www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

I
BIZITZEAREN KEZKA

 

        Otsail txatxarra ondarretan zijoen. Martxoak moko argiz gilikatuez zeramazkien azken egunetan. Bide berean, gabeko illunari bultz zeragien orduek ere zinzilik orduantxen.

        Goizeko bostak ziren bete-betean, eta Artzuaga-ko etxekoandre zailduaren lo-gelako atearen tarrantak urratu zuen barrunbe artako ixiltasuna. Onekin, etxeko oillar arearen kukurruku soriak zabaldu, etxaalde bakartiaren barne, goiz-oiartzun lo-galgarria.

        Erroxa-ren marmarra goiz errezoen ari etengaitza baiño etzen. Ongi kiribilduriko argizaria gar aulean eskuetan zaroelarik, eta onen argitan eskaillarak beera jeisterakoan, Joxamingo lotan zegoen gelako ate lodiari esku-itxian beaz-koxkor irtenekin kaxkako ariñek eman, eta sua pizteari eldu ziotzan, geroxeago bide lagun izango zuen seme bigarrenak eta berak, etxetik irtetzerakoan zerbait beroa artu zezaten.

        Laister ziren sutondoan, iratzarri berri zen mutil sendokoa egun onak emanaz, eta «Sei» txakurtxo illantsua lau ankatxoek luzaka ta isatsa ara-ona, goizeroko muxinkeriz.

        Joxamingok lo-aria eten zuenerako, mintzo bat artu zuten ama-semeak. Mintzo bat, eta burutamen bat. Urte-aroek bezin aldakor bai ziren Artzuagako sendi amestian iritzi ta asmo berriek. Seme-alabek aziaz, zabaltzea zetorkien noski. Denak ezingo ziren bizi etxaalde bildu artan, eta bide batez erabaki berria arturik, semeetan bat, bigarrena, etxetik irtetzera jarriak ziren.

        Ain zuzen, Iñauteri astea, eta zuzenago, Ordizia-ko azoka eguna zen. Astearte bazkalondorengo lanik arriena, biramonerako tratu-bidean antolamena zegokion Erroxa-ri. Eguzkitan erreriko opillak janaz azia ez izaki, txanpon batzuek eskuratu aal izateko, bide bakarra zeukan. Etxean zutenetik eraman eta bear-bearrekoek etxeratu. Soin-gorritan bialduko ote zuen mutilla?

        Etxerako larru estalgarri edozer aski zuen arren, lantegira aienatzeak aldagarriek eskatzen, eta arteraiñoan erdi urratuek zeuzkan arropa batzuei saietsetik zatia kenduaz, beste batzuei gibelean josirik konpondu zituen arren berrien bearrak zemaikion naiko kezka. Orrezaz beste etxean bear-bearreko zertxoek ere burutan zerabizkin Artzuaga-ko etxekoandreak.

        Urtearen beste egunetan etzen titara bete olio Artzuagan agortuko agian, baiñan garizuma luzerako ezin geldituko zen laurdenki bat bederen etxeratugabe. Koipeki ta gantzak etziren sasoi ontarako. Bakaillo erdiki bat, nor edo nor lotsakorik etxeratuta ere premiazko zitzaion. Jostorratzak, ari txuri ta beltxa, piper-autsa ta abar.

        Zirenak zirela, lakari batzuek intxaur, babarrun, gaztaiña, sagar, tipula ta baratzuri, asta-saskiek leporaiño bete ondoren, liztariz ezpaiñetaraiño josi zituzten ortarakoxe oi zituzten eunezko zapiak. Bei-esnez egiñiko gaztaz lepa-saskia bete, arrautz gorri biribillak esku-otartxoan, eta auen obaria aski zuen bere asmoek bete aal izateko.

        Gelatzean arto-esnea egosten zegoen bitartean, ganbela bete gaztain, azokara zeramazkitenak aukeratzean baztartu zituzten ondakin maxkarretan bilduek astoari ematea, soinkurutza bigungarri ta osterontzeko petralak, eta auen gaiñean zama jartzea baiño etzuen egin mutil sasoikoak.

        Sukalderatu zenerako, apatza bete maieratua zeukan lurrun bizi-bizian. Esku arpegiek ongi garbitu, alkandora txuria, ez astegun, ez jaiegun, oi zituenezko galtzak, eta bruxa pinttarraxka soiñean jantzi zituenerako, apar loditua zegoen janari sendoa. Jesus batean irentsi, ta bideari eltzeko prest zeuden ama-semeak.

        Etzuten goiz-giro argia. Gaztelaizeak sorkaldera bilduez zaroen laiño matasa lodiak galerazten bai ziotzen aitu bide zen illargi laurdenkiari, ta moltso bakoitzaren egaletan margo gorrixtaz uztai meea baiño etzen nabari, edo-ta, iñoiz-bein izarren aldaerak uzten zituzten ixuski antzo, txingar zirrarak goi zabaldian. Argi bearra zuten beraz etxetik bide zabalera jetxiko baziren, eta bear orregatik lasto itxuta batzuek zurriñetik jetxi zituen Joxamingok, piztu ta auen su-argitara joan zitezen.

        Erroxa, arrautz otartxoa besoetan arturik, gaztaz beteriko saskia astoari leengo zamaren geigarri ipiñi, ta mutillak lasto-itxuta aldiro ara-ona, piztu itzalika zuela, ontan artu zuten etxetiko irteera bidazti goiztarrak.

        Bidealdi motxean, baiñan mendi egalak beera bidatxidor estu ta urria zuten oin-bide.

        An-emen arte-ondo illun bakartiek albora utziaz, eta auen ostape itxiek illunagotzen ziotelarik, errekatxo attalaren erara zijoan burdi-bide sakona artu zuten geroxeago. Sakon bezin loitsua alabearrez. Astoak oiñarte bakoitzeko jaurtitzen ziotzen zipriztiñak jasoko ez bazituzten, edo-ta, belaunburuetaraiño lokatzez likatu, Joxamingo, galtzak zankabeetaraiño jasorik, eta Erroxa gona beltx exurtua ta aurre-mantal mendelak oi zituen baiñan goraxeago altxaturik irten bear izan zuten bide likatsu artandik. Toki garbiragora, bide ezpalera.

        Etziren noski auek bakarrik ordu berean eta toki berera zijoazenak. Errekatxoaren ezker-eskuma ziren bideak beera, lasta-argiaren ke-moltso, ta gar-mototsak ere aldioro nabariaz zeramazkiten ama-semeak. Onanean, aueri aurren artzea izan zitekean oen asmo bakarra, baiñan asto zamatuaren oiñarte motelak luzaerazten noski, amaika bider ibiltarin jetxiko zuten bide ezagun artandik irtetzea.

        Egun argiaren leenen aztarra, Aralar gandorretik kirikaz zetorren bide zabala artu zutenerako. Emen, astoari so eman-da, arropetan jaso zituzten zipriztiñak azkaxal mutturrekin murrizkatu, ta bide ertzean neguak kizkurturiko almitz igarretan oiñetako loiek utzi ondoren, biek astoaren orpoz-orpo jarri ziren.

        Arrikada bide etzuten aurreratu, gurdi negarti bat aurreraxeago zijoena nabari zuten arteño. Gutxi bat aurrerago, ta bideera bardiñean zijoala zirudian. Eta itzai zentzungea idien leloan patxadaz, akullua sorbaldaturik joan zitekean bitartean, astoari orpotsak dantzatuerazi ziozkan Artzuaga-ko etxekoandre gartsuak. Nola galduko zuten elkarrekin berri-kontari joan zitezkean tarte atsegiña?

        Urbilduaz zijoazelarik, gizaseme lodixkote bizartsu, ta andrezko sorillan arpegiak, leendiko ezagutze erraiñua zekarkion Erroxa-ri. Ain zuzen, alegitarrak ziren. Zerrikume batzuek burtesian tratubide zeramazkitelarik, euren gisa azokara zijozen senar-emazte goiztarrak.

        —Egun on Jaungoikoak!

        —Orixe bera nai izan dezala zuentzat ere...

        —Goiztar zabiltzate arranea... Ez dezute egun sentiko lorik egin...

        —Zuek ere bada...

        —Bai, irten bearrak ere izaten dire-ta...

        Oin bi aurrerago itzaiñakin solas zijoen mutillari saieska begiratuaz, aopean ziotzan Erroxak:

        —Au mutil au, nola-ala moldatu bear eta, bagoaz...

        —Ezkon asmoek noski...?

        —Bai-ta zera ere! ... Orixen bear degu... Lantegira dijoakigu egun auetako batean, eta badakizu-ba...

        —Ederki... Edozertarako ere ez dirudi makala.

        —Oraiñaldian beiñepein, nork lan egin gaudenezkero, ontzako batzuek etxera begira jartzeakin, biar-etzirako kalterik ez letorkio-ta...

        —Zenbait zerate?

        —Onek alde-ta ere, lanerako zortzi bagera beiñepein. Eta zillak legortuak zortzirok...

        —Uste dut! Zortzitaraezkero baztarrak dantzatuko dituzute...

        —Lanik bukatzen alda gero...

        —Aizu-ta, norako asmoa du...?

        —Ez dakigu-ba... Onek bere gogoa teillagintzarako azaldu digu, baiñan urruti aietara aldatzeko oraindik umean ere da-ta...

        —Ara bestea... ! Zilla legortua duen ezkero, irabazi ona atera dezakean lantegia galdu erazi...?

        —Ortik-onerako aza burua zatoz gaur... Seme-alaben ardura, ez aldegu gurasoen gain edo?

        —Neke berdiñetan sakela bete, edo-ta, erdibetean gelditu, ez aldago alderik?... Auxen ezingo didazu ukatu orraitiok gurasoen egitekoa ez denik...

        —Bide banatatik gabiltza Joxepa... Diru utsak gizon egiten aldu gero?... Egia esatezkero, amarik geienok bezelatsu biozpera nauzu, ta mutilla etxetik irtetzea ez da nere gogoa izan, sabela zertaz bete izango zuen oraindaiño gisa. Bere buruzkoa duen ezkero ordea, utzitzea dagokigu. Utzitzea ta-laguntzea, baiñan eskutik jaretzeke...

        Andrezko biek aopean marmari zijoazen bitartean, akuillu bi aurretik ziren galtzadunak ere ez ixilgura. Leenen izpide, burtesi barneko zerrikumeen tratu-giroa zerabilten. Salneurri gora-beerak, salmentaren alderdiak, urdamaren onurak eta abar. Geroxeago karobi erreketak, lur-giro ta ukuillu lanak... Bakoitzak bere arloek aitatuaz, azkenik emakumeek utziriko enpor bera ezpalduaz artu zuten.

        —...Ameriketara ez baiñan...? Aspaldidanik, aberastasun aundien zaratak dizkiagu andik...

        —Urrutiko intxaurrak...! Egundo etzait uraz bestera joateko ametsik jaio. Alabeiñik teillagintzak zirikatzen niñuan, eta joango nintzan, baldin etxekoen gogozkoa izan bazen...

        —Naparroara?

        —Bai, Tafailla alderako eskea izan nuen. Beizamatar bat ibillia da esku-langille ondoren, eta irabazi itxurazkoa eskeiñiaz.

        —Lan astuna duk teillagintza, ta batez ere emengo mutillentzat. Astunaz gero, lan ordu luzeak. Gogaikarrien ordea, ango eguzki galda kiskalgarria oi duk ezpairik gabe. Otorduek ere ala-olakoak, epelak... Baratzuri ta tipula gordiñak galanki, edo-ta, piper-miña. Geienbat jaki auek erabilli izan dizkitek. Ardoa bai, ugari ta itxurazkoa. Geixkoan sarritan.

        —Egoskari gabeko jatordua... Eurentzat nai badute! Besterik da baba beltza...

        —Jakin bearrik ez niaken baiñan... Ikazkintzarako ez baiñan?

        —Erdiz-erdi igarri didazu. Joan-Batixte ataundarraganako asmoak ditut, baldin konpontzen bagera beintzat. Ontaraxen nijoa gaur... Ezagutzen aldezu?

        —Ezagutu...? I jaio intzanerako bai noski. Bere aita zenarekin ere, langintza ortan ibillia natxik. Ura uan aurrena asia. Arrek bidea ebaki, ta semeak mugarritu...

        Gurdi-ardatzaren txilio negartia gerozaz aulago entzun zitekean, giza-emakume aien jarduna zijoen bezelatsu. Ixilpekorik larrientxoek jalgi ta aztartu zituzten, esamesik bizienak agortuaz zijoazkien noski; eta esanak esan, entzunak jaso, nun-nora zijoazen konturatzeke, Ordiziko ateetara iritxiak ordurako peri-zale xotil aiek.

        Naikoa goiz izaki... Artean etxalde medar aietan etzegoen iñor askorik oztopo egiteko. Emakume bakar batzuek sarrerako ate-sapaldatxoek garbiketan, edo-ta, besapetan ogi bigun erre berriek zituztelarik andik-emendik izan ezik. Bat edo beste, aur-zapiek edo aitzaki, erri zinzurrean zeuden lixibarrietan zaplaka ziarduen egungo leenen orduetako berriak artu-eman. Eta ixiltasun antzua urratuaz, ama-seme peri zaleek tipi-tapa, bide bana artu zituzten, bakoitzaren kaskarrean egiteko ezberdiñak zituzten-da.

        Abian, Joxamingok enparantz zaarreko arkupetara artu zuen, ugazaba berriak zortzirak ondorerako aruntz zeukan aitandua-ta. Erroxaren kezkik larriena ostera, erosi bearrekoek erostea zen, eta ain zuzen, bere astotxoa ubeletik zuela, erosketarik geientxoenak egin oi zituen dendatxoaren saietsera zegoen burdin-uztaiari lotu, ta arteraiñoan utsik zegoen barrunbe illunera sartu zen; aurpegia irripar, egun onak emanaz.

        —Ona emen, gure zera... Goiztar egin dezu plaza jira... Zer ordu degu oraindio...?

        —Gaur atzekoz-aurrera nabilkin... Emengoek egitean joango natxin plazara. Zertxo batzuek artu bearrean natxionan-da, azken ordurako utzi barik... Gaiñera, nork zeukan zer jakin nik zer daramakidan!

        —Ixil-mixilkakorenbat badakartzu gaurkoan Erroxa... Igarri baietz zertara zatozan...

        —I beti zirikatzaille!

        —Sudurrean ere igartzen dizut emakumea. Jokatuko nizuke...

        —Aurkerako ordua jokurako... ! Txanpon bakar bat bear izan-da ere, etzekarkiñat eta... Naiden erostera natorren auen balioa jokatu? Igartzen badidan, nik ordaintzekotan, eta ala ez balitz utsean...

        —Ori zuri obaria ematea litzake.

        —Aurrez igartzeak ere badin berea...

        —Esanak-esan, landare berria datorkizuenerako arreo-txikiaren billa zatozala, ezingo didazu ukatu orraitiok...?

        —Ez abil urruti...

        —Ikusten...?

        —Betiko landa atxurrerako! ... Etzekiñat ezkongai nolatan gelditu intzanan...

        —Ara bestea... ! Iñork begiratu etzidalako...

        —Tira, tira... Idurimen antzu oiek utzi-ta, atera akidan oial urdiñetik kana batzuek, denbora galtzen natxion-da.

        —Jesus eta Maria! ... Ori zendukazun ixilpeko guzia? Au izateko Erroxa...!

        —Onek bazekarkin ondoreko aria...

        —Orraitiok ere. Arilla aalik azkarren askatzen didazun...

        —Ara. Seme bigarrena basa-mutil aterako ote degun-eta, ezin bidaliko diñagu larruek estali barik beintzat...

        —Jakiña... Zaarrena ezkontzearekin esku-ordea etxeratu zenuten-da...

        —Oraindik oba ziñan etxean egon, baiñan beti gurasoen ondoan egonda ere, ama-zulo baiño ez uka izango, ta ikasi dezala beste tokietako berri ere, etzaizkon kalteko-ta.

        —Au zenduen beraz esateko guzia... ?

        —Bai, ta abil bixkor zirzilkerietan aritu barik. Lau galtzerdi zeuzkanat atze-aurre berritzeko, ta ez dedilla garestiegia izan...

        —Aukerakoek dauzkatzu oraiñaldian. Neurrira iristen ez diren egaletan bildu-ta, lan ortarakoxe gordeak dauzkat. Zaude, zaude... Onako zati onetxek emango dizu birentzat aiña. Beste egal onekin batena ortxe-ortxe osatuko zaizu. Aurreak onekin, au atzerako, onekin belaun-katilluak... Irurentzat, ez da ala?

        —Beste zirdin auek emango diten laugarrenentzat...

        —Ori medarregi dezu Erroxa... Itxuliko aldera izan ezik, ez dizu arira ematen...

        —Medarregi didan...? Zer uste dun, zera, gure mutillak ire neurriko ipur-masaillak dituela edo? Ardura zaizkon izan ere, arira eman, edo itxuliko alder bota... San Andresetarako ikatz autsak txuriskatuko ziotzan...

        —Besterik ezer?

        —Bear ez banu ainbat oba! ... Berriek ere egin bearko ziozkanat, ara-ona ibiltzea gertatuta ere... Galtzazpiko ta barrengo aldagarriek ere artu bearrean natxion... Aurtengo udarako irabaziak jazteko aiña iristen bazaigun...

        —Ardura dizu... Dena egiteko lakari bat intxaur saltzea aski zaitzu-ta...

        —Nai dun beste bat gaindik auen alderako...?

        —Ez, ez... Nik ez daukat intxaurrak austeko ganorazko agiñik.

        —Anka-orpoaz autsiko diten...

        —Besterik ezer? Alkandora, txapel, gerriko, sudur-zapi...

        —Bost geiago ere... Aski zaion alkandora barrena!...

        —Ez dezu zuk etxerik galduko...

        —Lore oiek gorde itzan euretzat, eta jarri zan bixkor ordaindu beharrekoa.

        —Berealaxen: Bi erreal... zazpi kana, amalau... sei geiago, ogei... barruarropak, amar... zirdin auek ere... Ba, denak ogeitamabost egin dezagun...

        —Baita beste bost geiago ere, berrogeikoa osatzeko.., Zera, arrara bakoitzeko azkazal bete kenduaz gelditu zaizkiñan txirdin auek? Leendik ere auen koipeak ondotxo miazkatuak izango ditun... Ez aaztu gero arbilorekotan gaudela...

        Orduerdi bat bazijoan, Joxamingo amestia Joan Batixteren itxaroz arkupetan tentel zegoenetik. Luzeegi noski egoera bakarti ura, burutamenak ametsen gain, jokaera berriaren ateetan zegoenarentzat. Zalantzak, agian uste okerrak ernetzeko aiña ere zan. Alperrikakoa ote egin duen bidaldia? Iruzur egin ote?...

        Etxalde bildu aietan barna, albo-errietatik peri-zaleak bana-biñaka zetozen eraz, egunaren antza artuaz zijoan ingurumaria. Enparantz zirkilletan, iruankeko gaiñean mai lege eginaz, batean-bestean peri-zaleen begiko ziran, eta askok beren etxeetan bearrezko zituzten baituraz osatzen zijoazen saldu gura ziran berritsuak.

        Antxen bere, okotz aurrean, gurtere, ubel, esku-lokarri, iitai, kataiak, tala-burdin eta abar, mai buruan zinzilikatuak, tzirtzilkeriz ziardun gizaseme elduxkoak. Araxeago andrezko burduntzia, txapel, galtzerdi, gerriko, espartin eta onelakoekin mai gaiña osatuaz, edonorkin zurikeriz zalamalka. Guraize, jostorratz, titara, aril eta abar, beste txokoan. Bazuten zer ikusi Joxamingoren begi egarberak.

        Mendi masalletatik beera jetxi ziran ainbat etxekoandre arduratsu, eraman zituzten barazki ta salgailluak aurrez-aurre zituztelarik, eta arrautz mordoxka gorri biziak maaletara artuak, aldi baterako exerlekuak artuaz zijoazen. Artzuagako etxekoandreak ere geienetan egon oi zan tokia leiaz artu zuen.

        Ikusmen guziak, mutillaren begiz-aurre ziran une etsi artan; alabeñik, bearrena zitzaion gizaki aren aztarrik etzuen somatzen.

        Alaz guziz, egonak gogaitu, ta itxaromenak argi egin, aldi luzera baiñan leen, eta gutxiena uste zuanean, ataundar saleroskari lodixkoak eskua sorbaldara bota ziotzan etsigaitz zegon Joxamingo xuxenari.

        —Kaixo! ... Aspalditxotik itxaroz onanean?...

        —Bai ta ez; orduerdixka bat noski izendatu zenidan ezkeroztik, baiñan etzait aspergarri izan, zer ikusi badago-ta...

        —Zozo edo bele, beti badiagu zerbait. Egurzale baten itxaroz egon natxiok, eta ezer ez egiteko azkenean...

        —Ez dago okerrik, zuretzat izan ezik.

        —Ederki, ederki... Eta, zer berri ekarri didak? Erabakia artu aal dek?

        —Ni leenetan nator, baldin konpontzen bagera edo...

        —Oraindañoan ere uztartu izan gaituk eta... Noiz izango aiz basoratzeko?

        —Datorren aste leenez bai.

        —Ongi ziok. Orain, bakar batekin egon bearrean natxiok, baiñan aurrez gosari-legea egingo diagu.

        —Nik ez neukan-ba jaten asitzeko premi esturik...

        Salerosle argiaren gisara, ataundar egurzaleak aurpegia irri-parrez zeramakien, mutilla alboko arturik ostatu bidean zijoela. Lankide ontako edozeiñen arabera, gutxienik ere, zurikeriz beintzat, iñoiz biurrikeri txikiñenik ezagutu etzuen basarri-mutil irmoaren gogo naimenak, bere erara eziaz ain zuzen.

        Ardandegi zirrizkuan, ogi apurki, ta ontzi koipeztu batzuek zeuden maitxo batean exeri zirenerako, maia zapiz igurtzi, ta ontzi ustu aiek alboratu, ta erratillu bete zerri-gibel maieratu ziotzen ostalariaren alaba gazteak, ogi zabal biguna, ta pitxer ardoarekin. Jaten asiaz batera, elkarrekin egin bearreko konponketak ere, mai gaiñean zituzten...

        —Eta, soldatatzaz zer esaten didak? Nere asanera eroriko intzan...?

        —Lentxoago ere aditzera eman dizut, neurean natorrena.

        —Egia esan, geixkoan ago leenengo urterako.

        —Zuk ezin eman badidazu, edozein tokitan irabazi dezaket dirutza ori, ta oraindaiño ainbat adiskide izango gera aurrerantzean ere.

        —Esan dizkat leen ere, iñorkin uztartzeke ez naizela gelditu, ta orain ere badiagu bide bat konpondu gindezkena. Ara... Euretzako aizkorak edorrek jartzera osatuko dizkiat eskatu idaken bost ontzakoek... Ontan zer deritzok?

        —Pertza ganoraz konpondu dezula... Alegia, zure kolkorako. Baiñan, aizkorak gerorako ere neretzat geldituko dire-ta... Itza ematen dizut...! Aizu-ta, nora joan bear det, edo, nun izango dut lantegia?

        —Oraingoz beintzat, Aizkorri azpira joan bearko duk. An bai zetiat aurtengo udaldirako lanik aundiñentxoak. Ezagun altzaik baso aiek... ?

        —Nola ezagutuko ditut, etxetik irten ez banaiz...?

        —Bide galtzerik ez duk. Udana-bentara joatea aski zaik, eta mandazaiñari itxoin, egunero iruz-lauz jetxiaz ziarduk, eta berak zuzenduko iñuka nere lantegira. An, nere ordezkoa jarria zeukat eta aurrez aditzera emana izango duk.

        —Ongi dago. Ontara joan besterik ez daukat...

        —Orixen...

        —Beraz, esanak-esan, datorrena ikuskizun... Agur, Batixte!

 

aurrekoa hurrengoa