www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX
ERIOTZAN ATEETAN

 

«...Azaroko eguna,

argitzerako illuna.»

 

        Egutaro atsegiña zijoelarik, eguzkia mendi-osteratzen zenerako illuna zinzilik zetorren. Ainbat urbillago, gaztel-aize zakarran bultzak opilduaz, laiño matasa lodi etengabeak itxasalderatzen zeramazkian egun pixu artan.

        Ain zuzen, Zabaletako nexka-mutillak, aldiro aterritan, aldiro euri zipriztiñak bizkarrean artuaz, baiñan etengabeko aize-burrukari aurpegi emanaz, perkatx, jardunak ziren arratsalde buruan gaberako bearko zituzten abere-jatenak biltzen.

        Sei buru larriak zeuden ukuilluan, bigantxa ta txekor, bazuten esku bete lan. Alaere, illunabarrean ukuillu lanak egin, afaldu, ta ezordua baiñan leen, ardatzerako tajuturik zeuden.

        Urrutira barik, teillapean bertan, aldekoan zeukaten gabari ordu batzuek ebatsi aal izateko aukerako beta. Zabaleta, bi bizitzetan banaturiko barrunbe nasaia zenez gaiñera, ardaztoki ere zen, eta antxen bilduko ziren udazken ondar ezkeroztik neguak zirauneraiño, auzo-barrutiko giza-emakume eldu, ainbat gazte sasoiko, oso zaartuek edo gaixoki izan ezik.

        Ardatzaroak ekitaldi luzeak zituen, baiñan une artan beintzat aurreratuaz zetozen sasoiz eta lanez. Abuztu-Agorrean lurretik jaso zuten liño-belarra, aurrena ongi legorturik liña-putzuetan aseko zuten, aalik eta muiña usteltzera iritxiko zuten arte. Ondoren eguzkitan txigortu, ta liñaarrietan makilduaz, belarraren zilla apurtuko zen. Lan au tarte-marteka, bakoitzaren etxeetan egingo zen lana noski, ta ardaztokira zijoazenean, besapean zamaxka bana-biña, gaberdi jiratsuko zeregiña eramanaz, an bat-besteen babesean, ta geroztiko maniaketak egin aal izateko aurreratzen joatea zen.

        Oi bezela, Zabaletako aizpa biek, besoetan zamaxkak, aldekora urbildu ziren. Etxekoek beste, arteraiñoan iñor etzegoen ardaztegian. Abian Manuela suasketan asi, onen aizpa Iñaxi trangetan. Galtzadunentzat langintza egokiagoak ziren arren auek ezean edonorren pareko zirelarik, bitarteko denborik etzuten galdu nai izan noski.

        Izan ere, ardazketak gogaikarri izateaz beste, bere zerak zituen, ta aldizka besa-indarra eskatzen zuelarik gizonezkoen bearra oi zen, emakumezkoen atzamar ariñentzat sarriagotan zerregin geiago zelarik ere. Arritzekoa izan ere, liño-belar bakoitzak mintz-mintzean dituenezko albaiñu urriak jasoaz aria egin aal izatea. Bide batez ordea, ezagutu bearrekoa da patxadaz artzeko zela.

        Lentxoago aitatu bezela, suastuaz bigundu, trangatuaz arrotu, txarrantxetan orraztu, moltzo-moltzoka liñagetan opildu, ta izpi-mizpika ardatzean biur emanik, arillera bildu... Zerbait gora-beera, auxen zuten ardaztokietako lana. Gerorago lixibatu, auts-urez egosi, gau-intzetan txuritu, ta azkenik oialduko zuten. Soiñean, edo-ta, oe txuria jantzi aal izateko eunezko arropak izango bazituzten.

        Auzotarrak zetozen kurpillean, aizken berriak ere jira-biraz artu oi ziren barrunbe nasai artan. Zaarrak zaarrekin, gazteak gazteekin, esanak esan, barrenak arindu, bete, nasaitu... Egungo berri pizerrak... Eguneratzen zetozen ezkontzak... Maite-minduen ixilpekoek... Denak ziren garrantziko!

        Baiñan gau artan Joxe-Paulo Eztandakoak zuen itza:

        —Iribar-ko errotaria zorroakin izan degu-ta... Peatza-miñetan ezbearrak ote diran edo... Zerbaiten berria izango dezute noski...?

        —Ezbearra... ? —Aizpe biek aoa itxi zuenerako—. Txistik ez dakigu...

        —Lurrikarak izan ote diran zaratak beiñepein...

        Zabaletako alaberi nai ezean karraxi larriek iges egin ziotzen, eta aurpegi txuri-ori aurrena, ta gorri-more ondoren jarriaz, begi bete-beteko malkoetan etxeratu asmoan jarri.

        Joxe-Paulok nasaitu zitezen edo, zerbait txaarra izatekotan, albiste izango zutela adieraziaz nola-ala mintzakizuna moztu zuen, edo beintzat bigunduaz bide berrian sartu, baiñan alaere Iñaxi ta Manuela minduei oso-osoan barrena iratu zitzaizkien.

        Bat-bateko ikara-larriz, esku-oiñak dardaraz zituztelarik, etxera lagundu ziotzen bat edo bestek.

        Errotarian esamesengatik, eta bide berean Joxe-Pauloren berria gora-beera, Zabaletako sendi apalak bazuen naiko buru-auste. Gau osoan etzuten begirik bildu ere.

        Ordu berdiñetan, Peatza-miñetako galeri illunetan bazebillen sartu-irtenik aski. Bost mutil lurperatuek zireneko berri ikaragarri ura aixa zabaldu bai zen ingurumarian, eta galtzak jazteko gai zenak beintzat etzuen laguntzarik ukatu.

        Ezbear ura gertatu zenetik asi-ta, geroztiko orduetan loitza ura guztia kentzen, galerian bertan nasaitasun apur bat zegoen tokian utziaz, edo-ta osterontzekoek, lepaka edo leretan tartarras atakaz kanpora amilduez ziarduen.

        Meakin zaildu aiek ongi zekizkiten goi-beetako zirkil zuloek, eta auek buru zirelarik gaiñontzekoen laguntza ere eskergarri izan zitzaikien. Berrogeitaka besakada izango zituen luze, zenezko zorigaiztoko besadarrak, iru-lau bai zabal, eta giza-neurri tajuzkoa goi-beetara. Ordu askotarako lana nola nai ere arritza ura guzia atera aal izateko. Azpitik kenduez ordea, ez ote zen gaillurra jausten etorriko? Arriskurik larriena onekin zeukaten.

        Zerren-arren ortarako erabilli oi zituzten burdin-uztai erdiki batzuek tentekoen gaiñean jarriaz, arkupe itxia tajutzen zuten, ondakin eta loi ziringa garbitutzean beste ezbearren bat gertatu etzeikien.

        Olio-argi, ergelak batean bestean zituztelarik, arririk larrienak mailluz autsiaz, nekez bederik aldian oin batzuek aurreratuez, bigarren gaberako ondakintza aren erdia kendu aal izatera iritxi ziren, eurek uste zutenez.

        Gaberdia osta-osta jiratua zen orduantxen, arteraiñoko asmakizun guziek egin arren etzuten iñor bizi zitekean aztarrik somatu. Tarte-marteka txistuz eta oiuz, mailluz eta palankaz tankaka, aal zituzten zaratik bizienak atereaz ziarduen, galduak ziren legunak entzun zezaten, baiñan egin denak alperrik arterañoan, erantzunik etzetorkien eta bide batez etsia artuaz zijoazen esku langille nekatu aiek.

        —Geldi! ... Geldik apur batean... —Deadar egin zuen meakin aietako batek—. Norbaitzuek bizi diren zusmurra zetorkidak... Ez dezute kiskal usairik artzen?...

        Sudurrak zabaldu zituzten orduantxen, eta bigarrenak ere ala uste zuen.

        —Ala zirudik... Bizirik ote zeudek, edo-ta, arramillak arrastan erortzean sorturiko kiratsa ez ote duk gero?

        Alegiñak egin zituzten orduantxen zaratak ateratzen, baiñan dena alperrik izan zitzaien. Etzegoen beste biderik, kenduez jarraitu baiño.

        Alabeiñik, arterañoan etzutena eurenganatu zuten. Itxarobidea! Alegia, lur eta arri naasiko loi-kiratsa antxen bukatzen zela. Erdi bidera gutxi-gora-beera, ta aurreratzean. arri garbia zirudian. Beraz, zitekeana zen galeri murritz ura uste zuten betekiñez itxia ez egotea, ta irauli zen lur mailla guzi ura, burdin-arkuen gaindik gelditu aal izatea. Ez gorputz illik, ez lanerako tresnik, ezeren aztarrik topatu ezean, billa zebiltzan bost mutillak ondakintza aren ustean ez ote ziren azalduko? Edo-ta, toki itxi artan bizirik iraun aal izateko aizerik ezagatik itoak ote ziren?...

        Amildurik zegoen arritza artatik, xeenak beñepein, eskutik-eskura artuaz katai bat egiñik asi ziren abian. Ontan, sapaiari lotua zegoen arritzar borobilla palankaz jiratzean, bete-betean orduantxen somatu aal izan zuten itxaro zuten kiskal-usai pozkarria, ta ez erre-usai utsa, arri zirrizkuetatik kea ere moltsoan zetorren. Eskuetan zerabilkiten burdin-aga luzeenarekin zirikaz irikitzean, kea ere geituez asi zen, eta naasian oial erre usaia.

        Joxe-Prantxiskorekin batera zoritxarrak lotu zituen lau aietan bi, ber-bertakoek ziren, Barnaola-koak, eta, burubidezko mutillak. Andrex, bietan zaarrena zakur maitea zelarik, eta Maiztegi-ko lo-lekuetan arratoi txakurtxo bat zeukaten-da, eguneroko jostaillu artua zeukan onek zakurra, ta zakurrak bera. Alabearrez norbaiteri bururatu zitzaion senik artzen ote zuen edo, miña-zulo artara eramatea, ta asmatu zuenak uste bezela toki artara urbiltzearekin, burua goi-goian, eta muturra arri zirrizkuetan itxatsia, isatsari ara-ona eragiñaz, Andrexi egin oi ziotzan ongietotriaren gisara, txakurtxoa zaunka txikian jarri zen. Sena artu zuen noski.

        Ordundixek zalantzak bota zituzten. Aien iritzietara bizirik zeuden... Indarrak berrituaz zetorkien, deadarrak, txistuak, burdiña burdiñarekin joazkiko zaratak soriagotzen....Alaz-guziz, erantzunik ezaren kezka ezin zuten alderandu. Bein bear-da, oiu motel baten oiartzuna ote zen zusmurra artu zuten berriro. Oso urrutian... Mendi ostetik bazetorkien bezelatsu... Ala ote zen gero? Edo-ta, itxaromenak sentiarazten ziotzen idurimen antzua bakarrik?...

        Usteak... Idurimenak ...Kezka-larriak... Denak zuten sartu-irtena bakoitzaren baitan, ordu etsi aietan!

 

* * *

 

        Gogorra zen lurraren dardara motelagaz baterako arri zirrara bildurgarri ura. Karraxi larri bana, edo bostek baterako oiu etsi bat egin aal izan zuten bakarrik une estu artan, beste ezertarako gai etziren-da. Belarrietara zetorkien turmoe gisako dardara lergarriarekin batean, arramillak elkar mazpilka ateratzen zituzten suzko pintzak, eta meatz usai gordiña baiño etzuten nabaritzen. Odol-izozturik kukildu errukarriek. Arri zarata sorgarria baretu zenerako, burutik oiñetara ozkirri saltoak artu, ta biotz tankakoa estu-estuka jarri zitzaien. Begiek malkoz bustirik, izardi otzetan, ortz-karraskaz... Eskuetan zerabilten kriselluaren argitasun motela ere aitu zitzaien. Ordundixek zorigaitzaren leize sakonera amildu ziren!

        Zer duk au mutillak? —Deadar egin zuen, Mattin bostetan gazteenak—. Bizi zerate?... Zenbait gaituk?...

        —Bost giñuken. —Oni, Joxe-Prantxiskok erantzun—. Pello Mari, Laxaro Andrex...

        Baiñan auen mintzorik etzuten entzun aal izan denak, ez erantzunik eman ere. Pellok, indar egiñaz arrartetik irten aal izan zuen, ezur-ots motel bat entzun zuen arren. Bero artan etzuen oiñazerik sentitu, baiñan sorbalda bere giltzetik aterea zeukan. Joxe-Prantxiskok, gerri-beeak lurpetuek, baiñan nola-ala kenduaz irten zen. Laxarok karraxiz ziardun, eta Martin, onen gaiñera eroritako arri mokorrak kenduaz zijoen. Andrexen txistik etzen entzun ostera. Illunpe izugarri artan, bakoitzek aal zutena egiñaz, au laister zeukaten eskuetan. Illa ez ote zegoen gero?... Ura dardara larria! Zorionean, arnasa bazeukan. Kaskar ezurreko bat artu zuelarik, korde gabe gelditu zen, baiñan abian oneratu ere.

        Ura zoritxarra! ... Laxarok iru saiets autsiek, Joxe-Prantxiskok berna ezurra, Pellok sorbalda zinzilik, laugarrena itz gabean... Alabearrez, gazteena bakarrik zen ikara-larriarekin gelditua. Ez ote zen gero gabeko sorgiñen madarikamena?

        Oiñazeek oiñaze, arteraiñokoa utsa baiño zen elbarritu aien kolkorako. Eztenkada zorrotzagoa, larri-min mikotzagoa zetorkien arnasa bakoitzeko... Egoera ikaragarri artan eriotzak eldu bearra.

        Lur-mailla arren azpitik nola irten? Zenbaiteraiño erori zitekean? Eurek bakarrik ote zorigaizpean eroriek, edo-ta, gaiñontzeko lankideek ere lurpetuek ez ote ziren? Burutamen larriek bakoitzen barnetan...

        Alaere bat-besteari poz ematen saiatu ziren upats bakoitzeko barren garratzaren kiratsa bazetorkien ere.

        Itxumen izugarri artan erori ziren arren, Joxe-Prantxiskok etzuen galdu bere ezpaletiko onbidetasunik. Oiñazez kizkurtua zegolarik, lagunenganako errukiak bere ezbearra gaitzetsi ziotzan, eta abian Peillori sorbalda bere giltzetan sartu. Laxarori, gerri-bular tartea euren gerriko oialak baliatuaz estu-estuan lotu, oiñaze larri aiek zerbait soor zezaikion. Azkenik, soiñean zeukan alkandorari zirdinki batzuek kendurik, bere berna autsia ere lotu aal izan zuen.

        Egiñalak egin, soortu eziñekoa barrendiko larri-miña zuten. Gogaikarri ezik kukilgarri ere zitzaien egoera errukarri ura. Begi-itxi bakoitzak orduek ziruditen, ordu bakoitzak belaunaldi... Egon, eta egon, etzeukaten beste eginpiderik. Egon bearra, ta egon eziña... Karraxi-larria, ta ixiltasuna... Eriotzaren atzamarretara eroriek iduri. Betikotasun azkengabera amilduek...

        Bizirik ziren adierazgarri bide bakarra zeukaten. Ez zarata bat zerekin atera, eskuetan zerabilkiten lan tresnak lurpeetuek gelditu zitzaikien-da. Oiu, txistu, deadar egin? Antzua zen une artarako. Nola entzun eraziko lur-mendi arren ostean zeudenei...?

        Andrex lur-zulo aietan luzaroan zebillena izaki, ta bearrak erakutsiak noski, bazituen berekizko zenbait artezi, ta aietan bat sua piztea zen, zerbaiteri kea ateraztea.- Eta egitekotan, soiñean zituzten arropak sutu bearko zituzten.

        Alabearrez, bera zen pipa-artzaillea, ta sakelean su-arri ta ardagai egosi zirdinkiek zituen-da, kaltzairu-arraspan joaz-joaz ardagaikia piztera iritxi zuen, onekin soiñean zaroan alkandora sutu, eta gerorago beste lagunenak. Leengo egoeraz gaiñera, kee mikotz eta kiskal usai iguingarria bide, eztulez eta arrosinka ito zoriz, ler gaizto egiñik eraman bearra zeukaten inpernu bizi ura.

        ...«Zorigaiztoko eguna! Zergaitik irten nindukan Zabaletako tellape bildu artandik? ... Bertan egon baniñukan ere, sabela zertaz bete izango nin... Bizi-miñaren irteera... Zergaitik, zergaitik ezagutu niaken, eta gerorago maitemindu?... Biotz ukutua... Mendipeko bizikera triste ontan itxutu gaberik, ez ote nin ogibiderik? ... Ez niaken etxean jarraitu baiño.., Maite-minduekiko burutamenak...»

        ...«Pantxiske eztia...! Bai, zuk begiek bete zenidan... Zuk biotza erdibitu... Zabaletarako oiña ziñakeena adierazi... Abe zaarraren tenteleko ziñakeala aitortu... Belaunaldi berrearen sormen ziñakeala amets egiñerazi...

        Ene Jainko! ... Lagun iguzu, Zure eskuek dezakete-ta...» —Joxe-Prantxisko zulatzen zuten burutamenak ziren.

        Gerozaz gaitzago zitzaien arnasa berriztea, lur-zulo medar ura beteaz zijoakien-da. Birikek estuagotzen, ikusmena moztuaz, begi-ñirñira bakanduaz, aurpegiek txuri-ori, mingaiñek motelduez, gorputz osoko ozkirria... Begirik bildu gabe... Aorik bustitzeke... Gota larria, ao-legorra, egarria... Barrengo etsiak zemaien egarria noski...

        Izan ere, zeramazkiten orduek, auentzat betikotasun azkengabekoaren iduriko izaki, ta soiñez aaultzen zijoazen bidez, gogoz indartzen, azken erio ikaragarria ikusten zutelarik, Jainko aaltsuari biotz arimak oso-osoan eskeiñi bai ziozkaten.

        Soin deneko ikara... Garraztasuna... Auleria... Eta egoera etsiaren barnean aizken aria bai-ez etengo unean... ara, arnas berrizten asi... Egonbear gogaikorraren ixiltasuna bat-batean urratu. Urrutiko deadar oiartzunan irudimena zetorkien. Oztopo zitzaien arri pilloa bat-batean dardariz asi...

        Deadarra gerozaz eta urbillago zeritzaien. Arriek apurtuez sortzen zuten dangako soria larriagotzen... Lagunen zarata aieri erantzun nai izan ziotzen, baiñan aurrenetik deadarka lertuek, eta geroztiko ordu luzeek egoera ontan eramanik, etziren gauza izan, eroriek, aulduek, ito-larrian zeuden... Bakar-bakarrik, itz xotil auetxek esan aal izan zituzten:

        «Ene Jainkoa... Eskerrak, eskerrak Zuri...»

        Berrogeitazortzi ordu orduantxen zori-beltzaren azpian erori zirandik. Bi egun, eta bi gau osorik, atsedenik artu gabe, arretaz eta kezkatsu jardun ondoren, kriseillu argi aularen zelazkoan, eztia arturiko meakin zaildu aiek eskuetaratu zituztenean.

        Soin-arropak sua egiñaz erreak geientsuek. Larru azalak lur autsez eta izardi-otz txorrioz lirdiskatuek, zauriz minduek, giza itxura barik... Gorputz illak ziruditen...

        Ura, poz kurruska...!!

 

aurrekoa hurrengoa