! ... Eurek zeramakiten bide ber-bertan gizaki bat Madrid alderaka, ta euren gisa zaldiz, urreratzen zetorkien. Ain zuzen, orpoetara zenean, eta bikutzari oies egitera jartzearekin bat-batean, burua saietsera jira-ta, piper-miña bezelatsu gorri ta minkor, zaldia zirikaz alegindu zen, aurrez-aurre zituenak ikusi ez baizitukean antzo.

        Arren begiek ezik, Joxe-Prantxiskorenak ere etzeuden lotan alajaiña! Lagunari txistik aitatzeke bederen, onek ere, ark aiñakoxe arreta artu itxura egiñaz, aixa ezagutu aal izan zuen nor zen, eta zer zebilkin lurralde urruti aietan.

        Arteraiño Zabaletaren banakari izaniko oiñatiarra zen gizaki izubera ura. Ain zuzen, millaka errealtxo batzuek eskuratu asmoz, egin zuen gezur-tratuaren berria Gomendiotar andreari aoz-ao zeramakion galtzadun zazpikia.

        Lotsaz gorritua, ta bide batez zusmo txarrez bederik, nor zen konturatu eza berekix siñetsiaz, aberea trikikoan zuela bikotearen begipetik irten zela iduritzearekin batbatean, Joxe-Pranxiskok axanpaz iges zijoenari:

        —Kaixo adiskide! ... Berandutxo zabiltza... Ostro-beltxekoa, atzo zen!!

 

aurrekoa hurrengoa