www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



On egiņaren obaria
Martin Ugarte, «Saletxe»
1972

      [liburua osorik RTF formatuan]

 

Iturria: On egiñaren obaria, Ugarte'tar Martin. Kuliska Sorta, 1972.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XV
ERRUKIAN ITXAROZ

 

        Orduak aurrera zijoazen. Arratsalde-leena moztuaz noski. Eguzkian argi pintzak tantai orritsuen tartetik kirikaz zijoazen abian, Joxe-Prantxiskoren zankoek ere nekatuak noski, baiñan ibil-miñaz, dantza-guraz esan leike. Goiz-goizetik orpoen gaiñean zebillen arren, etzuen Arriantxok artegi zirtzillean kako egin.

        Teillapeko izan zuen maiztar lagunari jaso zuen berria eman, euren irizpideak aztartuaz asmo bateraturik, amaika bider amets egiñiko baztar kupiragarri artandik etorpide aseroan billa zijoen bidazti xotilla.

        Oitua etzegoen bideetan jarri ere ain zuzen. Udana-bentatik barrena, Aizkorriko mendaitza zeartatuaz, Araba-zelai zabaldia artu asmotan noski.

        Sandrati-ko manda-bidea saietsera utzitzera zerk eragin ote Arriantxo minduari? Urte batzuek joanak, ao-zabal utzi zituen muga-zain gose aien bildurrak edo, ez ote bide au artueraziko? Agian, egun argitan ibilli bearraren kezkaz aukeratu basa-bide izkutua...?

        Bazitekean zerbait orrelatsu izatea, baiñan aregatik,... edo onegatik, leendik etxekotzat zeukaten Narbaxa-ko sendi biotz zabalak artuko gaberako ostalari.

        Biaramon goizean goiz Arabako zabaldiek orpora utziaz, egoardirako uri-burura iritxiko zen. Illunetan ezagutu bide zituen lur zelaitsu aiek ongi itxatsiek izaki, bide galtze batik zapaldu aal izan zuen idurimen zeraman jo-muga ixilla.

        Ondorearen ametsa, bide batez, poza edo arria ekarri zeikion jauregi nasai artaratzean, sarrerako ate nagusira zuzendu zen ausart bezin lotsati. Barrenean tankakoak emango zituen ezkillaren kataiei tira egiñaz, ate aurrean kokatu zen nor zetorrenari itxaroz.

        Ogeitsu urteek zapalduriko andrezko liraiña aurkeztu zitzaikion abian. Bat-bestearentzat ez-ezagun, eta tankeratsu artakoekin ala oitua-edo, ez ziotzan arrera xamurregia erakutsi itxaromenez itxutua zijoen galtzadunari.

        —Egunon gazte! ... Nagusi jaunarekin egon nai nuen-ba, baldin aal baleza...

        —Nagusiarekin... ?

        —Bai... Okerrik ez baletorkio beintzat...

        —Barkatu gizon. Oker aditua-edo etorriko ziñan... Etxekoandre alargunaren mendeko dago guzi au.

        —Nere ustetan zuzen nenbillen bada... Neskamea zaitugu noski? Etorri berria-edo etzera izango?...

        —Lau urte badamazkik beintzat eta...

        —Beste ainbat, eta lau geiago ostera, ni oiñurrena egon nintzanetik. —Parre-irriz ziotzan nexkaren arrera ikusteaz.

        —Dena-dela, esango alzenioke beraz etxekoandreari, berekin egon nai nukeala?

        —Mesedez esaidazu zeiñengatik arrendu.

        —Mesede barik. Arriantxotzaz aitandu zaiozu.

        Ospeletik eguzkira bezelatsu aldatu zitzaion aurpegia, kili-koloz artu zuen neskameari, ta leendik izenaren ezaupide zukean gisa sarrera eman ere, bi-iru maillatxo igoez zen gelatxo apain batera.

        Arin jetxi zen jauregiko etxekoandre ezaguna, ustekabeko albiste pozgarria mirabeak eman ziotzanez bat. Bein-birritan bururatu zitzaion zorretan gelditua. Azaldu asmoek artu ere bai Joxe-Prantxiskogan, baiñan luzarora aaztuaz noski, ta ondorengo ezbear latza eraman bearrak ito ziotzan leenen beroan gili-giliz somatzen zuen onginai berdingaitza.

        Leenak-leen, poz-dirdirio aurkeztu zitzaion alargun samindua, Arriantxo ikustea gutxien uste zuen une zoriontsu artan.

        —Pozten nauzu etortzearekin! —Ziotzan alargunak besarkatuaz—. Zurekin zorretan nengoen-da...

        —Ez andre. Ez natorkizu artzekoen billa, nik egiña geigoz artua joan nintzaitzuen... Bear bada, aurren artzea litzake baiñan... alaba... zertan gelditu zen?

        —Barkatu aitandu eza. Zuk esan bezelaxen pixkortu zen errukarria. Jostorratza baiñan xuxenago igarri zenion. Esandako egun ta orduek alaxen bete ziren. Gorputz arkitu zenuen emakumea, gaur iru aurren ama da. Madriden bizi da. Naiko zukean berak ere zurekin egotea...

        —Pozten naiz ala izatearekin...

        —Abian ordea, beste zoritxar batek zapaldu niñuen, eta betiko beltzez estali... Goizetik gabera, eriotzak eraman zidan nere senar on-utsa...

        —Zeruan gerta bedi... Gizarajoa...

        —Esan dizudanez, poz bete giñan egunetan zorigaitz izugarria gaiñera erori.

        —Alabearra... Denak guretzako daude-ta...

        —Zerbait aitandu genizugun aldi artan, sendagille sonatu baten bidez zuretzat zerbait eskuratze ta abar... Ontara ziren gure asmoek, Gure arteko eginkizuna beteaz, basaurde eizean egun batzuek igarotzea. Jaun orren semea, gaur nere sui dut, eta aita-semeek eginkizun orrekin etorriek ziren... Alabaren eskua gurasoei eskatzera alegia, ta eizera irten ordukoxe ezbear ikaragarria. Lagun artean solasean zeudelarik, bat-bateko eriotza gaiñera. Ez bat, eta ez bi, tiro galdu batek arrapaturik, uxo bat bezelaxen joan zitzaigun betirako.

        Alarguna min guziak adierazten zijoakion bitartean, Joxe-Prantxisko kupiraz begiek negar-ñirñiraz zegoen etxekoandre bakartiaren aurrez-aurre. Agian, ezagun zaarraren azken erioa berritzeak ukutuko ziotzan biotz minduan. Apika, egungo estualdi ta ondorea illun ikusteak, ez ote ziotzan palast eragingo?

        —Bai, gizonok ain aaul gera ezik, gure poz aldi urriok, negar, osin biurtzen zaizkigu sarriro.

        Zori okerrez, gure etxean bai beiñepein...

        —Guk ere, izan degu bada zertaz negar egin...

        —Okerren bat ez baiñan?...

        —Naikoa oker zoritxarrez... Okerra, ta okerkeria bide batez.

        —Zedorrek esango didazu zertaz...

        —Etxea erre zaigu andre...

        —Etxea erre?... Aitaren .. Semearen...

        —Bai, ta onen aazgarri, beltzagoa dena... Itxutasun ikaragarri artan semerik maiteena suak kiskali etzidan-ba?...

        —Ez idazu esan! ... Jaungoiko maitea! !

        —Ikaragarria da guri gertatua. Aitandu dizudanaz beste, ukulluko abereek soil-soillik atera aal izan genitugun, gaiñontzeko eze-igarrak an kiskali zitzaizkigun, bide batez larru gorrian gelditzen giñalarik...

        —Basarria zeurea altzenuen?

        —Bai zera... Orrexegatik berriztatu zaizkigu aaztuaz giñoazen negarrak. Nola-ala berriztatzeko, ustez konpondu giñan, esku-lana gure bizkar izatekotan alegia, etxegintzarako bearko ziren zeraz antolamenak egin ere bai, ta gaur biarko, ta biar etzirako, gerozaz otzago emaniko itzetan... Geroztikoan ardientzat genukan aterpe medarrean bizi-bide egiñaz goaz, baiñan besteak-beste, azkenean ostikakoa... Nire berri gabe beste norbaiteri basarria saldu ez diotza bada?...

        —Ori gaizki egiña dago. Zeu ziñan leenengoa.

        —Ala bear beintzat. Baiñan norbaitekin itzak aldatuek omen.

        —Itzak bakarrik?

        —Oraindaiñoan itzak. Paperik ez dute egin. Onetxengatik irtekune bakarra ikusten dut. Bixkor ibilliaz eskuratu dezakedala onanean, agindua daukatena gaindik joaz noski. Au egin aal izateko ordea, dirua bear, nik ez detana...

        —Badakizu laguntzeko gaudela.

        —Ain zuzen ere, burubide bat artu aal-bageneza nendorren zeuengana.

        —Zenbatsu naiko zenduke?

        —Ez dakit bada... Amabi milla errealetan itzak, emanak dire iñolaz, eta eskeinte ori zapaltzeko, pare bat gaindik aski direla uste dut. Baiñan egindako lanakin ordea iru jetxi dezaioket, esku-artean ere batere batik ez gaude-ta... Amar milla aurreratuko bazenida, gure sendiarentzat bizia litzake.

        —Aurrez irabazia daukazu au guzia ta geiago ere. Gure bear estuan, zu izan ziñan guretzako arnasa, ta orain zure bearrari uko egingo banioka, ez nitzake izango biotz gabe bat baño. Bear dezun guzia utziko dizudala gogoan artu zenezake.

        —Milla esker andre. Estutasunetik ateratzen nauzu.

        —Aizu-ta, noizko nai dezu?

        —Azalduko natzaizu. Aurrena nagusi ordearekin jokua irabazi bear...

        —Ez alda nagusia bera inguruan bizi?

        —Bai zera... Madriden.

        —Madriden? Ez datoz gauz guziak oker, nere suia legegizon da-ta, bear bada litekeana da zerbait egin aal izatea. Bizi tokia zer etxaldetan daukan jakingo dezu noski?

        —Onako papertxo onek argitazten omen du. Baiñan, ni oker ez banago, izaiña bienbitartean dugu. Maiztarren gorabeerak zuzentzeko jarririk daukan delazko jauntxoan azpikeriak diralakotan nago.

        —Uste ori badaukazu, zergatik ez diozu etxe nagusiari gertatuaren berria ematen? Azpikeriz belabil, ez lukete itzak indarrik, eta leenetan geldituko ziñake. Jakiñean balegoke ere... Zer demontre!... Bear bada maiztarra litzake leenen itza daukana, ta lege-peko den edo ez jakin dezakezu beintzat. Ala izanik, nork lagundu tarterian daukagu.

        —Atariko atean balegoke... Pozik esango niotzake esan bearrekoek, baiñan ura an dago, ta ni emen.

        —Mendiek ez dire aurkezten, gizonok ordea, tarte-marte ori moztu dezakegu.

        —Nola nai dezu ni Madrideraiño joatea?

        —Zergatik ez? Zu, nai izatera jarri zaite, ta gaiñontzekoa nere gain legoke. Ori ta geigoren zorra badaukat zurekin-da.

        —Eskergarri da zure biotz zabala, baiñan...

        —Joan-etorrirako zortziurrena dezu gora-beerako guzia. Zaldi bikaiñak dauzkat, bi morroi ere nere mendeko, ta bietan bat bide lagun izango zenuke. Aruntz irixtean, bizia zuri zor dizun nere alabak etxeko artuko zindukana ere zalantzik ez dut, eta egin bearrekoek egin bitarteko laguntzaille zendukake. Beraz, zure esku dezu guzi-guzia. Bear bada, eskuetan daukazu oraindik leenetan maiztar jarraitzea, edo-ta apika, besarriaren jabe izatea.

        Bein da birritan arrendurik, azkenik ere etxekoandre leialaren esanetara erori zen Arriantxo amestia. Arratsalde buruan bakoitzen irizpideek aztertu zituzten, eta pozez eta kezkaz, amairu urteen buruan bigarrengoz, jauregi nasai oparoan gaberako ostalari gelditu zen.

 

aurrekoa hurrengoa