www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

III
AITAN URRATSETAN

 

        Ogei urte zerbait gora-beera orduantxen, Joxamingok Zabaletako abe zaarren pixua bere bizkarrera artu zuenetik. Iru aste gutxiago, Joan-Batixte egurzalean mendetik aldegin zuela. Izan ere Tomaxa xotillarekin ezkontzera moldatu zen ezkeroztik, bidezko zitzaion ogi-bide neketsu arri uko emanaz Zabaletako eremuetan lan egitea, arteraiñoan eraman zuten bizitza etsi artandik, andrezkoek zerbait arindu zitezen. Bestera, baztar artan lan egiñaz berentzat aiña artu zezaketen, eta aski zuten ordurako, ta agian ondoren zetozenen sabelak bete aal izateko ere. Beraz, txanpon bideei utzirik, aize garbiagoa artuaz bere baztarrean zezakeana egiñaz artu nai izan zuen bizi-moldea. Uste auek zituen beiñepein.

        Sei seme-alaba ekarri zituzten senar-emazte apal aiek. Leenen muskilla, bikutza ain zuzen. Joxe-Prantxisko, eta Austin-Mari Arri-koskorra duin gogorrak biek ere. Ondorengo laurak nexkak.

        Usteak ordea, ustel oi dire sarritan, eta Joxamingori ere etzion beti-beti kukuak zuzen jo. Leenen oiña bikutza izatearekin zerbait estutu bearra iritxi zitzaion, eta orrexengaitik tarteka irabazpidera irten bearra ere bai, bixkietan bat iñungo etxean azitzea beartua zelarik, leendiko aurreratu pirriñak uxatzeko aski izan zitzaion-da.

        Seme-alabek aziaz ordea, etxe inguruan moldatu oi zen, zori okerrez, gaztearoan aritz-giarra duin tringo zelarik ere, osasunez makal zebillen, eta aalik beintzat kontu artuaz ibiltzea zegokion-da, ibilli ere ala zebillen.

        Au gabean ere, naikoa ziren Zabaletan etxeko gora-beerak egiteko. Mutil bikutzak aski, inguru aiek gain-azpi jiratzeko, ta biar-etzirako ez zitzaikiela gaizki etorriko-ta, bieta —bat irabazira irtetzera jarri ziren.

        Joxamingo basa-mutil ibilliaz geroztikoan, Joan-Batixte ataundarrakin artu-eman estuetan geldituak ziren, bein, da birritan aukera izanak noski mutil aietan bat bederen arri utzi aal izateko, ta ain zuzen ere, Joxe-Prantxisko xotilla aurreratu zitzaien lan ortarako bero-beroan, ta alabearrez, aitak leenen irteera egin zuen tokitsu bertara.

        Martxoko egun luzakor aietako batean gosaldu ondoren, Udana-bentara irten zen mutilla, an mandazaiakin egokituaz, nora joan zuzenduko zuela-ta.

        Emeretzi udaberriz errotua zegoen gaztearentzat, etzen uste zuen aiñako zerbait izan, ainbat bider entzuna zuen Udanako-benta. Teillape narrats eta triste bat baiño. Barrunbe urri ta medarra zirudien begi-itxi baterako. Etxez geigarri-edo, lau tentekoz altxatua zen legorpetxo bat etxaordeko zuelarik, naikoa urri ziruditen biek bat egiñik ere. Eraskin onek auntz-tegia zirurin, edo-ta iñoizean bein eskuz aldatuko zituzten bei ta idientzat babesa izan zitekean. Erosle edo saltzaille, agian biek, ardangela zokoan ordu zoroetan tratu-giroz zegozen bitarterako izan ezik, beste garrantzirik ezin zezakean izan legorpe zirtzil arrek.

        Urteen buruan neguko ekaizteak, eta udarako eguzki galdak jana zegoen sarrerako ate narratsaren ostera, kataian zegoen zakur mengelak, ixtilluzko arrera egin ziotzan ateetara urbiltzean basa-mutillari, ta abian piztiari ots emanaz urreratu, bentera edo zenezko atso baldarkoa. Bazkaltzeari erdi-purdi utzia noski, aurre-mantala okotzean zuela ezpaiñetako koldarrak kenduaz zetorren beintzat, eta milla zurikeri azalean zituela, arrotzari aurpegi argia erakutsiaz.

        Berebiziko egur pilloek zeuden ingurumarian, ikatz kargak ongi tolesturiko zakuetan jasoak. Lereetan tar-tarras eta mandoz eetxiek noski, mandoen perra, ta lera-ortzen urratsetara loi beraxko lirdikatuetan igarri zitekeanez.

        Baiñan Joxe-Prantxisko bide erakusle bearrean zegoelarik, mandazaiñan aztarra jakin aal izateko, ate-erdikotik zelatan zegoen atsoari galdetzea baiño zer egokiagorik? Eta ain zuzen, bentera ez-ezagunari itz eman ziotzan:

        —Egun on etxekoandre!

        —Egun on ezik... Arratsalde on esateko orduetan gaudek...

        —Barkatu... Ez nuen uste orduoietan giñanik... Au izango da noski Udanako-benta?

        —Auxen berau. Norako asmoetan ator? Basorako noski...?

        —Bai, alaxen nator. Aizkor-ondora nijoa... Joan-Batixte ezagutzen aldezu...?

        —Ezagutu...? Oiñetako azkazaletaraiño alaare...!

        —Bere bidez nentorren, mandazaiña berririk ote daukazun-edo, jakin nai nuen. Onek lagunduko omen dit lantegira, ontan ditugu itz emanak.

        —Ataundarra aiz beraz...?

        —Ez, emen Aztiri auzokoa nauzu.

        —Ator, sartu adi aurrera. Oraindik luzaro egon bearra duk mandazaiña datorreraiño. Oraintxen ari giñukan bazkaritan bete-betean, dagoena banatuko diagu,... Onezkero tripa-zorriak ere izango dituk-eta...

        Onenbestez, sukalde illunera jarrai ziotzan Joxe-Prantxiskok atso baldarkoaki erdi-tartarras bederen; izan ere, leiatilla erdi-itxi aietandik zijoen argia, oiñak aldatzeko ere osta-osta zen kanpotik zijoanarentzat.

        Azalez bederen, etxekoa bailitzan artu zuten basa-mutilla. Ongi ikasia bai zeukan arrotzekikoa egiten. Sartu-irten larregirik ez izaki-ta, egunaren buruan nor edo nor ez-ezagun eltzen bazitzaion iñundiko zurikeriek egitea jarria zegoen aalik eta txanpon batzuek kendu arteraiño. Noiz-beingo irabazi apurrak bai zituen urte luzerako- igarri. Osteroan aitatzeko etekiñik etzetorkion, basa-bei bat-basteren obari murritza izan ezik.

        Atsoaren egiñetan ongi errotua zegoen alaba bepuru zabalak ere, xume agurtu zuen aztiriarra, baba-saldaz eta koipekiz larrua egiñiko maitxoan exeri zedin alkia eskeiñiaz.

        —Zerbait beroa naiko dezu ezta...? —Onek galdegin amaren axanpa doiñu berdiñetan.

        —Ez-ba... Biderako artu detan ogi-bitartekoa oraindik oso-osorik daukat-eta...

        —Zer demontre! —ziotzan atso zurikatzailleak—. Puxka ori utzi zak gerorako. Aza-odolkiak gelditu zaizkiguk iretzako aiña, ta gaiñerako abian epelduko zetiat, eranegun gelditu zitzaidan txerranka goxo-askoak, ardo puxkabat zurrupatzeko bixi-bixi. Auekin pitxar bi edan-da, mutilla jarriko intzake mendiari altzeko... Baso-lanak denetarako uzten dik...!

        —Orixen bear degu... Irabazi aurretik agortu... Ez aldakizu oraindik irabazten asitzeke nagoela...?

        —Zer arraio gero! Dagoenean dagoentxoarekin, eta ez dagoenean kitto...!

        —Gerorako babak egosiko dituzte-ta, oraingo aski zait ekarri detana.

        —Pitxar bat bederik edan bearko duk noski, ogi legor ori irentsiko baduk...

        —Ori ezlegoke gaizki, ekarri nai bazenida, ontara aisago igaroko zait mandazaiña datorren arteraiñokoa.

        Abian, pitxar ardoa aurrean jarri ziotzan azal-bi egiñak zituen atso baldarkoak.

        Bitartean, alaba nasaia aza erdi oztuak albora utziaz odolki zatixkak malaskatzen asi zen ausgaiñean ezpaldurik ziren talo erdikiz bultz eragiñaz.

        Agure begi gorria ere mai ertzean exeria zegoen. Ixilik eta bildurti gisa. Ez zirudian arek atsoa bezin tzirtzil, itzerdi bakarrik ere etzuen zinzurretik atera. Jan bearrekoak jan ondoren, azkazal bete ke-orri pipa gilborrean sartu ta sutu zuenean, supaztarrean kako egiñaz aldian-aldian illintiei aize emanaz ke-moltsoka irentsi ta bota, eten gabeko eztul legorren aize larriz okotza dardari jartzen ziolarik.

        Emazteak zirudian sukalde artan galtzadun, bera akullu ta ezten, ta une artan bertan ere asmakeri bakarra gaztearen sakelean zenbatsu diru zegoen neurtzea izan zen. Lantegi batekoz-beste zebiltzan mutillak lautandik iru diruz antzu zirelarik, ortik zirika, emendik tira, mutillari zituen ixilpekoak aterazten saiatu ziren andrezko biek, alik eta atera ziotzen pitxar laurdenka edan bitartean.

        Oituak bai ziren, ardoz ongi busti ondorean, bide onez edo okerrean, zituzten txanpon ondarrak urtuerazten, eta orduan ere bide berean sartu ziren ama-alaba lotsa-galduak, eta mutil irmo ta sasoikoa erori zitekean bide labaiñetan jarri nai erazi, mintzera nasai ta nabarmenak emanaz.

        Ordu onean iritxi ziren Joxe-Prantxiskoren belarrietara mandoen zankoka motel bakoitzeko zinzarri zirrara, ta berekin bateratsuko mandazaiñan zarata indartsuek.

        Etzuen dirutza geiegirik aldean izango, baiñan zerrenarren txanpon batzuek gaberik etzen etxetik irten, eta ozpin uts zen pitxar-ardo arengatik eskatua eman, eta abian irten gogait egiñaz zijoen sukalde illunetik.

        Ordurako mandoek arinduaz zijoen geroxeago bide-lagun izango zuen mandazaiña. Bear-bearrezko itzak bata-besteekin aldatu zituzten, mandoei azken ondarrak kentzen lagundu, ta mendi-bide luze ta neketsuari eltzea baiño etzeukaten.

        —Igo adi gaiñera —esan ziotzan ikatz-autsez kedarra gisa beztua zen mandazain zaintsuak—, erosoago joango gaituk-eta. Eta lenengoz alkar ezagutu zuten adiskide biek mando banatan kukurio aldatza gorakoari eldurik, ango ta emengo berri-kontari, baso-saillak aurrean, baso-saillak atzera, bidealdi osorako elkar-izketa itxuan, orduterdi buruan aspaldidenik amets zuen lantegi berriari eltzeko prest zegoen.

        Arratsaldea aurreratuxea noski, Batixteren toki-ordeakin agurtu zanerako. Onek, zegozkion galderak egin ziotzan, lan-saillak zer nolako ziren erakutsi, gaberako lo-tokia ta abar, illuna aurretiko orduxka aiekatik biaramon goizerarteko atseden artu zezala adieraziaz, gizonki artu zuen leenen saillera igo zen basa-mutilla.

        Bitarteko lana berekin zaroen noski Joxe-Prantxiskok. Bizkarrean zamaturik bidez-bide eramaniko pardela askatuaz, gauza bakoitzari burubide ematea zuen aurrenekoa. Aizkorak kirtenetan antolatu, soin-arropak toki jakiñetan tolestu, oiñetakoek koipatu... Aurrerantzean berak zaindubearko zuen bere arreo-txikia-ta. Basa-mutillek otordura zetozenerako, tzalia dantzatzeko gertaturik zegoen zabaletarra.

        Bat-biñaka etorriez elkar ezangutu zuten. Ezagutu ta agurtu. Eta aiekin batera apari legea egin, eta illunpe beltz artan, oitua ez bezela iñarrezko oe ezpal artantxen, ordundik leenengoz, leenengoz eta udaaldi osoaren buruan atsedentoki artuko Zabaletako mutil bizkiak.

 

aurrekoa hurrengoa